202. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1970/2019 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, Informatika Zerbitzuko Kudeaketa Korporatiboaren Ataleko burutza merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko arautegia onesten duenak, xedatzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoak funtzionarioentzat gordetzen dituen eta izendapen librekoak ez diren lanpostu hutsak merezimendu lehiaketa baten bidez beteko direla, eta horien artean daude, beste batzuen artean, unitate organikoen zuzendaritzak edo burutzak.

Aintzat harturik Nafarroako Unibertsitate Publikoko ataletako, bulegoetako eta antzeko unitateetako burutzak betetzearren Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak betetzeko aplikatzekoa den araudian ezarritakoari jarraitu behar zaiola, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko arautegiaren berezitasunak kontuan hartuta.

Ikusirik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten-proposamena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Informatika Zerbitzuko Kudeaketa Korporatiboaren Ataleko burutza (243. plaza) merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, haren oinarriak eta baremoa onestea. I. eta II. eranskinetan daude.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen webgunean argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta haren kontra zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko irailaren 30ean.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

I. ERANSKINA

Informatika Zerbitzuko Kudeaketa Korporatiboaren Ataleko burutza merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko deialdiaren oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Informatika Zerbitzuko Kudeaketa Korporatiboaren Ataleko burutza merezimendu lehiaketaren bidez betetzea da.

Merezimendu lehiaketaren tramitazioa egin bitartean deialdiaren xede den burutza kentzen bada Nafarroako Unibertsitate Publikoko egitura organikoa aldatu delako, kudeatzaileak ebazpena emango du deialdia baliorik gabe uzteko.

2.–Aplikatzekoak diren arauak.

Merezimendu lehiaketa hau arautzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegia, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an onetsia; 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren hirugarren xedapen gehigarria; Nafarroako Administrazio Publikoetan Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegia, 1985eko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia; deialdi honen oinarriak, eta aplikatzekoak diren gainerako araudi guztiak.

3.–Argitalpenak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, deialdi honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (6.2 oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren intranetean azalduko dira (https://portal.unavarra.es), eta ez dira baliozkoak izango bestelako tokietan agertzen direnak.

4.–Burutzaren ezaugarriak.

III. eranskinean zehazten da deialdiko burutza zein mailari dagoen atxikita, eta, hala badagokio, zein betekizun espezifiko dituen.

5.–Izangaiek bete beharrekoak.

Merezimendu lehiaketa honen xede den burutza betetzeko prozesuan parte hartzen dutenek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzen diren arte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioa izatea, zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

Halaber, Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiaren hirugarren xedapen iragankorra zer langileri aplikatzen zaien, horiek ere zilegi dute lehiaketan parte hartzea.

b) Burutzarako exijitzen den edozein mailatakoa izatea.

6.–Eskaerak, epea eta aurkezteko modua.

6.1.–Eskaerak.

Eskabide-eredua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan dago:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

Parte hartzeko orriarekin batera, lehiatzaileek aipatu burutzarako baldintza espezifikoak betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar dute, aipatu dokumentazioa jada Nafarroako Unibertsitate Publikoak duenean izan ezik. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izango du horiek izangaiei eskatzea.

Zehazki, ezein kasutan ez dira aurkeztu beharko administrazio publikoetan emandako zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak jada aitortuak baditu. Lehiatzaile bakoitzaren espedientean jasoko dira zuzenean, eta epaimahaiari emango zaizkio barema ditzan.

6.2.–Epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

6.3.–Aurkezteko modua.

A) Presentziala.

Parte hartzeko eskabideak eta, beharrezkoa denean, dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea z.g., 31500 Tutera), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean.

Eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta-zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea).

B) Telematikoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan, bere egoitza elektronikoaren web-orrialdearen bidez: https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/azl?languageId=100001

7.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

7.1.–Eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko.

Behin-behinean baztertu dituzten edo aipatu ez dituzten izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta ondorengo 5 egun naturaletan, zilegi dute erreklamazioak aurkeztea eta, akatsik baldin badago, haiek zuzentzea. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira probatik.

