206. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko irailaren 18an hartua, deklaratzen duena presakoa dela “El Campillo industrialdea (Martzilla, Nafarroa) handitzeko Martzillako Udal Plana” gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2019ko uztailaren 17an, Martzillako Udalak Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari eskatu zion presako prozeduraren bidez tramitatzeko honako proiektu honen jendaurreko epea eta desjabetzeko espedientea, Excal SA enpresaren alde: “El Campillo industrialdea (Martzilla, Nafarroa) handitzeko Martzillako Udal Plana”. Sustatzailea udala bera izan arren, Excal SA da desjabetzearen onuraduna, planeamenduaren aldaketa honek helburu baitu bere instalazioak handitzea. Kontuan hartu behar da bere enpresa-proiektua foru interesekoa dela deklaratu zela eta, halaber, udal interesekoa dela.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 11ko 116E/2019 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zen Martzillako Udal Planeko determinazio egituratzaileak aldatzea, El Campillo industrialdea handitzeko. Araudia 2019ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 21ekoan. Aldaketa horretan lurzoru urbanizagarriko sektore bat mugatzen da, antolamendu xehatuarekin, desjabetze sistemaren bidez gauzatzeko. Aldaketa udalak berak sustatu arren, Excal SA enpresa izendatzen da desjabetzearen onuradun, bere instalazioak handitzea baita helburua. Excal SAren enpresa-proiektua foru interesekoa dela deklaratu zen eta, halaber, udal interesekoa da.

2019ko uztailaren 16an, Martzillako Udalak erabaki zuen desjabetzearen eta onura publikoaren eta gizarte interesaren deklarazioaren legitimazioa berrestea, horiek jasoak baitziren ekainaren 11ko 116E/2019 Foru Aginduaren bidez behin betiko onetsitako planeamenduaren aldaketan. Orobat, honako hauek erabaki zituen: Excal SA desjabetzearen onuradun izendatzearen berrespena, aipatu proiektua onestea eta hasiera batean onestea horrek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, hamabost eguneko jendaurreko epean jarriz.

Jendaurreko epea iragan da eta ez da horri buruzko alegaziorik aurkeztu.

Proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak presaz okupatu behar dira Excal SAren instalazioak handitu behar direlako. Horren enpresa-proiektua foru interesekoa dela deklaratu zen eta, halaber, udal interesekoa da.

Horrenbestez, ikusirik Martzillako Udalak alegatutako arrazoiak, eta egiaztatuta balio justua ordaintzeko behar den aurrekontu-kontsignazio badela, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez aitortzen diren eskumenen arabera, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak “El Campillo industrialdea (Martzilla, Nafarroa) handitzeko Martzillako Udal Plana” proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaez desjabetzeko.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakoa dela deklaratzea “El Campillo industrialdea (Martzilla, Nafarroa) handitzeko Martzillako Udal Plana” gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Excal SA enpresari eta Martzillako Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2019ko irailaren 18an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1912163