201. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

12E/2019 EBAZPENA, irailaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita ingurumen txosten estrategikoa honi buruz: “Iruñeko Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzailea. Maristak. XV. unitate integratua. ZOR jarduketa unitatea”. Anaia Maristen institutua da sustatzailea.

Bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2b) artikuluarekin, eta aplikatuz lege horren V. eranskinean horretarako ezarritako irizpideak, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua eginen zaie planen aldaketa txikiei.

Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko, Iruñeko Udalak, behin egiaztatuta dokumentazioak betetzen dituela bai legeria sektorialeko baldintzak bai Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, aurkeztu zuen, 2019ko maiatzaren 16an, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Iruñeko Udal Planaren aldaketa egituratzailea, 292 oinarrizko unitatekoa (XV. unitate integratuko ZOR-1 jarduketa unitatea, Santa María la Real-Maristen ikastetxea), 2. poligonoko 727. lurzatiari dagokiona. Iberiar Probintziako Anaia Maristen Institutuak sustatu du.

Aldaketa hasiera batean onetsi zuen Iruñeko Udalak, 2019ko maiatzaren 31n egindako osoko bilkuran, eta argitaratu zen 2019ko 123. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 26koan. Honako agiri hauek osatzen dute espedientearen dokumentazioa: hirigintza agiria, parte hartzeko prozesua, ingurumen agiri estrategikoa, genero eraginari buruzko txostena eta legeria aeronautikoarekiko egokitzapena, 2019ko apirilekoa.

Aldaketaren xedea da erabilera aldaketa 2. poligonoko 727. lurzatiaren eremuan; igaroko da egungo “Ikastetxe pribatuaren ekipamenduetarako” erabilera xehatutik “bizitegi-erabilera kolektiboa” izatera. Beste xedea da Victor Eusa eraikina 2. babes mailatik 3. babes mailara aldatzea babes mailaren katalogoan.

Azkeneko helburua da hirigintzako baldintza zehatzak ezartzea hezkuntza eremu hau bihur dadin bizitegi-eremu, behar den hiri-jarduketarako plan bereziaren bidez. Aldaketa horrek berekin dakar aldatzea Udal Planaren 29. artikulua, Zuzkidurei buruzkoa, eta 4. planoa (espazio libreen sistema orokorrak, maila bereziko zuzkidurak) eta 5. planoa (erabilera xehatuak).

Jarduketa eremua 2. poligonoko 727. lurzatira mugatzen da; hor dago Maristen ikastetxea, gaur egun erabiltzen ez dena, Sarrigurena eraman baita. Bigarren Zabalguneko hegoaldeko mugan dago ikastetxea, eta 6.014 metro koadroko azalera du. Hiri-jarduketarako plan berezi baten bidez garatuko da eremuaren antolamendu xehatua; nolanahi ere, espediente honetan neurri batean aurreratzen da zein izanen diren hiri-jarduketarako plan bereziaren proposamenak:

–Hirigintzako eraldaketa egiteko proiektua, sustatzen duena bizitegi-jarduketa bat; %70 izanen dira babes ofizialeko etxebizitzak. Etxebizitza libreetako bi eraikin berri eraikitzea, Galizia etorbideko fronte berria eratuko dutenak; merkataritzako erabilerak izanen dituzte beheko solairuan eta sotoan.

–Erabilera publiko bat eransten da, zuzkidura gisa, ikastetxeko espazio bereziak lagaz, 2.800 bat metro koadroko azalera, oraingo eraikinaren oin noblean eta erdisotoan daudenak.

–Lurpeko aparkalekua, 300 tokikoa.

Kokagune urbanoa da; hortaz, gauzatzen diren jarduketek ez dakarte lurzoru artifizialdua handitzea. Hala ere, bizitegi-erabilerak berekin dakar baliabideen kontsumoa handitzea eta hondakin gehiago sortzea. Zona urbano finkatua denez, bermaturik daude hornidurak (ur horniduraren sarea, saneamendu sare bereiztua –ur beltzak eta euri urak bereizita– eta hondakin urak husteko sarea) eta garraio kolektiboa; hortaz, ukipen ez-nabarmenak direla baloratu da.

