206. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

14/2019 EBAZPENA, irailaren 27koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, berariazko prestakuntza ikastaro batzuen deialdia egiten da behar den gaikuntza lor dezaten uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak araututako prozeduran aholkularitza eta ebaluazio funtzioak bete nahi dituztenek. Prozedura horren helburua da aitortzea eta egiaztatzea lan esperientziaren edo bestelako prestakuntza bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide gaitasunak.

Lan esperientziaren bidez eskuratutako lanbide gaitasunak aitortzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak ezartzen duenez, aholkularitza eta ebaluazio lanak administrazio eskudunek gaitutako pertsonek beteko dituzte. Errege dekretu horren 22.3 artikuluak zehazten du, orobat, autonomia erkidegoetako administrazio eskudunek gaituko dituztela aholkularitza eta ebaluazio lanak bermatzeko behar diren pertsonak.

Bestalde, eginkizun horietan aritzeko gaikuntza lortzeko, errege dekretu horren 25.1 artikuluak ezartzen du zenbait baldintza bete behar direla esperientziari dagokionez, eta prestakuntza ikastaro berariazko bat gainditu. Era berean, adierazten da administrazio eskudunek antolatu edo gainbegiratu behar dutela ikastaro hori.

Pertsonek laneko esperientziaren edo bestelako prestakuntza bide ez-formalen bitartez lortutako gaitasun profesionalak Foru Komunitatean ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura arautu zuen abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuak, baita horretaz arduratuko den antolakuntza eredua finkatu ere. Foru dekretu horren 26. artikuluan zehaztu da Nafarroako Lanbide Kualifikazioen Institutuari dagokiola prozeduraren orientatzaileak, aholkulariak eta ebaluatzaileak prestatzea eta gainbegiratzea.

Ikusita Lanbide Heziketaren Zerbitzuak aurkeztutako txostena, lanbide gaitasuna egiaztatzeko prozedurako aholkulariak eta ebaluatzaileak gaitzeko ikastaroen deialdiari dagokionez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ikastaro baten deialdia onestea, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak araututako prozeduran aholkularitza eta ebaluazio funtzioak bete nahi dituztenek horretarako gaikuntza lor dezaten, ebazpen honen 1. eranskinean biltzen diren oinarriei jarraituz. Aipatu prozedura horrek bide emanen du lan esperientziaren edo bestelako prestakuntza bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide gaitasunak aitortzeko eta egiaztatzeko.

2. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko Lanbide Kualifikazioen Atala izendatzea gaikuntza ikastaroak antolatu, eman eta segimendua egiteko organo arduradun.

3. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari baimena ematea behar adina ebazpen emateko, deialdi honen garapena egokia izan dadin.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kudeatzailetzari, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzura eta Lanbide Gaitasunak Egiaztatzeko eta Iturrondo Zentroaren Atalera, eta Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Lanbide Kualifikazioen Atalera eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora.

Iruñean, 2019ko irailaren 27an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

a) Ebazpen honen xedea da berariazko prestakuntza ikastaro baten deialdia egitea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, horren bidez gaikuntza emateko lanbide kualifikazio batzuen gaitasun unitateen ebaluatzaile eta aholkulari lanetan arituko diren pertsonei. Deialdi honen 2. eranskinean daude jasota kualifikazio horiek.

b) Berariazko ikastaro bat eginen da aholkulariak gaitzeko eta beste bat ebaluatzaileak gaitzeko.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

a) Ikastaro horiek egin ahal izateko, interesdunek frogatu beharko dute deialdi hau argitaratzen den egunean gutxienez 4 urteko esperientzia dutela, deialdiko kualifikazioei lotua, kolektibo hauetakoren batean:

–Hezkuntzako administrazio publikoko irakasleak, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen edo Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan aitortutako espezialitatekoak, kasuan kasuko lanbide arloan irakaslana esleitua dutenak.

–Prestatzaileak, hezkuntza sistemakoak ez direnak eta zehazten diren gaitasun unitateetan espezializatuak.

–Hezkuntzaz kanpoko administrazio publikoetako edo enpresetako profesionalak, zehazten diren gaitasun unitateetan adituak, lanbide heziketako espezialitateetara parekatutako irakasleak barne, funts publikoak dituzten ikastetxeetan lanbide heziketako heziketa ziklo itunduak irakasten badituzte.

b) Profesionaltasun ziurtagiri edo titulu ofizial bat izatea, gaikuntza zer kualifikaziotarako nahi den, horri dagokion maila bera izanen duena bederen. Baldintza hori ez da nahitaezkoa izanen administrazioko funtzionarioentzat.

c) Ez egotea beste edozein ikastaro egiten helburua duena lanbide gaitasunak aitortzeko prozeduretan aholkulari edo ebaluatzaile gisa aritzeko gaikuntza lortzea (uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak arautzen ditu prozedura horiek).

d) Interneteko sarbidea izatea, baita erabiltzaile mailako informatikako oinarrizko ezagutza ere.

