202. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7/2019 FORU AGINDUA, irailaren 17koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Kultura eta Kiroleko kontseilariaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 2019ko irailaren 11ko Erabakia argitaratzea. Erabaki horren bitartez batera baimendu zuten Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeari dirulaguntza eman eta ordain diezaion Abodiko pistaren eraikina (Otsagabia) bukatzeko lanak gauzatzearren, 2019ko ekitaldian.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluaren 3. apartatuarekin bat etorriz, 2019ko irailaren 11ko Erabakiaren bidez, Kultura eta Kiroleko kontseilariak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak batera baimendu zuten Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeari dirulaguntza eman eta ordain diezaion Abodiko pistaren eraikina (Otsagabia) bukatzeko lanak gauzatzearren, 2019ko ekitaldian.

Aipatu foru legearen 14. artikuluaren 6. apartatuak xedatzen du kudeaketa-esleipena eraginkorra izan dadin beharrezkoa dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea oso-osorik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta Kultura eta Kiroleko kontseilariaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 2019ko irailaren 11ko Erabakia. Erabaki horren bitartez batera baimendu zuten Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeari dirulaguntza eman eta ordain diezaion Abodiko pistaren eraikina (Otsagabia) bukatzeko lanak gauzatzearren, 2019ko ekitaldian. Foru agindu honen eranskin gisa argitaratzen da erabaki hori.

2. Foru agindu hau igortzea Ingurumen Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutura eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Kultura eta Kirol Departamentuaren idazkaritza tekniko nagusietara.

Iruñean, 2019ko irailaren 17an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Kultura eta Kirol Departamentuaren Erabakia. Honen bidez, batera baimentzen dute Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeari dirulaguntza eman eta ordain diezaion Abodiko pistaren eraikina (Otsagabia) bukatzeko lanak gauzatzearren, 2019ko ekitaldian

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gómez Lopezek eta Kultura eta Kiroleko kontseilari Rebeca Esnaola Bermejok

ADIERAZTEN DUTE:

Lehena.–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomo bat da, Kultura eta Kirol Departamentuari atxikia (departamentu horren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 97/2019 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorra). Abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak erakunde autonomo horren estatutuak onesten ditu, eta ezartzen Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzaren eskumenetakoak direla kirol eta gazteriaren arloko instalazio eta ekipamenduetarako dirulaguntzak koordinatzea, kudeatzea eta kontrolatzea, bai eta departamentuen arteko lanak sustatzea eta koordinatzea ere Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren jarduerekin zerikusia duten gaietan.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dagokionez, indarrean segitzen du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak. Bere 40. artikuluak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari (egungo Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari) esleitzen dizkio ikerketa eta prospektiba sustatzeari buruzko eskumenak, baita prestakuntza jarduerak eta sentsibilizazio jarduerak bultzatzeari buruzkoak ere, honako gai hauekin loturikoak, hain zuzen: ingurumena, mendien aprobetxamendu eta erabilera antolatua eta departamentuko helburu eta arloak osatzen eta sistematizatzen dituzten zeharkako gaiak.

Bigarrena.–Honako partida hauek daude 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan:

–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua:

  • 740007-74700-7609-336100 “Dirulaguntza, Abodi-Zaraitzu zentroa”, 60.000 euroko kreditua duena.

–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua:

  • A50001-A5410-7609-336100 “Dirulaguntza, Abodi-Zaraitzu zentroa”, 60.000 euroko kreditua duena.

Hirugarrena.–Aipatu partidek xede duten dirulaguntzaren helburua da Otsagabiko Abodiko pistaren eraikinaren obrak finantzatzen laguntzea 2019ko ekitaldian. Obraren bidez, 2011n hasitako obrak bukatzeko beharrezkoak diren lanak eginen dira, Abodiko pistaren eraikin berria irekitzearren. Aurkeztu den exekuzio proiektuak 308.392,36 euro egiten ditu, BEZa barne.

Instalazioari eman nahi zaizkion erabilerak eta horiek inguruaren garapen ekonomiko eta sozialean izan dezaketen eragina oinarri, aurreikusitako inbertsioak interes publikoko xedea du. Egokia da aipatzea obra hau 2014an egitekoa zela, baina ezin izan dela egin arrazoi ekonomikoengatik, ez beharrezkoa ez izateagatik. Instalazioa iraupen-eskirako besterik ez bada erabili ere, zonaldeak –Orhi mendiaren mugakide izanda eta GR11ren bidean egonda– aukera handiak ditu mendi kirol eta jarduerak garatzeko. Halaber, BTT ibilbide batzuk balizatuta eta homologatuta daude. Kirol horrek gero eta zale gehiago ditu, Iratiko oihanean egiten baita. Kirol ikuspuntutik, saihestu ezin den eskaera da proiektatutako instalazioa egitea. Hura egiteak garapen ekonomiko handia ekarriko die Zaraitzu eta horren mugakide diren ibarrei, Erronkariri kasu, eragina izan dezakeelako bertan ere. Jarduera horiek egitera etortzen direnek ibarrean bertan hartzen dute ostatu, bertan erosten eta bertako bizitzan parte hartzen. Beraz, dudarik ez da hobekuntzak ekarriko dituela hainbeste ahuldu den zonalde honetako gizartean eta ekonomian.

