202. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

565/2019 EBAZPENA, irailaren 11koa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Erizaintzako Elkargo Ofizialaren estatutuetako aldaketa partziala inskribatzen dituena Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan.

Lehendakaritzako zuzendari nagusiaren ekainaren 29ko 318/2004 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Erizaintzako Elkargo Ofiziala inskribatu zen, 13. zenbakiarekin, Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan.

Elkargo honen estatutuei dagokienez erregistro honetan jasotako azken aldaketa inskribatu zen Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiaren martxoaren 15eko 134/2016 Ebazpenaren bidez.

Elkargokideek estatutuetako aldaketa 2019ko apirilaren 16ko batzar orokorrean erabaki ondotik, Arantxa Osinaga Erroz andreak, elkargoa ordezkatuz, hura inskribatzeko eskaera aurkeztu zuen 2019ko maiatzaren 3an. Ziurtagiriak erantsirik doaz, baita estatutuen ale bat ere, aldaketa guztiak gehiturik dituena.

2019ko maiatzaren 20an, Erregistroak eskaturik, Elkargoak bigarren ziurtagiri bat aurkeztu zuen, aitzinekoaren argigarri, baita estatutuen bertze ale bat ere.

Geroago, 2019ko ekainaren 27an, Elkargoak espedientea geldiarazteko eskatu zuen, Erizaintzako Elkargoen Kontseilu Nazionalak iradokitako bertze aldaketa batzuk sartzeko (formazko aldaketak, funtsari eragiten ez diotenak), harik eta, Kontseiluari galdetuta, ekarpen horiek bidean dagoen inskripzioari gehitzen ahal zaizkion egunera arte.

Azkenik, 2019ko abuztuaren 1ean, Elkargoak ziurtagiria aurkeztu zuen, azken aldaketekin, eta aldaketa guztiak batera inskribatzeko eskatu zuen.

Aurkeztutako dokumentazioarekin bat (2019ko maiatzaren 3ko eta 23ko ziurtagiriak), egiaztatu egiten da Nafarroako Erizaintzako Elkargo Ofizialaren Batzar Orokorrak, 2019ko apirilaren 14an bildurik, estatutuetako aldaketa hau erabaki zuela: 8. artikulua, 2. paragrafoa; 19. artikulua, a) letra; 24.3 artikulua; 24.4 artikulua; 24.6 artikulua; 24.9 artikulua; 25. artikulua, lehen paragrafoa, c) letra; 28. artikulua, f) letra; 29.4 artikulua, a) letra, lehen paragrafoa; 29.4 artikulua, a) letra, bigarren paragrafoa; 30.2 artikulua; 31. artikulua; 33.5 artikulua; eta xedapen gehigarri bakarra.

Halaber, eta azken ziurtagiriaren bidez egiaztatzen duenez, estatutuei gehitu zaizkie Erizaintzako Kontseilu Nagusiak aholkaturiko aldaketak, honako hauei dagozkienak: 2.2 artikulua, i) letra; 2.2 artikulua, r) letra; 6.1 artikulua, a) letra; 16. artikulua; eta azken xedapena.

Gainera, orobat egiaztatu da 30.1, 30.2 eta 31. artikuluen egokitzapena administrazio prozedura erkidearen gainean eta sektore publiko instituzionalaren gainean indarrean dagoen araudira.

Eskatutako inskripzioa bat heldu da Elkargoaren estatutuetan ezarritakoarekin, baita Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean eta Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuan ezarritakoarekin ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 85/2019 Foru Dekretuak eta irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Erizaintzako Elkargo Ofizialaren estatutuetako aldaketa partziala inskribatzea Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan, ebazpen honen adierazpen zatian zehaztu denaren ildotik. Testu osoa, aldaketak barne, ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila ebazpen hau, Nafarroako Erizaintzako Elkargo Ofizialaren Estatutuak biltzen dituen eranskinarekin batera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen hau Nafarroako Erizaintzako Elkargo Ofizialari jakinaraztea, eta adieraztea horren kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal duela, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2019ko irailaren 11n.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia, Joseba Asiain Albisu.

Nafarroako Erizaintzako Elkargo Ofizialaren estatutuak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1911827