201. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

115/2019 FORU AGINDUA, irailaren 25ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana. Honen bidez zehazten da zer langile behar diren, 2019ko irailaren 27rako deitutako greba orokorra dela-eta, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen arloan ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak emateko.

ESK eta STEILAS erakunde sindikalek greba orokorrerako deia egin dute 2019ko irailaren 27rako.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da komunitatearen funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.

Gizarte zerbitzuen arloan, zerbitzu batzuek (egoitza zentroak, etxebizitzak eta eguneko arretarako zentroak) berehalako erantzuna ematen dute gizarte-beharreko larrialdietan, izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eta laguntza indibiduala, familiarra edo kolektiboa eskaintzen diete egoera ahulean dauden gizarte taldeei, konparazio batera, mendekotasuna duten pertsonei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei.

Laguntza zerbitzu hauen instalazioek oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendea hartzen dute, eta horrek eskatzen du gutxieneko zerbitzuak finkatu beharra, erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko ezinbestekoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzeko, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.

Adierazi beharra dago gizarte zerbitzuetako erabiltzaile horientzako gutxieneko arretaren barruan oinarrizko beharrak asetzeko dauden jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina, horiez gain, norberaren zainketaren ingurukoak, komunikazioarenak, joan-etortzekoak, kontrol eta babesekoak.

Gutxieneko zerbitzu hauek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko beharrak beren kasa eta zuzenean aurrera eraman ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horregatik guztiagatik, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezkotzat hartzea eta, hortaz, beharrezkoa da deitutako grebak dirauen bitartean zerbitzu horiek osorik betetzea.

Horregatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuak ezartzea, langileen grebarako eskubidea errespetatuagatik ere, herritarren osasun eta biziaren babesa bermatzen dutenak.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–2019ko irailaren 27rako deitutako greba orokorraren harira greba egiteko eskubidea erabiltzean, honako gutxieneko zerbitzu hauek eman beharko dira gizarte zerbitzuen arloan:

a) Gizarte zerbitzuen arlo guztietan, egoitza zentroetan, etxebizitzetan eta eguneko arretarako zentroetan erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzen duten zerbitzu guztiak eman beharko dira, norberaren zainketakoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babesekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.

Hori helburu, zerbitzu horiek ematen direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek egon beharko dute jardunean. Horretarako, hauxe kalkulatu da:

–Egoitza zentroak: jaiegunetan, zuzeneko arretarako aurreikusten diren langileak.

–Etxebizitza gainbegiratuak: jaiegunetan, zuzeneko arretarako aurreikusten diren langileak.

–Jaiegunetan egoitzako arretarik ez duten zentroetan eta etxebizitza gainbegiratuetan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta emateko beharrezkoak diren arreta zuzenerako langileak beharko dira.

–Etxebizitza funtzionalak: langile baten etengabeko arreta, zentrotik kanpora egiten diren eguneko jardueren orduetan izan ezik, jarduera horien ondorioz erabiltzaile bakar bat ez bada gelditzen etxebizitza funtzionalean.

–Eguneko arretarako zentroak: zaintzaile bat gutxienez, teknikariak alde batera utzita, eta beharrezkoa baldin bada, sukaldeko zerbitzua bermatzeko behar diren langileak. Garraio zerbitzua ere mantendu beharko da.

2.–Aurreko zenbakian jasotako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek eginen dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeko asmoz egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan gorabeherak legez kontrakotzat joko dira, eta bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3.–Foru agindu hau grebarako dei egin duten sindikatuei jakinaraztea (ESK eta STEILAS), behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2019ko irailaren 25ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F1912504