3.–Deialdiko plazak.

a) Aholkulariak eta ebaluatzaileak gaitzeko berariazko ikastaroan 80 plaza eskaintzen dira. Horietatik 40 aholkulari izateko dira, eta beste 40, berriz, ebaluatzaile izateko.

b) Berariazko baldintzarik ez duten tokiak (irakasle funtzionarioentzat edo adituentzat ez direnak) honako hauek eskatzen ahalko dituzte: beste administrazio publiko batzuetako funtzionarioek eta langileek, hezkuntza sistemako irakasleek, prestatzaileek eta enpresa munduko adituek.

c) Eskaintzen diren plazak honela banatzen dira:

–Aholkulariak:

  • 2 plaza, Gorputz Hezkuntza espezialitateko irakasle funtzionarioentzat.
  • 3 plaza, areto barneko egokitzapen fisikoaren esparruko adituentzat.
  • 4 plaza, yogako irakasleentzat.
  • 3 plaza, zentral hidroelektrikoen funtzionamenduan eta mantentzean adituentzat.
  • 3 plaza, zentral termoelektrikoen funtzionamenduan eta mantentzean adituentzat.
  • 2 plaza, Sistema Elektrotekniko eta Automatikoak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat.
  • 2 plaza, Sistema Elektronikoak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat.
  • 2 plaza, Energia Sistemen Antolaketa eta Proiektuak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat.
  • 2 plaza, Instalazio Elektroteknikoak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat.
  • 2 plaza, Bero eta Fluido Ekipoen Instalazioa eta Mantentze-lanak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat.
  • 4 plaza, hozteko eta aire-girotzeko instalazioen esparruko adituentzat.
  • 4 plaza, mikropigmentazioan eta tatuajean adituentzat.
  • 4 plaza, desgaitasunen bat duten pertsonak lan munduan sartzen adituentzat.
  • 3 plaza Lanbide Heziketako irakasleentzat, deialdi honetan biltzen ez diren profiletakoak.

–Ebaluatzaileak:

  • 2 plaza, Gorputz Hezkuntza espezialitateko irakasle funtzionarioentzat.
  • 3 plaza, areto barneko egokitzapen fisikoaren esparruko adituentzat.
  • 4 plaza, yoga irakasleentzat.
  • 5 plaza, zentral hidroelektikoen funtzionamenduan eta mantentzean adituentzat.
  • 5 plaza, zentral termoelektrikoen funtzionamenduan eta mantentzean adituentzat.
  • 2 plaza, Sistema Elektrotekniko eta Automatikoak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat.
  • 2 plaza, Sistema Elektronikoak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat.
  • 2 plaza, Sistema Energetikoen Antolaketa eta Proiektuak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat.
  • 2 plaza, Instalazio Elektroteknikoak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat.
  • 2 plaza, Bero eta Fluido Ekipoen Instalazioa eta Mantentze-lanak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat.
  • 3 plaza, hozteko eta aire-girotzeko instalazioen esparruko adituentzat.
  • 4 plaza, mikropigmentazioan eta tatuajean esparruko adituentzat.
  • 4 plaza, desgaitasunen bat duten pertsonak lan munduan sartzen adituentzat.

Aurreko ataletan aholkulari edo ebaluatzaileentzat ezarritako plaza guztiak betetzen ez badira, hutsik gelditzen direnak aurreko zerrendan agertzen diren gainerako taldeei esleitzen ahalko zaizkie, ezarritako plaza guztiak bete arte.

4.–Izena emateko eskaera.

a) Ikastaroan parte hartu nahi dutenek eskabide-orria bete behar dute, zer kualifikaziotan parte hartu nahi duten, horiexek lehenetsita, 3.a) eta 3.b) eranskinetan ezarritako ereduei jarraituz, nork bere kolektiboari dagokiona.

b) Interesdunek bi gaikuntzetako bat hautatu behar dute, edo, kasua bada, adierazi bi ikastaroetako edozeinetan parte hartu nahi dutela. Halakoetan, Hezkuntza Departamentuak modalitate bat esleituko dio, libre dauden tokien arabera eta aurreikusten diren beharren arabera.

c) Eskatzaileek eskabide-orrian zehaztu behar dute zer kolektiboren bidez hartzen duten parte, hiru hauen artetik aukeratuta: hezkuntzako sistema publikoko bigarren hezkuntzako irakasleak eta lanbide heziketako irakasle teknikoak (funtzionarioak izan ala ez), kasu horretan, irakasle espezialitatea zehaztuta; prestatzaile espezializatuak; edo administrazio publikoko edo enpresako profesional adituak.

