203. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

639/2019 EBAZPENA, urriaren 2koa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, xedatzen duena argitara dadila Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arretarako bulego integratuen sarea ezartzeko Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sinatutako esparru-hitzarmenari erantsitako gehigarria.

2019ko irailaren 25ean egindako bilkuran, Nafarroako Gobernuak honako hau onartzea erabaki zuen: Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arretarako bulego integratuen sarea ezartzeko Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sinatutako esparru-hitzarmenari erantsitako gehigarria. Gainera, erabaki berean ahalmena ematen zitzaion Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari gehigarria sinatzeko.

Funtzio Publikoko estatu-idazkariak eta Nafarroako Komunitateko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak gehigarria sinatu dute 2019ko irailaren 30ean. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa urriaren 1eko 40/2015 Legeak 48.8 artikuluan ezartzen duena betetzeko, gehigarria Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, herritar guztiek jakinaren gainean egon daitezen eta bidezko ondorioak sor daitezen.

Azaldutakoa dela eta, hauxe

EBAZTEN DUT:

Xedatzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arretarako bulego integratuen sarea ezartzeko Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sinatutako esparru-hitzarmenari erantsitako gehigarria.

Iruñean, 2019ko urriaren 2an.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia, Joseba Asiain Albisu.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arretarako bulego integratuen sarea ezartzeko Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sinatutako esparru-hitzarmena aldatzen duen gehigarria

Madrilen, 2019ko irailaren 30ean.

BILDU DIRA:

Batetik, José Antonio Benedicto Iruiñ jauna, Funtzio Publikoko estatu-idazkaria, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministeriokoa, kargu horretarako ekainaren 18ko 569/2018 Errege Dekretuaren bidez izendatua, ministerio horren izenean eta ordezkaritzan ari da, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen uztailaren 13ko 863/2018 Errege Dekretuak 6. artikuluan esleitzen dizkion eskumenez baliatuz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 62.2.g) artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

Bestetik, Javier Remírez Apesteguía jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, kargu horretarako Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 23/2019 Foru Dekretuaren bidez izendatua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 90. artikuluan esleitzen dizkion eskumenez baliatuz.

ADIERAZI DUTE:

Lehena.–Alderdi sinatzaileek adosten dute Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arretarako bulego integratuen sarea ezartzeko esparru-hitzarmena aldatzen duen gehigarria sinatzea. Hitzarmena 2010eko abenduaren 15ean formalizatu zen eta 2016ko abenduaren 28ko akordioaren bidez luzatu zen.

Bigarrena.–Hitzarmen horren bederatzigarren klausulan alderdi sinatzaileek adostu zuten hitzarmenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen zen egunetik izanen zituela ondorioak, indarraldia 2016ko abenduaren 31n bukatuko zela, eta beste sei urterako luzatzen ahal zela, indarraldia bukatu aurretik sinatzaileek berariazko erabakia hartzen bazuten. Indarraldi hori hitzarmenari atxikitako Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeetan ere aplikatzen zen, hamargarren klausularen babesean.

Hirugarrena.–Hitzarmenaren bederatzigarren klausulan ezartzen den bezala, 2016ko abenduaren 19an sinatzaileek hitzarmenaren indarraldia 2019ko abenduaren 31ra arte luzatzeko akordioa sinatu zuten.

Laugarrena.–Aipatu esparru-hitzarmenaren hamargarren klausulan ezarritakoari jarraikiz, administrazio esku-hartzaileek eta hitzarmenari atxikitako toki erakundeek, eta hitzarmenaren hamabigarren klausulan ezarritako prozeduraren bidez atxikitzen zaizkion erakundeek, elkarrekin beren gain hartu dituzten betebeharrak indarrean egonen dira esparru-hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik azkendu arte edo, bestela, esparru-hitzarmenaren hamargarren klausulan ezartzen diren inguruabarretako bat gertatu arte.

Bosgarrena.–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen laugarren xedapen iragankorrak ezartzen duenaren arabera, erregistro elektronikoaz ezarritakoa indarrean jarri arte orain dauden kanalei eutsiko zaie, herritarrek administrazioekiko harremanak modu elektronikoan izateko eskubidea bermatzeko.

Beste alde batetik, abuztuaren 31ko 11/2018 Errege Lege Dekretuak seigarren artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarrena aldatzen du, eta xedatzen du erregistro elektronikoari buruz ezarritakoak 2020ko urriaren 2az geroztik sortuko dituela ondorioak.

