Iragarkia
21. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
LOS ARCOS
Deialdia, Udaleko zerbitzu anitzetako
enplegatu izateko lanpostu bat betetzeko
OINARRIAK
1. oinarria.–Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Lanpostuak albienteei dagozkien eginkizunak ere izanen ditu. Lan-kontratu finkoa izanen du, lanaldi osoa, eta Los Arcosko Udaleko plantillan sartuko da.
1.2. Lanpostuaren ordainsariak D mailari dagozkion oinarrizkoak izanen dira, lanaldiaren araberakoak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta indarra duen araudian zehaztutako moduan, eta Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak jasoko ditu.
1.3. Hiru hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua deuseztatu edo desegiten ahalko du, Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.
1.4. Hautaprobak gainditurik deialdi honetako lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide eginen da eta hartan inskribatuko.
1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldi mota eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.
1.6. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, zerbitzu anitzetako enplegatu lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko, Los Arcosko Udalean sortzen diren beharrei erantzuna eman behar zaienerako.
Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori subsidiarioa izanen da, araudian xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrenden aldean, eta lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen beste edozein zerrendaren aurretik.
Deialdi honetako apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein aldek deuseztatzen ahalko du kontratua.
1.7. Eginkizun hauek izanen ditu lanpostuak, besteak beste:
–Garbiketa eta mantentze-lanak egiteko kontratatzen diren langileak koordinatu eta gainbegiratzea (udal lantaldea).
–Udalaren zerbitzuak eta eraikinak mantendu, garbitu eta zaintzea (urak, saneamendua, hilerria, lorezaintza, pilotalekua, eskolak, bideak, etab.). Iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, eta zangak ireki eta ixtea. Udal inbentarioko mantentze-lanak.
–Bulegoan laguntzea.
–Bandoak zabaltzea.
–Ibilgailuak gidatzea eta Udalaren makineria, lanabesak eta tresnak maneiatu, mantendu eta konpontzea.
–Hiri altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, hesiak, besta eta ekitaldi publikoetan erabilitako tresnak, etab.
–Lorezaintza eta nekazaritza lanak arboladi, lorategi, eremu publiko eta udal finketan.
–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak kontrolatzea, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.
–Los Arcosko Udalak programatzen dituen bestetarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan laguntzea, baita Los Arcosko Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.
–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, hala eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.
–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak behar bezala baliatuta.
–Lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak ezagutu eta aplikatzea.
–Kasuren batean behar izanez gero, egoerari egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.
–Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatu eta begiratzea, eta hirigintza eta ingurumen gaietan ikuskatzea, lizentzia eta obrei, eremu publikoaren okupazioari, isurketei eta abarri buruzko araudia jaso eta betetzen ote den begiratuta.
–Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo delegatuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; guztiak ere bere eskumen, maila eta kategoriaren barnean.
2. oinarria.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio.
Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude. Era berean, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, legez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adinik ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko graduatuaren titulua, eskola-graduatuen titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina edukitzea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) B motako gidabaimena izatea.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.
3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Los Arcosko Udaleko erregistro orokorrean (Foruen kalea 1, 31210 Los Arcos), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskabidea deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoa izanen da, eta agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.
b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.
c) Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
d) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo horien kopia kautotuak; eskabidean lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak adierazi beharko dira.
Dokumentu horiez gain, minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein minusbaliotasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.
4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.
Egun horretatik aurrera, eta hurrengo hamar egun balioduneko epearen barnean, baztertutako izangaiek aukera izanen dute erreklamazioak aurkeztu eta eskabidean egindako akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.
4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko, deialdiko hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.
Hasiera batean, eta behin betiko zerrendarekin batera beste data bat argitaratu ezean, probak 2019ko martxoan eginen dira.
4.3. Behin hautaprobak hasita, gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak Udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira.
4.4. Izangaien kalifikazioa egin ondotik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio ordenaren araberakoa, paratuko du Udalaren iragarki-taulan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:
Epaimahaiburua: Los Arcosko Udaleko alkatea.
