208. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketak, tokiko barrutiko ehiza-aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2019ko uztailaren 22an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea “Tuterako tokiko barrutiaren ehiza-aprobetxamendua arautzen duen ordenantzaren aldaketa” 9. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2019ko 160. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 16an, bai eta Udalaren ediktu-taulan paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Legez ezarritako jendaurreko epean ez da erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu eta, beraz, behin-behineko onespen erabakia behin betikoa izatera iragan da. Eta ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da”.

Ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespenaren kontra, hautara, honako errekurtso hauek aurkez daitezke:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2019ko irailaren 30ean.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

ALDAKETA, TOKIKO BARRUTIKO EHIZA-APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAN

9. artikulua. Baimentzeko moduak.

“1. Ehiza xeherako denboraldiko txartela:

Ehiza xeheko modalitateak eta horien antolamendua arautzeko, Tuterako ehiza antolatzeko planari, unean-unean indarrean diren foru aginduei eta ehizaren alorreko foru arauei jarraituko zaie.

Udalak bere web orrian argitaratuko du noiz hasiko den eskaerak aurkezteko epea, hilabete lehenago gutxi gorabehera. Interesdunek NANaren fotokopiarekin batera aurkeztu beharko dute eskabidea Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan, edo administrazio prozedura erkideari buruzko arauetan ezarritako baliabideetako baten bitartez.

Aurreko epea itxitakoan, Tuterako Udalarekin zorrak dituztenen eskaerak baztertuko dira.

Bizilagunentzako baimenak, eskaera noiz egin den, ordena horren arabera emanen dira.

Epe hori bukaturik, eta bidezkoa dela ikusten badu, Tuterako Udalak epeak irekiko ditu kanpoko ehiztarientzat; horiek Tuterako tokiko barrutian sartzeko eskatu beharko dute eta kasu bakoitzean eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatu. Baimenak emateko Tuterako Udalerrian erroldatuta zenbat urte daramaten lehenetsiko da (3, 2, 1 edo 0); eta izena emateko ordena.

2. Ehiza larrirako denboraldiko txartelak.

Ehiza larriko modalitateak eta horien antolamendua arautzeko, Tuterako ehiza antolatzeko planari eta unean-unean indarrean diren ehizaren alorreko foru aginduei jarraituko zaie. Hala, ehizaren arloko foru arauak bete beharko dira beti.

Tuterako Udalak eskaerak aurkezteko epea irekiko du, ehizaldia hasi baino hilabete lehenago, gutxi gorabehera. Taldeek haiek osatzen dituzten bazkideen zerrenda aurkeztu beharko dute, kirol-ehizarako gaitasuna frogatzen duen dokumentazioarekin batera (bakoitzaren izena, deiturak eta NANa adierazita), eta taldeko arduradun bat izendatuko da, eta haren telefono zenbakia eta posta elektronikoa adieraziko dira. Taldeek 15 ehiztari izanen dituzte, gutxienez ere. Horrelakoetan, Ehiza antolatzeko planaren 37. orrialdean ezarritakoari jarraituko zaio.

Lehen zozketa eginen da %50 baino gehiago Tuterako bizilagunak dituzten taldeen artean. Tuterako bizilagunen taldeekin kupoa betetzen ez bada, bigarren zozketa eginen da kanpoko taldeen artean.

Ehiza larrirako epea irekitzen bada, ehiza xeherako aplikatzen diren irizpideak aplikatuko dira, hau da, izena emateko ordena bizilagun direnen artean. Kanpokoentzako baimenetarako, Tuteran zenbat urte dituzten erroldatuta eta izena emateko ordena.

Talde bakoitza dagozkion tokietan eta egunetan bakarrik ibiltzen ahalko da ehizan, Tuterako Udalak eginen duen zozketaren arabera. Ehizaldietan, hala ere, postu guztiak bete beharko dira, basurde-ehizaldiak hobeto gauzatu ahal izateko. Beharrezkoa baldin bada, dauden taldeak batuko dira.”

Iragarkiaren kodea: L1912611