201. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE ARAKIL

Itxesin ezarri den Autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen zerbitzuen eremua arautzen duen udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Uharte Arakilgo Udalak, 2019ko otsailaren 28an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen zerbitzuen eremua arautzen duen udal ordenantza; gune hori Itxesin ezarri da, Uharte Arakilen.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 66. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 4an, eta Udalaren iragarki-taulan. Alegaziorik aurkeztu ez denez, aipatu ordenantzaren aldaketa behin betiko onesten da, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Uharte-Arakilen, 2019ko irailaren 23an.–Alkate udalburua, Jose Domingo Huarte Baleztena.

UDAL ORDENANTZA, ITXESIN (UHARTE ARAKIL) EZARRI DEN AUTOKARABANEN ETA ETXEBIZITZA-IBILGAILUEN ZERBITZUEN EREMUA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, batetik, Nafarroako Gobernuaren araudi autonomikoan kanpaldi libreaz egiten den debekua betetzen dela bermatzea, eta, bestetik, arauak ezartzea horretarako Uharte Arakilgo udalerrian autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak ostatatzeko erabil daitezen Itxesi alderdian gaitu den eremuaren barrenean. Horren guztiaren helburua da bertako natur baliabide eta espazioak zaintzea, Uharte Arakilgo bizilagunen eta autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak erabiltzen dituzten turisten arteko bizikidetza erraztea, eta bermatzea bai pertsonen segurtasuna bai aparkaleku publikoen errotazio nahitaezkoa eta banaketa zuzena autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen eremuaren erabiltzaile guztien artean.

2. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.

Zehapena ezarriko zaio Uharte Arakilgo udal-mugartean kanpaldi librea egiteko debekua betetzen ez duenari, non ez duen aitzinetik baimena eskuratu.

3. artikulua. Kanpaldi librea.

Kanpaldi libretzat hartuko da:

a) Aterpe mugikor bat, karabana bat, autokarabana bat, kanpadenda bat edo aise garraiatu eta desmuntatzeko gisako elementu bat edo gehiago paratzea, lege eta erregelamenduek arautzen dituzten turismoko kanpalekuetatik kanpora.

b) Ordenantza honetan ezartzen dena baino denbora gehiago egotea autokarabanen aparkalekuan.

4. artikulua. Aparkatzearen eta akanpatzearen arteko desberdintasuna.

Zilegi da gelditzea eta aparkatzea autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako erreserbaturiko eremuan.

Aditzera emate aldera, honelakoetan ulertzen da autokarabana edo etxebizitza-ibilgailu bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

1.–Gurpilekin edo segurtasun ziriekin baizik ez duelarik zorua ukitzen (ez daude beheraturik hanka egonkortzaileak, ezta beste edozein tramankulu paraturik ere).

2.–Ibilgailu itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainditzen duen elementurik hedaturik ez dagoelarik.

3.–Inolako isurki kutsagarriren igorpenik gertatzen ez delarik, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen direlarik, hala nola ur erabiliak eremu publikoan hustea.

4.–Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz pausatzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

Eremua egonaldirako edo gaua igarotzeko erabiltzen duten autokarabanek edo etxebizitza-ibilgailuek plaza bakoitzaren espazioaren mugak errespetatuko dituzte beti, eta inoiz ezin izanen dira kanpora atera mahaiak, aulkiak, eguzki-oihalak, eguzkitakoak edo bestelako tresnak. Plaza hauek egonaldirako erabiliko dira soilik.

5. artikulua. Aparkatzea.

Udal-mugarte osoan debeku da karabanak edo atoiak aparkatzea beren trakzio-ibilgailuetatik bereizita. Gainera, nahitaezkoa izanen da autokarabana eta etxebizitza-ibilgailu guztiek gaua pasatzea Uharte Arakilgo udalerrian horretarako prestatu den aparkalekuan, Itxesi alderdian.

6. artikulua. Aparkatze denbora.

Autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak gehienez ere 48 orduz egon daitezke jarraian eremuan aparkaturik. Udalak mugatzen edo debekatzen ahalko du, gainera, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak eremu publikoko zonalde mugatuetan aparkatzea, arrazoi objektiboak eta etxebizitza-ibilgailuen tamaina edo baimendutako gehieneko masa direla-eta, bide segurtasunari eta zirkulatzeko eta aparkatzeko espazioari eragiten badiete.

7. artikulua. Itxesiko zerbitzu eremua autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako.

Autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen zerbitzu eremua izanen den alderdia Itxesin dago, 1. poligonoko 213. lurzatian, udal igerilekuetako ostatu-jatetxetik hurbil. Eremu horrek hustubide edo estolda-zuloak ditu, estolda-sarerako sarrerarekin, hondakinak botatzeko eta tratatzeko; halaber, argi-puntuak ditu, elektrizitatez hornitzeko, eta edateko uraz baliatzeko modua. Alderdi horretan, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko eta gaua igarotzeko plaza erreserbatuak daude.

8. artikulua. Itxesiko zerbitzu eremua erabiltzeko arauak.

Zerbitzu eremu hau erabilera arau hauen mendean egonen da:

1.–Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ezin dira aparkatu eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, karabanak, turismoak, etab., etxebizitza-ibilgailu gisa homologaturik ez badaude eta komuna eta ur erabilien biltontzia ez badituzte.

2.–Ibilgailu aparkatuek beti errespetatuko dituzte plaza bakoitzerako espazioaren mugak, kanpoaldera mahaiak, aulkiak, oihalak, eguzkitakoak, olanak edo beste edozein tresna atera gabe.