Aurrekoarekin bat etorriz, bi alderdiek uste dute esparru-hitzarmena aldatzen duen gehigarria sinatu behar dela, jarduera administratiboaren alderdi jakin batzuen gaineko argibideak, orientazioa eta arreta emateko eta tramitazioak egiteko zerbitzu integratuak herritarrentzako arretarako bulego integratuen bidez egiten jarraitzeko.

Seigarrena.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak zortzigarren xedapen gehigarrian ezartzen duena betetzeko, ezinbestekoa da 2010eko abenduaren 15ean sinatu zen lehen hitzarmena erregulazio berrira egokitzea.

Zazpigarrena.–Hitzarmenaren bederatzigarren klausulan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49. artikuluaren g) paragrafoan ezartzen denarekin bat etorriz, bi alderdiek gehigarri hau sinatzea adosten dute, Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan (Estatuaren eskumenari buruzkoa) eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 46. artikuluetan (administrazio prozedura eta toki araubidearen arloan Nafarroako Foru Komunitateak dituen eskumenei buruzkoak) xedatzen denaren babesean.

Horrenbestez, alderdiek hitzarmena aldatzen duen gehigarri hau sinatzea adosten dute. Gehigarriak honako klausula hauek ditu:

KLAUSULAK:

Lehena.–Alderdi sinatzaileek adosten dute Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arretarako bulego integratuen sarea ezartzeko esparru-hitzarmena aldatzen duen gehigarria sinatzea. Hitzarmena 2010eko abenduaren 15ean formalizatu zen eta 2016ko abenduaren 28ko akordioaren bidez luzatu zen.

Bigarrena.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko tituluaren VI. kapituluan ezartzen denarekin bat etorriz, alderdi sinatzaileek adosten dute 2010eko abenduaren 15ean sinatutako hitzarmena honetara aldatzea:

1. Hitzarmenari klausula bat eranstea onartutako betebeharrak eta konpromisoak bete ezean aplikatuko diren ondorioak zehazteko:

“Hamalaugarrena.–Ez betetzeak ekarriko dituen ondorioak.

Sinatzaileetako batek onartutako betebehar edo konpromisoetako bat betetzen ez badu, edozein alderdik errekerimendua helarazi ahal izanen dio bete gabeko betebeharra edo konpromisoa epealdi jakin batean bete dezan. Errekerimenduaren berri emanen zaie hitzarmena gauzatzen dela kontrolatzeko, zaintzeko eta hari jarraipena egiteko arduradunari eta gainerako alderdi sinatzaile guztiei.

Bete gabekoa errekerimenduan emandako epealdian betetzen ez bada, hura egin duen alderdiak gainerako sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena suntsiarazteko arrazoia dagoela eta hitzarmena suntsiarazitzat joko da. Hitzarmena horrela suntsitzeak egindako kalteak ordaindu beharra ekar lezake, hitzartuta egonez gero.”

2. Hitzarmena azkentzeari buruzko klausula eranstea:

“Hamabosgarrena.–Hitzarmena azkentzea:

Hitzarmenak beren xedean ezartzen diren jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoiren bat gertatzen denean azkentzen dira.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 51.2. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, hitzarmen hau azkentzeko arrazoiak dira:

a) Hitzarmena indarrean dagoen aldian luzatzeko akordiorik ez lortzea.

b) Sinatzaile guztiak azkentzeko ados jartzea.

c) Sinatzaileetako batek onartutako betebehar edo konpromisoetako bat ez betetzea.

d) Epaile batek hitzarmena deuseza dela deklaratzea.

Urriaren 1eko 40/2015 Legeak 52.3 artikuluan ezartzen duenaren arabera, hitzarmena azkendutakoan bi alderdiek, hitzarmenaren jarraipen-batzordeak proposatuta, aribidean dauden jarduketekin amaitu arte jarraitzea adostu ahal izanen dute, eta horretarako epealdi luzaezina ezarri ahal izanen dute, herritarrek jasotzen duten zerbitzu publiko hori aurrerantzean ere erabilgarri eduki dezaten”.

3. Hitzarmena aldatzeari buruzko klausula eranstea:

“Hamaseigarrena.–Hitzarmena aldatzea:

Hitzarmenaren edukia aldatzeko alderdi sinatzaile guztien adostasuna beharko da.”

4. Hitzarmenaren izaerari eta araubide juridikoari buruzko klausula eranstea:

“Hamazazpigarrena.–Izaera eta araubide juridikoa:

Hitzarmen honen izaera administratiboa da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatzen dena aplikatzen zaio.

