20. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

409E/2018 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz aldatzen baita Funesko udal-mugartean dagoen eta Ultracongelados Virto SA enpresaren jabetzakoa den produktu begetalak fabrikatzeko instalazioaren ingurumen baimen integratua.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak eman abuztuaren 9ko 624/2013 Ebazpenaren bidez, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 14ko 149E/2014 Ebazpenaren bidez aldatua.

Azken urteetan ingurumen arau berriak jarri dira indarrean, izaera sektorialekoak, eta horietako batzuek aztergai dugun instalazioari eragiten diote, adibidez, abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretuak. Errege Dekretu hori errekuntza instalazio ertainetatik atmosferara zenbait agente kutsatzaileren isurketa mugatzeari buruzkoa da, eta azaroaren 15eko 34/2007 Legeak, Airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzkoak, IV. eranskinean ezarritakoa eguneratzen du.

Martxan jarri zenetik ikusi da egunean isuritako emariak eta astebetekoetatik ateratako eguneko batez bestekoak mugak gainditzen dituztela, bai eta izozte-prozesurako berariazko emariak ere. Gainera, azken urteetan nabarmenago egin dira gainditzeak. Egunean isurtzen den emariak mugak gaintzearen arrazoia da instalazioan fabrikatzen diren produktuen kopuruak gora egin duela; izan ere, produktuz aldatzen den bakoitzean lerroetan garbiketa egin behar da eta, elikagaien segurtasunarekin zerikusia duten arrazoiak direla eta, uren birzirkulatzea murriztu egin behar da plantan.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Funesko udal mugapean produktu begetal izoztuak fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua eman, eguneratu eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Ultracongelados Virto SA da.

Bigarrena.–Bere horretan mantentzea instalazioari eman zitzaion ingurumen baimen integratuan hondakinen produkzioari eta kudeaketari buruz agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dioten heinean. Instalazioaren Ingurumen baimen integratu hori eman zen Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 9ko 624/2013 Ebazpenaren bidez eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 14ko 149E/2014 Ebazpenaren bidez.

Hirugarrena.–Hondakin urak Udalaren biltzaile sarean isurtzeko baimena eguneratzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen dira zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Ultracongelados Virto SAri eta Funesko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko abenduaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1815635