7.2.–Ezarritako epean burutzarako eskaerarik aurkeztuko ez balitz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du burutza hori betetzeko lehiaketa hutsik geratu dela adierazteko.

7.3.–Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko.

Hautaprobarako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta ikusten bada izangairen batek ez duela betetzen eskatzen diren baldintzetakoren bat, bertan behera geratuko dira deialdian parte hartzeagatik erator litezkeen eskubide guztiak.

7.4.–Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean epea ezarriko da izangaiek txosten-lana eta alegatutako merezimenduak aurkez ditzaten.

7.5.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

8.–Epaimahai kalifikatzailea.

8.1.–Merezimendu lehiaketa kalifikatu behar duen epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Garapen Digitaleko errektoreordea.

Ordezko epaimahaiburua: Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailea.

–Epaimahaikidea: Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Informatika Zerbitzuaren zuzendaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

8.2.–Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen izenak.

8.3.–Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

8.4.–Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauen interpretazioan eta aplikazioan sortzen diren zalantzak.

8.5.–Epaimahaiak sei hilabete izango ditu gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita, lehiaketaren atalen balorazioak egiteko eta dagokion proposamena kudeatzaileari bidaltzeko.

8.6.–Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izango da.

9.–Elementuen balorazioa.

9.1.–Elementu hauek balioetsiko dira, ehun puntuko balio maximoa edukiko duen eta honela banatuta egongo den eskala batean:

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: hogeita hamabost puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: hogeita bost puntu gehienez.

c) Lehiaketaren xede den burutzari edo zuzendaritzari buruzko txosten-lana: berrogei puntu gehienez.

9.2.–Aurreko apartatuetan adierazitako puntuazioari hizkuntzak jakiteari dagokion balorazioa gehituko zaio, II. eranskinean ezarritako baremoarekin bat etorriz.

10.–Baloratzeko prozedura.

10.1.–Dokumentu honen 7.4 oinarrian adierazitako ebazpenak ezartzen duen epean, izangaiek txosten-lan bat aurkeztu beharko dute, honako hauek osatua:

a) Burutzako edo zuzendaritzako eginkizunen analisi bat.

b) Eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren betekizun, baldintza eta bitartekoak.

c) Deialdiko unitate organikoaren antolaketa tekniko-administratiboa.

Epe hori igarota txosten-lana aurkezten ez dutenak lehiaketatik kanpo geldituko dira.

10.2.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean iragarriko den jendaurreko ekitaldi batean, izangai bakoitzak bere txosten-lana ahoz aurkeztu eta defendatu beharko du epaimahaiaren aurrean, eta epaimahaikideek, halaber, zilegi izango dute aurkezpenari buruz egokitzat jotzen dituzten galderak egiteko.

10.3.–Izangairen bat txosten-lana aurkeztu eta defendatzera agertzen ez bada, lehiaketatik kanpo geldituko da automatikoki.

10.4.–Txosten-lana baztertzailea izango da; berrogei puntuko balorazioa jaso ahal izango da gehienez, eta hogei puntu lortu beharko dira gutxienez.

10.5.–Ondoren, eta txosten-lanaren proba gainditzen duten izangaien kasuan baino ez, 9. oinarriaren a) eta b) apartatuei dagokienez alegatu dituzten merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, II. eranskinean ezarritako baremoarekin bat etorriz.

10.6.–Epaimahaiak inolaz ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan du aukera azalpenak eta datu osagarriak eskatzeko, izangaiek garaiz eta forman alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

10.7.–Txosten-lanari dagokion proba izangai bakar batek gainditzen badu, ez dira baloratuko lehiaketaren gainerako atalak.

11.–Gainditu duten pertsonen zerrenda, izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

11.1.–Txosten-lanaren proba gainditzen duten izangaiek lortutako puntuazioa merezimenduen kalifikazioan lortutakoari gehituko zaio, izangaietako bakoitzaren guztizko puntuazioa lortzeko.

Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde ebatziko da.

