Iragarkia
21. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1712/2018 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroan 2019an egin beharreko Ardo Ekologikoaren Nazioarteko Azokan parte hartzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena eta 2019ko deialdia onesten duena. Laguntzak “de minimis” araubidearen babesean emanen dira. DDBN identifikazioa: 433787.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamendua, produktu ekologikoak ekoizteari eta etiketatzeari buruzkoa dena eta Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamendua indargabetu zuena, ekoizpen metodo ekologikoak modu jasangarrian garatzeko oinarria da, eta, aldi berean, barne merkatuaren funtzionamendu eraginkorra bermatu, eta lehia leiala, kontsumitzaileen interesen babesa eta horien konfiantza ziurtatzen ditu.
Araudi hori aplikatuta, Nafarroako Foru Komunitateak bai kontsumitzaileei bai produktu ekologikoen ekoizpenean eta etiketatzean esku hartzen duten operadoreei bermatzen die kontrol fidagarri eta egiaztatuko sistema bat dagoela Nafarroan sistema horri atxikitzen zaion nekazaritzako elikagaien ekoizpenerako.
Baina Nafarroako Gobernuaren helburu bakarra ez da indarreko legeak betetzea; izan ere, ekoizpen sistema jasangarri hori babestu eta indartzeko interesa agertu nahi du, produktu horien kalitate bikaina ezagutzera ematen duten azoketan parte hartzeko dirulaguntza emanda, jarduera ekonomikoa, hazkunde jasangarria eta aberastasuna dakartzaten negozio aukerak sortzen baitituzte.
Nekazaritzako elikagai bereizien eta ziurtatuen eremuaren barneko sektore ekologikoa hazkunde nabarmen eta iraunkorra izaten ari da, kontsumitzaileek elikadura osasungarri, jasangarri eta kalitatekoaren alde agertzen duten interes eta sentsibilizazioaren ondorioz, besteak beste. Egiaztatu da EBko merkatu ekologikoa %48 handitu dela azken 4 urteotan.
Arreta ardo ekologikoaren azpisektorean jarrita, gaur egun dinamismo handia dago, laborantza azaleraren hazkundeak, ardogintzak eta kontsumoak erakusten duten bezala. Ekoizpen ekologikoak hazkunde etengabea agertzen du, eta hori nabaria da ardogile berrien kopuruan eta ardo ekologikoak prestatzen hasten diren ohiko ardoaren upeltegien kopuruan.
Batasuneko esparru juridikoan onartutako figuren babesa duten Nafarroako nekazaritzako elikagaien ekoizpenen sustapenak zuzenean bultzatzen ditu ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna emanez, horrela ziurtatzeko ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla –landa-eremuan biztanleak finkatzeak berekin dakarren onura soziala ere kontuan hartuta–, eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.
Azoketan parte hartzea tresna nagusi bat da kalitateko produktuak sustatzeko eta horren inguruko ezagutza hedatzeko; zehatz-mehatz, ardo ekologikoaren Nafarroako sektorean, nazioarteko azoka bat egiten laguntzea proposatzen da, Europako inportatzaileei eta banatzaile nazionalei zuzentzen zaiena, produkzioaren ingurunean bertan ezagut ditzaten lan egiteko modua eta lortutako azken produktu aparta prestatzeko ingurunea.
Intia SA enpresa publikoak Ardo Ekologikoaren Nazioarteko Azoka (AENA) antolatuko du Nafarroan, garrantzi handiko alderantzizko misioen formatuarekin. Profesionalei zuzenduta egonen da, eta nazioko eta nazioarteko banatzaile eta merkaturatzaile profesional ospetsuak gonbidatuko dira, baita Nafarroako upeltegi zehatz batzuk ere. Bertan, erakusketariek beren produktuak aurkeztuko dituzte, eta Nafarroako ardo ekologikoa ekoizteko ingurunea in situ ezagutzeko aukera egonen da.
Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Gobernuak ekoizpen ekologikoari ematen dion laguntza zehaztea 2019an AENAn parte hartzeko laguntzen bidez.
Laguntza honek “de minimis” izaera du, eta Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio-eremuan sartzen da. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua arautzen du, eta Europar Batasunaren 2013ko abenduaren 24ko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Ebazpen honek laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen ditu eta 2019ko deialdia onesten du, Nafarroan 2019an egin beharreko Ardo Ekologikoaren Nazioarteko Azokan erakusketari izanen diren eta ardo ekologikoaren sektorean aritzen diren enpresentzako laguntzei dagokienez.
Ikusita Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena eta aurtengo ekitaldirako aurrekontuan diru erabilgarria dagoela.
Kontuan hartuta ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaiola.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroan egin beharreko Ardo Ekologikoaren Nazioarteko Azokan parte hartzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2019ko deialdia onestea. Laguntza horiek “de minimis” araubidearen babesean emanen dira.
