201. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

100E/2019 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Mendabian legar eta hareak ustiatzeko “LOAR” proiektuari buruz ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Sustatzailea Hormigones y Contenedores Cabrera S.L. da.

Proiektua Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 2. taldean sartua dago, eta beraz, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren mende dago. Proiektuaren xedea da legar eta hareak ateratzea Mendabiako udal-mugarteko 2. poligonoko 675. lurzatian, La Ulaga parajean.

21/2013 Legearen 34.2 artikuluarekin bat, 2018ko otsailaren 26an, sustatzaileak ingurumen eraginaren azterketaren irismena zehazteko eskaera eta proiektuaren hasierako dokumentua aurkeztu zizkion organo eskudunari (Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, hain zuzen). Eskaera hori Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari igorri zitzaion, eta hark, 34.3 artikuluari jarraikiz, hasiera eman zion ukitutako administrazio publikoentzako eta pertsona interesdunentzako kontsulten tramiteari 2018ko martxoaren 22an. Azkenean, 2018ko maiatzaren 23an eman zen ingurumen eraginaren azterketaren irismeneko dokumentua. Ebazpen honen I. eranskinean zehaztu da zer erakunderi egin zaien kontsulta irismeneko dokumentua prestatzeko, eta eman dituzten erantzunen laburpena jaso da.

21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Hormigones y Contenedores Cabrera S.L.k proiektua, ingurumen eraginaren azterketa eta lehengoratze plana aurkeztu zizkion organo eskudunari (Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari) 2018ko abenduaren 20an, eta organo horrek jendaurrean jarri zituen 2019ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 7koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, 30 egun balioduneko epean, honako hauen ondorioetarako: abenduaren 9ko 21/2013 Legea, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua, erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzkoa; eta martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea, ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzkoa. Jendaurreko epean ez da alegaziorik jaso.

Aldi berean, 21/2013 Legearen 37. artikuluari jarraituz, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak kontsulta egin zien Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Mendabiako Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Vianako Printzea Erakundeari. Mendabiako Udalaren eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren erantzunak jaso ziren.

2019ko maiatzaren 31n, sustatzaileak, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraituz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari. Eskaera hori Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari igorri zitzaion espedienteko dokumentazio osoarekin batera, 39.3 artikuluari jarraituz.

Jasorik dago Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren adostasun txostena, 2018ko ekainaren 4koa. Bertan adierazten da proiektuak ez duela ukituko katalogatutako aztarnategi arkeologikorik. Jasorik dago, halaber, proiektuaren hirigintza-bateragarritasunari buruz Mendabiako Udalak 2019ko martxoaren 13an emandako aldeko txostena.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak, 2019ko abuztuaren 13an, aldeko txostena egin zuen lurralde ondorioetarako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, eta txosten horretan baldintza batzuk ezarri zituen; ebazpen honetan jaso dira.

Proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten ekintzen azalpena ebazpen honen II. eranskinean jaso dira. Ingurumen eraginaren azterketan (III. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen ukipen nagusiak egoki aztertzen dira eta neurri zuzentzaile zehatzak ezartzen, ingurumenean eragin nabarmenik izan ez dadin.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak txostenean adierazi du izapidetu den dokumentazioan jarduketak behar bezala zehaztuta daudela, eta proposatu du ingurumen eraginaren adierazpena egitea Mendabian legar eta hareak ustiatzeko “LOAR” proiektuari buruz, zeinaren sustatzailea Hormigones y Contenedores Cabrera S.L. baita. Aurkeztutako proposamena ingurumenaren aldetik bideragarria dela eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen direla iritzi dio.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Mendabian legar eta hareak ustiatzeko “LOAR” proiektuari buruz, ingurumen eraginaren adierazpen aldekoa egitea. Sustatzailea Hormigones y Contenedores Cabrera S.L. da.

