207. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

28/2019 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Tuterako udal-mugartean goi-tentsioko linea elektrikoaren aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta haren onura publikoaren deklarazioa.

Nafarroako Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean hartutako erabakiaren bidez, Cavar-1, Cavar-2, Cavar-3, Cavar-4 eta Cavar-5 izeneko haize-parkeen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zen.

Apirilaren 17ko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 233E/2019 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen Cavar-1, Cavar-2 eta Cavar-3 haize-parkeen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea. Aldaketaren xedea zen azpiestazioa eta energia ateratzeko linea elektrikoaren euskarri batzuk tokiz aldatzea eta Cavar 1.5 haize-sorgailurako sarbide berria egitea N-121etik.

Aurrekoa ikusita, Renovables de la Ribera SLk aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen, bai eta eraikitzeko administrazio baimena eta onura publikoaren deklarazioa ere, instalazio elektriko honetarako:

–Espedientea: SAT10927.

–Instalazioaren xedea: zenbait haize-parkek ekoitzitako energia elektrikoa ateratzea.

–Kokapena: Tuterako udal-mugartea.

–Instalazioaren ezaugarriak: 66 kV-eko lurpeko SC linea elektrikoa (dx), “STR Renovables - ST La Cantera” aireko lineako 43 zenbakiko euskarria “La Cantera” transformazio azpiestazioarekin (870 metro, eroalea: HEPRZ1 (AS) 36/66 kV 1.000 mm² Al + H75).

–Aurrekontua: 798.205,93 euro.

I.–Jendaurrean jartzea.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako, Renovables de la Ribera SLren eskaera jendaurrean jarri zen hogei egunean, iragarkia argitaratu baitzen 2019ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 22koan, eta Diario de Noticias egunkarian, egun berean. Halaber, eskaera Tuterako Udalari ere igorri zitzaion, txostena presta zezan eta epe berean jendaurrean jar zezan.

Ez da alegaziorik jaso.

II.–Ukitutako organismoak.

I.1. Eólica Montes de Cierzo, S.L.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127., 131. eta 146. artikuluekin bat, Eólica Montes de Cierzo SLri txostena eskatu zitzaion.

Eólica Montes de Cierzo SL, 2019ko uztailaren 2ko idazkian, ados agertu zen proiektuarekin, betiere zenbait baldintza betetzen baziren.

Baldintza horien berri emanik Renovables de la Ribera SLri, enpresa sustatzaileak, uztailaren 4an, informazio gehiago eman zuen, Eólica Montes de Cierzo SLk eskatu bezala. Informazio hori uztailaren 19an igorrita Eólica Montes de Cierzo SLri, horrek ez du adierazpenik egin.

II. 2. Tuterako Udala.

Tuterako Udalak, 2019ko ekainaren 6an, Udaleko arkitekto teknikoak izenpeturiko ekainaren 3ko txostena igorri zuen. Bertan, adierazi zuen baimen horretan ez dela eragozpenik hirigintzako ikuspegitik, salbu ikusizko inpaktua herri-lurreko lurzatiak zeharkatzeagatik, betiere, ahal dela, dorreak edo euskarriak lurzatiaren mugetan edo bideetan jarrita. Halaber, bada beste txosten bat, ekainaren 5ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza, Mendi, Ingurumen eta Agenda 21eko administrazio unitateko teknikari batek izenpetua, non adierazten baita ezen, teknikari horren iritziz, Tuterako Udalak ados egon beharko lukeela eskatu zaion onura publikoaren deklarazioarekin, betiere Renovables de la Riberari herri-lurrak okupatzeko baldintzen agiria errespetatzen bazaio.

Aurreko txostenak enpresa sustatzaileari igorrita, uztailaren 26an Renovables de la Ribera SLk adierazi zuen ez zegoela ezartzerik Tuterako Udalak eskatutako kanona. Orobat, adierazi zuen ezen, baldintzen agirian zehaztutako gainerako puntuei zegokienez, indarreko araudia beteko zuela une oro.

Abuztuaren 12an igorri zen Renovables de la Ribera SLren erantzuna Tuterako Udalera, eta horrek ez zuen adierazpenik egin.

Ikusirik espedientean dagoen dokumentazioa, eta kontuan hartuta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatua, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak proposatu du Renovables de la Ribera SLk eskatutako baimena onartzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena ematea Renovables de la Ribera SLri, 66 kV-ko lurpeko SC linea elektrikorako (dx), “STR Renovables-ST La Cantera” aireko lineako 43 zenbakiko euskarria “La Cantera” transformazio azpiestazioarekin lotzeko.

2. Onestea instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, David Remírez de Ganuza industria-ingeniari teknikoak sinatua. Hogeita lau hilabete emanen zaizkio obrak burutzeko.

3. Zehazki, instalazio horren onura publikoa deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta lege hori garatzen duen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluan aipatutako ondorioetarako.

4. Renovables de la Ribera SL enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

5. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

7. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

8. Ebazpen hau Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

10. Ebazpen hau Renovables de la Ribera SLri eta Eólica Montes de Cierzo SLri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

11. Ebazpen hau Tuterako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko urriaren 1ean.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1912682