21. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARAITZUKO IBAXAREN BATZORDEA

Aldaketa, Iratiko eta Zabaletako (Zaraitzu) mendietako pista eta bideen erabilera arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak, 2018ko abuztuaren 16an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Iratiko eta Zabaletako (Zaraitzu) mendietako pista eta bideen erabilera arautzen duen udal ordenantzan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aldaketa hori behin betiko onesten da, eta ordenantza osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ezkarozen, 2018ko abenduaren 4an.–Batzordeko burua, Gonzalo Celay.

ORDENANTZA, IRATIKO ETA ZABALETAKO (ZARAITZU) MENDIETAKO PISTA ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Iratiko mendiko pisten sarea Zaraitzuko herritar guztien ondarea da. Berebiziko garrantzia du mendiko aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Ongi zaindurik egoteak bizilagun guztiei egiten die on.

Iratiko mendiko pistak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Iratiko natura-ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Xede horrekin Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Iratiko eta La Cuestión-Zabaletako mendietako pisten erabilera arautuko du.

2. artikulua. Pisten kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Iratiko pistak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1. Basogintzako bide nagusiak.

Garraiorako azpiegitura gehiena haietan bermatzen da. Oro har, egoera onean daude eta drainatze lanak badituzte eginak, baita zati gehienetan zoru malgua ere (agregakinak).

Zabaletako pista (6.950 m): bide hau mendiaren hegoaldetik doa, Irati ibaiarekin hegiz hegi, eta 225. mugarriraino, bertan aurkitzen baita Aezkoako mendien eta La Cuestión-Zabaletako mendiaren arteko elkargunea.

Kuboko pista (3.250 m): bide hau ere aurreko puntutik abiatzen da, Iratiko Etxeetako aparkalekuan, eta aitzinera doa Urbeltza errekako eskuinaldean goiti, Errekaidorreko elkargunean dagoen kargategi batera iritsi arte.

Koixtako pista (15.350 m): bide honek bi errepideak lotzen ditu, Abodi mendiaren ipar isurialdeko eremu zabala guruzatzen du, Burdinzokoa, Zubiberria, Potrokoa eta Lezaundi alderdietan barna, Koixtako urtegi txikira iritsi arte. Puntu horretatik goiti egiten du Urtxuriko errekako ibarrean barna, Pikatuko sakangunetik gora oso aldapa pikoa igota, izen bereko aterpe eta iraupen-eskiko estazioraino.

Ibarrondoko pista (2.300 m): bide hau aitzineko pistatik abiatzen da eta goiti egiten du iparralderantz Ibarrondoko sakangunean barna, izen bereko errekari hegiz hegi eginez. Kargategi zabal batean bukatzen da.

Errekaidorreko pista (6.000 m): Urbeltza errekari hegiz hegi eginez doa eta Errekaidorrari hegiz hegi, Frantziako mugan baitago.

Irabiako pista (5.300 m): bide hau NA-2012 errepidetik bereizten da Abodi mendiko magalean barna jarraitzeko, Irabiako urtegiaren ezkerreko albotik aitzina.

Kakoiko pista (3.500 m): bide hau ere NA-2012 errepidetik bereizten da eta berriagoa da.

Pikatua-Abodiko pista (3.350 m): Pikatuko iraupen-eskiko estaziotik abiatzen da eta goiti egiten du mendebaldera, Abodi mendiko uren banalerrotik aitzina.

2. Bigarren mailako mendi bideak.

Maila txikiagoan egiten dute zerbitzu, eta haien kalitatea aurrekoena baino kaskarragoa da; drainatze lanak dituzte, baina gehienetan zoru irmorik ez.

Kontrasarioko pista (2.800 m): bide hori 225. mugarrian hasten da eta mendian barna egiten du, Kontrasarioko errekaren ezker aldearekin hegiz hegi, Lizardoiko Erreserba Integraleko beheko aldea jo arte.

Omborresko pista (1.300 m): aitzinekotik ateratzen den adarra da Ugazakiko errekan goiti, ezker aldetik, nahiz eta puntu batean gurutzatzen duen.

Zamukadoiko pista (8.100 m): bide hau aspaldi ireki zen, petrolio indusketak egiteko. Bestetik ere, iraupen-eskiko ibilbide ohikoetako bat izaten da.

Zerrillarko pista (3.350 m): bide honek begizta bat osatzen du, eta Pikatua-Abodi pistan bukatzen da, Abodiko eguteran barnako pagadiak gurutzatuz, Koletoko bordaren eta Itzaltzuko lur partikularren gainetik. Iraupen-eskirako ere erabiltzen da.

Lerrerrekako pista (780 m): tarte laburra, Koixtako urtegitik abiatzen dena eta Pinar errekako arrora doana, eta hantxe hil.

Potrokoko pista (1.725 m): bide hau moldatu eta hobetu zen orain pare bat urte, zura ateratzeko bide bilakatzeko. Lehenbiziko 950 m egin ziren halako bidezidor baten gainean, Iratiko bizkarreko eremuan barna baitzihoan, gero ekialderantz egiteko sakangune bat jo arte. Beste 2.800 m egiten ditu Zamukadoiko pistarekin lotu arte.

Baltsazarrako pista (2.800 m): bide hau Lerrerrekako pistatik abiatzen da eta handik adar bat sortzen da, 1.100 m baita, Akerreriko soilguneetaraino. Lurrezko pista arekaduna da.

