207. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

1032/2019 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, eskumen batzuk erabiltzea, baita esparru-akordioak eta kontratu publikoak gauzatzeko izenpea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren organo batzuei eskuordetzen dizkiena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituta dituzten eskumenen erabilera kasuko administrazioko maila bereko edo txikiagoko beste organo batzuei eskuordetzea.

Halaber, aipatu foru lege horren 15. artikuluak baimena ematen die organismo publikoetako titularrei, ezarritako mugen barruan, beren ebazpenen eta administrazio-egintzen izenpea menpeko organoei eskuordetzea, nagusi hierarkikoak baimena emanez gero.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak kontratazio publikoaren, kudeaketa ekonomikoaren eta ondare-erantzukizunaren arloetako eskumenei lotutako administrazio-egintzen jardueretan dituen bolumenak gomendagarri egiten du hainbat motatako eskuordetzeak egitea, organismoaren funtzionamendua eraginkorragoa eta zaluagoa izan dadin.

Irailaren 27ko 334E/2019 Foru Aginduaren bidez, Osasuneko kontseilariak baimendu du Kudeaketa Zuzendaritzak eskatu zuen eskuordetzea.

Horrenbestez, aipatu arauekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Eskumen hauek eskuordetzea Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruei, Tuterako Osasun Barrutiari eta Lizarrako Osasun Barrutiari, zein bere esparru funtzionalean: obren kontratazioa, 40.000 euro arte, eta laguntzen eta horniduren kontratazioa, 15.000 euro arte, baita sinatutako esparru-akordio baten babesean adjudikatzen diren edozein kopurutako kontratuen adjudikazioa ere.

Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legez ezintasunen bat duenean, Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzaileak, Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzaileak, Tuterako Osasun Barrutiko kudeatzaileak eta Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzaileak ordeztuko dituzte organo horiek, zein bere esparru funtzionalean.

Aurreko paragrafoan zehaztu diren kontratuen izaera eta zenbateko bera duten gainerako kontratuen kasuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren funtzionamendu normalerako beharrezkoak badira, eskumena Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren esku uzten da, eta kargu hori hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legezko ezintasunen bat duenean, Horniduraren, Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariordearen esku uzten da.

Halaber, organo eskudunak adjudikatutako kontratuen eta jabego publikoko emakiden fakturak, baita Iruñeko Artzapezpikutzarekin sinatutako hitzarmenetik eratorritakoak ere, onetsi eta haien ordainketa agintzeko eskumena hauei eskuordetzen zaie: Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzu buruei, Tuterako Osasun Barrutiari eta Lizarrako Osasun Barrutiari, nork bere esparru funtzionalean. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legez ezintasunen bat duenean, Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzaileak, Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzaileak, Tuterako Osasun Barrutiko kudeatzaileak eta Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzaileak ordeztuko dituzte organo horiek, zein bere esparru funtzionalean.

Aurreko paragrafoan zehaztu diren kontratuen izaera bera duten gainerako kontratuen fakturen kasuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren funtzionamendu normalerako beharrezkoak badira, onartu eta ordaintzeko eskumena Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren esku uzten da, eta kargu hori hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legezko ezintasunen bat duenean, Horniduraren, Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariordeak ordeztuko du.

2. Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendariaren esku uztea, bere esparru funtzionalean, laguntzen eta horniduren kontratazioa, 15.000 euro arte, baita sinatutako esparru-akordio baten babesean adjudikatzen diren edozein kopurutako kontratuen adjudikazioa ere.

Halaber, organo berari ematea organo eskudunak adjudikatzen dituen kontratuei dagozkien fakturak onetsi eta horien ordainketa agintzeko eskumena.

Aurreko kasuetan, kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legez ezintasunen bat duenean, Osasun Laguntza Integraturako zuzendariordeak ordeztuko du.

Orobat, Eriaren Osasun Laguntzarako zuzendariaren esku uzten da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuen 24. artikuluan aipatzen diren komiteak eta batzordeak eratzeko eskumena, betiere bere eskumeneko arloei lotuta badaude (estatutuak irailaren 3ko 175/2015 Foru Dekretuak onetsi zituen).

