208. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

64E/2019 EBAZPENA, irailaren 18koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Erriberriko La Planan 577,12 ha ureztalur bihurtzeko proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera onartzen ez duena. Sustatzailea Valle de Odieta SCL da.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da proiektua. Hortaz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egiten zaio.

Espedientea 2017ko maiatzaren 23an sartu zen departamentuan, tramitazioa egiteko.

–Proiektuaren aurrekariak:

2014an, sustatzaileak jada aurkeztu zuen Erriberriko La Planan ureztalur bihurtzeko proiektu bat. 2014ko eta 2017ko proiektuen planoak alderatuta, egiaztatu da ureztatu beharreko eremuak zein erabili beharreko sistemak (pibotak eta ihinztadura) ia berberak direla. Alde nabarmen bakarra da 2014. urtean guztizko azalera 571 hektarea zela, eta 2017an, 577,12 ha (ureztatzeko piboten arteko azalera txiki batzuk lehorrean utzi ziren 2014ko proiektuan, baina ihinztadura bidez ureztatzeko utzi dira 2017ko proiektuan).

Honako ebazpen hauek eman ziren 2014ko proiektuari buruz:

–165E/2016 Ebazpena, otsailaren 29koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, kontrako ingurumen eraginaren adierazpena ematen diona Erriberrin 571 hektarea ureztalur bihurtzeko proiektuari, estepako hegaztientzat interesa duen eremu batean eragin larriak izango lituzkeelako. Sustatzailea Valle de Odieta S Coop da (2016ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 30ekoan).

–1309E/2016 Ebazpena, azaroaren 8koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren otsailaren 29ko 165E/2016 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez Ingurumen eraginaren kontrako adierazpena egin zen Valle de Odieta Sociedad Cooperativak, Erriberriko La Plana alderdiko 571 hektarea ureztalur bihurtzeko, sustatutako proiektuaren gainean. (2016ko 235. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 7an).

Horrek azaltzen du “sustatzaileak administrazioan egin behar duen tramite bakarra eraginaren adierazpenaren tramitazioa dela, eta, hala, adierazpen hori da sustatzaileak hasitako prozedurari bukaera ematen dion administrazio egintza”. Aldaketa ebazpenari paragrafo hau eranstean datza: “4. ebazpen honen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, edo, aukeran, berraztertzekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean”.

Adierazi behar da sustatzaileak ez zuela errekurtsoa jarri azaroaren 8ko 1309E/2016 Ebazpen horren aurka.

–Oraingo proiektuaren ingurumen-tramitazioa:

Izapidetzen ari zen proiektuaren espedientea (2017. urtea) jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2017ko 179. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, irailaren 15ekoan. Dokumentazio hori formatu digitalean ere jarri zen ikusgai, Gobernu Irekian, hain zuzen.

Jendaurreko aldian SEO BirdLife erakundeak alegazio bat aurkeztu zuen. Alegazio hori 2015eko apirilaren 29an (2014ko antzeko proiektuari buruz) erakunde horrek eginiko alegazioaren antzekoa da, alderdi hidrologikoak gehituta: proiektuari baimena ukatzeko eskatzen da, La Planak estepako hegazti faunarako duen garrantzian (Nafarroan desagertzeko arriskuan dauden hiru espezie daude) eta Erriberriko Udal Planean oinarrituta (La Planako ureztatzea baztertzen du). Gainera, erakundeak adierazi du proiektuari buruzko informazioa falta dela azalerako eta lurpeko hidrologiarekin lotuta eta, bereziki, ura ateratzeak Caparroson Aragoi ibaiak duen alubioi lurretan, eta “Aragoi eta Arga ibaien behe ibilguak” Kontserbazio Bereziko Eremuan izaten ahal dituen ondorioekin lotuta.