3.–Gehienez ere 48 orduz egon daitezke, gelditzen diren unetik plaza uzten duten arte. Ezinbestean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta Udalak baimendua bada.

4.–Eremuak baditu ur gris eta beltzak botatzeko espazioa, edateko uraren hargunea eta argi hargunea. Udan, galdetu dutxen zerbitzuaz igerilekuetan bertan eta urtearen gainerakoan Udalaren web orrian.

Elektrizitatearen hargunea eta edateko ura erabiltzeko, establezimendu jakinetan eskuragai dauden fitxak lortu beharko dituzte erabiltzaileek, zerbitzuen eremuko sarreran den informazio panelean adierazitako tokietan.

3 orduko hornidurarako erabiliko da fitxa bakoitza, eta 2 euroko prezioa izanen du.

5.–Ostatua zabalik dagoenean, zerbitzuen eremuko erabiltzaileek igerilekuetako dutxak baliatu ditzakete. Horretarako ordainketa tiketa aurkeztu beharko dute.

6.–Biltontziak hustutzeko alderdian ezin da aparkatu; aldiz, oztoporik gabe egon behar du, erabiltzaileen eskura, proposatutako xederako erabiltzen ari ez direlarik; erabiltzaileek higienea mantendu beharko dute erabili ondoan.

7.–Espresuki debeku da edozein ibilgailu mota garbitzea eremu osoan. Zehapena ekarriko du arau hori ez betetzeak.

8.–Zerbitzuen eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzuen eremuen guneek beste erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

9.–Debeku da kanpatzeko tresnak paratzea eremu publikoan eta bereziki autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko plazetan, hala nola mahaiak, aulkiak edo olanak.

10.–Autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen Itxesiko zerbitzuen eremu honetan, zilegi da gaua igarotzea.

9. artikulua. Ordainketa aldia.

Tarifa bat kobratuko zaio zerbitzu eremuan dagoen edozein ibilgailuri garai hauetan:

–Ekainaren 1etik irailaren 30era (biak barne).

–Urtearen gainerakoa: ostiral, larunbat, igande eta gainerako jaiegunetan.

10. artikulua. Tarifa motak.

Ibilgailu bakoitzarengatik, erabiltzaileek bi tarifa motaren artean aukeratu dezakete:

–Egun bakarrerako bat, 5 euro balio duena.

–Jarraiko bi egunerako bat,10 euro balio duena.

11. artikulua. Ordaintzeko jarraibideak.

Aparkatu baino lehen ordaindu beharko da, zerbitzuen eremuko sarreran den parkimetroan. Emandako tiketa aurreko kristalaren parean jarriko da.

12. artikulua. Ikuskapena.

Arau-haustea izanen da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea; udal korporazioaren (Alkatetzaren) lanak dira dagokion bezala ikuskatzea eta zehapenak ezartzea.

Segurtasun indar eta kidegoak edo horretarako gaitzen diren agenteak arduratuko dira ordenantza hau betetzen den begiratzeaz.

13. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.

1.–Uharte Arakilgo Udaleko alkatea da, edo hark eskuordetutakoa, zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.

2.–Zehapen prozedura egiteko bidea da Zehapen Ahalmena Erabiltzearen gaineko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusia.

3.–Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.

14. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke. Honela daude sailkatuta:

a) Arau-hauste arina da:

–Mahaiak, aulkiak, oihalak, eguzkitakoak edo beste edozein tresna kanpoaldera ateratzea.

–Ordaintzeko tiketa ez jartzea ongi ikusteko moduko tokian.

b) Honako hauek arau-hauste astuntzat hartuko dira:

–Ordaintzeko tiketa ez ordaintzea.

–Zerbitzuen eremuko edozein leku garbi ez edukitzea.

–Autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako plazetan 2 egun jarrai baino denbora luzeagoan egotea, horretarako baimenik izan gabe.

–5. artikulua ez betetzea, karabanak edo atoiak kotxerik gabe aparkatuta Uharte Arakilgo udal-mugartean.

c) Arau-hauste oso astunak:

–Autokarabanak, etxebizitza-ibilgailuak eta edozein motatako ibilgailuak Itxesiko zerbitzu eremuan garbitzea.

–Itxesiko zerbitzu eremuko altzariak hondatzea.

Autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako erreserbaturiko tokietan ibilgailuak, kamioiak, karabanak, kotxeak, etab. aparkatzea eta/edo han gaua igarotzea.

–Gai kutsatzaileak isurtzea.

Zehapenak:

Arau-hauste arina egiteagatik, 6 eta 90 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.

Arau-hauste astuna egiteagatik, 91 eta 600 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.

Arau-hauste oso astuna egiteagatik, 601 eta 12000 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.

12. artikulua. Arau-hausteez erantzutea.

Autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko eremua ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Uharte Arakilgo Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko baldin eta gorabeherak, lapurretak edo gisakoak gertatzen badira aparkatuta dauden autokarabanetan.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, harexen egilea izanen da ordenantza honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea.

Dagokionean, arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendu egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hauste astunaren egilea izateagatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

ERANSKINA

Tasak eta tarifak

Aparkatzea, egun bateko egonaldia

5 euro ibilgailu bakoitzeko

Aparkatzea, jarraiko 2 eguneko egonaldia

10 euro ibilgailu bakoitzeko

Bornea (elektrizitatea) erabiltzeagatik

3 ordu: 2 euro

Iragarkiaren kodea: L1912349