2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Erauzte eremua Mendabiako 2. poligonoko 675 lurzatiaren mugen barruan egonen da, eta lurraren jatorrizko kota gehienez ere 6 metro beheratuko da ustiapen fasean. Ustiatuko den eremuaren inguruan 5 metroko zerrenda bat ustiatu gabe utziko da, hurrengo puntuan azaltzen den salbuespenarekin.

b) Legarra ateratzen aritu dira 678. lurzati mugakidean, baina gaur egun lurzati hori laborantzarako erabiltzen da berriz ere, kota beheratuta eta ezponda batez inguratuta. Ingurumenaren ikuspegitik, eta bi lurzatien artean lur zerrenda goratu bat ustiatu gabe uzteak paisaian izanen lukeen eragina saiheste aldera, beharrezkotzat jotzen da bi lurzatiek bat egiten duten aldean ustiapena mugaraino iristea, ezponda leun eta uniforme bat bakarrik utzita bi ustiategien artean.

c) Ustiapena betiere maila freatikotik metro bat gorago mantendu beharko da gutxienez, eta horretarako, behar izanez gero, ustiapenaren kota aldatu eginen da.

d) Pasada de la Veguilla abelbidearen zati bat sarbide gisa erabiltzeari dagokionez, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak ezarri dituen baldintza hauek beteko dira:

–Ustiapen fasean ezin izanen da bidea eragotzi altxonbidean.

–Ezin izanen da bide-zorua inola ere aldatu abelbidean dauden lurzatietako sarbidean, ez eta zortasun-eremuan ere (3 metro, abelbidean dauden lurzatien kanpo-ertzetik neurtuta, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluak, jarduera debekatuei eta bateraezinei buruzkoak, ezartzen duenez). Kontuan izanik adarrek legez 30 metroko gehieneko zabalera dutela eta antzeko kasuetan, pareko ingurumen eraginarekin, komeni dela 15 metro gutxienez erabiltzea.

–Enpresa eskatzaileak, aprobetxamendua amaitu ondoren, ukitutako eremuan egindako zelaiguneak lehengoratuko ditu altxonbideetan edo zortasun-eremuetan –ezpondak bereziki, bazter utzi gabe gainerako lur mugimenduak, jatorrizko bide-zoruen lehengoratze ahalik eta osoena, landareztatzea eta abar–, makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilarik eta obra-hondakindegirik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.

e) Legarra ateratzen hasi baino lehen, gutxienez 40 cm-ko geruza bat landare-lur kenduko da. Beste materialetatik bereiz metatuko da, eta gero osorik erabiliko da fase bakoitzeko lehengoratze lanetarako.

f) Proiektatutako fase-planaren arabera eginen dira lehengoratze lanak, eta lurraren nekazaritza erabilera berreskuratuko da, metatutako landare-lurra zabalduz. Aurretik, egindako zuloa beteko da 346ko kotaraino, hau da, jatorrizko kota baino metro bat beheragoraino. Inguruko ezpondak malda hau izanen du: 3H:1V.

g) Lehengoratze lanetan betegarri gisa erabiltzen ahalko dira ustiapenean baztertutako materialak, garbitokiko lohiak eta hondaketa lanetako lur eta harri garbiak. Laborantzarako egokia den landare-lurra ekartzen bada kanpotik, beste materialetatik bereiz metatuko da, eta betegarriaren azaleko geruzetarako erabiliko da.

h) Kanpoko hondeaketa lurrak legar hobira garraiatu ahal izateko, enpresak alta emanda egon beharko du hondakin arriskugabeen (hondeaketa material naturalen) kudeatzaile eta garraiatzaile gisa, eta hondeaketa materialen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa egin beharko dio, posta elektronikoz, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atalari (residuos@navarra.es).

i) Proiektua aurrera eramatean edozein aztarna arkeologiko aurkituz gero, haren berri eman beharko zaio Vianako Printzea Erakundeko Arkeologia Atalari.

j) Hautsaren kontrako babes neurri hauek jarriko dira:

–Bai materialak bai makinen eta ibilgailuen zirkulaziorako pistak behar den guztietan ureztatuko dira, batez ere udan.

–Ustiategiko eremuaren barrenean eta sarbidean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura ez da 20 km/h-tik gorakoa izanen.

–Materialak garraiatzen direnean kamioien kaxak estali eginen dira, partikularik ez aireratzeko.

–Materialak mugitzean eta kamioiak kargatzean arreta bereziz erabiliko da atzerako hondeamakina zamatzailea, tupusteko maniobrarik egin gabe eta deskargatu gabe.

k) Gogorarazten da ezen ibilgura isuririk egiteko, urak hartzeko edo ibilgua ukitzeko Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimen berariazkoa beharko dela.

3. Ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua, erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzkoak, xedatzen duenarekin bat, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak legar hobiari baimen substantiboa eman diezaion, abala jarri behar da lehengoratze plana beteko dela bermatzeko. Bada, I. faseko lehengoratzeari begira egokitzat jotzen da 54.625 euroko abala. Berme hori eguneratzen ahalko da proiektatutako ustiapen- eta lehengoratze-faseen plana bete ahala.

4. Sustatzaileari adierazten zaio proiekturako jarduera lizentzia eskatu behar diola Mendabiako Udalari, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearekin bat. Tramitazio horretan lurzoru urbanizaezineko baimena ere sartu behar da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren arabera.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6. Ebazpen hau Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Basozaintzari (Lizarra Hegoaldeko Barrutia), Mendabiako Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Irismeneko dokumentua izapidetzea eta kontsultatutako erakundeak

Mendabiako Udala

x

Vianako Printzea Erakundea

Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atala

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atala

x

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

x

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua

x

Herri Lan Zuzendaritza Nagusia

x

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

x

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa

Zientzietako Fakultatea. Nafarroako Unibertsitatea

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

LAB (Langile Abertzaleen Batzordea)

UGT

ELA (Eusko Langileen Alkartasuna)

CCOO

Ekologistak Martxan

Gurelur

Landazuria

Nafarroako Ehiza Federazioa

ADECANA. Nafarroako Ehiztarien Elkartea

X batekin seinalatu dira erantzuna eman duten erakundeak.

Mendabiako Udalak 2018ko apirilaren 19ko txostenean adierazi du, kokalekuari dagokionez, erauzte jarduera bateragarria dela udal planeamenduak eta lurralde antolamenduko tresnek lurzorua babesteko ezarritako araubidearekin. Ingurumen eraginaren azterketaren irismenari dagokionez, udalak adierazi du erauzte jardueren funtzionamendurako arau partikularrak bete behar direla. Arau horiek Udal Planeko aldaketa batean daude jasorik, hain zuzen 12E/2018 Foru Arauak onetsi zuen aldaketan.

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak 2017ko apirilaren 24ko txostenean adierazi du jarduera baimentzen ahal dela, betiere “Pasada de la Veguilla” abelbidearen gaineko ukipenak minimizatzen badira, horren zati bat legar hobirako sarbide gisa erabiliko baita, eta horretarako baldintza hauek bete behar direla:

–Ustiapen fasean ezin izanen da bidea eragotzi altxonbidean.

–Ezin izanen da bide-zorua inola ere aldatu abelbidean dauden lurzatietako sarbidean, ez eta zortasun-eremuan ere (3 metro, abelbidean dauden lurzatien kanpo-ertzetik neurtuta, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluak, jarduera debekatuei eta bateraezinei buruzkoak, ezartzen duenez). Kontuan izanik adarrek legez 30 metroko gehieneko zabalera dutela eta antzeko kasuetan, pareko ingurumen eraginarekin, komeni dela 15 metro gutxienez erabiltzea.

