210. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3177/2019 EBAZPENA, irailaren 17koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoan sartzeko hautapen prozedurari dagokion praktikaldia arautzen duena.

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 22ko 261/2019 Ebazpenaren bidez, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoan sartzeko hautapen prozedura onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetarako.

Ebazpen horren zortzigarren oinarrian ezartzen da hautatutako izangaiek praktikaldi bat egin beharko dutela, non egiaztatuko baita irakaskuntzan aritzeko gai direla, eta Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez arautuko dela praktikaldi hori.

Bidezkoa da, beraz, deialdiko oinarri horrekin bat, praktikaldia arautzea eta praktikak baloratu behar dituen kalifikazio batzordeko kideak zehaztea.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren irailaren 2ko 35/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoan sartzeko hautapen prozedurari dagokion praktikaldia arautzea.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan eta departamentuaren web-orrian argitaratzea 2019ko irailaren 18an.

3. Gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke ebazpen honen eta eranskinen kontra, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzura, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura eta Argibide eta Agiri Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

MUSIKAKO ETA ARTE ESZENIKOETAKO KATEDRADUNEN KIDEGOAREN BARNEAN, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN KUDEAKETA ESPARRUKO LANPOSTUETAN SARTZEKO HAUTAPEN PROZEDURARI DAGOKION PRAKTIKALDIA

Lehena.–Praktikaldiaren xedea.

Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoaren barnean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan sartzeko hautapen prozedurari dagokion praktikaldia Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 20ko 261/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen. Praktikaldiaren xedea da hautatutako izangaiek irakaskuntzarako gaitasuna ba ote duten egiaztatzea, eta ebazpen honetan ezartzen den prozeduraren arabera eginen da.

Bigarrena.–Kalifikazio batzordea.

2.1. Praktikaldirako kalifikazio batzorde bakarrak kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordeturiko ikuskatzaile bat.

–1. batzordekidea: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari atxikitako ikuskatzaile bat.

–2. batzordekidea: kontserbatorioko zuzendari bat.

–3. batzordekidea: Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Batzordekide-idazkaria: Hezkuntza Departamentuko Langileriaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua edo hark eskuordetzen duen pertsona.

2.2. Kalifikazio batzordeak betiere ahaleginak eginen ditu praktikaldia zorroztasunez eta eraginkortasunez egin dadin. Horretarako, praktikaldiaren ebaluazioan diharduten guztiei argibideak eskatzen ahalko dizkie.

2.3. Kalifikazio batzordea 2019ko irailaren 30a baino lehen eratu beharko da. Batzordea ezin izanen da eratu bertan kide guztiak ez badaude, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak erabaki beharko du ezinbesteko kasu horien gainean.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak batzordeko kideak ordezteko baimena ematen ahalko du, kide horiek batzordea uzteko arrazoi justifikatuak edo ezinbestekoak dituztenean.

2.4. Kalifikazio batzordeak prozesua bukatutakoan ebaluatuko ditu izangaiak.

Batzordeak ezin izanen du funtzionarioen kalifikazioak jasotzen dituen behin betiko akta idatzi non eta bertan, gutxienez ere, batzordeburua, idazkaria eta kideen erdiak ez badaude.

2.5. Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, kalifikazio batzordeak Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalean izanen du egoitza (San Domingo kalea z.g., 31001 Iruña).

Hirugarrena.–Praktikaldiaren iraupena.

3.1. Praktikaldiak sei hilabete iraunen du: 2019ko irailaren 2an hasiko da, eta 2020ko martxoaren 2an bukatuko.

3.2. Praktikaldiko funtzionarioa aldi baterako ezintasun egoeran edo amatasun bajan gertatuz gero, edo eszedentzia berezian nahiz antzeko beste egoera batean, eta horrek praktikaldia normaltasunez egitea edo hura baloratzea galarazten badio, kalifikazio batzordeari eskatzen ahalko dio praktikaldia luza dezala, ebaluazioa egin ahal izateko.

