199. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

14E/2019 EBAZPENA, irailaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita ingurumen txosten estrategikoa honi buruz: Berriozarko Arau Subsidiarioetako aldaketa, R1 unitateko 5. lurzatiko hiri-jarduketarako plan bereziari dagokionez. Hotel Maitena SL da sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikaturako prozedurari hasiera eman nahian, Berriozarko Udalak, 2019/06/24an, hiri-jarduketarako plan berezia aurkeztu dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, Berriozarko Arau Subsidiarioetako R1 unitateko 5. lurzatiari dagokionez. Hotel Maitena SL da sustatzailea.

Hiri-jarduketarako plan bereziaren xedea da 18. poligonoko 998. lurzatiaren erabilera aldatzea, hirugarren sektoreko aldi baterako bizitegia gabe bizitegia izan dadin, eta erabilera berriak eta inguruko espazio publikoak hirigintza aldetik izanen dituzten ezaugarriak ezartzea. Lurzoruak hiri lurzoru finkatuaren sailkapena gordetzen du, eta hiri-jarduketarako plan bereziak ez dio sistema orokor bakar bati ere eragiten.

Jarduketa eremuak 1.842 m²-ko azalera du, eta muga hauek: iparraldean, lurzati eraikigarriak (P4A eta P4B) eta Galzapalea kalea; hegoaldean, Gipuzkoako etorbidea; ekialdean, Berriozarko etorbidea, eta mendebaldean, R1, R2 eta R3 unitateen urbanizazioaren ondoriozko plaza. Gaur egun lurzatian hotel baten eraikina dago (BS + 2); antolamendutik kanpo gelditu da eta eraitsi eginen da.

Hiri-jarduketarako plan bereziaren proposamenak, ondoko gasolina-zerbitzugunearen lekualdatzearekin batera, eremuaren birmoldaketa dakar berekin, espazio publiko berria sortuz, herriaren barnean kokaleku estrategikoa duena, irekia eta gardena, eta posible egiten duena etxebizitzetara sartzeko nahiz karriken artean joan-etorriak egiteko oinezkoen ibilbideak ugariak eta oztoporik edo alderdi morturik gabeak izatea.

Hiri-jarduketarako plan bereziak gehieneko lerrokadurak eta gehieneko garaiera markatzen ditu, baita eraikigarritasuna ere, bolumena S + BS + 5 + atikoa izanen baita, inguruko eraikinekin bat. Lurzatiaren gainerakoa espazio libreetarako izanen da, plaza bat osaturik eta, azpian, lurpeko garajea. Beraz, ez dago aurreikusirik lur gaineko aparkalekurik.

Mugikortasunari dagokionez, proiektua gauzatzeko hobekuntza proposamenen artean, gomendio hauek egiten dira:

–Genero ikuspegitik aztertzea garapen-eremu berrira ailegatzeko oinezkoendako ibilbideak, bereziki argiztapenari dagokionez, sumatutako arriskugarritasuna apaldu beharrez.

–Garapen-eremu berriari loturik, bizikletendako aparkalekuak paratzea espazio publikoan. Haien segurtasuna bereziki zaindu behar denez, toki agerietan kokatuko dira, gauaz behar bezala argiztatuetan eta oinezkoendako ibilbide nagusietatik hurbil.

Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura nola bete den aztertuta, aldeko txostena eman da, baldintza batzuk ezarrita. Hiri-jarduketarako plan bereziaren ezaugarriak ikusirik eta jarduketa eremua azterturik, ondorioztatu da ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Bai adinekoen ikuspegia bai espazio publikoak klima aldaketara egokitzeko neurriak hiri diseinuan txertatu nahirik, hiri-jarduketarako plan berezia garatzeko proiektuek (urbanizaziokoak nahiz eta eraikuntzakoak) ingurumeneko jasangarritasunerako neurriak eta irizpideak izanen dituzte beren baitan.

Kontuan harturik ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozedura egoki bete dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa egiten da honi buruz: hiri-jarduketarako plan berezia, Berriozarko R1 unitateko 5. lurzatiari dagokionez. Hotel Maitena SL da sustatzailea.

2. Hiri-jarduketarako plan berezia garatzeko proiektuek beren baitan izanen dituzte klima aldaketara egokitzeko neurriak eta irizpideak (“hirietako berogune” efektua apaltzeko) eta genero ikuspegia eta adinekoen ikuspegia txertatuko dute hiri diseinuari dagokionez (http://www.navarra.es/home_es/Temas/Territorio/Urbanismo/):

–Espazio publikoko azalera iragazgaitzak gutxitzea, zoru drainatzaileak lehenetsiz, eta berdeguneak eta bertako baldintzetara egokitutako arbolak sustatuz, itzala eta euriaren eta haizearen kontrako geriza sortzeko.

–Hiri-jarduketarako plan berezia ingurune eraikian txertatzea, Gipuzkoako etorbideko eta Berriozarko etorbideko arbolei jarraipena emanez eta oinezkoendako ibilbideen zabalera bermatuz joan-etorriak trabatu gabe.

–Mugikortasuna: espazio publikoan bizikletendako aparkalekuak paratzea, eta horiek segurtasun baldintzak betetzea.

–Bizitegietarako eraikinetan ingurumen arloko neurriak eta jardunbide egokiak abiaraztea, efizientzia lortu nahirik uraren erabileran eta energiaren gastuan.

3. Antolamendutik kanpo dagoen eraikina eraistean EEHen kudeaketa zuzena bermatuko da.

4. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

5. Ebazpen hau Berriozarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1911735