201. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko irailaren 25ean hartua, “Cabredoko hondakin uren tratamendua” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren ekainaren 23ko 293/2017 Ebazpenaren bidez onartu zen lankidetza araubidea ezartzea Cabredoko Udalarekin, hondakin uren arazketaren arloan.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren maiatzaren 28ko 837/2019 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren hamabost egunez bai proiektua bai “Cabredoko hondakin uren tratamendua” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Jendaurreko epea iragan da eta ez da horri buruzko alegaziorik aurkeztu.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren uztailaren 16ko 1070/2019 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi ziren aipatu proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta horri buruzko iragarkia argitaratu zen 2019ko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 25ekoan.

Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk, aipatu lankidetza araubideari jarraikiz, eskatu du proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presako deklara dadila. Hori justifikatzeko, aipatzen du udalerri horretako isurketek osasun eta ingurumen arloko arazoak eragiten dituztela, eta beharrezkoa dela arazo horiek konpontzea, hondakin urak egoera txarrean dagoen putzu septiko batean biltzen baitira.

Horrenbestez, ikusirik Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk alegatutako arrazoiak, eta egiaztatuta balio justua ordaintzeko behar den aurrekontu-izendapena badela, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57 b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak “Cabredoko hondakin uren tratamendua” proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklara zezala, nahitaez desjabetzeko.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. “Cabredoko hondakin uren tratamendua” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri (NILSA) eta Cabredoko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1912444