–Epaimahaiburuaren ordezkoa: Los Arcosko Udaleko zinegotzia.
Lehen mahaikidea: Miguel Angel Barrigón, Los Arcosko Udaleko zinegotzia.
–Lehen mahaikidearen ordezkoa: Los Arcosko Udaleko zinegotzia.
Bigarren mahaikidea: Francisco Javier Artola El Busto, Los Arcosko Udaleko zinegotzia.
–Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Los Arcosko Udaleko zinegotzia.
Hirugarren mahaikidea: Leticia Escarza, Los Arcosko Udalaren enplegurako teknikaria.
–Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Los Arcosko Udaleko langilea.
Laugarren mahaikidea: Marta Belaza, Los Arcosko Udaleko langilea eta langileen ordezkaria
–Laugarren mahaikidearen ordezkoa: Los Arcosko Udaleko langilea.
Bosgarren mahaikidea: teknikari bat, izendatzekoa.
–Bosgarren mahaikidearen ordezkoa: teknikari bat, izendatzekoa.
Mahaikide-idazkaria: Coro Gómez, Los Arcosko Udaleko idazkaria.
–Mahaikide-idazkariaren ordezkoa.
5.2. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Los Arcosko Idazkaritza Alorrari hala jakinarazi, baldin indarreko legerian horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako kasuak direla eta, aldaketa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratzen ez bada.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.
6. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.
Hautapen prozesuak bi fase edukiko ditu: oposizioaldi bat eta merezimendu-lehiaketako fase bat.
Lehiaketaldia:
6.1. Lehiaketaldia. 20 puntu gehienez.
6.1.1. Lehiaketaldian, izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko ditu epaimahaiak.
6.1.2. Lehiaketaren balorazioa.
Lehiaketaldiak gehienez ere 20 puntuko balorazioa izanen du, honela banaturik:
–Administrazio publiko batean, deialdiko lanpostuaren antzekoetan lan egin izanagatik (oinarri hauetako 1.7 apartatuan espresuki aipatu diren eginkizunetako edozein eginez, D mailan edo goragoko batean), betiere kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiri baten bidez frogatzen bada: 3 puntu/urte osoa, gehienez 10 puntu. Zatiki bakoitzeko, haren zati proportzionala.
–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak egiteagatik, eta lanpostuarekin zerikusia duten gaietan LH2, gradu ertaina edo haren baliokidea den titulazioa edukitzeagatik irizpide hauen arabera ateratzen diren puntuazioak emanen dira:
Goi mailako gradua, LH2 edo baliokidea: espezialitate bakoitzeko 2 puntu.
Erdi mailako gradua, LH1 edo baliokidea: espezialitate bakoitzeko 2 puntu.
50 ordu edo gehiagoko ikastaroak: ikastaro bakoitzeko 0,5 puntu.
100 ordu edo gehiagoko ikastaroak: ikastaro bakoitzeko 1 puntu.
Goi mailako graduak edo baliokideak espezialitate bereko erdi mailako gradua edo baliokidea baztertzen du.
Ez dira baloratuko iraupen orduak zehaztuta ez dituzten ikastaroak.
Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.
Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
Merezimendu guztiak agiri bidez eta egiaztatzeko moduan frogatu behar dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.
Epaimahaiak ezin izanen du, inola ere, aurkeztu gabeko edo agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik kontuan hartu.
6.2. Oposizioaldia.
Hiru proba egin beharko dira, bat teorikoa, beste bat praktikoa eta, azkena, test psikoteknikoa. 80 puntu gehienez.
Lehen eta bigarren probak baztertzaileak izanen dira; hau da, ez da hurrengo probara pasatuko aurreko proban eskatzen den gutxienekoa erdiesten ez duena.
–Lehenbiziko proba. Teorikoa: hiru zati ditu:
1.–20 galderako sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Erantzun zuzen bakoitzak puntu bat emanen du, eta hiru erantzun okerrek puntu bat kenduko dute.
