201. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

15E/2019 EBAZPENA, irailaren 5ekoa, Ingurumenaren zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Galarko udal-mugartean dagoen Comarca 2 industrialdea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaz. Sustatzaileak Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA eta Galarko Udala dira.

Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikaturako prozedurari hasierako emateko, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren bidez (Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala), aurkeztu zuen Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalean, 2017ko abuztuaren 8an, Comarca 2 industrialdea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari dagokion dokumentazioa, espediente zenbaki hau duena: 0001-0005-2017-000031.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2.a artikuluan aurreikusitakoarekin bat, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute, plan horiek proiektuen etorkizuneko baimenerako esparrua ezartzen badute. 2017ko abuztuaren 30eko txosten batean adierazi ziren UPSaren aldaketan baloratu beharreko ingurumen alderdi nabarmenenak, hala nola, hondeaketako lurren kudeaketa eta ingurumen ondorioen azterketako neurri zuzentzaileen izaera loteslea. Ohar horiek jasota daude Nafarroako Gobernuak 2017ko irailaren 27an hartutako Erabakian (203. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 20koa); izan ere, erabaki horren bidez eman zitzaion hasiera espedientearen tramitazioari eta jendaurrean jarri zen epe batez, planak ukitutako udalei entzunaldia ematearekin batera.

Jasotako txosten sektorialen eta baietsitako alegazioen ondorioz, funtsezko aldaketak egin dira hasierako proposamenean, gehienbat industriarako eremu berriaren antolamenduari eta industrialdea handitzeko eremuaren definizioari dagokienez; gauzak horrela, 2018ko ekainaren 27ko Erabakiaren bidez (2018ko 142. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 24koa), hasiera eman zitzaion jendaurrean egoteko eta entzunaldia emateko bigarren aldiari.

Tramitazioan dagoen espedientearen xedea da Comarca 2 industrialdea handitzea eta erabilerak eta ustiapenak berrantolatzea, gaur egun bertan instalaturik dauden jarduerak handitzea ahalbidetzeko eta Iruñerrian industriarako lurzoru antolatuaren eskariari erantzuteko.

Tramite substantiboarekin batera kontsultak egin dira ukitutako administrazio publikoetan, zehazki Abiazioaren Zuzendaritza Nagusian, Ebroko Konfederazio Hidrografikoan, Babes Zibilerako Zerbitzuan, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, Herri Lan Zerbitzuan, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuan, Telekomunikazioetako Zuzendaritza Nagusian (Ekonomia eta Enpresa Ministerioa), Azpiegituren Idazkaritza Nagusian (Sustapen Ministerioa) eta Iruñerriko Mankomunitatean.

Ukitutako eremuan honakoak sartuta daude: lurzoru urbanizaezineko lurzatiak (10. poligonoko 841. lurzatia, 848.etik 851.era bitartekoak eta 906. lurzatia eta 3. poligonoko 108. lurzatia) eta hiri lurzatiak (10. poligonoko 915., 920., eta 1088. lurzatiak, 2. poligonoko 612. eta 610. lurzatiak, eta 3. poligonoko 156., 202., 211. eta 213. lurzatiak).

Industrialdea handitzeak industriarako lurzorua 7,5 hektarea handitzea dakar, egungo industrialdeak, hego-mendebaldean, mugakide dituen nekazaritzako lurrak erabiliz. Industrialdea handitzeko bi alternatiba aztertu ondoren, 2. alternatibaren alde egin da, lurraren okupazioa txikiagoa delako, egun dagoen sarbidea erabiltzeko aukera ematen duelako eta ez duelako proiektua baldintzatu dezakeen bestelako elementurik, azpiegitura elektrikoak egotea, kasu.

Industria eremuaren berrantolaketak erabilera aldaketak eraginen ditu P-17, P-12-2 eta P-16 lurzatietan, industrialdearen iparraldean, baita berdeguneak tokiz aldatzea eta lurzatien mugen geometrizazioa ere (15.4.4, 15.2.2, 15.4.1b, P 2.3, P 2.1). Industriarako lurzati bihurtuko diren berdeguneak berreskuratuko dira industrialdea handitzeko eremuaren inguruan dagoen sistema orokorrean-berdegunean eta 15.4.1 lurzatian.

Industriarako eremua, osotara, industriarako erabilera orokorra duen sektore bakarra izanen da, 882.103 m²-ko azalerarekin, eta hiru azpisektore izanen ditu, lurzoruaren sailkapenaren araberakoak: SS-1 (hiri-lurzoru finkatua), SS2 (hiri-lurzoru ez finkatua), SS-3 (lurzoru urbanizagarria). Eremuak hiri zerbitzu guztiak ditu eta ez da beharrezkoa bide berririk egitea.

Dokumentazio teknikoan sartuta dago ingurumen ondorioen azterketa edo ingurumen azterketa estrategikoa, zeinak ezartzen baitu exekuzio eta ustiapen faseetan ingurumen eraginak apalak direla, eta aurreikusten baititu prebentzio eta zuzenketa neurriak, bai eta Ingurumen Zaintzarako Plan bat ere.

