203. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, udaltzain-agente izateko lau lanpostu huts, C mailakoak, oposizio bidez betetzeko

Alkatetzak emandako ebazpenaren bitartez, onetsi ziren deialdia eta oinarriak oposizio bidez betetzeko Tuterako Udaleko Udaltzaingoko udaltzain-agente izateko lau lanpostu, bi txanda irekirako eta bi igoera txandarako.

Deialdi hau gauzatuko da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agente izateko 4 lanpostu oposizio bidez betetzea. Honako txanda hauetan banatuta daude, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin bat:

a) 2 Txanda irekian: 0506C00255-258 kodeak dituzten lanpostuak.

b) 2 Igoera txandan, Nafarroako Administrazio Publikoko langileentzat: 0506C0256-257 kodeak dituzten lanpostuak.

1.2. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez ateratzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

1.3. Halaber, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, ezagutzei buruzko probako puntuazioa, proba fisikoetakoa eta proba psikoteknikoetakoa baturik.

1.4. Tuterako Udalak, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, deialdi honetako lanpostuen kopurua handitzen ahalko du, Tuterako Udalaren lan publikoaren 2019ko eskaintzakoak gehituta, betiere izangaiek oinarrizko prestakuntza ikastaroa hasi baino lehen. Deialdiko lanpostuak handitzeko erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta udal web orrian argitaratuko dira.

Lanpostuen kopurua handitzean, lanpostuak txanda bati edo besteari esleitzeko, kontuan hartuko da abuztuaren 20eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

1.5. Deialdi honen bidez udaltzain-agente izendatzen diren izangaiek Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta lege hori garatzeko araudian ezarritako udaltzain-agenteen eginkizunak beteko dituzte, eta haietan aipatu eskubide eta betebeharrak izanen dituzte; gainera, foru lege horretan ezarritako mailetatik C mailan sailkatuko dira.

1.6. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekia.

Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) 18 urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide den titulu bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian eskuraturiko tituluak izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izan beharko da.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren IV. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Gutxienez A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimenak izatea, indarrean.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez adieraziko da.

h) Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

3.2. Igoera txanda.

Txanda irekiko izangaiei eskatutako betebeharrez gain, igoera txandako izangaiek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea, horietan bost urtez zerbitzuak egin izana egiaztatzea eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

3.3. Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen bete beharko dira, 3.1.f) oinarrikoa izan ezik. Horri dagokionez, oinarrizko prestakuntza-ikastarorako (deialdiko 7.3.5 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren.

a) Esteka honetan agertzen den ereduaren arabera bete beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak (Eredua HAZ-Herritarren Arretarako Zerbitzuan eskuratuko da, baita deialdiaren aipamenean ere, www.tudela.es udal web orrian):

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

Eskabideak Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ - Plaza Vieja, 1) edo Frontón karrikako 1eko bulegoetan erregistratu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, 30 egun naturaleko epean erregistratu ere, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean (salbu 3.1.f) atalean aipatu eskakizunerako ezarritakoa).

b) Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik.

4.2. Izangaiek parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.–Nortasun Agiri Nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.

2.–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeetatik.

3.–Igoera txandako izangaiek abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute, zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak emana.

4.–Deialdian aipatutako proba fisikoak egiteko egoera onean dagoela ziurtatzen duen egiaztagiri mediko ofiziala.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaiturik, alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web orrian eta iragarki-taulan argitara dadila aginduko da. Horretarako, bi zerrenda eginen dira: 1. Txanda irekiko izangaiak. 2. Igoera txandako izangaiak.

5.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Tuterako Udaleko alkatearen ebazpen baten bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web orrian eta iragarki-taulan argitaratuko.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Burua: Fernando Ferrer Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Ordezkoa: Merche Añón Montón, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Juan Cruz Ruiz, Tuterako udaltzainburua.

–Ordezkoa: Ricardo Casamián Gil, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreordea.

–Epaimahaikidea: Luis Javier Casadabán Munárriz, Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agentea.

