206. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

94/2019 FORU AGINDUA, irailaren 9koa, Eskubide Sozialetako Departamentuaren Arreta Goiztiarreko Zerbitzua arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak gizarte zerbitzuen sistema arautzen du, eta haren xede nagusia da populazioaren gizarte ongizatea lortzea, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz. Lege honek bideak ezartzen ditu gizarte zerbitzuen arloko jarduketa publikoak koordinatzeko gizarte politikaren gainerako arloekin eta ekimen pribatuko jarduketekin, pertsonen beharrei erantzuten dieten gizarte zerbitzuak lortzeko.

Gizarte zerbitzuen sistema gidatzen duten printzipioak honako hauek dira: unibertsaltasuna, erantzukizuna eta deszentralizazioa, herritarren partaidetza, arreta pertsonalizatua eta integrala, prebentzioa, normalizazioa, autonomia pertsonala sustatzea, planifikazioa eta ebaluazioa, administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza, kalitatea eta boluntarioen lanaren sustapena.

Martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuak, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua aldatzen duenak, honela definitzen du 0-3 urteko Arreta Goiztiarreko Zerbitzua: prestazio bermatu eta unibertsala da, biltzen dituena prebentzio, detekzio, ebaluazio eta esku-hartze jarduketak, 0tik 3 urtera bitarteko haurrei, haien familiei eta inguruneari modu koordinatuan zuzenduak; haren helburua da osoko ikuspegi batetik erantzuna ematea haurrek dituzten behar iraunkor eta aldi baterakoei, haur horiek garapenean nahasmendua dutenean edo izateko arriskuan daudenean faktore biologiko eta/edo psikosozial batzuen eraginpean egoteagatik.

Abenduaren 14ko 39/2006 Legeak oinarrizko baldintzak arautzen ditu berdintasuna berma dadin autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko eskubidea erabiltzean. Lege horren hamahirugarren xedapen gehigarrian ezartzen da Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluak mendekotasun egoeran dauden 3 urtetik beherako haurrei arreta emateko osoko plan baten prestaketa sustatuko duela, non administrazio publikoek hartu beharreko neurriak finkatuko baitira haur horienganako arreta goiztiarra errazteko eta haien gaitasun fisiko, mental eta intelektualak birgaitzeko. 2013ko abuztuaren 2an argitaratu zen 2013ko uztailaren 25eko Ebazpena, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Estatu Idazkariarena, irizpide komunak, gomendioak eta gutxieneko baldintzak ematen dituena mendekotasun egoeran dauden edo egoera horretan erortzeko arriskua duten hiru urtetik beherako haurrei osoko arreta emateko planetarako, halako planak egin behar baitituzte Erkidego eta Hiri Autonomoek. Ebazpen horretan esaten da osasun sistema, hezkuntza sistema eta gizarte zerbitzuak zuzenean daudela inplikatuta adingabeen babesean eta koordinazioko tresna eraginkorrak ezarri behar dituztela, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak optimizatzeko, arau-esparru egokiaren bidez, eta babes hori oinarritu behar dutela funtsezko prozesu eta protokolo batzuetan, horietan erantzunkidetasuna dutelarik hiru urtetik beherako adingabeen arretan inplikatuta dauden eragile, zerbitzu eta taldeek.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen duenez (II. Titulua “Ekitatea hezkuntzan”; I. Kapitulua “Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleak”), hezkuntzako administrazioek behar diren prozedura eta baliabideak ezarriko dituzte, ikasleen berariazko premiak goiz identifikatzeko. Premia hori identifikatu bezain laster hasiko da hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleenganako osoko arreta, eta normalizazioaren eta inklusioaren printzipioek aginduko dute horren gainean. Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ikasleen aniztasunari arreta ematea araututa dago ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduan. Arau horrek Haur Hezkuntzako etapa jorratzen du, haren izaera hezitzailea nabarmentzen du eta berriz ere azpimarratzen du identifikazio goiztiarra eta beharrei erantzutea prebentzioko eta konpentsazioko neurria dela.