–Enpresa eskatzaileak, aprobetxamendua amaitu ondoren, ukitutako eremuan egindako zelaiguneak lehengoratuko ditu altxonbideetan edo zortasun-eremuetan –ezpondak bereziki, bazter utzi gabe gainerako lur mugimenduak, jatorrizko bide-zoruen lehengoratze ahalik eta osoena, landareztatzea eta abar–, makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilarik eta obra-hondakindegirik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak txostenean adierazi du Nafarroako Gobernuak ez duela aurreikusten, ureztaketaren arloan, proiektuak uki dezakeen jarduketarik egitea, eta horrenbestez proiektuak ukipen moderatua sortuko duela egungo ureztalurretan eta Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Planean. Moderatutzat jo den ukipen hori arintzat katalogatuko da baldin eta lurzoruak nekazaritzarako duen gaitasunari eusten bazaio. Beraz, baimena ematekotan, baldintza honen pean emanen da: eskatzaileak hitzeman beharko du aurretiaz lurzoruaren azaleko geruza kenduko duela 40 cm-ko sakoneraraino, gutxienez, eta gerora lurra berriz ere laborantzarako erabiltzeko egokituko duela.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak adierazi du ez duela ikusi, funtsean, aurkeztutako proiektua onesteko arazo teknikorik. Hala ere, baliabideen zentzuzko aprobetxamenduaren ikuspuntutik, azpimarratu du udal-mugarte berean badirela lau ustiategi baliabide hori atera dezaketenak. Planteatu den betelan bidezko lehengoratzeari dagokionez, hau iradoki du: edo lehengoratze planak betelanerako materialen eskuragarritasuna berma dezala, edo, bestela, ezponda leunak eratuko dituen betelana egin dadila; esaterako, 3H:1V maldako ezponda 341 metroko kotatik 346 metroko kotaraino. Adierazi du, gainera, lehengoratzea fasez fase egin behar dela ustiapenarekin batera.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari dagokionez, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak adierazi du proiektuak eraginen duen trafiko gehikuntzari buruzko azterlana egin beharko dela eta emaitzen arabera aztertu eta baloratu beharko dela ea beharrezkoa ote den bidegurutzea hobetzea, istripuak ugaritu ez daitezen. Egokitze hori sustatzailearen kargura eginen litzateke. Zainketa Zerbitzuak adierazi du ez dagoela jarduerarako baimenaren beharrik 5/2007 Foru Legearen arabera, sarbidearen hobekuntza salbuetsita. Halaber, sarbideak zer ezaugarri izan behar dituen adierazi du, eta ohartarazi du sustatzaileak baimen-eskaera eta egin beharreko lanak zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu behar dizkiola Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2018ko maiatzaren 14an emandako txostenak dioenez, Udal Planaren arabera lurzatiak eta inguruneak nekazaritzako produktibitate handiko lurzoru urbanizaezinaren kategoria dute, eta honela daude homologatuta: gorde beharreko lurzoru urbanizaezina, natura aldetik ustiatzeko balioa duena. Horrelako lurrak babesteko araubidea Araudiaren 44. artikuluan dago. Legar eta hareak ateratzea kategoria horretan baimentzen ahal diren jardueretakoa da, Udal Planaren oraintsuko aldaketa batean ezarritako araubidearekin bat (2018-02-02ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Aldaketa horrek legar eta hareen erauzte jardueren funtzionamendurako arau partikularrak ezartzen ditu: ingurumen baldintzak, lehengoratze baldintzak, bermeak, ikuskapena eta kontrola. Horiek guztiak aurreikusi behar dira jarduketan. Txostenean azaltzen da, halaber, lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena izapidetzeko dokumentazioan zer eduki jaso behar diren, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2018ko maiatzaren 23an emandako irismeneko dokumentuan, jasotako erantzunak igortzen dira eta sustatzaileari adierazten zaio ezen ingurumen eraginaren azterketak 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta VI. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko duela, bereziki honako alderdi hauek:

–Aukeren azterketa, kokalekuari, diseinuari eta ustiapen metodoari dagokienez. Azterketa horretan aukerak hautatzeko erabilitako irizpideak ere azalduko dira.

–Ingurumen eraginaren azterketan kontuan hartu beharko dira instalazio-, ustiapen-, amaiera- eta uzte-faseen ondoriozko eraginak. Aztergaien artean, kontuan hartu beharko dira lurzoruaren, landarediaren, faunaren, paisaiaren, naturagune babestuen, abelbide eta intereseko gainerako bideen, arkeologia eta kultura ondarearen eta atmosferaren gaineko eraginak, klima aldaketaren gaineko eraginak eta eragin soziala.

–Erauzketa eremuaren muga argia eta zehatza eta legar hobiak eragiten dituen okupazio guztiena.

–Plano eta profil topografikoak erantsi beharko dira, eta horietan zehaztuko dira hasierako egoera, amaierako egoera, eta tarteko egoerak: legar hobiaren ustiapena eta lehengoratzea. Gainera, jarduerak eragin ditzakeen beste okupazio batzuen definizio grafiko zehatza aurkeztuko da; esaterako, materialak biltzeko guneena eta sarbideena.