–Ordezkoa: Noel Martínez Aguado, Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agentea.

–Epaimahaikidea: José Miguel Catalán Ayuso, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Ordezkoa: Alberto Buñuel Garnica,Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Idazkaria: Jesús Miguel Zueco Sánchez, Langileen ataleko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Ana Rosa Valero Gómez (administrari-ofiziala, Langileriakoa).

6.2. Eraketa eta jarduna.

–Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.

–Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

–Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien ordezko legezkoek bertan egon beharko dute.

–Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

–Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan parte ez hartzeko aipatzen diren egoeratako batean badaude.

–Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (delako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

–Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahal du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioa 2020ko urtarrilean hasiko da, eta bi fase izanen ditu:

–Lehen fasea: ezagutzei buruzko probak, proba fisikoak, proba psikoteknikoak eta osasun probak eginen dira.

–Bigarren fasea: oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean lehen probaren tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.

7.2. Hautaketa faseko probetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo, epaimahaiaren iritziz, izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira iragarritako egunean eta orduan deitutako lekura agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

Hautaketa faseko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web orrian, eta bost egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web orrian argitaratuko; proba gainditu duten izangaien eta baztertuen zerrenda azalduko dira, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

7.3.1. Prozeduraren faseak:

Hautaketa prozesuaren lehen fasean proba hauek izanen dira:

a) Proba teorikoa: test motako ariketa egin beharko da, II. eranskineko gai zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa; 100 galdera teoriko-praktikoko sorta bati idatziz erantzun beharko zaio. Galdera guztiendako lau erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Izangaiek ariketa hori egiteko bi ordu izanen dituzte gehienez ere. Proba honetan 100 puntu lortzen ahal dira gehienez. Okerrengatik puntuak kenduko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 50 puntu lortzen ez dituztenak.

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko. Epaimahaiak finkatuko du proba honetako ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren. Ariketa bakoitzean “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen da. Deialdiko III. eranskinean ezartzen diren gutxieneko markak gainditzen ez dituzten izangaiei “ez gai” kalifikazioa emanen zaie, eta orobat, dopinaren kontrako kontrolen batean positiboa ematen dutenei.

Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Kasuan kasuko organo espezializatuak eginen ditu debekatutako jardunbideak atzeman edo egiaztatzeko analisiak. Horrenbestez, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2013ko abenduaren 20an emandako ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2013ko 312. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean, argitaratua), eta, bestalde, indarrean segitzen dute Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debekatuta dauden metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra Borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren babesean. VI. eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian.

Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

c) Proba psikoteknikoa: hainbat proba eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Atalak edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek eginen dituzte, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Gaitasun psikoteknikoko probak gehienez ere 50 puntuko balorazioa izanen du. Bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak.

Proba fisikoak gehi proba teorikoa gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.

d) Proba medikoak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago badira eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, osasun probak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiko 3.1 ataleko d) letran ezarritakoari jarraikiz. Quirón Prevención-ek eginen du osasun azterketa hori.

Izangaiak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira Quirón Prevención-ek igorritako txosten medikoen arabera. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

Dauden lanpostu guztiak zehaztu (1.4 oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdian onetsitako lanpostuen kopurua handitzeko aukerari dagokionez) eta epaimahaiak osasun azterketaren balorazioak jaso ondoren, epaimahaiak izangai onartuen zerrenda prestatuko du, lanpostu hutsak adjudikatzeko ekitaldian parte hartzeko, betiere lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta txanda irekia eta igoera txanda eta lanpostuen hizkuntza eskakizuna kontuan harturik.