Espedientean ageri da Erriberriko Udalaren 2017ko irailaren 8ko txostena. Besteak beste, adierazten du proiektuaren eremuaren zati gehiena gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela Erriberriko osoko bilkuraren arabera, “estepako hegaztiak babesteko eremua” ingurumen balioaren azpikategorian. Haren babes araubideak, zeina Hirigintzari buruzko araudiaren 52.3 artikuluan ezarrita baitago, honako hau debekatzen du: “estepako hegaztien bizi garapen egokia galarazten duen edozein jarduera klase”. Proiektuak lursaila eta horren erabilera aldatzea dakar, eta habitat hori garatzeko oraingo baldintzak aldatzen ditu horrek; ondorioz, hori ez da, dirudienez, bateragarria babes horrekin. Udal txostenak ere adierazten du lurzoru kategoria horretan honako hauek baimentzen ahal direla: “salbuespen gisa, interes orokor edo onura publikoko adierazitako azpiegiturak”, eta hori ez da adierazi proiektu honetan.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena egin zuen, 2018ko otsailaren 6an, 1990eko hamarkadatik orain arte egin diren estepako hegaztiei buruzko azterlanen berri emateko, eta, txosten eta azterlan horietan oinarrituta, egiaztatu du La Planako eremuak ingurumen balioa duela oraindik. Nolanahi ere, adierazten du “azken urteotan estepako abifauna hartzeko gaitasuna galdu duela, nekazaritzako jarduna handitu delako, lugorriak desagertu direlako, eta artzaintza eta lurzatietan minden isurpena areagotu delako, eta habitatak galdu direlako (larre eta gatz eremu handien luberritzea), eta jarduera horiek sustatzaileak egin ditu, hain zuzen ere, La Planako eremu horretan. Praktika eta jarduketa horiek zuzentzeak oraingo egoera lehengoratzea ekarriko du ziur aski, eta estepako hegaztien populazioak hartzeko bere ahalmen eta garrantzi osoa agertzea”. Horregatik guztiagatik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jakinarazi du proiektuak eragin larriak eta itzulezinak eragingo dituela estepako hegaztientzat garrantzitsua den eremu batean, aurretik aipatu dugun Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 165E/2016 Ebazpenaren, otsailaren 29koa, azalpen zatian adierazten den bezala.

Azkenik, aurretik aipatu dugun Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostenak egokitzat jotzen du ebazpena ematea, horren bidez proiektua ez onartzea erabakitzeko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.4 artikulua aplikatuta, zeinak, ez onartzeko arrazoien artean, besteak beste, jasotzen baitu “ingurumen eraginaren aurkako adierazpena eman izana funtsean honakoaren antzekoa den proiektu batean”, aztergai dugun kasuan bezala.

Horregatik, 186E/2018 Ebazpena eman da, martxoaren 21ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, eta onartzen ez duena Erriberriko La Planan 577,12 ha ureztalur bihurtzeko proiektuaren –Valle de Odieta SCL da sustatzailea– ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera.

Nolanahi ere, sustatzaileak, 2018ko ekainaren 6an, gora jotzeko errekurtsoa jarri zuen, eta adierazi zuen ez dela bete sustatzaileari entzuteko izapidea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.4 artikuluak xedatzen duen bezala.

Ondorioz, 19E/2019 Foru Agindua eman da, otsailaren 1ekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, zeinaren bidez zati batez baiesten baita Valle de Odieta SCLk martxoaren 21eko 186E/2018 Ebazpenaren aurka, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emandakoa, jarritako gora jotzeko errekurtsoa. Ebazpen horrek ez du onartzen Erriberriko La Planan 577,12 ha ureztalur bihurtzeko proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera.

2019ko otsailaren 20an, ez onartzea erabakitzen duen ebazpena hartu aurretik, ingurumen organoak entzun dio sustatzaileari. Horrek 2019ko martxoaren 8an erantzun zuen, eta, besteak beste, honako datu edo arrazoibide hauek aurkeztu zituen: 1) 367/2017 epaiak, 2017ko irailaren 13koak, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emanak, 2) argudiatzen du ingurumen ebaluazio prozedura sinplifikatuaren bidez izapidetu behar dela; hori dela eta, ez da egokia eskaera ez onartzea, eta 3) abifaunari buruzko azterlana aurkezten du.

