203. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko irailaren 25ean hartua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arretarako bulego integratuen sarea ezartzeko Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sinatutako esparru-hitzarmenari erantsitako gehigarria.

Nafarroako Gobernuaren 2010eko otsailaren 15eko erabakiaren bidez onartu zen Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko esparru-hitzarmena, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean herritarrentzako arreta bulego integratuen sarea ezartzeko.

Hitzarmena 2010eko abenduaren 15ean formalizatu zen. Gero, 2016ko abenduaren 29an, esparru-hitzarmenaren bederatzigarren klausulak ezartzen duenari jarraikiz, hitzarmenaren indarraldia 2019ko abenduaren 31ra arte luzatzeko akordioa sinatu zen.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen laugarren xedapen iragankorrak ezartzen duenaren arabera, erregistro elektronikoaz ezarritakoa indarrean jarri arte orain dauden kanalei eutsiko zaie, herritarrek administrazioekiko harremanak modu elektronikoan izateko eskubidea bermatzeko.

Araudi berean ezartzen da erregistro elektronikoari buruz ezarritakoak 2020ko urriaren 2az geroztik sortuko dituela ondorioak.

Horregatik guztiagatik da beharrezkoa esparru-hitzarmena aldatzen duen gehigarria sinatzea, jarduera administratiboaren alderdi jakin batzuen gaineko argibideak, orientazioa eta arreta emateko eta tramitazioak egiteko zerbitzu integratuak herritarrentzako arretarako bulego integratuen bidez egiten jarraitzeko.

Halaber, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak zortzigarren xedapen gehigarrian ezartzen duena betetzeko, ezinbestekoa da 2010eko otsailaren 15ean sinatu zen lehen esparru-hitzarmena erregulazio berrira egokitzea.

Gehigarriaren xedea esparru-hitzarmenari klausula berriak eranstea da. Horren ildotik, esparru-hitzarmenaren izaera eta araubide juridikoa zehazten dira, eta araubide horretan honako hauek txertatzen dira hitzarmena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legera egokitzeko: onartutako betebeharrak bete ezean aplikatuko diren ondorioak, hitzarmena azkendutakoan egin beharreko jarduketak, zer egin behar den hitzarmena aldatzeko, nolako ondorioak edukiko lituzkeen hitzarmena suntsiarazteak eta jarraipen-batzordearen aldaketa.

Gainera, aurrean azaldutako arrazoiak direla eta, esparru-hitzarmenaren indarraldia 2020ko abenduaren 31ra arte luzatzen da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 90. artikuluan ezartzen duenaren arabera, 2010eko otsailaren 15eko hitzarmenari erantsitako gehigarri hau sinatzeko eskumena gaiaren arabera eskumena duen departamentuko titularrak du, Nafarroako Gobernuak onartu ondoren, jatorrizko esparru-hitzarmena berak onartu baitzuen.

Horrenbestez, proposamen-txostena eta txosten juridikoa aztertu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 90. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Gobernuak hauxe

ERABAKITZEN DU:

1. Onartzea Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arretarako bulego integratuen sarea ezartzeko Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sinatutako esparru-hitzarmenari erantsitako gehigarria. Horren testua erabakiaren eranskinean dago.

2. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari ahalmena ematea gehigarria sinatzeko.

3. Erabaki hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari eta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioari helaraztea, behar diren ondorioak so ditzan.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, esparru-hitzarmenaren gehigarriaren seigarren klausulan ezartzen denarekin bat etorriz ondorioak sortu ondoren.

Iruñean, 2019ko irailaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1912829