Arreta Goiztiarreko Zerbitzua erantzukizun publikoko zerbitzu bat da, Administrazio Publikoak bermatua eta abuztuaren 28ko 198/2019 Foru Dekretuak arautzen duena, horren bidez sortu baitzen Nafarroako Arreta Goiztiarreko Sarea. Aipatu dekretu horretan ezartzen da Eskubide Sozialetako Departamentuak bere gain hartuko duela jaiotzatik hiru urtera bitarteko haurrendako eta haien familiendako modu integralean antolatzen diren jarduketak artikulatzeko ardura.

Foru agindu honen bidez arautu nahi da Eskubide Sozialetako Departamentuaren mendeko arreta goiztiarreko zerbitzua, hura egokituz, bai nazioarteko organoen oharrei eta bai arloko ebidentzia zientifikoei.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da arautzea Eskubide Sozialetako Departamentuko Arreta Goiztiarreko Zerbitzua, jaiotzatik hiru urtera arteko haurrei eta haien familiei zuzendua.

2. artikulua. Xedea eta helburuak.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuko Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak erabiltzen ditu Nafarroako Arreta Goiztiarreko Sarea arautzen duen Foru Dekretuaren 4.2 artikuluan ezartzen diren eskumenak: artikulatzea jaiotzatik hiru urtera bitarteko haurrendako eta haien familiendako modu integralean antolatzen diren jarduketak.

2. Arreta Goiztiarreko Zerbitzuaren helburuak hurrengoak dira:

a) Bermatzea haurrek jaiotzatik hiru urtera bitarte garapenik hoberena izateko behar diren zerbitzuak.

b) Komunitatearen ingurunean egokitzapen eta konpentsazio neurriak txertatzea, adingabeen eta familien inklusioa eta parte-hartzea bilatuz, bai orain bai etorkizunean bizi kalitaterik handiena bermatu beharrez.

c) Indartzea familiek haurren hazkuntzaren alorrean dituzten gaitasunak, eta haien premia eta eskaerei erantzutea parte-hartzearen, babesaren eta informazioaren bidez.

d) Hezkuntza ingurunearen gaitasunak indartzea, hobeki erantzun ahal izateko adingabe guztien beharrei, parte-hartzea eta inklusioa lortu nahirik.

f) Adingabeen eta beren familien beharrak asetzen dituzten zerbitzu integralak ematea.

g) Bermatzea adingabeak eta familiak modu aktiboan parte hartuko duela esku hartzeko prozesuan eta erabakiak hartzean.

h) Sustatzea departamentuen arteko koordinazio proiektuak, 0tik 3 urte bitarteko haurrei eta familiei zuzenduak.

i) Lehen haurtzaroko (0tik 3 urte bitarteko) garapenean adituak diren taldeak egonen direla segurtatzea.

j) Bermatzea haurrendako eta familiendako arretak jarraipena izanen duela Haur Hezkuntzako bigarren ziklora iragatean.

k) Bermatzea zerbitzuaren kalitatearen ebaluazioa eginen dela adierazle egokiak ezarrita.

l) Bermatzea Arreta Goiztiarreko Zerbitzuko profesionalak eguneratuko direla eta etengabeko prestakuntza izanen dutela. Horretarako, berariazko plana jasoko da Zerbitzuaren Urteko Planean.

3. artikulua. Aplikazio esparrua.

1. Arreta goiztiarreko jarduketak zuzentzen zaizkie egiazki Nafarroan bizi diren 0tik 3 urtera bitarteko haurrei, haien familiei eta inguruneari, haur horiek garapenean alterazioak edo nahasmenduak dituztenean, edo horiek izateko arriskuan daudenean faktore biologiko eta/edo psikosozialen eraginpean egoteagatik.

