208. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

283E/2019 EBAZPENA, irailaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Tuterako udal-mugartean beira laua egiteko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera hein batean onartzen duena; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren ingurumen baimen integratua emateko tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak ere bai. Instalazioaren titularra Guardian Industries Navarra SL da.

Instalazio honek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 13ko 0156/05 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 46E/2014 Ebazpenaren bidez aldatua.

2018ko ekainaren 20an titularrak ingurumen baimen integratuan dauden zenbait baldintza aldatzeko eskatu zuen; nagusiki, haren testuan zehaztapen batzuk sartzeko. Gainera, funtzionamenduari buruzko datu batzuk eguneratzea eskatu zen, bai eta sorturiko hondakin batzuen kodea eta izena aldatzea eta beste hondakin batzuk sartzea ere. Horrez gain, eskatu zen 1. fokutik atmosferara isurtzen diren gasak tratatzeko sistemaren funtzionamendurako gutxieneko denbora murriztea, prebentziozko mantentze-lanen iraupena zenbatzean kontuan har dadin.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta honako hau ondorioztatu du:

–Datuen eguneratzeak onargarriak dira, ez baitute eraginik ingurumen baimen integratuaren irismenean.

–Ingurumen baimen integratuaren testuan sartzeko eskatu diren zehaztapenak ez dira onargarriak, ez baitute informazio garrantzitsurik ematen instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamenduari buruz. Izan ere, kasuistika oso zabala eta nekez gertatzen ahal diren jazoerak kontuan har daitezen eskatu da, eta, testua funtzionala izan dadin, ezin da horrelakorik sartu.

–Coater granaila hautsaren kodea aldatzeko eskaera ez da onargarria, hondakin jakin baten HEZ kodea zehazteko hondakina sortzen duen prozesua hartzen baita kontuan.

–Bereizgailuko hautsaren ondorioz sorturiko hondakinak sartzeari onargarria iritzi zaio; izan ere, bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamenduarekin eta teknika erabilgarri onenak aplikatzeko irizpidearekin.

Bestalde, alde batera utzi dira eskatutako beste alderdi batzuk, amaitu diren administrazio prozedura zenbaitetan kontuan hartu baitira. Alderdi horietako bat da, esaterako, 1. fokuaren autokontrol maiztasuna aldatzeari buruzkoa.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, aldaketa-espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar iritzita.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Hein batean onartzea eskatutako aldaketak ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan, Guardian Industries Navarra SLk Tuterako udal-mugartean beira laua egiteko duen instalazioari dagozkionak. Hortaz, instalazioak eta jarduerak bete beharko dituzte ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak eta, horiez gainera, baita ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak ere.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Guardian Industries Navarra SLri eta Tuterako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1912454