Kalifikazio batzordeak praktikaldia luzatzeko baimena emanen du, baldin eta izangaiak aurreko puntuan eskatzen den sei hilabeteko praktikaldia egiterik badu 2020ko maiatzaren 15a baino lehen.

3.3. Praktiketako funtzionarioak lanaldia 1/8, 1/6 edo 1/4 murrizturik badauka, praktikak 2020ko martxoaren 2an bukatuko dira, eta 1/3, 2/5, %45 edo 1/2 murrizturik badauka, praktikak 2020ko maiatzaren 4ra arte luzatuko dira.

3.4. Funtzionarioak salbuespenezko zergatikoengatik ezin badu praktikaldia bukatu 2019/2020 ikasturtean, kalifikazio batzordeak proposatzen ahalko dio, behin bakarrik, hurrengo ikasturtean egin dezala, eta, halakoetan, erabaki dezake 2019/2020 ikasturtean praktiketan benetan emandako denbora kontuan hartzea hurrengo ikasturterako.

Laugarrena.–Ebaluatzaileak.

4.1. Izangaietako bakoitzak irakasle-tutore bat izanen du esleiturik, goi mailako musika kontserbatorioko zuzendaritzak izendatua, izangaiak non egiten dituen praktikak, zentro horretako karrerako funtzionarioen artetik. Ahal izanez gero, praktiketako funtzionarioaren departamentu didaktikoko buruak edo espezialitate bereko katedradunak izendatuko dira zeregin horretarako.

Departamenturen batean praktiketako irakasleak soilik baldin badaude, haien espezialitatearekin zerikusi handiena duen departamentu didaktikoko burua izanen da haien tutorea, zentroko zuzendariak hala izendatu ondoan. Bestela, goi mailako musika kontserbatorioko ikasketaburua izanen da. Beharrezkoa izanez gero, izangaiak zein ikastetxetan egiten dituen praktikak, bertako ikuskatzaileak eginen ditu irakasle-tutoreari dagozkion eginkizunak.

Nolanahi ere, ikastetxeko zuzendariak izendapenaren berri emanen die tutoreari, izangaiari eta kalifikazio batzordeari 2019ko urriaren 11 baino lehen, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak emandako aplikazioaren bidez. Kalifikazio batzordearendako jakinarazpena erregistro bidez ere igorriko da Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera (San Domingo kalea z.g., 31001 Iruña).

Praktikaldia bitartean gorabeheraren bat dela kausa ezinezkoa bada tutoretza-lana egitea, ikastetxeko zuzendariak beste tutore bat izendatuko du aipatu diren irizpideei jarraituz, eta izendapen hori kalifikazio batzordeari, izangaiari eta Deialdien Atalari jakinaraziko die.

4.2. Praktikaldia ebaluatzean, bermatuko da hura gainditzen duten izangaiek badituztela irakasle lanerako behar diren gaitasunak, hala didaktikoak nola ikerketan aritzekoak. Ebaluazio horretan, tutoreak eta praktiketako irakasleak beren artean banatuko dute irakaskuntzak programatzearen eta ikasleei eskolak ematearen erantzukizuna.

4.2.1. Hona hemen tutoreari dagozkion eginkizunak:

–Ikasleen irakaskuntza programatzearen erantzukizuna partekatzea.

–Praktiketako funtzionarioaren bi eskola saiotan egotea, gutxienez ere, hark ikasleekin egiten duen lana orientatzeko.

–Praktiketako funtzionarioari laguntza ematea haren eginkizunekin loturiko alderdi orotan.

–Praktiketako funtzionarioa ikastetxean erabat integra dadila erraztea.

–Praktiketako irakasleek egindako lanei buruzko informazioa biltzea, praktikaldia bukatzean egin beharreko ebaluazioan lagundu ahal izateko.

