199. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

118/2019 FORU AGINDUA, urriaren 2koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, hautagaitzak aurkezteko epea eta, beharrezko izatekotan, bozketa eguna ezartzen dituena Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko bokal batzuk izendatzeko proposamenerako.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua arautzen duen ekainaren 18ko 50/2007 Foru Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, profesionalen elkargoen ordezkariak gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularrak izendatuko ditu, elkargoek proposatuta estatutuetan ezarritakoaren arabera. Proposamena egiteko xedez, gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuak epe bat jarriko du hautagaitzak aurkezteko. Epea bukatuta hiru hautagai besterik ez badira aurkeztu, zuzenean izendatuko dira. Hiru hautagai baino gehiago badaude, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak eguna eta ordua jarriko ditu haien artetik hautatzeko, gehienez ere hiru aldiz. Aukera hori agortu ondoren, baita epean hautagaitza nahikorik aurkezten ez bada ere, gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuko titularrak berak izendatuko ditu ordezkariak, izendatuek onartu ondoren.

Orobat, gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateak ordezkatzeko bokal bana izendatuko da ondoko esku-hartze eremu bakoitzetik: familia, adingabeak, desgaitasuna, hirugarren adina, immigrazioa eta gizarte bazterketa. Gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateetako ordezkariak gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularrak izendatuko ditu, entitateek proposatuta. Proposamena egiteko xedez, gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuak epe bat jarriko du hautagaitzak eremuka aurkezteko. Epea bukatuta hautagai bakarra besterik ez bada aurkeztu, zuzenean izendatuko da. Hautagai bat baino gehiago badaude, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak eguna eta ordua jarriko ditu haien artetik hautatzeko, gehienez ere hiru aldiz. Aukera hori agortu ondoren, baita epean hautagairik aurkezten ez bada ere, gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuko titularrak berak izendatuko du ordezkaria, izendatuak onartu ondoren.

Foru dekretu horren 10. artikuluan ezarritako gehieneko epea, 4 urtekoa, agortzear dago profesionalen elkargoak eta gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateak ordezkatzen dituzten bokalen kasuan; beraz, epe bat ezarri behar da hautagaitzak aurkezteko, eta, beharrezko izatekotan, bozketa egun bat, ordezkari horiek izendatzeko proposamenerako.

Horrenbestez, ekainaren 18ko 50/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Hautagaitzak aurkezteko epea, bozketa eguna (beharrezko izatekotan) eta bokalak izendatzeko arauak onestea, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluan gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateak eta gizarte zerbitzuen arloko profesionalen elkargoak ordezkatzeko, foru agindu honen eranskinari jarraikiz.

2. Foru agindu hau Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urriaren 2an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA

1. artikulua. Nafarroako lanbide elkargoak ordezkatzeko bokalen izendapen prozedura.

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua arautzen duen foru dekretuaren 5.3.g) artikuluak ezartzen du 3 bokal izendatuko direla, Nafarroako hurrengo lanbide elkargoetako baten ordezkari: gizarte lana eta gizarte laguntzaileak, psikologoak, sendagileak, erizaintza eta erizaintzako unibertsitate diplomadunak, terapeuta okupazionalak, fisioterapeutak, soziologoak, lan-harremanetako gradudunak, gizarte hezitzaileak, abokatuak eta ekonomialariak.

2. Eskubide Sozialetako kontseilariak izendatuko ditu ordezkariak, aipatu lanbide elkargoetako batek proposatuta estatutuetan ezarritakoaren arabera.

3. 15 egun balioduneko epea izanen dute Nafarroako lanbide elkargo horiek hautagaitzak aurkezteko, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hautagaitzak idatziz aurkeztu beharko dira, eskabidea Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira zuzenduta, eta, ahal dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan administrazio publikoei zuzendutako eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

Idazkian, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko bokal izateko hautagaiaren izen-deiturak aipatuko dira, baita ordezkoaren izen-deiturak ere, eta Nafarroako zein lanbide elkargoren ordezkari den adieraziko da.

4. Ezarritako epea iraganik soilik 3 hautagaitza aurkezten badira, Eskubide Sozialetako kontseilariak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko bokal izendatuko ditu.

Aipatu epea iraganik hautagaitza nahikorik aurkezten ez bada, Eskubide Sozialetako kontseilariak libreki izendatuko ditu hiru bokalera iristeko behar diren ordezkariak, izendatuek onartu ondoren.

Hiru hautagaitza baino gehiago aurkeztu izatera, bozketan aukeratuko dira aurkeztutako hautagaien artean, artikulu honen 6. apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiz.

5. Bozketa egitea beharrezkoa ez bada, behar diren hautagaitzak aurkeztu ez direlako edo soilik 3 aurkeztu direlako, departamentuaren webgunean (www.nafarroa.eus) emanen da horren berri. Bozketa egitea beharrezkoa bada, aipatu webgunean iragarriko da zein hautagai aurkeztu diren, eta zein lanbide elkargok proposatu dituen.