11.2.–Lehiaketako elementu guztiak baloratu ondoren, epaimahaiak prozesua gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek dagokiena alega dezaten balorazioaren gainean. Pertsona bakar baten txosten-lana baloratu bada, proba horretan lortu duen puntuazioa baizik ez da argitaratuko.

11.3.–Behin erreklamazioak ebatzi ondoren, edo epea igarota erreklamaziorik aurkeztu ez bada, epaimahai kalifikatzaileak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dio proba gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, espediente osoarekin batera.

11.4.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak puntuaziorik altuena lortu duen pertsona izendatuko du burutzarako.

11.5.–Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

11.6.–Izendatutako izangaia izendapenaren jakinarazpena egin eta hurrengo hamar egun naturaleko epean jabetu behar da burutzaz.

Ezarritako epean burutzaz jabetzen ez den pertsonak esleitu dioten burutzan aritzeko eskubide guztiak galduko ditu, behar bezala egiaztatutako ezinbesteko kausa dagoenean izan ezik. Kasu horretan, onartutakoen zerrendako hurrengo izangaiak hartuko du lanpostua (zerrenda hori oinarri honen bigarren apartatuan aipatutakoa da).

12.–Datu pertsonalen babesa.

Hautaketa prozesu honetan parte hartzeko, datu pertsonalak eskatzen zaizkie izangaiei, eta datu pertsonalen fitxategi batean sartzen dira. Fitxategi horren helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak kudeatzea da, eta, bereziki, hautaketa prozesuetako hautagaiek izandako parte-hartzea eta unibertsitate-zabalpeneko jardueretan NUPeko langileek izandako esku-hartzea kudeatzea.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabidean hautagaiek baimena emateak berekin dakar hautaketa prozesuan emandako datuak tratatzeko baimena ematea ere. Datu pertsonalak babesteko indarrean diren araudien arabera interpretatu behar da hori. Zehazki, hauek dira bete beharreko araudiak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar da delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz -2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa-.

13.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

a.1) Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdian eskatzen diren mailetako lanpostuetan: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

a.2) Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, aurrekoetan ez bezalako lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

Oharra a) atalari buruz: urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

b.1) Erakundeek zentro publikoentzat eta unibertsitateentzat antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 10 puntu gehienez.

b.2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka edo saria jaso duten zientzia- edo ikerketa-lanak egin izana eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana: 3 puntu gehienez, epaimahaiak balioetsi beharrekoak, betiere kontuan harturik lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak nolako maila duen, hots, lokala, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.

b.3) Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatzea edo halakoetan irakasle aritzea: 2 puntu gehienez, epaimahai kalifikatzaileak balioetsi beharreko jardueren iraunaldiaren arabera.

b.4) Deialdian eskatzen ez diren titulazioak eta espezialitate akademikoak: 4 puntu gehienez.

b.5) Deialdian eskatzen den titulazioari dagokion doktore gradua edo lizentzia: 2 puntu gehienez.

b.6) Bestelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak, hala nola sektore pribatuko lanak, bekak edo prestakuntza-egonaldiak, edo kontsultako, aholkularitzako, partaidetzako edo ordezkaritzako organoetan parte hartzea: 4 puntu gehienez.

Oharra b) atalari buruz: atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.

Oharrak b.1 atalari buruz:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopuruaren berri ematen ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.

4. Puntuazio berarekin balioetsiko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Unibertsitatearen aginduz egin badira edo Unibertsitateak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoen Etengabeko Prestakuntza Akordioen barrenean antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan balioetsiko.

c) Puntuazio gehigarria hizkuntzak jakiteagatik.

c.1) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira. Bakoitzarengatik gehienez ere 5 puntu emango dira.

c.2) Euskara jakiteagatik, gehienez ere 6,90 puntu.

Oharrak c) atal osoari buruz:

1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.

2. Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emango zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

III. ERANSKINA

Deialdiko Atalaren Burutza

–Informatika Zerbitzuko Kudeaketa Korporatiboaren Ataleko burutza.

  • Lanpostu zenbakia: 243.
  • Betebehar espezifikoak: Maila: A/B.

Iragarkiaren kodea: F1912808