Bosgarrena.–Praktiketako funtzionarioen irakaskuntzako gaitasunari eta jardun profesionalari buruzko txostenak.

5.1. Irakasle-tutoreek praktiketako funtzionarioak emanen dituen eskola saioetatik bitara joan beharko dute gutxienez ere, eta txosten bat eginen dute, nork berea, ikasgelako parte-hartzeaz eta saioaren garapenaz. Txostena 2020ko martxoaren 2a baino lehen igorriko diote kalifikazio batzordeari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeen eskura jarriko duen aplikazioaren bitartez. Txosten horiek bat etorriko dira ebazpen honen I. eranskinean ageri diren adierazleekin.

5.2. I. eranskinean ageri diren eta aplikazioan bete behar diren adierazle horiek puntuazio hauek aintzat harturik baloratuko dira: 1, 2, 3 edo 4. Negatibotzat joko dira 2ra iristen ez diren kalifikazioak. Kasu horretan, puntuazio hori aplikazioan justifikatu beharko da, ebidentzia bidez. Aipatu aplikazioak sortuko dituen txostenak “egokitzat” joko dira horietako bakoitzean balio negatiboa (1) duten adierazle kopurua ≤ %10 bada, araudia betetzeari dagokionean izan ezik, kasu horretan positiboen kopurua %100 izan beharko baita.

Kalifikazio batzordeak baliozkotzat hartuko ditu soilik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak kudeatzen duen aplikazioaren bitartez bidalitako txostenak.

Seigarrena.–Hasierako prestakuntza.

Praktikaldiaren barrenean, izangaiek eskola zuzeneko saio bat eta zenbait prestakuntza ikastaro egin beharko dituzte. Praktikak egiten ari diren funtzionarioek prestakuntza jarduera hau egin beharko dute: “Hasierako prestakuntza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko musikako katedradunen kidegoko praktiketako irakasle funtzionarioendako”.

Prestakuntza horrek gutxienez ere 25 ordu iraunen du, eta 2020ko apirilaren 1a baino lehen bukatu beharko du.

Prestakuntza jarduerak ezaugarri hauek izanen ditu:

1. Praktiketako irakasle funtzionario guztiek prestakuntza modulu bat eginen dute Lan Osasunari eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruz, 9 ordu iraunen duena.

2. Praktiketako irakasle funtzionarioek, orobat, parte hartuko dute irakasleen etengabeko prestakuntzako jardueretan, 16 orduko iraupenekoak eta nahitaez egin beharrekoak, hain zuzen ere Prestakuntzako Atalak prestatzen dituenetan edo departamentuko unitate administratiboek proposatzen dituztenetan, praktiketako irakasle funtzionarioei laguntzeko berariazko helburuarekin.

3. Irakasleari Laguntzeko Zentroek prestakuntzako tokiak eskatzaileei esleitu eta bakoitzari dagokion jardueraren berri posta elektronikoaren bidez emanen dute. Jakinarazpen horrek berekin dakar jardueran izena ematea.

Derrigorrezkoa izanen da jarduera osorik egitea, nahitaezkoa baita azkenean “Gai” kalifikazioa lortzeko, izangaiak nahitaezko txostenak gainditzen baditu ere.

Prestakuntza Atalak txosten bat igorriko dio kalifikazio batzordeari. Horren bidez egiaztatuko da praktiketako funtzionarioek lehen aipatutako prestakuntza jarduera egin dutela praktikaldia bitartean, edo, 3.2 eta 3.3 ataletan aurreikusitako kasuetan, praktikak bukatzeko egunean egiten ari direla.

Zazpigarrena.–Praktiketako funtzionarioen autoebaluazioa.

Izangaiek beren irakaskuntzako gaitasunaren eta jardun profesionalaren autoebaluazioa eginen dute, II. eranskineko adierazleetan oinarrituta. Horretarako, behar diren ataletan deskribapen labur bat idatzi beharko dute, dimentsio bakoitzaren gainean egindako balorazioa justifikatzeko.