2. Esku-hartzearen xede diren egoeretako batean daude honako hauek:

a) Garapenean alterazioak edo nahasmenduak dituztenak honako kausa hauengatik: gorputz egituren edo funtzioen alterazioa, murrizketak jardun sozialean eta/edo esku-hartzean, edo testuinguruko beste edozein faktore eragin handia duena norberaren gaitasun, ikasketa eta baliabideen garapenean.

b) Garapenean alterazioa izateko arriskuan daudenak, jaioaurreko aldian, jaiotzean eta/edo jaio ondokoan zenbait egoeratan egon direlako: prematuritatea, pisu txikia edo anoxia jaiotzean, edo arriskuko beste edozein faktore edo zeinu biologiko.

c) Garapenean alterazioa izateko arriskuan daudenak, faktore psikosozial batzuen eraginpean egon direlako: babesgabetasuna edo babesgabetasunerantz daraman ahultasuna.

4. artikulua. Prozedura.

1. Eskuragarritasuna. Arreta goiztiarreko zerbitzua eskuratzen ahal da parte batek eskatuta.

Zerbitzua eskatzen ahalko dute osasun, gizarte edo hezkuntzako zerbitzuek; halaber, familiak, tutoreek edo zaintzaileek.

2. Hasierako balorazioa. Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak adingabea eta familia hartuko ditu, eta adingabearen, familiaren eta ingurunearen hasierako balorazioa eginen.

Hasierako balorazio horretarako, bidezkotzat jotzen diren txosten guztiak eskatzen ahalko zaizkie inplikatutako sektoreei. Hasierako balorazioaren emaitzak txosten batean jasoko dira eta han proposatuko da Arreta Goiztiarreko Zerbitzuan sartzeko.

3. Ebazpena. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako organo eskudunak emandako ebazpenaren bidez onartuko da arreta goiztiarreko zerbitzua eskuratzeko eskubidea, Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak proposatuta.

4. Esku-hartzeko prozesua. Arreta Goiztiarreko esku-hartzeak zenbait fase ditu:

a) Esku-hartzeko Plan bat egitea, han sartuta familiak eta inguruneak dituen beharren detekzioa, adingabearen ebaluazio funtzionala, helburuak zehaztea eta berariazko jarduketak.

b) Foru agindu honetan ezarritako printzipioei jarraikiz egindako esku-hartzea.

c) Esku-hartzeko prozesuen eta emaitzen ebaluazioa.

d) Zerbitzua amaitzeko txostena egitea.

e) Txosten bat egitea, adingabea Haur Hezkuntzako bigarren zikloan matrikulatzen den ikastetxera bidaltzeko.

f) Familiak eta beste zerbitzu batzuek eskatzen dituzten txosten guztiak egitea.

5. Adingabe eta familia bakoitzak erreferentziako profesional bat izanen du, Arreta Goiztiarreko Taldeak izendatua, eta hura izanen da aurreko puntuan aipatu jarduketen arduraduna. Profesional honek taldeko gainerako profilen laguntza izanen du, funtzionamendu diziplinarteko eta diziplinaz gaindiko batean, familia bakoitzean sortzen joaten diren beharren arabera.

6. Haurrak, haren familiak eta inguruneak sortzen duten dokumentazio guztia adingabearen historian bilduko da.

7. Jarduketa guztiak (hasierako balorazioa, esku hartzeko prozesua) bateratuta egonen dira lehen haurtzaroari arreta emateko beste zerbitzu publiko batzuek egindakoekin; bikoiztasunak saihestuko dira, eraginkortasuna eta efizientzia bilatzeko adingabeei eta familiei ematen zaien arretan.

8. Ingurune komunitarioetan esku hartzeko eta zerbitzua eskuratzeko printzipioekin bat, joera izanen da zerbitzua hurbiltzea erabiltzaileak bizi diren herrietara.

9. Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak Eskubide Sozialetako Departamentuko Balorazio Atalera igortzen ahalko ditu adingabeak, haien desgaitasun edo mendekotasun gradua baloratzeko.

10. Artikulu honetan aipatzen diren jarduketek honako printzipio hauek hartuko dituzte aintzat:

–Profesionalen egitekoa da adingabearen familiako kideei eta zaintzaileei babesa ematea eta haiekin batera lan egitea.

–Esku-hartzearen helburuak funtzionalak izan behar dira, eta oinarritu behar dira haurren eta haien familien beharretan eta lehentasunetan.