5.–Izena emateko dokumentazioa.

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek, kasuan kasuko eskabide-orriaz gain, dokumentazio hau ere aurkeztu behar dute:

a) Nortasun agiri nazionala.

b) Enplegatu publikoen kasuan: Zerbitzu orria.

c) Gainerako kolektiboen kasuan:

1. Curriculum vitae-a.

2. Lan bizitzaren ziurtagiria.

3. Jardun duen enpresaren edo enpresen ziurtagiria, datu hauek jasoko dituena berariaz: kontratazio aldiak, egindako lanak eta zenbat denbora egin duen lan horietan, 3.c) eranskineko ereduaren arabera. Agiri horiek aurkeztu ezin badira, eskatzaileak lan kontratuak aurkez ditzake.

4. Prestatzaileen kasuan, irakatsitako ikastaroen ziurtagirien kopia, berariaz adierazita zenbat ordu edo kreditutakoak izan diren eta zer eduki izan duten.

5. Profesionaltasun ziurtagiria edo titulu ofiziala, gaikuntza zer lanbide kualifikaziotarako eskatzen den, horrexen maila berekoa bederen, bidezkoa denean.

6. Baremoko merezimenduak edo eskaeran alegatutakoak justifikatzen dituzten beste agiri batzuk.

6.–Onartzeko irizpideak.

Jasotako eskaeren kopurua deialdiko tokiena baino handiagoa denean, hautapen irizpide hauek aplikatuko dira:

1. Lehentasuna izanen dute aurreko beste deialdi batzuetan aholkulari edo ebaluatzaile gisa gaitu ez diren eskatzaileek.

2. Aditu profilarekin iragartzen diren tokiak eskuratzeko, irakasle ez direnak lehenetsiko dira, salbu eta prestakuntza jardueran parte hartzeko eskatzen diren lanbide esperientziari buruzko baldintzak irakaskuntza esparrutik kanpora ere betetzen badituzte.

3. Kontuan harturik aurreko puntuetako irizpideak, lanbide esperientziarik handiena duten langileak lehenetsiko dira, baremo honi jarraikiz:

a) Zer kualifikaziotan nahi den gaikuntza, esparru horretan eta lanaldi osoan lan egindako urte bakoitzeko: puntu bat. Denbora zati laburragoak, egun batera bitartekoak, proportzionalki konputatuko dira. Esperientzia konputatzeko, deialdi hau argitaratzen den eguna hartuko da erreferentzia gisa.

b) Hezkuntza sistemakoak ez diren prestatzaileen kasuan, esperientzia adierazten bada irakatsitako ordutan edo kreditutan, ulertuko da 600 eskola-ordu urtebeteko esperientzia dela. Denbora zatikiak ere konputatuko dira: 2,5 ordu, egun bakoitzeko. Kredituen kasuan, ulertzen da kreditu batek 10 orduko balioa duela.

c) Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari dagozkion kualifikazioen garapenean parte hartzeagatik, edo egiaztapen prozedura sostengatzeko tresnetan eta/edo profesionaltasun ziurtagirien garapenean: puntu bat.

d) Berdinketa kasuetan, zozketaz erabakiko da.

7.–Eskaerak aurkeztea.

Parte hartzeko eskaerak, beharrezkoa den dokumentazioarekin batera, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Kualifikazioen Atalari zuzenduko zaizkio, eta 2019ko urriaren 23tik 31ra bitarte aurkeztuko dira, departamentu horretako Erregistroan, ahal bada, edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (Nafarroako Lanbide Kualifikazioen Sistemaren atarian argitaratuko da horren esteka: http://cualificaciones.educacion.navarra.es/). Bestela ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak dioen moduan aurkez daitezke eskaerak eta dokumentazioa.

8.–Onartuen zerrendak.

Onartuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Atarian argitaratuko dira 2019ko azaroaren 4an. Zerrenda horien aurka erreklamazioren bat aurkeztu nahi duten pertsonek hiru egun balioduneko epea izanen dute horretarako, behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Onartuen behin betiko zerrendak 2019ko azaroaren 11n argitaratuko dira.

9.–Ikastaroaren ezaugarriak.

Lan esperientziaren bidez lortutako lanbide gaitasunak aitortzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 4. eta 5. eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriko da ikastaroaren edukia.

Ikastaroak 50 prestakuntza ordu izanen ditu; horietatik 20 prestakuntza presentzialekoak izanen dira, eta 30 urrutiko prestakuntzakoak. Saio presentzialak egun hauetan izanen dira:

–Azaroaren 13an, 18an, 20an, 25ean eta 26an, 16:30etik 20:30era, ebaluatzaileak gaitzeko ikastaroa.