2.–Diktaketa-ortografia: hiru akatsek puntu bat kenduko dute.
3.–Matematikari buruzko proba.
Hori guztia, II. eranskineko gaitegiari buruz.
Guztira 30 puntu: gehienez ere 15 puntu galde-sortan, 7,5 puntu diktaketan eta 7,5 puntu matematikari buruzko proban.
Hurrengo probara pasatzeko gutxienekoa: 7,5 puntu galde-sortan, 3,75 puntu diktaketan eta 3,75 puntu matematikari buruzko proban.
Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza eta 2 zenbakidun arkatza.
Izangaien zerrenda eta lortutako kalifikazioak jendaurrean jarriko dira, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
Probaren gehieneko iraupena: ordu bat eta 30 minutu.
–Bigarren proba. Ariketa praktikoa: proba praktiko bat edo gehiago eginen dira, arlo hauetakoak: makineria, igeltserotza, pintura, mantentze-lan orokorrak, obra txiki edo ertainetako makineria maneiatzea, edota bestelako edozein, betiere deialdi honetako oinarrietan aipatzen diren eginkizun edo zerbitzuetakoak. Horrez gain, oinarrizko informatikari buruzko proba bat eginen da.
Epaimahaiak zehaztuko du ariketa honetako probak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, baita zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.
35 puntu gehienez.
Hurrengo probara pasatzeko gutxienekoa: 17,5 puntu.
Hirugarren proba.–Testa: zenbait proba psikotekniko eginen dira, Nafarroako Psikologia Aplikatuaren Institutuak (NPAI) prestaturikoak. Proba horren helburua izanen da jakitea izangaiak noraino egokitzen zaizkion lanpostuko profil profesiografikoari.
Ariketa honek, gehienez ere, 15 puntu izanen ditu.
6.3. Lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazio osoa ehun (100) puntukoa izanen da.
6.4. Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
6.5. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.
7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
7.1. Gainditu dutenen zerrenda.
7.1.1. Behin proben kalifikazioa bururatuz gero, epaimahaiak argitara emanen du, Los Arcosko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.
Zerrenda horrekin batera, 1.6 oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da, egiten ahal diren aldi baterako kontratazioetarako.
7.1.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoaren arabera deseginen dira, zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena abiapuntu harturik.
7.1.3. Epaimahaiak puntuazio handiena atera duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Udaleko Alkatetzari. Loteslea izanen da. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
7.1.4. Proposatuak deialdian eskatutako gaitasun baldintzak eta gainerako beharkizunak frogatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko ditu, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 eguneko epean. Gainera, osasun azterketa egin eta gainditu beharko du.
7.1.5. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, aurreko atalean ezarritakoa bete ondoren.
7.2. Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda.
7.2.1. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Los Arcosko Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.
Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.
8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Udaleko alkateak oinarri hauen 7.1.4 atalean ezarritakoa betetzen duen eta proposatzen den izangaia izendatuko du lanposturako.
8.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta 7.1.5 atalean xedatuari jarraituko zaio.
9. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Los Arcosen, 2018ko azaroaren 29an.–Alkatea, Javier Chasco Abaigar.
I. ERANSKINA
Eskabide-orria (PDFa).
II. ERANSKINA
1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak. Masa, luzera, azalera, kapazitatea eta abar neurtzeko unitateak.
2. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko arauak. Diktaketa.
3. gaia.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.
4. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiuarena.
5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Soldatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta murruak eraikitzea.
6. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.
7. gaia.–Oinarrizko argi-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak eta lanparak.
8. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.
9. gaia.–Eskema elektrikoen eta iturgintzakoen ezagutza.
10. gaia.–Los Arcosko udalerria: kaleen izenak, bai eta mendienak, alderdienak eta ibaienak ere; izendapen ofizialak eta tradiziozkoak; udaleko araudia, ordenantzak, etab.
11. gaia.–Oinarrizko informatika: testu tratamendua, kalkulu-orriak, posta elektronikoa, etab.
Iragarkiaren kodea: L1900865
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
