201. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

146/2019 FORU AGINDUA, irailaren 26koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana. Honen bidez bermatzen da funtzionatuko dutela, 2019ko irailaren 27rako deitutako greban, hirugarrenek emandako funtsezko zerbitzuek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen larrialdiak kudeatzeko aireko baliabideetan.

Ezker Sindikalaren Konbergentzia-ESK eta STEILAS erakunde sindikalek greba orokorrerako deialdia egin dute 2019ko irailaren 27rako.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidea bateragarri egin behar da funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, aipatu eskubidearen erabilera galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.

Grebarako deia egina egonagatik ere, larrialdiak kudeatzeko arloan hirugarrenek ematen dituzten zerbitzuak ezin dira osorik gelditu, beharrezkoak baitira osasun laguntza behar bezala emateko, baita larrialdietako garraioak egiteko, suak itzaltzeko eta abarretarako ere. Botere publikoek zerbitzu horiek bermatu behar dituzte, lotura estua dutelako bizitzeko eskubidearekin eta osotasun fisikorako eskubidearekin.

Bestalde, gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko neurriak hartzea, halaxe xedatu baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuan. Kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du eskumen hori, honako hauetan guztietan xedatutakoaren arabera: Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko Foru Legea eta Segurtasun Publikoari buruzko Foru Legea.

Horrenbestez, foru agindu honek xede du osasun ebakuazioaren arloko funtsezko zerbitzuak arautzea, hirugarrenek emandakoak, bai larrialdi egoeretan bai eta larrialdi operazioetan, babes zibilaren arloko lanetan eta suteen kontrako borrokan emandakoak ere, larrialdi zerbitzuek behar bezala funtziona dezaten 2019ko irailaren 27rako deitutako greba egunean. Zerbitzu horiek ezartzean kontuan hartu da ezinbestekoak direla larrialdi egoeretan herritarren beharrak zaintzeko eta horiei erantzuteko.

Funtsezko zerbitzuak zehazteko orduan kontuan hartu da zer funtzio publiko betetzen diren Administrazio honek itundutako aireko baliabideen zerbitzuen kontratuaren bitartez. Horrela bada, horietatik kanpo geratuko dira pertsonak eta agintariak garraiatzeko zerbitzuetatik funtzionalak besterik ez diren horiek eta segurtasun nahiz larrialdi arrazoiekin loturarik ez dutenak.

Hortaz, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan xedatutakoa.

AGINTZEN DUT:

1. 2019ko irailaren 27rako deitutako greba orokorraren harira greba egiteko eskubidea erabiltzean, funtsezko zerbitzu hauek eman beharko dira:

a) Aireko osasun garraioa, larrialdietakoa. Multzo horren barruan izanen dira larrialdi edo premia egoeretan egindako osasun ebakuazioak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

b) Erreskateak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

c) Babes zibileko jarduketak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

d) Su itzalketa. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

e) Foruzainek patruilatze eta behaketa lanak egitea. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

2. Zerbitzu bakoitzaren enpresa adjudikazio-hartzailean horretarako izendatutako langileek eman beharko dituzte foru agindu honetan adierazitako funtsezko zerbitzuak.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Foru agindu hau igortzea greba batzordeari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzura, Babes Zibilerako Zerbitzuaren Zuzendaritzara eta Nafarroako Foruzaingoaren Burutzara, eta jakinaraztea Eliance Helicopter Global Services SL enpresari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2019ko irailaren 26an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1912536