–Azaroaren 14an, 19an, 21ean, 26an eta 28an, 16:30etik 20:30era, aholkulariak gaitzeko ikastaroa.

Urrutiko fasea 2019ko abenduaren 20an bukatuko da.

10.–Gaikuntza.

a) Aholkulari eta ebaluatzaileen prestakuntza ikastaroa gainditzen duten pertsonek gaikuntza jasoko dute lanbide gaitasunak egiaztatzen dituzten prozeduretan aritzeko, eta kasuan kasuko erregistroetara gehituko dira.

b) Prestakuntza gainditutzat jotzeko, parte-hartzaileek ikastaroa probetxuz bukatu behar dute, saio presentzial guztietara joan, eta ezartzen diren jarduera guztiak egin. Saio presentzialen batera huts eginez gero, ez da gaikuntza emanen, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Aurreikus ezin daitezkeen inguruabarrak hartuko dira ezinbesteko kasutzat, edo, aurreikusteko modukoak izan arren, ezinbestez gertatzen direnak, eta gehienez ere saio presentzial batera joatea galarazten dutenak. Kasu horietan, inguruabarrak frogagiri bidez justifikatu beharko dira, saio presentziala egin eta hurrengo bost egun balioduneko epean.

c) Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emanen du gaikuntza, eta Estatuko Administrazio Orokorrak nahiz autonomia erkidegoek lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko egiten dituzten prozeduren deialdietarako ere balioko du.

d) Prestakuntza ikastaroa gainditzen duten pertsonen gaikuntzak ondorioak izanen ditu:

–Irakasle funtzionarioen artean aholkulari direnen kasuan, irakaslana zein lanbide arlotan duten esleituta, arlo horretarako guztirako; eta, ebaluatzaile direnen kasuan, irakaslana zein lanbide modulutan duten esleituta, horiei loturiko gaitasun unitateak dituzten kualifikazio guztietarako.

–Enpresaren arloan adituak diren prestatzaileen kasuan, irakaskuntzan eta lanbidean norberak duen eskarmentuaren arabera zehaztuko diren kualifikazioetarako edo gaitasun unitateetarako.

e) Deialdi honen bidez gaikuntza jasotzen dutenek konpromisoa hartzen dute Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren prozedura deialdietan parte hartzeko, ebaluatzaile gisa edo aholkulari gisa, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoiren bat baldin badago, b) letran adierazitakoari jarraikiz.

f) Deialdi honen bidez aholkulari edo ebaluatzaile gaikuntza lortzen duten pertsonak ezin izanen dira hautagai gisa aurkeztu Nafarroan egiten den hurrengo deialdian, gaikuntza zer lanbide kualifikaziotan lortzen duten, horiexetan.

2. ERANSKINA

Deialdiko lanbide kualifikazioak edo gaitasun unitateak

1.–Gorputz eta Kirol Jardueren arloa.

AFD097_3 - Egokitzapen fisikoa, erabilera anitzeko entrenamendu aretoan.

AFD162_3 - Egokitzapen fisikoa, taldean eta musikaz lagunduta.

AFD616_3 - Yoga irakaslea.

2.–Energiaren eta uraren arloa - Zentral elektrikoak.

ENA359_3 - Zentral termoelektrikoen funtzionamendua kudeatzea.

ENA473_3 - Zentral hidroelektrikoen funtzionamendua kudeatzea.

ENA474_3 - Azpiestazio elektrikoetako muntaketa, funtzionamendua eta mantentzea kudeatzea.

IMA378_3 - Fluidoak banatzeko sareen eta sistemen mantentze-lanak eta ikuskatzea planifikatzea, kudeatzea eta gauzatzea.

3.–Irudi pertsonalaren arloa.

UC0064_2 - Makillaje integrala aplikatzeko giza baliabideak eta baliabide teknikoak prestatzea.

UC0067_3 - Mikropigmentazio prozesuak egitea eta gainbegiratzea.

UC0068_3 - Tatuaje artistikoaren teknikak egitea eta gainbegiratzea.

4.–Gizarte eta Kultura Zerbitzuen eta Komunitatearentzako Zerbitzuen arloa.

SSC323_3 - Desgaitasuna duten pertsonak lan munduan sartzea.

Kualifikazio horien garapena esteka honetan kontsultatu daiteke:

http://cualificaciones.educacion.navarra.es/index.php/el-sistema-nacional-de-cualificaciones/catalogo-nacional-de-cualificaciones

3.a) ERANSKINA

Eskabide eredua irakasle funtzionarioentzat.

3 b) ERANSKINA

Eskabide eredua beste kolektibo batzuentzat.

3.c) ERANSKINA

Jarduera profesionalaren ziurtagiria.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1912543