Kirol erabileraz gain, Iratirako “beste sarrera bat” izanen da instalazioa, bisitariek, gehienetan, ezagutzen ez dutena. Bisitari kopurua banatuko da horri esker, Iratiko Etxeak eta Abodi artean. Horren guztiaren ondorio nagusia izanen da, besteak beste, bisitariak erosoago sartuko direla eta askotarikoak izanen direla. Beraz, turismo eta ingurumen jarduera gehiago eskaintzen ahalko da.

Laugarrena.–Aintzat harturik eraikinak kirol jardueren ikuspegitik duen interesa, zonalde honetara ekarriko duen turismoa eta ingurumenean izanen duen eragina, Kultura eta Kirol Departamentuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak konpromisoa hartu dute aipatu proiektua elkarrekin finantzatzeko.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 30eko 267/2011 Ebazpenaren bidez, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeari 50.000 euro ordaintzea onetsi zen Otsagabiko Abodiko pistaren eraikinaren lehenbiziko faserako, 2011n zehar.

Gainera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urtarrilaren 14ko 15/2013 Ebazpenaren bidez, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeari 449.925,96 euro ordaintzea onetsi zen Otsagabiko Abodiko pistaren eraikinaren lehenbiziko faserako, 2011n zehar.

Nafarroako 2019rako Aurrekontu Orokorretan berriz aurreikusten direnez bi partida xede horrekin bi departamentu horietako programetan, beharrezkoa da departamentu horien arteko koordinazioa aipatu partida horiek behar bezala aplikatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoek esleitzen ahalko dizkietela eskubide publikoko eta hari lotutako edo haren mendeko beste organo, organismo edo erakunde batzuei, beren eskumeneko jarduera material eta teknikoak, eraginkortasunagatik edo beroriek egiteko bitarteko tekniko egokiak ez dituztenean; izan ere, artikulu horren beraren 3. apartatuan adierazten denez, departamentuen titularrek batera emandako baimena beharko da kudeaketa-esleipena hauetako bati egiten zaionean: organo esleipen-emailea atxikia duenaz beste departamentu bateko administrazio-organo bati, edo beste departamentu baten menpeko erakunde edo entitate publiko bati.

Beraz, “Abodi-Zaraitzu zentroa” izeneko proiektuarekin loturiko bi partida izendun direnez Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bidezkoa da organo bakar batek hartzea bere gain partida horiek eman eta ordaintzeko eginkizuna, eraginkortasun arrazoiak direla eta. Horrenbestez, beharrezkoa da tresnak ezartzea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren arteko elkarlanerako, kudeaketa-esleipenaren teknika erabiliz horretarako.

Baimendutako esleipenaren xedea izanen da Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren organo eskudunek behar diren jarduketa administratiboak gauzatzea Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeari dirulaguntza emateko eta ordaintzeko, Otsagabiako Abodiko pistaren eraikinaren obrak 2019ko ekitaldian bukatzeko. Esleipenak urtebeteko indarraldia izanen du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Horrenbestez,

ERABAKITZEN DUTE:

Lehena.–Batera baimentzea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeari dirulaguntza eman eta ordain diezaion Abodiko pistaren eraikina (Otsagabia) bukatzeko lanak gauzatzearren.

Bigarrena.–Esleipenak urtebeteko indarraldia izanen du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Hirugarrena.–Esleipenaren xedeko prozeduren ondoriozko gastuen finantzaketa, aldez aurretik behar diren tramiteak egin eta gero, aurrekontuko partida hauen kargura eginen da:

–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua:

  • 740007-74700-7609-336100 “Dirulaguntza, Abodi-Zaraitzu zentroa”, 60.000 euroko kreditua duena.

–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua:

  • A50001-A5410-7609-336100 “Dirulaguntza, Abodi-Zaraitzu zentroa”, 60.000 euroko kreditua duena.

Laugarrena.–Erabaki hau igortzea Ingurumen Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutura, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Kultura eta Kirol Departamentuaren idazkaritza tekniko nagusietara eta aipatu departamentuetan dauden kontu-hartzailetza delegatuetara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 11n.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F1912204