Azterketan bi alternatiba jasotzen dira hondeaketa lurrak kudeatzeko, biak UPSaren esparruan bertan kokatuak. Nolanahi ere, 2017ko abuztuaren 30eko txostenean adierazitako ingurumen oharrak erantsi ondoren, 1. alternatiba ezetsi da, Barbataingo muinoetara lurrak eramatea proposatzen zuena alegia. Lur zerrenda hori berdegunea da, eta bat dator Comarca 2 industrialdearen hasierako urbanizazio lanetako hondakindegien eremua izandakoarekin; koniferak landatu ziren bertan, Comarca 2 UPSaren tramitazioan proposatutako neurri zuzentzailea betetzeko. Azkenean, hondeaketatik datozen lurrak 15.4.1 lurzatian kudeatzea erabaki da, hau da, 2. alternatiba hautatu da, eta soberakinak kudeatzaile baimendu baten esku uztea.

Ingurumen arloko gainerako baldintza guztiak araudian erantsi dira, eta hala, lotesleak direla bermatu da. Alde horretatik, SS2 eta SS3 azpisektoreen urbanizazio proiektuetan sartuko dira ingurumen azterketa estrategikoaren neurri zuzentzaileak, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketari buruzko azterketa, berdeguneak landareztatzeko eta paisaiara egokitzeko berariazko proiektu bat eta, 16. lurzatiaren kasuan, ikusmenerako amortiguazio-oztopo bat jartzea, landareez egina.

Errekazar edo Espartza erreka-zuloak definitzen du industrialdeko hego-ekialdeko muga eta urak Elortz ibaira isurtzen ditu industrialdeko ipar-ekialdeko muturrean. Comarca 2 industrialdearen urbanizazioarekin batera erreka-zuloaren bideratzea egin zen, lehen 1.520 metroen tartean. Egungo egoera, funtzionamendu hidraulikoa eta industrialdea handitzeak izanen duen eragina neurtzeko helburuz, dokumentazioari erantsi zaio “Espartza erreka-zuloaren azterketa hidraulikoa (5. eranskina)”. Kontuan hartu diren alderdietako bat da industrialdea handituta ere mantentzen dela jariatze-uren ebakuazioa egun dauden kolektoreen bidez, eta ez dela isurketarako gune berririk sortzen. Hortaz, ukipenei eta ureztaketei dagokienez, azterketaren ondorioa da erreka-zuloaren funtzionamendua egokia dela 100 eta 500 urteko itzulera-uholdeetarako, Elortz ibaiaren eragina aintzat hartu gabe. 500 urteko uholdeen kasuan Elortz ibaiaren eragina aztertzean, berriz, galiboa gainditzen da eta erreka-zuloak daukan gaitasunaren mugan dago. Horrenbestez, hau da ondorioa: Comarca 2 industrialdearen eta handitutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, mantentzen da urbanizaziorako gutxieneko kota, 427,30 metrokoa, PA-36tik sartzeko A bidearena, bai eta Espartza erreka-zulora egun doazen isurketa guneak ere.

Espedientean Arroaren Erakundeak 2019ko abuztuaren 1ean emandako aldeko txostena dago, jabari publiko hidraulikoaren babesaz eta ur korronteen erregimenaz.

“S1 separata, drainatze jasangarria” izeneko dokumentazioan ebaluatzen da drainatze jasangarrirako sistemak ezartzea bideragarria ote den. Industria eremua dagoeneko urbanizatuta dagoenez, lurzatiaren urbanizazioan berean drainatze jasangarrirako sistemak jartzeko baldintzak ezartzen dira, eta hala jaso da araudian, adieraziz lurzati bakoitzean ezartzen den jarduerak euri uren laminazio sistema bat inplementatu beharko duela, halako moduan non isurketaren emaria ez baita 76 l/sxHa baino handiagoa izanen.

Ingurumen azterketan hidrogeologiaren babeserako eta Espartza errekaren ezkerraldearen gaineko ukipena gutxitzeko jaso diren neurrien artean, bioingeniaritzako bi jarduketa proiektatu dira SS2 azpisektorean.

Alde horretatik esan beharra dago erreka-zuloaren dinamika ikusita, zantzu nabariak daudela ibilguaren ebakiduraz eta ezponden egonkortasun galeraz, esku-hartzerako aurreikusitako bi eremuez harago ere. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2018ko maiatzaren 23an egindako txostenean adierazten da komeni dela jarduketa horiek beste modu batera planteatzea, errekaren diagnostikoan oinarrituta lehengoratze neurriak proposatzeko, horien bidez higadura kontrolatu eta ur bazterrak oneratzearren.

Bestalde, lehentasunezkoa da erreka-zuloaren huste gaitasuna gutxienez mantendu eta zaintzea, uholdeak gertatuz gero ondoriorik izan ez dadin.

Zaratari dagokionez, Comarca 2 industrialdearen esparru osoa sartuta dago nagusiki industriako erabileretako sektore gisa, eta jasota araudiaren 20. artikuluan, O.9 planoan. Hortaz, aldeko txostena ematen zaio Iruñeko hiri aglomerazioko zarataren mapa estrategikoetan jasotako eremu akustikoen aldaketari.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikaturako prozedura egoki bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 13. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren departamentu egitura ezartzen duenak, ematen dizkidan eskumenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Galarko udal-mugartean dagoen Comarca 2 industrialdea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaz. Sustatzaileak Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA eta Galarko Udala dira. Ulertu da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik ingurumenaren gainean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean horretarako ezarritako irizpideekin bat, eta, horregatik, erabaki da ez dela egin behar haren gaineko ingurumen ebaluazio estrategiko arrunta.

2. Planean erreka-zuloa ingurumen aldetik lehengoratzeko berariazko proiektu bat jaso beharko da, kontuan hartuta, ustiapen fasean, haren huste gaitasuna mantendu eta zaindu beharra, prebentzio neurri gisa.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, NASUVINSAri eta Galarko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1911730