7.3.2. Lanpostuen adjudikazioa.

a) Adjudikazioaren egintza prestakuntza ikastaroaren aurretik eginen da, horrela zehazki jakinen baita nor sartuko den bete beharreko lanpostuetan.

b) Egintza horren helburua da dauden lanpostuak betetzea, hautaprobetan lortutako puntuazio handienaren arabera.

c) Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztirako puntuazio handienetik txikienera ordenatuta; bat igoera txandako lanposturako izangaiena eta beste bat izangai guztiena. Dei egiten hasiko da, ordenaren arabera, lehenik igoera txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako lanpostu hutsak adjudikatzeko. Lanpostu horiek bete ondoren, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, salbu eta igoera txandan hautaketa egin dutenak, txanda irekiko lanpostuak betetzeko.

d) Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrendan agertzen direnak behin-behinekoz proposatuak izanen dira oinarrizko prestakuntza ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inolaz ere izanen deitutako lanpostu kopura baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emanen du zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web orrian, bakoitzaren kalifikazio orokorrak zehaztuta.

7.3.3. Dokumentazioa eta ikastaroa egiteko izangaien behin betiko zerrenda:

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinekoz onartutakoek frogatu beharko dute, hamar egun naturaleko epean, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web orrian argitaratzen denetik hasita, deialdiaren 3.1 ataleko e), f), g) eta h) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) Plaza Vieja 1ean edo Frontón karrikako 1eko bulegoetan, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Deialdian eskatutako gidabaimenen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Justizia Ministerioaren menpeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, egiaztatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

–Armak eramateko eta, hala balegokio, horiek erabiltzeko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Hala izanez gero, deialdiaren 8.2 ataleko laugarren paragrafoan aipatzen den aukeraz baliatu dela adierazten duen agiria.

Aurreko tramiteak eginik, epaimahaiak behin betiko zerrenda, puntuazio handienetik txikienera ordenatua, argitaratuko du, zein diren oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartutako izangaiak adierazita. Udaltzainerako oinarrizko prestakuntza ikastarora behin-behineko onartutako izangairen batek ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten, probak gainditu eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituen puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan.

7.3.4. Praktiketako funtzionarioaren izendapena:

Udaltzain izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Tuterako Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aurretik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.

7.3.5. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa:

–Oinarrizko ikastaroa gutxienez 650 ordukoa izanen da, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak ezarritakoari eta aplikagarriak diren gainerako xedapenei jarraikiz eginen da.

Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak luzatuko du, interesdunak eskatuta. Behin ikastaroaren edukia berdina edo baliokidea dela egiaztatuta, proportzio bat kalkulatuko da, bai haren puntuazio orokorrarena, bai hura osatzen duten ataletako bakoitzarena.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren eginkizunetako bat izanen da eginkizun berberak edo antzekoak dituzten erakunde publikoek emandako ikastaro eta diplomak osorik edo partez baliozkotzea, baita eskolak berak lehenago emandakoak ere, baldin eta eduki-baliokidetasuna badago. Horrelakoetan, behar den puntuazioa esleituko du.

–Izangaiak, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko du, bai eta, hala badagokio, familia laguntza ere.

–Tuterako Udaleko langile finkoek, oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen badira, beren jatorrizko lanpostuko lansariak jasoko dituzte, horiek praktiketako funtzionarioari dagozkionak baino handiagoak direnean.

–Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta bazeuden, horrexetan segituko baitute.

–Praktiketako funtzionario izateak ez du eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik ematen.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Baja hori epaimahaiak Udalari jakinaraziko dio.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiak agintzen zaizkion osasun proba guztiak pasatu beharko ditu, deialdiaren 3.1 d) atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen duela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, eta hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

–Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira, ateratako puntuazioaren hurrenkeran. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak aipatu ikastaroan ematen dituen kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarentzat.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira deialditik.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditutzat jotzeko, ikastaroko arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Gainditzeko, ikastaroaren programan ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 atera beharko da gutxienez, arlo bakoitzean.

7.3.6. Azken kalifikazioa. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautaketa prozesu osoko puntuazioa eta oinarrizko prestakuntza ikastarokoa batuko dira.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Izendapena.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, osoko puntuazioaren arabera ordenatua, eta gainditu dutenak izendatzeko proposamena igorriko du.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa bukatuta, izangaiek zin egin beharko dute edo hitz eman Nafarroako Foru Eraentza errespetatu eta defendatuko dutela, Konstituzioari men egin eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituztela.

–Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, Alkatetzak emandako ebazpen bidez, Tuterako Udaleko udaltzain eta funtzionario izendatuko dira oposizioa gainditzen duten izangaiak, txanden hurrenkeraren eta lortutako azken puntuazioaren arabera, aurreko atalean ezarritakoa bete badute.

–Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Lanpostuaz jabetzea.

–Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

–Lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.

–Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek Tuterako Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan gertatu denean izan ezik.

–Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badaude edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emanak badira; orduan, eta izendatu aurretik, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2019ko urriaren 1ean.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: xedapen orokorrak. Udalerriak.

2.–Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea: xedapen orokorrak. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

3.–Emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren aldeko Tuterako Udalaren plana.

4.–Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa. II. titulua: Printzipioak datuak babesteko. III. titulua: Pertsonen eskubideak. IV. titulua: Tratamendu zehatzei aplikatu beharreko xedapenak.

5.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun Indar eta Kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak.

6.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa: III. titulua: Autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza. V. titulua: Udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetan hirugarrena.

7.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

8.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

9.–Etika eta deontologia poliziala:

–Jokabide kodea legea betearazi behar duten funtzionarioentzat (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

–10. Gomendioa (2001), Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko Estatuei emandakoa, Poliziaren Etikari buruzko Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak emana 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).

10.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa. Atariko titulua: Zigor-bermeak eta zigor-legearen aplikazioa. I. titulua: Arau-hauste penala. II. titulua: Delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.

11.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena. II. liburua: I. titulua: Salaketa. VI. titulua, II. kapitulua: Atxiloketa. IV. kapitulua: Defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea.

12.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, «Habeas Corpus» Prozedura arautzen duena.

13.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena.

14.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako. II. eta III. tituluak.

15.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa, poliziaren arreta eta babes eraginkorra. I. titulua eta VII. titulua.

16.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.

17.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.

18.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena.

19.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresen eta lokalen erregistroak arautzen dituena.

20.–Tuterako Udaleko udal ordenantza ez fiskalak: Trafikoari buruzko ordenantza orokorra; Kuadrilletarako lokalak arautzen dituen ordenantza.

21.–Tuterako Udaleko udal ordenantza ez fiskalak: Terrazak, beladoreak eta barra-mostradoreak jabari eta/edo erabilera publikoko eremuetan paratzea arautzen duen ordenantza; Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza; Eremu publiko eta bideen garbiketa arautzen duen udal ordenantza.

22.–Tuterako geografia eta karrikak (deialdiaren aipamenean, www.tudela.es Udal web orrian ageri diren testuaren eta planoaren arabera).

23.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

III. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak (gaitasun fisikoa)

1.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba, 38 kg gizonentzat eta 20 kg emakumeentzat.

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 38 edo 20 kiloko pisua goratu behar du, 60 segundoan, ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, barra hartuta sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari esku-ahurraz helduta eta behatzak itxita). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

–Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du.

–Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrela mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

–Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetuko da, eta, beraz, ez da kontatuko. Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Oin batek edo biek euskarria ukitzeari uzten badiote.

–Izangaiak ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: “gai” edo “ez gai” kalifikazioa egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK

EZ GAI

Gizonak

30 baino gutxiago

Emakumeak

25 baino gutxiago

2.–Ur inguruneko trebetasun probak (50 metro estilo librean).

Deskribapena: arnasa hartzeko mekanismoen kontrola eta ur ingurunean nola egokitzen den baloratuko da. Joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Igerileku ertzetik atera behar da, irteteko blokera igo gabe.

–Hori burutzeko gehienez ere 41” gizonentzat eta 46” emakumeentzat izanen dira.

–Ezin izanen da erabili ez neoprenozko trajerik, ez urpean igeri egiteko betaurrekorik, ez urpean igeri egiteko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak. Ezin izanen da proba igerileku barnetik hasi.

–Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.

–Igerilekuaren ertzetik atera beharko da, zutik jarrita (bi oinak lurrean), uraren arrasetik eta geldirik egonda. Irteteko, ezin da inolako bloke edo euskarritara igo. Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izanen da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak nahiz ertza euskarri moduan edo bulkada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuko ertzei heltzen badie atseden hartzeko.

–Igerilekuaren hondoa ukitu edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

–Noranzkoa aldatzean pareta ukitzen ez badu.

–Baliorik gabeko bi ateraldi egiten baditu.

Puntuazioa: “gai” edo “ez gai” kalifikazioa ondoko eskalaren arabera emanen da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

Gizonak

42” edo gehiago

Emakumeak

47” edo gehiago

3.–Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin norabide bakoitzean (A eta B ibilbideak, grafikoan). Bi saio egiten ahal dira. Bigarren saioa lehenbizikoa baliogabea denean baizik ez da eginen. Minutu bateko atsedenaldia utziko da bigarren saiakera egin baino lehen.

L1912891_0.pdf

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

–Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

–Zutoin bat hartzen badu, eror ez dadin.

–Izangaia ibilbidetik ateratzen bada; hau da, lasterketako marra idealetik ateratzen bada (nahiz eta ibilbide zuzenetik itzuli).

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

–Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

–Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideak (A eta B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean. “Gai” edo “ez gai” kalifikazioa honen araberakoa izanen da (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

Gizonak

25” baino gehiago 8

Emakumeak

27” baino gehiago 8

4.–Erresistentzia-proba (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, zehazki seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, edo marretatik haratago, txandaka. Izangai guztiek lasterketaren erritmo berean joan behar dute eta ez da baimenduko inork lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuta, marra zapalduz edo marratik haratago. Soinua tarte erregularren arabera emanen da. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarrago eginen da. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek. Testaren helburua da markatzen den erritmoari eustea eskatzen diren epeak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada eta metro bateko tartetik haratago joan bada, probari bukaera emanen zaio besterik gabe. Izangai bakoitzaren proba bukatuta, ordura arte baliatu duen tartea kontatutako da, honako kasuetan:

–Izangaia gelditzea, salbu eta soilik une batez gelditzen bada 20 metroko marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ibilbide bat bukatutzat ematea muturreko marra edo haratago zapaldu gabe.

–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroko marratik metro bateko eremura.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra edo haratago zapaltzera seinale akustikoak agintzen dionean. Marratik metro bateko tartera egotea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean. Segurtasun metroaren barnean egonik, seinale akustikoak jo baino lehen marra zapaltzera iristen ez den aldi bakoitzean, izangaiak abisu bat jasoko du, kontrolagailuaren bi aldeetan jarritako kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu edukita, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, biak kenduko zaizkio; bestela, hirugarren abisu bat jasoko du eta proba bukatuko da.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen arabera emanen zaio “gai” edo “ez gai” kalifikazioa (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK TARTEAK

EZ GAI

Gizonak

10 baino gutxiago

Emakumeak

8 baino gutxiago

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema:

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikus-eremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzumen sistema:

–500dik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB-ko edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizkera:

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.–Hezur eta muskulu-sistema:

–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua:

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretaren herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterreko gutxiegitasuna.

6.–Bihotz-hodietako sistema:

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazioaren sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, edo estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa (TASa >140 eta TADa >90).

–Hipotentsioa (TASa 25< 90 eta TAD<45).

–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7.–Arnas aparatua:

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema:

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en gaixotasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, ondorio funtzionalen arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak:

–Nahasmendu mental organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte eta lan bizitzan eragina dutenak.

10.–Sexu- eta gernu-aparatua:

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-ihesa.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa:

–Hipotalamo-hipofisario ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinen bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Mellitus diabetesa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak:

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mielougalkorrak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en gaixotasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Beste batzuk:

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Azalpen orokorrak:

–Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, eragin funtzionalaren arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

Iragarkiaren kodea: L1912891