–Familia guztiek, behar dituzten babes eta baliabideekin, indartu dezakete haurren ikaskuntza eta garapena.

–Haurrek hobeki ikasten dute beren zaintzaile nagusiekin arituz beren eguneroko zereginetan eta ingurune naturaletan.

–Arreta Goiztiarreko prozesua, hasierako kontaktuetatik trantsiziora bitarte, zuzendua eta banan-banakoa izan behar da familiako kide guztien lehentasunak islatzeko eta, halaber, ikaskuntzako haien estilo eta sineste kulturalak, betiere kontuan harturik adingabearen interes gorena.

–Familien lehentasun eta interesak hobeki lantzen ditu erreferentziako profesional batek, taldea eta komunitatea ordezkatzen dituenak eta bi horien babesa duenak.

–Esku-hartzea oinarritu behar da onetsitako praktiketan eta ebidentzia zientifikoan.

11. Adingabearen legezko ordezkaritza gauzatzen duenak eginkizunak burutzeari uzten badio edo zabarkeria agertzen badu eta horrek adingabea babesik gabe uztea ekartzen ahal badu, Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat jardunen da.

5. artikulua. Zerbitzuaren bukaera.

1. Arreta Goiztiarreko zerbitzua bukatuko da Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako organo eskudunak ebazpena emanda, Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak proposatuta.

2. Hauek dira esku-hartzearen bukaera dakarten inguruabarrak:

a) Esku-hartze Planean ezarritako helburuak betetzen direnean.

b) Haurra eskola sisteman sartzen denean (Haur Hezkuntzako bigarren zikloa edo Lehen Hezkuntza).

c) Familiak idatziz adierazten duenean hori nahi duela.

d) Zerbitzua zuzen emateko ezarritako arauak betetzen ez direnean.

Komenigarritzat jotzen diren jarduketak eginen dira, betiere adingabearen beharrak aserik geldi daitezen.

3. Zerbitzua bukatzen denean, familiak eskubidea izanen du txosten idatzia jasotzeko, eta hartan laburbilduko dira adingabearekin eta familiarekin egindako esku-hartzea eta egungo egoera; halaber aipatu ahalko dira dauden beharrak.

6. artikulua. Arreta Goiztiarreko Zerbitzuaren antolaketa.

1. Arreta Goiztiarreko Zerbitzua, arreta goiztiarreko esku-hartzeak antolatzeaz arduratzen baita, Zuzendaritzak eta Arreta Goiztiarreko Taldeek osaturik dago.

Zuzendaritzak langile batzuk izendatzen ahalko ditu, haien laguntza izateko zerbitzua planifikatu, antolatu eta koordinatzeko lanetan.

7. artikulua. Arreta Goiztiarreko Zerbitzuko Zuzendaritza.

1. Zuzendaritza arduratuko da Arreta Goiztiarreko Zerbitzuaren antolaketaren kudeaketaz eta kudeaketa teknikoaz.

2. Hona hemen gauzatu beharreko eginkizunak:

–Arreta Goiztiarreko Zerbitzua planifikatu, antolatu eta koordinatzea jaiotzatik hiru urte bitarteko haurrendako, Nafarroako Foru Komunitate osoan.

–Urteko jarduketa planen jarraipena egitea, baita urteko memorien ebaluazioa ere.

–Bultzatu eta bermatzea Arreta Goiztiarreko Taldeen arteko funtzionamendua koordinatua eta koherentea izanen dela, bermatuz Foru Komunitate osoan zerbitzuak kalitate berdina izanen duela.

–Desadostasunak daudenean, ebaztea.

–Zerbitzuaren funtzionamendua ebaluatzea eta kalitate eta hobekuntza arloko elementuak gehitzea.

–Balorazioa eta arreta jasotzen dituzten biztanleen erregistro bateratua diseinatzea.

–Prestakuntza eta eguneratze zientifikoko jarduerak sustatzea eta antolatzea.

–Indarreko legedia betetzen dela ziurtatzea.

–Zerbitzuaren urteko jarduketa plana betetzen dela ziurtatzea.

–Langileen kudeaketa egitea.

–Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoak ezartzen dituen Urteko Planetan ezartzen diren ekintzak sustatzea.

–Bermatzea Lehen Haurtzaroan erantzukizuna duten entitateen arteko koordinazioa eta erantzunkidetasuna.

–PAGNAk eskatzen dizkion guztiak.

8. artikulua. Arreta goiztiarreko taldeak.

1. Profesionalen taldeak arreta goiztiarreko taldetan daude antolatuta, gizarte zerbitzuen alorren arabera:

–Iruñeko eta Iruñerriko Arreta Goiztiarreko Taldea.

–Tafallako Arreta Goiztiarreko Taldea.

–Lizarrako Arreta Goiztiarreko Taldea.

–Tuterako Arreta Goiztiarreko Taldea.

–Ipar-mendebaldeko Arreta Goiztiarreko Taldea.

–Ipar-ekialdeko Arreta Goiztiarreko Taldea.

2. Eskualde bakoitzeko Arreta Goiztiarreko Taldea astero bilduko da, honako zeregin hauek egiteko:

–Zerbitzuaren funtzionamendurako garrantzitsuak diren gaiez informatzea.

–Jarduketa irizpideak ezartzea Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak esku hartzeko prozesuko faseetako bakoitzean.

–Koordinatzea Zerbitzuaren Urteko Planean eta Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoaren Urteko Planean ezarritako lantaldeak.

–Zerbitzuko profesionalen arteko lankidetzak eratzea.

–Esku-hartze bakoitzeko erreferentziako profesionalak izendatzea.

–Zerbitzuaren bukaera proposatzea foru agindu honen 6. artikuluan ezartzen denaren arabera.

–PAGNAk onesten duen Urteko Planean zehazten diren guztiak.

3. Eskualdeko talde bakoitzerako, Zuzendaritzak izendatuko du taldearen jarduketak koordinatzeko ardura duen pertsona.

4. Zuzendaritzak taldeetako koordinatzaileak deitzen ahalko ditu komenigarri dela uste duenean, jarduketa irizpideak bateratzeko eta taldeen jarduketak koordinatzeko.

9. artikulua. Arreta Goiztiarreko Taldeetako profesionalak.

1. Arreta goiztiarreko profesional teknikoak adituak izanen dira haurren garapenean eta arreta goiztiarrean. Diziplina askotako profesionalek osatuko dute taldea; besteak beste, hauetakoek: psikologia, pedagogia, psikopedagogia, medikuntza, terapia okupazionala, fisioterapia, gizarte lana, psikomotrizitatea, logopedia, gizarte hezkuntza eta abar.

2. Oro har profesionalak izanen dira arreta goiztiarreko prozesu osoaren arduradunak. Urteko Planean zerbitzuko profesional batzuei ematen ahalko zaie berariazko jarduketa batzuen ardura, zerbitzuaren funtzionamendua errazteko. Halaber funtzionamenduko protokoloa eginen da, eta PAGNAk onartzen duen Urteko Planean sartuko.

3. Arreta Goiztiarreko Taldeetako profesionalek Arreta Goiztiarreko Sarearen parte izanen dira, erabakitzen diren organoetan.

10. artikulua. Urteko Plana eta Memoria.

1. Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak Urteko Plana eginen du eta bertan jasoko dira funtzionamenduari buruzko jarduketak, antolaketakoak, hobetzeko ekintzak eta abar. Plan hori PAGNAk onetsiko du eta zuzendaritza arduratuko da egiteaz.

2. Urtero Zerbitzuaren memoria eginen da eta han jasoko dira egindako jarduketak eta proposatutako hobekuntzak; halaber, zerbitzuaren urteko datu estatistikoak.

Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Foru agindu hau garatu eta betearazteko gaikuntza.

Eskubide Sozialetako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru agindu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Xedapen ingargabetzailea.

Indarrik gabe gelditzen da 317/2009 Foru Agindua, urriaren 16koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Arreta Goiztiarreko Zerbitzua arautzen duena.

Halaber, indargabetu egiten dira foru agindu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Iruñean, 2019ko irailaren 9an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F1911888