–Erauzpenaren kota maila freatikotik metro bat gorago mantendu beharko da, eta gehienez 5 metroko sakoneraraino erauziko dira materialak.

–Lehengoratze planean fasekako kronograma, planoak eta aurrekontua jaso beharko dira.

–Erauzpenaren ondoren zuloa betetzeko erabili beharreko materialei dagokienez, kokagunearen ezaugarriak direla-eta, hondeaketako lur eta harri garbiak baizik ez direla onartuko adierazten da.

–Legar hobiari lotuta agregakinen garbitokia proiektatu da, eta horretarako ere neurri zuzentzaileak aurkeztu behar dira, batez ere hauts emisioari, zaratari eta solido esekiek ura kutsatzeari dagokienez. Dekantazio putzuak behar bezala definituta eta haien neurriak zehaztuta utzi behar dira proiektuan. Ura hartzeko putzurako eta isurgunerako baimena izapidetu behar da Ebroko Konfederazio Hidrografikoan.

–Proiektuak Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena behar du, aztarnategi arkeologikorik ez dela ukituko azalduz. Txosten hori ere erantsi behar da.

–Jarduera lizentzia izapidetzeari dagokionez, indarrean dago abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena. Beraz, 21/2013 Legeari jarraituz ingurumen eraginaren adierazpena izapidetzearekin batera, sustatzaileak jarduera lizentzia izapidetu beharko du Mendabiako Udalean 93/2006 Foru Dekretuari jarraituz.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Mendabiako 2. poligonoko 675. lurzatian legarra ateratzea proiektatu da. Ureztalurretako laborantza finka bat da, eta Ebro ibaiaren Kuaternarioko terraza batean dago.

Sarbidea asfaltozko pista bat da, NA-134tik irteten dena, 85 kilometro puntutik hurbil, NA-1120 errepidearekiko bidegurutzearen ondoan. Pista hori Pasada de la Veguilla abelbidean barrena doa, eta 370 bat metroko tartea erabiliko da lurzatirako sarbide gisa.

Lurzatiak guztira 53.237 m²-ko azalera du, eta inguruko itxitura eta sarrerako atea izanen ditu. Proiektuan 5 metroko babes zerrenda ezarri da, bideak, erretenak eta beste lurzati batzuk babesteko. Zerrenda horren gainean lur kordoi perimetrala kokatuko da. Horrenbestez, ustiapen eremuak 48.715 m² izanen ditu.

Agregakinak garbitzeko instalazioa ere jaso da proiektuan, lurzatiaren ipar-mendebaldean 5.000 m² inguru okupatuko dituena, barnean hartuta, garbitokiaz gainera, material metak, dekantazio putzuak, WC kimikoa eta sorgailua. Lurzatiaren ertz batean ureztaketako ubide bat dago eta handik hartuko da ura. Soberako ura prozesuan berrerabiliko da; aurretik dekantatu eginen da lau dekantazio putzutan. Putzu horiek hormigoizkoak izanen dira eta elkarrekin konektaturik egonen dira. Aldian behin lohiak atera eta ustiapenean egindako zuloa betetzeko erabiliko dira. Garbitokia kokatuko den aldea azken fasean ustiatuko da, lurzatiaren gainerakoa ustiatu eta garbitokia kendu ondoren.

Hauek dira garbiketa-instalazioaren osagaiak:

–Tobera jasotzailea, elikagailu dardarkariarekin.

–Materialak baheraino igotzen dituen uhala.

–Hiru sareko eta lau sekzioko bahea, garbiketa-dutxekin.

–Material xeheak garbitzeko noria.

–Material xeheak noriara isurtzeko hustubidea.

–Garbitutako material xeheak garraiatzeko uhala.

–Agregakinak garbitzeko erabilitako uraren hustubidea.

–Lohiak dekantatzeko putzuak.

–Garbitokirako ur ponpa.

Legar hobia ustiatu baino lehen landare-lurra kenduko da, 40 cm-ko geruza, gutxienez. Landare-lurra kendu eta gero, ustiapenean 5,6 metro sakontzen ahalko da gehienez ere, banku bakarrean, eta lurraren kota 347 m-tik 341 m-ra jaisten ahalko da. Lan-angelua, ustiapenean, 70º ingurukoa izanen da. Komatsu WA-250 motako pala kargatzailearekin erauziko da materiala.