2. 140.000 euroko gastua baimentzea, 2018ko aurrekontuko “Ardo Ekologikoaren Nafarroako Nazioarteko Azoka” izeneko 720003-71620-4701-413105 partidaren kargura edo 2019ko aurrekontuan ondorio horietarako sortzen denaren kargura, betiere hartarako kreditu nahikoa eta egokia badago.
3. I. eranskinaren hamargarren oinarriaren arabera pagatuko dira laguntzak.
4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.
Iruñean, 2018ko abenduaren 31n.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak, 2019ko AENAn parte hartzeko laguntzak emateko (“de minimis” araubidean)
Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea, aplikazio-eremua eta onura publikoa.
1. Oinarri arautzaile hauen xedea laguntza finantzarioaren esparrua ezartzea da. Nekazaritzako elikagaien eraldaketan eta merkaturatzean ari diren enpresek jaso dezakete laguntza, Nafarroan 2019an egin beharreko Ardo Ekologikoaren Nazioarteko Azokan (AENA) parte hartzeagatik.
2. Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren xedean, definizioan eta aplikazio-eremuan sartzen dira laguntzak. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua arautzen du (L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).
3. Nafarroan, nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren sustapena Batasuneko esparru juridikoan onartutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenei bideratuta dago bereziki, eta zuzenean bultzatzen ditu ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna emanez, horrela ziurtatzeko ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla, landa-eremuko biztanleak beren ingurunean finkatzen direla eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.
Bigarren oinarria.–Onuradunak eta baldintzak.
1. Laguntza honen onuradun izanen dira Nafarroan 2019an egin beharreko Ardo Ekologikoaren Nazioarteko Azokan (AENA) parte hartzen duten upeltegiak.
2. Onuradun izateko baldintzak:
a) INTIA SArekin sinatutako kontratu bat izatea, azoka antolatzen duen entitatea den aldetik.
b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
c) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
d) Azken hiru zerga ekitaldietan guztira 200.000 euroko “de minimis” laguntzak jaso ez izana.
Hirugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
2019ko AENAn erakusketari gisa parte hartzeko eskubideagatik ordaindutako gastuak diruz lagungarriak izanen dira. INTIA SA enpresa publikoak horiek fakturatuko ditu ekitaldi osoaren antolaketa eta kudeaketa integral oso gisa.
Laugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.
1. Onuradun bakoitzari aplikatu beharreko laguntzaren zenbatekoa INTIA SAk fakturatzen duen kostuaren %80 izanen da.
2. Enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da gehienez ere, hiru zerga ekitaldiko edozein alditan. Hala bada, indarrean dagoen deialdian ordaindu beharreko laguntzak muga hori izanen du.
Bosgarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.
1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, lehentasun irizpide hauen arabera:
a) NNPEKen eta ardoen jatorri deitura babestuetan eta adierazpen geografiko babestuetan inskribatutako eskatzaileak, haien eremua Nafarroara mugatzen bada eta sozietatearen izena Nafarroan helbideratuta badute.
b) NNPEKen eta ardoen jatorri deitura babestuetan eta adierazpen geografiko babestuetan inskribatutako eskatzaileak, haien eremua Nafarroara mugatzen bada eta sozietatearen izena Nafarroatik kanpo helbideratuta badute.
c) NNPEK ez den ekoizpen ekologikoko kontrol ente ofizial batek beren ardogintza kontrolatzen duela frogatzen duten eskatzaileak.
2. Eskaerak 1. puntuan deskribatutako taldeen arabera ordenatu ondoren, aurrekontua banatuko da; lehendabizi, lehentasunezko 1. taldeko eskaeren artean, eta gero hurrengo taldekoen artean.
3. Aurrekontua talde bateko eskaera guztiak finantzatzeko aski ez bada, talde horretan jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira, laugarren oinarriaren arabera ezarritako laguntza zenbatekoaren proportzioan.
Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.
1. Laguntza eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean irekiko da, eta 2019ko maiatzaren 31n itxiko da.
2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari zuzenduko zaizkio, eta Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahalko dira. Telematika bidez ere aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoaren bidez.
3. Eskatzaileak dirulaguntza INTIA SAri zuzenean ordaintzeko adierazten ahalko du bere eskaeran.
4. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarikoko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahal da. Harekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Aurrekontu bat, INTIAk 2019ko AENAn parte hartzeagatik fakturatuko dituen kostuen aurreikuspena jasotzen duena.
b) INTIA SArekin sinatutako kontratuaren kopia. Onuradunak, 3. puntuarekin bat, aukeratzen badu dirulaguntza zuzenean INTIA SAri ordaintzea, aukera hori berariaz adierazi beharko da kontratuan.
c) Baimena, Administrazioak zerga arloko betebeharren egoera eta Gizarte Segurantzarekikoena egiazta ditzan. Egoitza soziala Nafarroan ez badago, Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren ziurtagiriak, erakunde horiekiko betebeharrak betetzen dituela adierazten dutenak.
d) Adierazpena, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.
e) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.
Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.
Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera harturik, seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ote den egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, gehienez ere hamar egun baliodunean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.
3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.
4. Araubide honen araberako laguntzak emanen dira behin frogatu ondoren onuradun bati emandako laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 200.000 euroko muga hiru zergaldiko edozein alditan eta 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).
5. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.
6. Prozeduraren gainean ebazteko 30 egun izanen dira, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat jotzen ahalko da eskabidea, isiltasun administratiboaren ondorioz.
Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.
2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.
3. Laguntza egoki eman dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.
4. Jakinaraztea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari eskatu dituela eta, hala badagokio, jaso dituela helburu berbererako beste dirulaguntza publiko batzuk eta “de minimis” araubidearen menpeko beste edozein laguntza, 2017an, 2018an eta 2019an jasotakoak.
5. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar zergalditan, laguntza ematen den egunetik aurrera.
7. Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
8. Onuradunaren gardentasun betebeharrak.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargurako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitateek, laguntza horren zenbatekoa 20.000 eurotik gorakoa denean urte naturalean eta, gainera, entitatearen urteko aurrekontuaren edo negozio-zifraren %20 bada gutxienez, informazio gehigarria beharko dute aurkeztu.
Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.
Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.
b) Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.
Aurreko kasuak gertatzen direnean, onuradunek hurrengo informazioaren berri eman beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.
Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Onuradunak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza onartzen duen ebazpena ematen denetik hasita.
Aitorpenaren eredua helbide hauetan dago eskuragarri:
Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, betetzen ez badira onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamargarren oinarria.–Laguntza ordaintzea.
1. Entitate onuradunak, laguntza ematen den egunetik 2019ko irailaren 30era bitarte, eskaera aurkeztuko du laguntza kobratzeko, agiri hauekin batera:
a) INTIA SAk egindako faktura, 2019ko AENAn parte hartzeari buruzkoa.
b) INTIA SAri faktura hori ordaindu izanaren frogagiriak. Onuradunak aukeratu badu laguntza zuzenean INTIA SAri ordaintzea, onuradunak bere kargurako gastuen ordainketa frogatu beharko du.
c) Laguntzaren xedeko ekintzak osorik edo partez finantzatzeko edozein administraziori zein erakunde publikori edo pribaturi eskatutako edo harengandik jasotako edozein laguntza aitortzea.
2. Dagokion dirulaguntza hilabeteko epean ordainduko da, kobratzeko eskaera aurkezten denetik hasita, organo kudeatzaileak egiaztatu ondoren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan aurreikusitako informazioa emateko betebeharra bete dela.
3. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatutako agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta balidatuko du aurkezturiko gastuak hautagarriak direla, frogagiriak baliozkoak direla eta gainerako agiriak aski direla.
4. Nolanahi ere, zerbitzu honek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko, eta Administrazioaren datu-baseak kontsultatzen ahalko ditu, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta dituela egiaztatzeko.
5. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak behar diren kontrolak eginen ditu gastuak onargarriak direla egiaztatzeko.
Hamaikagarren oinarria.–Garapena eta jarraipena.
Laguntzaren kontrolaren eta jarraipenaren ondorioetarako, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko die onuradunei, laguntzaren xedeko jarduerei eta ekintzei dagokienez, entitateak eskatutako baldintzak ezarritako epeetan betetzen dituela egiaztatzeko eta dagozkien egiaztapenak egiteko.
Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Laguntza hauek ez dira metatuko Estatuko laguntzekin, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren Estatuko laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek laguntzaren gehieneko intentsitate edo zenbatekoa gainditzen badu, kasu zehatz bakoitzean kategorien arabera salbuesteko erregelamendu batek edo Europako Batzordeak hartutako erabaki batek finkatua.
Hamahirugarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.
1. Laguntzen onuradunek dirulaguntza emateko baldintza eta konpromisoak betetzen ez badituzte, dirulaguntzak oso-osorik itzuli beharko dituzte, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
2. Aplikatu beharreko arau-hausteen eta zehapenen araubidea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da.
Hamalaugarren oinarria.–Publiko egitea eta informazioa.
1. Ebazpen honetako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, laguntza honi dagokion fitxan.
2. Informazio hori 10 urtez gordeko da gutxienez, eta jendearen eskura egonen da, murrizketarik gabe, laguntza emateko erabakia hartu ondoren.
Iragarkiaren kodea: F1900391
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
