20. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

624/2018 EBAZPENA, abenduaren 4koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe jakin batzuei baimena ematen diena hizkuntzak irakats ditzaten Bigarren Hezkuntzako Atzerriko Hizkuntzen eta Euskal Hizkuntza eta Literaturaren curriculumak Hizkuntzen Urrutiko Irakaskuntza Ofizialaren curriculumekin bateratuz, betiere, NUHEO-Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren koordinaziopean.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Bigarren Hezkuntzako ikastetxe jakin batzuei baimena eman dakien hizkuntzak irakats ditzaten Bigarren Hezkuntzako Atzerriko Hizkuntzen eta Euskal Hizkuntza eta Literaturaren curriculumak Hizkuntzen Urrutiko Irakaskuntza Ofizialaren curriculumekin bateratuz, NUHEO-Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren koordinaziopean.

Kontuan harturik abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretua, zeinaren bidez oinarrizko mailaren, tarteko mailaren eta maila aurreratuaren curriculumak ezarri baitziren Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoko araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzetarako (2/2006 Lege hori Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldatu da).

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Baimena ematea Burlatako “Ibaialde” Bigarren Hezkuntzako Institutuari, 2018-2019 ikasturtetik aurrera, Atzerriko Hizkuntzen curriculumak irakats ditzan hizkuntzen urrutiko irakaskuntzaren curriculumekin bateratuz, alemanez, NUHEOrekiko lankidetza programaren arabera.

2. Ebazpen honen 1. puntuan aipatu den Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak baimena izanen du, beraz, dagozkien hizkuntzak irakasteko Bigarren Hezkuntzako Atzerriko Hizkuntzen eta Euskal Hizkuntza eta Literaturaren curriculumak hizkuntzen urrutiko irakaskuntza ofizialekoekin bateratuz, NUHEOk koordinaturik, betiere, NUHEOren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideetan ikasturte bakoitzerako onesten diren arauetan finkatzen den mailaketaren arabera.

3. Baimendu diren Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleak borondatez sartuko dira programan, eta matrikula egin beharko dute bai Bigarren Hezkuntzako ikastetxean, bai NUHEOn ere. Hortaz, ikasle horien ebaluazioa desberdina izanen da ikasketen balio akademikoaren arabera: alde batetik, Atzerriko Hizkuntza eta/edo Euskal Hizkuntza eta Literatura gainditzea Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzan, bere ebaluazio prozesua izanen duena, eta beste aldetik, hala badagokio, NUHEOren agiria lortzea, dagokion hizkuntzan.

4. Programa honetan hasten diren ikasleei ikastetxeek bermatuko diete bertan segituko dutela, harik eta Hizkuntzen Irakaskuntza Espezializatuen ikasketak burutu arte, gai horri buruz indarra duen araudia kontuan harturik.

5. Hezkuntza Departamentuak bukatutzat eman dezake ebazpen honen 1. puntuan aipatzen den baimena, honako kasu hauetan:

–Ikastetxeak arrazoibidez eskatuz gero. Horretarako, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eta NUHEOren txostenak beharko dira.

–Baimena bukatutzat emateko moduko gorabeherak gertatuz gero. Horretarako, NUHEOk egindako ebaluazioa hartuko da kontuan.

6. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta ukitutako ikastetxera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko abenduaren 4an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

Iragarkiaren kodea: F1815019