206. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

273E/2019 EBAZPENA, irailaren 9koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ezezkoa ematen baitzaio Oltza Zendeako udal-mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaerari. Jardueraren titularra Volkswagen Navarra SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 23ko 2361/2007 Ebazpenaren bidez emana, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 5eko 10/2012 Foru Aginduaren bidez aldatu zena eta, gero, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 158E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak errekerimendu bat egin zion titularrari fenolen parametroaren isurketarako muga-balioa gainditzeari buruz. Horri erantzuteko, 2016ko uztailaren 1ean, titularrak eskaera egin zuen etenda uzteko ingurumen baimen integratuan aurreikusitako fenolen urteroko kontrola, eta kontrolari berriz ekiteko kutsatzaile hori tratatzeko alternatiba tekniko bideragarriak daudenean.

2017ko azaroaren 24an, titularrak dokumentazio teknikoa aurkeztu zuen. Hartan, instalazioak isuritako hondakin uretan fenolik ote zegoen ikertzeko eta aztertzeko egindako aurrerapenak zehazten ziren, eta jakitera ematen ziren hartutako neurriak eta instalazioak une hartan zuen egoera.

Titularrak 2018ko apirilaren 24an aurkeztutako azterlan batean, instalazioak isuritako hondakin uretan identifikatutako konposatu fenolikoak zehaztu ziren. Horien artean, ondoko hauek nabarmentzen ziren: fenola, 2,4,6-triklorofenola, 2-klorofenola eta 2,4-diklorofenola.

2018ko uztailaren 4an, instalazioko konposatu fenoliko horien jatorriari buruzko txosten tekniko bat aurkeztu zuen titularrak. Txosten horretan ondorioztatzen zenez, fenolak 3 zenbakiko azken isurketaren irteeran agertzen dira (egokitzapena silexezko iragazkiekin). Hipotesi gisa, honakoa aurreratu zen: fenolek, lipofiloak baitira, joera dute iragazkietan sobera pilatutako lohian finkatzeko, eta baliteke hortik askatzean hautemandako fenolen mailak sorraraztea.

Halaber, titularrak proposatu zuen Nafarroako Unibertsitateak azterlan bat egin zezala jatorria VW-Nafarroa instalazioaren araztegian duen efluentearen balizko postratamendu bati buruz.

Hori horrela, 2019ko otsailaren 25ean, titularrak honako izenburua zeraman dokumentua aurkeztu zuen: “Volkswagen Nafarroaren araztegiko efluentearen konposatu fenolikoen biodegradagarritasunari buruzko azterlana”. Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Fakultateko Kimikako Departamentua arduratu zen aipatu dokumentua egiteaz.

Dokumentu horren arabera, lohi aktiboen bioerreaktore jarraitu bat monitorizatzeko lan esperimentala egin da zazpi hilabetez, laborategiko eskalan, eta elikatu dute hondakin ur sintetikoen (udal hondakin uren lagin adierazgarria) eta fenolak dituen hondakin ur industrialaren arteko nahasketa batekin (azken hori VW-Nafarroatik zetorren).

Honako hauek dira azterlan horren ondorio nagusiak:

–Emaitzen arabera, ez da desberdintasun operatiborik ikusten ur industrialarekin edo gabe funtzionatzearen artean (ekarpenaren %10etik %50era bitarte), eta horrek erakusten du VW-Nafarroaren araztegiko efluentea (%50era bitarte, gutxienez) guztiz bateragarria dela lohi aktibatuen prozesu konbentzional batek epe luzera duen funtzionamendu normalarekin. Parametro hauen bilakaera aztertu da: pH-a, solido guztiak, solido hegazkorrak eta KOG.

–Lohi aktiboak (Arazuriko hondakin uren araztegitik datozenak) gai dira fenolak proportzio handi batean deuseztatzeko (normalean %70etik gorakoak 5. fasean, erreaktoreari emandako uretan horien kontzentraziorik altuena zegoenean jardun zenean).

–Esperimentazioak iraun bitartean, agerian geratu dira espezie mikrobiano batzuk, prozesu natural bati dagokion bezala, eta baliteke ingurune bakoitzean dauden aldagai operatiboen arteko ezberdintasunen ondorio izatea (substratuen erabilgarritasuna, tenperatura, oligoelementuen nutrizio desorekak, lohien birziklatze maila, agitazio maila, etab.).

Aurkeztutako dokumentuari dagokionez, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak honako iritzia adierazi du:

–Esperimentuak ez ditu erreproduzitu diluzio altuaren baldintza errealak; izan ere, horietan VW-Nafarroatik datorren efluentea, fenolak dauzkana, oso urria da (gutxi gorabehera, 1:240 proportzioan) Arazuriko HUAn tratatutako efluente orokorraren aldean. Egoera errealean ez da ugarituko, esperimentuan bezala, fenolen kontzentrazio altua duen ingurune bati egokitutako espezierik; hortaz, ezin dira estrapolatu esperimentuko emaitzak egoera errealera, eta ezin da ondorioztatu fenol horiek eraginkorki tratatzen direla Arazuriko HUAn.

–Hori horrela izanik, aurkeztutako azterlanak ez duenez aukerarik ematen ondorioztatzeko VW-Nafarroako efluentearen karga fenolikoa eraginkorki murrizten dela Arazuriko HUAn, ezin da baztertu karga hori jabari publiko hidraulikora nabarmenki ateratzen delako aukera.

Horrenbestez, ez da bidezkoa ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, fenolen parametroaren isurketarako kontrolari eta muga-balioari dagokienez.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ezezkoa ematea Oltza Zendeako udal-mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaerari. Aldaketak fenolen parametroaren isurketarako kontrolerako baldintzekin eta muga-balioarekin du zerikusia. Jardueraren titularra Volkswagen Navarra SA da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira zenbatzen epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Volkswagen Navarra SAri, Oltza Zendeako Udalari eta NILSAri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 9an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1912121