6. Bozketa, beharrezko izatekotan, 2019ko azaroaren 4an, astelehenarekin, eginen da, 9:00etan, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egoitzan (González Tablas kalea 7, 31005 Iruña), Idazkaritza Tekniko Nagusiaren bulegoetan.

Bozketan aurkeztutako hautagaiak identifikatuko dira, baita zein lanbide elkargok proposatu dituen ere.

Bozketaren ondorioetarako, artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren Nafarroako lanbide elkargoetako bakoitzak boto bat izanen du. Eskubidea elkargoaren ordezkaritza duenak edo elkargoak berak izendatzen duenak gauzatuko du.

Bozketan hautesle bakoitzak nortasun agiri nazionala erakutsi beharko du, baita elkargoa ordezkatzea ahalbidetzen dion titulua ere.

Boto gehien lortzen dutenak izanen dira hautatuak. Berdinketarik izanez gero, zozketa eginen da.

Deialdia egin eta bozketa gauzatu ez bada, Eskubide Sozialetako kontseilariak libreki izendatuko ditu ordezkariak, haiek onartu ondoren.

2. artikulua. Gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateak ordezkatzeko bokalen izendapen prozedura.

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua arautzen duen foru dekretuaren 5.3.j) artikuluak gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateak ordezkatzeko bokal bana izendatuko dela ezartzen du, ondoko esku-hartze eremu bakoitzetik: familia, adingabeak, desgaitasuna, hirugarren adina, immigrazioa eta gizarte bazterketa.

2. Gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularrak izendatuko ditu ordezkariak, entitateek proposatuta.

3. Gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitate horiek hautagaitzak aurkez ditzaten, 15 egun balioduneko epea egonen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hautagaitzak idatziz aurkeztu beharko dira, eskabidea Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira zuzenduta, eta, ahal dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 16.4 artikuluan administrazio publikoei zuzendutako eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

Idazkian, berariaz adierazi beharko dira Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko bokal izateko hautagaiaren izen-deiturak, baita ordezkoaren izen-deiturak ere; orobat, zer entitate ordezkatzen duen aipatu beharko da eta artikulu honen 1. apartatuan adierazitakoetatik zein esku-hartze eremutan aurkezten den.

4. Ezarritako epea iraganik, 1. apartatuan aipatzen diren esku-hartze eremu bakoitzetik hautagaitza bakarra aurkezten bada, Eskubide Sozialetako kontseilariak zuzenean izendatuko du.

Aipatu epea iraganik, esku-hartze eremuetako batean hautagaitzarik aurkezten ez bada, Eskubide Sozialetako kontseilariak libreki izendatuko du ordezkaria, izendatuak onartu ondoren.

Esku-hartze eremuetako batean hautagaitza bat baino gehiago aurkezten badira, bozketa eginen da aurkeztatutako hautagaien artean aukeratzeko, artikulu honen 6. apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiz.

5. Eremuetako batean bozketa egitea beharrezkoa ez bada, hautagaitza bakarrik ere aurkeztu ez delako, edo soilik bakarra aurkeztu delako, departamentuaren webgunean emanen da horren berri. Gainera, webgune horretan honako hauek iragarriko dira: zein esku-hartze eremutan egin behar den bozketa, zein hautagai aurkeztu diren eta zein entitatek proposatu dituen; bestetik, zein entitateri egiten zaien dei esku-hartze eremu bakoitzean bozka dezaten.

6. Esku-hartze eremu bakoitzean, bozketa, beharrezko izatekotan, 2019ko azaroaren 4an, astelehenarekin, eginen da, 9:00etan, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egoitzan (González Tablas kalea 7, 31005 Iruña), Idazkaritza Tekniko Nagusiaren bulegoetan.

Aurkeztutako hautagaiak bozketan identifikatuko dira, baita zein entitatek proposatu dituen eta esku-hartze eremua ere.

Bozketaren ondorioetarako, esku-hartze eremuetako entitate bakoitzak boto bat izanen du. Entitatearen ordezkaritza duenak edo entitateak berak izendatuak gauzatuko du eskubide hori.

Bozketan hautesle bakoitzak nortasun agiri nazionala erakutsi beharko du, baita entitatea ordezkatzea ahalbidetzen dion titulua ere.

Esku-hartze eremuan emandako botoetatik, zein entitateko hautagaiak ateratzen dituen boto gehien, hura aukeratuko da. Berdinketarik izanez gero, zozketa eginen da.

Deialdia egin eta bozketa gauzatu ez bada, Eskubide Sozialetako kontseilariak libreki izendatuko ditu ordezkariak, haiek onartu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F1912766