Hitzarmen honen interpretazioaz, burutzapenaz, azkentzeaz eta ondorioez sortzen diren auziak ezin badira konpondu hitzarmenaren jarraipen-batzordean, Estatuari eta Herri Erakundeei Laguntza Juridikoa emateari buruzko Azaroaren 27ko 52/1997 Legeak 5. artikuluan xedatzen duena aplikatuko da eta administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak xedatzen duenarekin bat etorriz.”

5. Hitzarmena suntsiarazteak izanen dituen ondorioei buruzko klausula eranstea:

“Hemezortzigarrena.–Hitzarmenaren burutzapenak eta suntsiarazpenak edukiko dituzten ondorioak:

“Hitzarmenaren burutzapenak eta suntsiarazteak ondorio bera edukiko dute: hitzarmena likidatuko da, alderdien betebeharrak eta konpromisoak zehazteko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 52.1 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz.”

6. Hitzarmenaren zazpigarren klausula, jarraipen-batzordeari buruzkoa, aldatzea:

Hitzarmena jarraipen-batzorde batek administratuko du; bertan Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioko Gobernantza Publikoko zuzendari nagusia eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria ariko dira, bai eta honako hauek ere:

–Ministerioak izendatutako hiru ordezkari; bat Foru Komunitateko Gobernu Ordezkaritzaren ordezkaria izanen da, Ministro Kontseiluak 1990eko martxoaren 2an Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia erkidegoetako administrazioen arteko lankidetza-hitzarmenez hartutako erabakiaren hamabigarren apartatuan ezartzen denarekin bat etorriz.

–Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak izendatutako hiru ordezkari.

–Hitzarmenari atxikitzen zaizkion toki erakundeek izendatutako hiru ordezkari.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 49. f) artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, batzorde hau alderdiek hitzarmenaren eta sinatzaileen konpromisoen jarraipenerako, zaintzarako eta kontrolerako adostutako tresna da, eta lege horren 51.2.c) eta 52.3 artikuluetan ezartzen denaren arabera jardunen du.

Alderdi sinatzaileek konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren interpretazioaren eta burutzapenaren inguruan sortzen diren ika-mikak jarraipen-batzordean konpontzeko, elkar hartuta. Nolanahi ere, administrazioarekiko auzien jurisdikzioak edukiko du sortzen diren auziez arduratzeko eskumena.

7. Hitzarmenaren zazpigarren klausula, hitzarmenaren indarraldiari buruzkoa, aldatzea:

“Bederatzigarrena.–Hitzarmenaren indarraldia:

Hitzarmen honen indarraldia 2020ko abenduaren 31n bukatuko da.

Hirugarrena.–Akordio hau sinatu duten administrazioek eta hitzarmenari atxikitako toki erakundeek, bai eta etorkizunean atxikitzen direnek ere, konpromisoa hartzen dute Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arretarako bulego integratuen sarea ezartzeko esparru-hitzarmenaren xede diren zerbitzu integratuak emateko beharrezkoak diren jarduketak egiten segitzeko.

Laugarrena.–Aurreko klausulan aipatzen diren administrazio publikoek beren gain hartutako betebeharrak indarrean egonen dira hitzarmena epealdiak amaituta azkendu arte edo, bestela, esparru-hitzarmenaren bederatzigarren, hamargarren eta hamabosgarren klausulan ezartzen diren inguruabarretako bat gertatu arte.

Bosgarrena.–2010eko abenduaren 15ean sinatutako hitzarmenean eta beraren luzapenean (gehigarri hau eragin duen luzapenean) Administrazio Publikoen Ministerioa eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua eta Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Justizia eta Barne Departamentua aipatzen direnean, honako hauek aipatzen direla ulertu behar da, hurrenez hurren: Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerio eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentua. Halaber, hitzarmenean, ministerioen eremuan, Administrazioaren Modernizaziorako Zuzendaritza Nagusia aipatzen denean eta, departamentuen eremuan, Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusia, honako hauek aipatzen direla ulertu behar da, hurrenez hurren: Gobernantza Publikoko Zuzendaritza Nagusia eta Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusia.

Seigarrena.–Hitzarmena aldatzeko gehigarri honek Estatuko sektore publikoko Lankidetzako Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuz gero sortuko ditu ondorioak, 40/2015 Legeak 48.8 artikuluan ezartzen duen bezala.

Aurreko guztiarekin ados daudela azaltzeko, eta behar diren ondorioak sor ditzan, alderdiek hitzarmena aldatzen duen gehigarri hau sinatzen dute.

Funtzio Publikoko estatu-idazkaria, José Antonio Benedicto Iruiñ.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria.

Iragarkiaren kodea: F1912830