Praktiketako funtzionarioak 2020ko martxoaren 2a baino lehen igorriko dio autoebaluazio-txostena kalifikazio batzordeari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak haren eskura jarriko duen aplikazioaren bitartez.

Zortzigarrena.–Praktiketako funtzionarioen ebaluazioa.

8.1. Kalifikazio batzordeak ebaluatuko ditu praktiketako irakasleak, aplikaziotik sortuko den txostena ikusi ondoren. Dokumentu horretan, tutoreak edo, kasua bada, ikuskatzaileak aurretik egindako txostenean lortutako kalifikazioa bilduko da. Txostenaren emaitzak “egokia” edo “ez egokia” adieraziko du, ebazpen honen 5.3 atalean ezarritakoa kontuan hartuta.

8.2. Kalifikazio batzordearen iritzia “gai” edo “ez gai” izan daiteke.

Batzordeak 2020ko ekainaren 1a baino lehen prestatu beharko du azken akta. Beharrezkotzat jotzen badu, bere jarduketaren gaineko txosten osagarri bat prestatzen ahalko du.

8.3. Praktiketako funtzionarioari “gai” kalifikazioa emanen zaio baldintza hauek betetzen badira:

–Aplikaziotik sortuko den txostena “egokia” da.

–Prestakuntza Atalaren txostenean adierazten da interesdunak nahitaezko prestakuntza programa gainditu duela.

–Autoebaluazio txostena bidali da, eta baloratua eta justifikatua izan da dimentsio guztiei dagokienez.

Kalifikazio batzordeak, egoki iruditzen zaionean, txosten osagarri bat eskatzen ahalko dio ikastetxeko ikuskatzaileari.

8.4. “Ez gai” kalifikazioa emanen da inguruabar hauek guztiak edo batzuk aldi berean suertatzen badira:

–Aplikaziotik sortuko den azken txosten-laburpena “ez egokia” da.

–Prestakuntza Atalaren txostenean adierazten da interesdunak ez duela gainditu nahitaezko prestakuntza programa.

–Izangaiak ez du bete autoebaluazio txostena aplikazioan dimentsio guztiei dagokienez, edo/eta ez ditu puntuazioak justifikatu.

Kasu horretan, kalifikazio batzordeak txosten osagarri bat eskatzen ahalko dio ikastetxeko ikuskatzaileari. Hura betetzeko, lortutako balorazioak berrikusi, egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin eta behar den informazioa bilduko du elkarrizketen, dokumentazioaren azterketaren eta abarren bidez. Era berean, elkarrizketa bat izanen du interesdunarekin, non egokitzat jotzen dituen datu eta informazio guztiak eskatuko baitizkio.

Txosten hori ikusirik, kalifikazio batzordeari egokituko zaio izangaiaren azken kalifikazioa ematea, “gai” edo “ez gai” izanen dena. Azken kalifikazioa ematean, kalifikazio batzordeak izangaiaren autoebaluazioa kontuan hartzen ahalko du.

8.5. Kalifikazio batzordeak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari igorriko dizkio praktiketako funtzionarioen zerrenda eta lortu dituzten kalifikazioak.

Praktikaldian “ez gai” kalifikazioa lortzen duten praktiketako funtzionarioek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Horretarako, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ebazpen arrazoitua emanen du.

Bederatzigarrena.–Osasun azterketa.

Praktikaldia bitartean, praktiketako funtzionarioei osasun azterketa bat eginen zaie irakasle lanetan egoki aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa dutela egiaztatzeko.

Osasun azterketa hori gainditzen ez dutenek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bidez.

Iruñean, 2019ko irailaren 17an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Javier Lacarra Albizu.

I. ERANSKINA

Irakasle-tutorearen adierazle-taula (PDFa).

II. ERANSKINA

Autoebaluazioa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1912607