20. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

53/2018 EBAZPENA, azaroaren 13koa, Komunikazioko eta Erakundeekiko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Iruña barrutiko ikus-entzunezko tokiko LTD komunikazio zerbitzuaren lizentziaren transmisioa. Egun Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea SAk du lizentzia, eta Nafar Ikusentzunezkoak SAri emanen zaio.

2018ko urriaren 16an, Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea SAk negozio juridikorako (lizentziaren transmisioa) eskaera egin zion bere enpresa-taldeko Nafar Ikusentzunezkoak SAri. Eskualdatzailea izanen da akziodun bakarra eta enpresa-taldearen antolaketaren hobekuntza argudiatu du. Transmisio honen xedea da Iruña barrutiko tokiko LTD lizentzia bat (zeina esleitu baitzen Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetarako kontseilariaren abuztuaren 28ko 48/2013 Foru Aginduz).

Negozio juridikoko eskaeran adierazten denez, proposamenaren arabera lizentzia eskualdatuko zaion sozietatea Iruñeko merkataritzako erregistroan erregistratua zegoen 2018ko uztailaren 27an, 60.200 euroko kapital soziala du, eta lehiaketa publikoan eskualdaitzaileak eskuratutako betebeharrak subrogatu eginen dira.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren, besteak beste: merkataritzako bi enpresen akzioen osaera eta kapital soziala; lizentziaren titular eskualdatzailearen eskubide eta betebeharren subrogazioa espresuki jasotzen duen konpromiso idatzia; eta eskatutako negozioaren eskritura publikoa eta agiri horren merkataritzako erregistroa.

Arau hauek aplikatu behar zaizkio eskaerari: Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 22. artikulua eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29. artikulua.

Ikus-entzunezkoen arloko oinarrizko araudiak bi urteko gabealdia eskatzen du, lizentzia ematen denetik, negozio juridikoak egiteko, eta epe hori amaitu da kasu honetan. Gainera, merkataritzako enpresa titularrak lizentzia eskuratutako 2013ko lehiaketa publikoren dokumentazioaren arabera, Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea SAk konpromiso idatzia aurkeztu zuen negozio juridiko honen xedeko lizentziak hirugarren bati ez eskualdatzeko eta ez alokatzeko 13 urteko epe gehigarrian, hau da, lizentziaren aldi osoan.

Dena den, kasu honetan ez dago hirugarrenekin egindako negozio juridikorik, emandako dokumentaziotik ondorioztatzen baita eskatzen den negozio juridikoa sozietate-talde beraren berrantolaketari dagokiola. Horrenbestez, aurreko paragrafoan aipatutako 13 urteko epe gehigarria ez da kontuan hartu behar.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruña barrutiko ikus-entzunezko tokiko LTD komunikazio zerbitzurako lizentziaren titulartasunaren eskualdatzea baimentzea. Egun Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea SAk du lizentzia, eta Nafar Ikusentzunezkoak SAri emanen zaio.

2. Baimen honek berekin dakar Nafar Ikusentzunezkoak SA subrogatzea, lizentziaren aurreko titularraren (Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea SA) eskubide eta betebeharrei dagokienez.

3. Negozio juridikoaren baimena jakinarazten den egunetik hilabeteko epea ezartzea, alderdiek erregistro elektroniko orokor bidez Komunikazio Zerbitzuari aurkezteko baimendutako akordioa behar bezala erregistratua eta sinatua.

4. Behin baimendutako akordioa erregistratuta, Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen emaileen erregistroan ofizioz eginen da aldaketa, eta ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko da, irmo bihurtu ondoren.

5. Baimena jakinarazten denetik hilabeteko epea ezartzea 3.000 euroko tasa ordaintzeko, eskatutako negoziorako, hala baitagokio 50.000 biztanletik gorako hiriguneei dagokien tokiko LTD lizentziari, indarreko abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legearekin bat (23/2010 Foru Legea, abenduaren 28koa, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoa; hartan jaso ziren ikus-entzunezko komunikazioaren arloan ematen diren administrazio zerbitzuen tasak).

6. Ebazpen hau Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea SAri eta Nafar Ikusentzunezkoak SAri jakinaraztea, eta igortzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiko Komunikazio Zerbitzuari, Nafarroako Telekomunikazioen Ikuskapenerako Probintziako Burutzari eta Estatuko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen emaileen Erregistroari.

7. Ebazpen honen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, honako hauei jarraituz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikulua eta hurrengoak.

Iruñean, 2018ko azaroaren 13an.–Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Pello Pellejero Goñi.

Iragarkiaren kodea: F1815224