3. Osasun Mentaleko Kudeatzailetzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuko buruari eskuordetzea Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruei, Tuterako Osasun Barrutiari eta eta Lizarrako Osasun Barrutiari eskuordetzen zaizkien eskumenak, dagoeneko Nafarroako Osasun Mentalari buruzko abenduaren 13ko 21/2010 Foru Legearen 14. artikuluak esleitu ez dizkionak, horiekin batera erabil ditzan (foru lege horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren egitura organikoa ezarri zen).

4. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko zuzendariari eskuordetzea Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruei, Tuterako Osasun Barrutiari eta Lizarrako Osasun Barrutiari eskuordetzen zaizkien eskumenak, dagoeneko Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren egitura organikoa garatzen duen otsailaren 19ko 25/2014 Foru Dekretuaren 1. artikuluak esleitu ez dizkionak, horiekin batera erabil ditzan.

5. Osasuneko Informazio Sistemen Zerbitzuko buruari esku uztea, bere esparru funtzionalean, laguntzak eta hornidurak kontratatzeko eskumena, 15.000 euro arte, bai eta sinatutako esparru-akordio baten babesean adjudikatzen diren edozein kopurutako kontratuak adjudikatzekoa ere.

Halaber, organo berari ematea organo eskudunak adjudikatzen dituen kontratuei dagozkien fakturak onetsi eta horien ordainketa agintzeko eskumena.

Aurreko kasuetan, kargua hutsik dagoenean, edo titularra kanpoan, gaixorik edo legez jarduteko ezinduta dagoenean, Informazioaren Segurtasunerako eta Erabiltzaileari Zerbitzua Emateko Ataleko buruak ordeztuko du, eta hura ere kanpoan denean, Informazio Biltegiaren eta Kudeaketaren Ataleko buruak.

6. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileari dagozkion obrak, laguntzak eta horniduren kontratuak izenpetzeko eskumena, baita esparru-akordioak eta haietatik eratorritako kontratuak ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren esku uztea, Haurren Hortzak Zaintzeko Programatik (PADI) eratorritako akordioak eta kontratuak izan ezik. Hauek izenpetzeko eskumena Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailearen esku utziko da.

Aurreko kasuetan, kargua hutsik dagoenean, edo titularra kanpoan, gaixorik edo legez jarduteko ezinduta dagoenean, Horniduraren, Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariordeak, Nafarroako Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako zuzendariordeak eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruak ordeztuko dute, ordena honetan, hurrenez hurren.

7. Araubide Juridikoaren Zerbitzuko buruaren esku uztea ondare gaineko erantzukizunaren arloan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzura bideratzen diren erreklamazioak tramitera onartzen diren ala ez erabakitzeko eskumena, bai eta prozeduraren instruktorea izendatzekoa ere.

Aurreko kasuetan, kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo jarduteko legez ezintasunen bat duenean, Laguntza Juridikoaren Ataleko buruak ordeztuko du herritarrekiko harremanetan.

8. Ebazpen honetan adierazitako zenbatekoak aldatuko dira Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 81. artikuluak ezartzen duen zenbateko txikiko kontratuen araubide berezia aldatzen den heinean.

9. Eskumen eskuordetzearen bidez ematen diren ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko da berariaz, eta, ondorio guztietarako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emanak balira bezala hartuko dira.

Era berean, eskuordeturiko izenpearen bidez sinatzen diren kontratu eta esparru-akordioak, inguruabar hori eta jatorrizko organoa zehaztuko dira.

10. Baldin eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura aldatzearen ondorioz organoak sortu, aldatu edo kentzen badira, ulertuko da ebazpen honen bidez egiten diren eskuordetzeak aldaketaren ondorioz aldatu edo sortutako organoei egiten zaizkiela, zein bere eremu funtzionalean.

11. Ebazpen hau bertan aipatzen diren organoen titularrei eta Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

12. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Iruñean, 2019ko irailaren 30ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Ramón Mora Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1912676