Ukipen akustikoei dagokienez, eta abiapuntutzat harturik Iruñerriko hiri-aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoa, zeina baitagokio 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren hirugarren fasearen aplikazioari, ikusten da Galizia etorbideko frontea dela ukipen akustikoekiko tokirik sentsibleena, Zangoza kalearekin batera. Patioaren barneko aldera, Eusa eraikinaren bi hegalek –Tafalla eta Zangoza kaleetan zabaltzen dira– hesi efektua egiten dute barneko alderantz. Horrenbestez, konfort akustikoari dagokionez, hiri-jarduketarako plan berezian azkenik ezartzen diren bizitegi-eraikinetan bermatuko da betetzen direla 167/2007 Errege Dekretuaren II. eranskineko B taulan kalitate akustikoari buruz eskatzen diren helburu guztiak; taula hori aplikatu behar zaio etxebizitza, bizitegi, ospitale, hezkuntza edo kultur arloko erabileretarako eraikinen barreneko espazioari.

Bestalde, erabilera aldaketak berekin dakar aldatzea onetsitako eremu akustikoen mugak, hots, aldatzea Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 27ko 296E/2019 Ebazpenaren bidez onetsitakoak. Hala, igaroko da “Osasun, hezkuntza eta kultura eremu akustiko” izatetik “Bizitegi eremu” izatera; hortaz, zonifikazio berri hori jasoko da hiri-jarduketarako plan berezian.

Hiri-jarduketarako plan bereziak jasoko eta zehaztuko ditu ingurumen agiri estrategikoko (8. apartatua) neurri babesle eta zuzentzaileak. Diseinu urbanoan sartu nahirik genero ikuspegia, adinekoen ikuspegia eta espazio publikoak aldaketa klimatikora egokitzeko neurriak, urbanizazio eta eraikitze proiektuetan jasoko dira ingurumen jasangarrirako neurriak eta irizpideak: espazio publikoko azalera iragazgaitzak gutxituko dira eta zoru drainatzaileak lehenetsiko, sustatuko da berdeguneak izan daitezela eta tokiko baldintzetara egokitutako zuhaitzak, sortuko dutenak itzalak eta euriaren eta haizearen kontrako geriza (hala, hirietako bero-irla efektua gutxituko da), sartuko dira energia eta ura aurrezteko eta efizientziaz erabiltzeko sistemak, aparkalekuak ezarriko dira bizikletetarako eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuetarako, seguru aparkatzeko modukoak, argiztapen seguruko sistemak ere jarriko dira, etab.

Eraikinaren babes maila aldatzeari dagokionez, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren uztailaren 18ko txostenak determinazio partikular batzuk ezartzen ditu, katalogoko fitxan sartu beharrekoak, eta babes maila aldatzearen kontra egiten du.

Txostenean azaltzen da ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura eta aldeko txostena ematen, baldin hiri-jarduketarako plan berezian sartzen badira adierazitako neurriak eta irizpideak.

Kontuan harturik egoki bete dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta erabiliz eman zaizkidan eskumenak, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluaren bitartez (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala), Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bitartez (horren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura) eta abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuaren bitartez (horren bidez ezarri zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura).

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea honi buruz: “Iruñeko Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzailea. Maristak. XV. unitate integratua. ZOR jarduketa unitatea”. Anaia Maristen institutua da sustatzailea.

2. Aldaketa garatzeko tresnek (hiri-jarduketarako plan bereziak, eta eraikuntza eta urbanizazio proiektuak) behar diren irizpide eta neurriak izanen dituzte aldaketa klimatikora egokitzeko eta diseinu urbanoan sartzeko genero ikuspegia eta adinekoen ikuspegia: sustatzen dira zoruen iragazkortasuna eta berdeguneak eta zuhaitzak espazio publikoan, neurriak hartzen dira bizikletaz mugitzea bultzatzeko (aparkalekuak bizikletetarako eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuetarako), bai eta oinez ibiltzeko ere, bermatuz oinezkoen ibilbideen zabaleran ez dadila oztoporik izan, eta hartzen dira ingurumenarekiko jardunbide eta neurri egokiak efizientziaz erabil daitezen ura eta energia.

3. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Iruñeko Udalari eta Hirigintza Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1911733