Erantzunak:

a) 2017ko irailaren 13ko 367/2017 epaiari dagokionez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emana, adierazi behar dugu aldeak daudela esku artean dugun espedientearekin: 1) Andosillako mahastien laborantzari buruzkoa da –eta ez da hori Erriberriko La Planako lehorreko zereal-laborantzen kasua–, eta administrazioak berak horiek lantzeko baimenak eman zituen aurretik han; 2) halaber, La Plana ureztalurretik salbuetsitako eremua da Nafarroako Ubideko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialean eta, 3) ildo horretan eta La Planako eremu horretarako Erriberriko Udalaren araudi bat dago (Udalaren 2017ko irailaren 8ko txostenean aurretik aipatutako Hirigintzako Araudiaren 52.3 artikulua).

b) Proiektuaren tramitazioari dagokionez: Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak iritzi dio eragin ebaluazio arrunta dela, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean sartzen delako, hemen zehazki: “9. taldea. Beste proiektu batzuk. b) Lurzoruaren erabilera aldatzea dakarren edozein proiektu, 100 ha edo gehiagoko azalera hartzen badu”. Gainera, proiektuak Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoan jasotako faunaren gainean duen eragin itzulezina, inguruan beste ureztalur proiektu batzuekin metatzen delako (Nafarroako Ubidearen 1. fasea), eta egiten den lurzoruaren erabilera III. eranskinean jasotako irizpide bat litzateke proiektuaren eraginaren ebaluazio arrunta egiteko.

c) Abifaunari buruzko azterlanei dagokienez: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak La Planako estepako hegaztien populazioei buruzko datu berriak ditu, bai eta ureztalur bihurtzearen eraginari buruzkoak ere, eta datu horiek berresten dute eremu hori balio handikoa dela hegazti horien kontserbaziorako. 2019. urtean bertan egiaztatu dute, gutxienez, Naumann belatza, basoilo handia eta basoilo txikia daudela Erriberriko La Planako eremu batzuetan.

Naumann belatza eta basoilo handia “galzorian dauden espezietzat” jotzen dira indarrean den Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (563/1995 Foru Dekretua, azaroaren 27koa), eta basoilo txikia “kaltebera” kategorian dago. Hala ere, basoilo txikiak Nafarroan duen egoera larriagatik, “galzorian daudenen” kategorian sartu da Foru Dekretuaren proiektuan –kontsulta publikoen fasean–. Dekretu horren bidez Babes Bereziko Nafarroako Espezie Basatien Zerrenda eta Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoa ezartzen dira. 2009/147/EE Zuzentarauak, bestalde, Basoko Hegaztiak kontserbatzeari buruzkoak, honako hau zehazten du: I. eranskinean aipatutako espezieek –aztergai dugun kasuan bezala– “kontserbazio-neurri bereziak izanen dituzte habitatari dagokionez, biziraupena eta banaketa-eremuan ugaltzea bermatzearren” (4.1 artikulua). Nabarmendu behar da haien iraupena ziurtatzeko xede horrek ez duela zerikusirik eremua Hegaztien Babesgune Berezi (HBB) edo ingurumena babesteko beste edozein figura deklaratzearekin.

Sustatzaileak adierazitako abifaunaren gaineko eragina zuzentzeko neurriei dagokienez, adierazi behar dugu ezen, behin sail ureztatua ezarrita, neurri horiek ez direla eraginkorrak. Eta egin berri den azterketa batek egiaztatzen duenez –“Seguimiento de los impactos del regadío en las aves esteparias” (Ursúa Sesma, E. 2018. Gestión Ambiental de Navarra SA, argitaragabea)–, “ez da arrakastarik izan duen neurririk aurkitu sail ureztatuen arloaren barruan, ez Nafarroan, ezta beste eskualde batzuetan aplikatuta ere”.

Ondorioz, azaldutakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

EBAZTEN DUT:

1. Ez onartzea Erriberriko La Planan 577,12 ha ureztalur bihurtzeko proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera. Sustatzailea Valle de Odieta SCL da.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Erriberriko Udalari, Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Basozaintzari (10. barrutia, Tafalla-Zangoza) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 18an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1912245