3. Abeltzaintzako bideak.

Abodiko mendian eta Ori mendian bazkatzeko dauden larreetara sartzeko bideak dira.

Tapla-Pasozabalako pista (2.675 m): Abodi mendiko larreen ekialdeko mugan barna doa, Taplako mendi-lepotik Pasozabalako mendi-leporaino, Kakollako sakangunearen gainetik, Aezkoa mendietako mugatik oso hurbil.

Kakoiko sakanguneko pista (875 m): aitzineko pistatik ateratzen den bide-adarra da eta aipatu sakangunearen hasieratik behera doazen larreetan beheiti jaisten da.

Abodiko pista (3.575 m): pista hau Pikatua-Abodiko pistaren jarraipena da, baina zola eman gabea.

Las Salerasko pista (2.700 m): Pikatua-Abodiko pistan hasi eta bukatzen da, Osabako Gurutzea eta Las Saleras alderdietan barna, tarte gehienetan larreetan barna.

Santzen Bizkarreko pista (1.900 m): lurrezko pista arekaduna da, Trunkar errekatik abiatzen dena, soilgunean bukatzeko.

3. artikulua. Kontserbazioa.

1. Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak begiratuko du pista horiek beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horrez gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).

2. Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak ikusten badu pista nagusi eta/edo bigarren mailakoetako zola eta/edo inguru zelaitua hondatzen ari dela behar ez den bezala erabiltzen ari delakoz, erabilera geldiarazteko aginduko da, baita konpontzeko ere kaltea egin duenaren bizkar.

3. Irati eta Zabaleta mendietako zur loteen adjudikaziodunek ezin izanen dute inola ere zurik metatu areketan eta ura husteko azpiegituren ertzetan, ezarritako hustu-lerroen barna ura libreki joatea galarazteko maneran. Posible baldin bada, pisten mugetan ustiatu beharreko oihan aprobetxamenduetan aurreikusi behar da kargategi erantsiak sortzea, pistetako inguru zelaituak okupatzea galarazi beharrez.

4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debekua.

1. Debeku da ibilgailu motordunetan ibiltzea Irati eta Zabaleta mendietako mendi pista guztietan, Koixtako pistetan izan ezik, baina horietan ibiltzeko Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen baimen berariazkoa beharko da.

Irati eta Zabaleta mendietako mendi pistetan ibiltzeko debekutik salbuetsi dira abeltzaintzarekin, basogintzarekin eta Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak behar bezala baimendutako bestelako jarduerekin ikusteko duten ibilgailuak.

Debeku da, orobat, ibilgailuak pistetatik eta behar bezala seinalatutako tokietatik kanpo aparkatzea.

Koixtako pistan ibiltzeko, aldez aurretik Batzordearen baimena behar da. Ez da baimenik emanen gainontzeko pistetan ibiltzeko, behar bezala frogatu eta justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Baimen hori eskatzen ahalko dute ibarrean erroldaturik dauden bizilagunek. Gainera, beren ibilgailuari dagokion zirkulazio zerga ibarrean ordaindu beharko dute. Batzordeak egun edo epe jakin batzuk ezarri ahalko ditu ibilgailuak pistetan barna ibiltzeko.

Baimen hori Batzordeak berrikusiko du bi urtean behin, eta besterik gabe baliogabetuko dira baimen horiek, aitzineko bi kasuetan aipatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonei emandakoak, alegia.

Sarrera horiekin batera ibilgailuaren matrikula zenbakia paratu beharko da.

Sarrera guztiek izanen dute erregistro zenbaki bat.

2. Debeku dira mendiz mendi egiten diren jarduera motordunak, Basogintzako Administrazioak, Ingurumeneko Administrazioaren txosten loteslearen ondoan, berariaz baimentzen dituen zirkuituetan izan ezik.

3. Debeku da ibilgailu motordunak mendiz mendi ibiltzea edo bi metro zabal ez diren landabideetan barrena, edota suebakietan nahiz zura ateratzeko bideetan barna. Halaber, ez da onartuko beste mendi bide edo pistetan ibiltzea, Administrazioak berariaz debekatu badu, bi metro baino gehiagoko zabalera izanagatik ere.

4. Orobat, debeku da mendiko bide edo pistetan 15 tonatik goitiko ibilgailu motordunekin ibiltzea, euria ari duen egunetan edo lohia dagoenean. Debeku horretatik salbuetsirik dago bide nagusietako joan-etorria, inguru zelaitu finkatuak direnez ez baitie eragiten 40 tona baino gutxiagoko tona kopuruak.

5. artikulua. Baimendutako gehieneko pisua.

Iratiko mendiko pista eta bideetan ibiltzeko gehieneko pisu baimendua 40 tona da.

6. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Mendiko pista guztietan gehieneko abiadura 25 kilometro orduko izanen da.

7. artikulua. Jarduera debekatuak.

Berariaz debeku dira lehiaketak, lasterketak, quaden ibilia, bai eta paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak. Ibilgailu motordunekin eginiko taldekako jarduerak baimentzen ahalko ditu Batzordeak, baina salbuespen gisara.

8. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten neurriz kanpoko kalteen erantzukizuna.

9. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarria urratzea arau-haustetzat joko da.

10. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek isuna ekarriko dute, zehapen gisara; gehienez ere 300,51 euro izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

11. artikulua. Bide eta pisten inbentarioa eta sailkapena.

Irati mendiko eta La Cuestión-Zabaleta mendiko Antolamendu Planean daude bilduta.

Iragarkiaren kodea: L1814922