Zenbatespenaren arabera, 263.597 m³ gordin aterako dira, eta errefusa % 19 izanen da. Beraz, bolumen garbia 213.514 m³ inguru izanen litzateke. Baheketan eta garbiketan kenduko diren materialek (buztin-lohiek) osatzen dute zenbatetsitako errefusa. Zenbatespenaren arabera, urtean 17.500 m³ inguruko ekoizpen gordina izanen da (14.175 m³-ko ekoizpen garbia). Horrenbestez, ustiategiak 16 urteko bizitza baliagarria izanen du.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterketaren
eta lehengoratze planaren laburpena

Ingurumen eraginaren azterketan ingurunearen inbentarioa egin da: geologia, klima, hidrogeologia, landaredia, fauna, lurzorua, lurzoruaren erabilerak, paisaia, arkeologia eta kultura ondarea, azpiegiturak eta ingurune soziodemografikoa.

Natura 2000 Sarean eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean proiektuak ez du ukipenik sortuko. Pasada de la Veguilla abelbidea legar hobirako sarbide gisa erabiliko da 370 bat metroko asfaltozko tartean. Tarte hori nekazaritza-bidea ere bada, eta 7 bat metroko zabalera du.

Proiektuaren eremuko ingurune hartzailea azterturik, IEAk analizatu eta baloratu egiten du proiektatutako ustiategiak bere eremuko ingurune fisikoan eta sozialean izanen duen eragina. Ondorio gisa, guztira 21 eragin identifikatzen dira. Horietatik, moderatutzat kalifikatzen dira lurraren morfologiaren gaineko eragina, lur azaleko jariatze-uren eta akuiferoko erreserbaren alterazioa eta paisaiaren kalitate galera. Lurzoruaren gaineko eragina larritzat jotzen da, eta gainerakoak bateragarritzat. Ez da eragin kritikoko ekintzarik identifikatzen proiektuan.

Ingurumen eraginaren azterketak beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko plana jasotzen ditu; horiek aurrera eraman beharko dira ebazpen honetan eskatzen denarekin batera.

Lehengoratze plana:

Lehengoratzearen xedea izanen da lurzatia berreskuratzea nekazaritzarako erabili ahal izateko. Egindako zuloa bete eginen da, eta ezpondak profilatu eginen dira malda leuntzeko. % 80ko betetze partziala planteatzen da, eta 3H:1V maldako ezponda leunak.

Guztira 12.175 m³ inguru material betegarri erabili beharko direla kalkulatu da: ustiategiko errefuseko materialak, garbitokiko lohiak eta hondeaketako lur eta harri garbiak.

Betelan hori 346ko kotaraino eginen da. Lurraren jatorrizko kota (347) baino metro bat beheragoraino. Zuloa betetakoan metro bateko altuerako ezponda perimetralak geratuko dira; horiek bete eta profilatu eginen dira, 70º-ko malda izatetik (ustiapeneko ezpondak) 18º-ko malda (3H:1V) izatera pasa daitezen.

Hurrenez hurreneko lau fase planifikatu dira, ustiapena eta aldi berean lehengoratze lanak egiteko. Laburrena laugarren fasea da (2 urte) garbitokiko instalazioak eta eranskinak kokatuko diren aldearen ustiapenari dagokiona, hain zuzen.

Lehengoratzeak barruan hartuko du, batetik, kendutako landare-lurra jartzea, eta bestetik, plataforma nagusian nekazaritza-erabilera berrezartzea. Belar-sastraken berezko kolonizazioak lehengoratuko ditu ezponda perimetralak.

Lehengoratze lanetarako 196.256 euroko aurrekontua aurkeztu da, guztira, faseetako bakoitzari zenbat dagokion adierazita. Lehen faserako kalkulatutako lehengoratze-aurrekontua 54.625 eurokoa da. Ustiapenari ekin baino lehen diru kopuru hori ematea nahikotzat jotzen da lehengoratzea gauzatuko dela bermatzeko, baldin eta hurrengo fasera igaro aurretik aurreko faseko lehengoratzea burutu dela justifikatzen bada.

Iragarkiaren kodea: F1912600