201. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko irailaren 11n hartua, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Iruñerriko Ibai Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketarako proposamen berria, Iruñerriko Mankomunitateak sustaturik. Aldaketaren xedea da ibai pasealekuaren eremua eta trazadura aldatzea 6. tartean (Arga Beherea, Ororbian barrena egiten duen tartean). Aldi berean, entzunaldia ematen zaie horren trazadurak ukitutako udalei.

Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, hasiera eman zitzaion aipatu UPSaren 6. tartea (Arga Beherea) aldatzeko espedientearen tramitazioari. Espedienteak ibai pasealekuaren eremua eta trazadura aldatzea zuen xede, hain zuzen ere, pasealekuak Ororbian barrena egiten duen tartean. Iruñerriko Mankomunitateak sustatu zuen (2018ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 13koa).

Espedientearen xedea da ibai pasealekuaren trazadura aldatzea Ororbiako herrigunetik iragan ez dadin. Zehazki, honakoa planteatzen da: Arga ibaiaren beste ertzetik joango den tarte bat ezartzea Ororbiako herrigunetik igarotzen den tartearen ordez. Proposatutako trazadura horretarako Etxamurko errotako bidea erabiliko da, eta bi zaldain berritatik gurutzatuko da ibaia.

2019ko apirilaren 11n, trazadura aldatzeko proposamen berri bat aurkeztu zen; izan ere, arrazoi ekonomikoak tarteko, Arga ibaia gurutzatzeko bideetako bat aldatzea eskatzen zen, honela: ibaia zaldain berri batetik gurutzatu beharrean, NA-7010 errepidearen zubiko espaloietako batetik gurutzatzea.

Kontuan hartzekoak:

Uste da proposamen berriak funtsezko aldaketak planteatzen dituela jendaurrean jarrita egondako proposamenari dagokionez; hori horrela izanik, espedientea berriz ere jarriko da jendaurrean eta berriz emanen zaie entzunaldia ukitutako udalei. Era berean, berriz ere eskatu zaizkie txostenak Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Babes Zibilerako Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari.

Ez proposamen horrek, ez aurrekoak, ez dute UPSaren xedea ukitzen edo desnaturalizatzen, baizik eta horren eremua aldatzea planteatzen dute. Horrenbestez, ulertu behar da planaren hirigintza-antolamenduko determinazio egituratzaileei eragiten dietela bi proposamenek.

Trazadura berria igaroko da Oltza Zendeako udal planean lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoruetatik, bide publikoetatik eta lurzoru orokor eta produktibitate handikoak bezala kategorizatutako lurzoruetatik. Horien hirigintza araubideak bateragarriak dira proposatutako jarduketarekin.

Dokumentuaren 11. orrialdean honakoa jasotzen da: “Zubiko zebra-bidea gurutzatu ondoren, trazadurara itzuliko da zubiaren azpiko pasabidetik, ibai ondora berriz”. Eta, 13. orrialdean: “Ikuspegia NA-7010 errepidearen zubitik, Arga ibaiaren gainetik Ororbiarako noranzkoan. Pasealekuak zubiaren azpiko bidetik jarraituko du”.

Argitu beharra dago ea behin NA-7010 errepidearen zubia Ororbiarako noranzkoan gurutzatuta, trazadurak galtzada gurutzatuko duen, oinezkoen pasabide baten bidez, ala aipatu zubiaren azpitik igaroko den. Lehen konponbidearen alde egiten bada, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena eduki beharko da.

NA-7010 errepidearen zubiko espaloitik proposatutako trazadurarako, hesi babesle bat instalatuko da, zabaleran 1,45 metro baino gutxiago izanen duena. Justifikatu beharko da zabalera hori nahikoa dela desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna eta diskriminazio eza bermatzeko. Orobat, justifikatu beharko da bideak UPSean araututako zabalerak betetzen dituela.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoarekin bat, planek eta programek ingurumen ebaluazio estrategikoa behar dute, plan sektoriala onestearekin batera edo lehenago.

Dokumentazioa azterturik, aditzera ematen da araudian aurreikusten diren eduki guztiak biltzen dituela. Ondorio gisa, espedientea jendaurrean jar daiteke, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, eta, aldi berean, aipatutako planaren lege-araudian ezarritako prozeduraren ondorioetarako.

Horrenbestez, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren 2019ko ekainaren 28ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Iruñerriko Ibai Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketarako proposamen berria, Iruñerriko Mankomunitateak sustatutakoa, jendaurrean jartzea berrogeita bost eguneko epean. Aldaketaren xedea da ibai pasealekuaren eremua eta trazadura aldatzea 6. tartean (Arga Beherea, Ororbian barrena egiten duen tartean). Aldi berean, entzunaldia ematen zaie horren trazadurak ukitutako udalei.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Agiria, halaber, web-orri honetan ikusten ahalko da: http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es.

2. Orobat, espedientea jendaurrean jartzea, epe berean, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Foru Legearen 21. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat.

3. Adieraztea espedientea ebazten denean erabaki honetan eta eskatutako txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko dela.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Erabaki hau igortzea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Babes Zibilerako Zerbitzuari, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Herri-lurren Atalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari.

6. Erabaki hau jakinaraztea Oltza Zendeako Udalari, Ororbiako Kontzejuari eta Iruñerriko Mankomunitateari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 11n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1911828