20. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

163/2018 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana. Honen bidez ezartzen da Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileek aldi baterako ezintasuneko zer kasutan, salbuespenez, jaso dezaketen ordura arteko beren ordainsarien ehuneko ehun.

Justizia Administrazioaren Arloko Aurrekontu-eraginkortasuneko Neurriei buruzko abenduaren 27ko 8/2012 Lege Organikoak beste idazketa bat eman zion uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 504.5 artikuluaren zazpigarren paragrafoari (6/1985 Lege Organikoa, uztailaren 1ekoa, Botere Judizialari buruzkoa). Idazketa berriaren bidez aldatzen dira aldi baterako ezintasun egoeran dauden Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidegoetako funtzionarioen ordainsariak, uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuari egokitzeko (20/2012 Errege Lege Dekretua, uztailaren 13koa, Aurrekontu-egonkortasuna Bermatzeko eta Lehiakortasuna Bultzatzeko Neurriei buruzkoa).

Aipatutako 8/2012 Lege Organikoaren seigarren xedapen iragankorrak 504.5 artikuluaren zazpigarren paragrafoaren indarra hartzea geroratu zuen, harik eta organo eskudunak ezartzen zuen arte zer kasutan, salbuespenez eta behar bezala justifikaturik, ezar zitekeen osagarri bat, ordura arteko ordainsarien gehienez ere ehuneko ehun jasotzeko, betiere gehienez ere sei hilabetez. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren uztailaren 5eko 169/2013 Foru Aginduaren bidez gauzatu zen hori Nafarroako Foru Komunitatean.

2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legeak, berrogeita hamalaugarren xedapen gehigarrian, arau-esparru berri bat ezarri du administrazio publikoen zerbitzuko langileen aldi baterako ezintasunen araubiderako. Horrela, une horretara arte zeuden murrizketak kendu ditu, eta baimena eman du administrazio bakoitzak zehatz dezan, negoziazio kolektiboa egin ondoren, bere zerbitzuko langileek zein bere erakundeetako eta mendeko entitate publikoetako langileek zer ordainsari jaso behar duten aldi baterako ezintasunak irauten duen bitartean.

Xedapen gehigarri horren Bost atalak ezartzen du Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileei aplikatuko zaiela, besteak beste, xedapen horretan bertan ezarritakoa.

Horrez gain, horren Sei atalak adierazten du, Estatuko Administrazioari dagokionez, Ministroen Kontseiluaren dekretu baten bidez onetsiko dela xedapen horren Bat eta Bi atalek aipatzen duten erregulazioa. Eta horixe onetsi da uztailaren 27ko 956/2018 Errege Dekretuaren bidez; izan ere, errege dekretu horrek onetsi eta argitaratu du Estatuko Administrazio Orokorraren Negoziazio Mahai Orokorrak 2018ko uztailaren 23an hartutako Erabakia, Nafarroako Justizia Administrazioaren eta bere erakundeen edo mendeko entitate publikoen zerbitzuko langileek aldi baterako ezintasunean daudenean jaso beharreko ordainsarien araubideari buruzkoa dena.

Justizia Administrazioaren eremuan, xedapen gehigarri hori ohiz kanpoko kasutzat jotzen da, ez baitago Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 504.5 artikuluan aurreikusten direnen artean.

Horren ondorioz, beharrezkoa da ordainsarien araubidea egokitzea, ordura arteko ordainsarien ehuneko ehun har dezan 6/1985 Lege Organikoaren 470. artikuluan aipatzen diren Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuetan. Egokitzapen hori Justizia Ministerioak kudeatzen duen lurralde-eremuan gauzatu da honako honen bidez: “Ebazpena, 2018ko azaroaren 6koa, Justizia Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak emana, Justizia Ministerioak kudeatutako lurralde-eremuan Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileek kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran jaso ditzaketen ordainsariei buruzkoa” (2018ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 14koan). Beraz, beharrezkoa da araubide hori 6/1985 Lege Organikoaren 470. artikuluan aipatzen diren Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioei ere egokitzea, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan lan egiten dutenei, hain zuzen.

Horrenbestez, Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak ordezkatzen dituzten erakunde sindikalekin negoziatu ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten ditu) esleitzen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Xedea eta aplikazio-eremua.

Foru agindu honen xedea da ezartzea Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidegoetako funtzionarioek kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasuneko zer kasutan, salbuespenez, jaso dezaketen ordura arteko beren ordainsarien ehuneko ehun, lege organiko horren 504.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Salbuespenezko kasuak.

2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen berrogeita hamalaugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera, eta foru agindu honen lehen atalean ezarritako ondorioetarako, salbuespenezkotzat eta behar bezala justifikatutzat joko dira kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasun egoera guztiak.

3. Arauak indargabetzea.

Indargabetuta gelditzen da Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak uztailaren 5ean emandako 169/2013 Foru Agindua, zeinaren bidez ezarri baitzen Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidegoetako langile funtzionarioek aldi baterako ezintasuneko zer kasutan, salbuespenez, jaso zezaketen ordura arteko beren ordainsarien ehuneko ehun.

4. Ondorioak.

Foru agindu honek 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak.

5. Argitaratzea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

Iruñean, 2018ko abenduaren 31n.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1900473