197. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

269E/2019 EBAZPENA, irailaren 5ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Urdiaingo udal-mugartean altzairu berezien galdategiaren instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzen duena. Jardueraren titularra Magotteaux Navarra SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 26ko 0668/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 22ko 217E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 13ko 243E/2019 Ebazpenaren bidez aldatua.

2019ko maiatzaren 10ean, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, galdaketa-piezak ekoizteko erabiltzen diren zurezko modeloak fabrikatzeko nabe berri bat ezartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2019ko maiatzaren 15ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” zen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta horregatik ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berririk ematea. Baina aldaketa “nabarmena” ere bazela zioen irizpenak, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baitzituen instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan; hortaz, aldaketa horiek ingurumen baimen integratuan jaso behar direnez, hura aldatu beharra dago.

2019ko ekainaren 17an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hau da, galdaketa-piezak ekoizteko erabiltzen diren zurezko modeloak fabrikatzeko nabe berri bat ezartzeko.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Urdiaingo udal-mugartean altzairu berezien galdategiaren instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzea, galdaketa-piezak ekoizteko erabiltzen diren zurezko modeloak fabrikatzeko nabe berri bat ezartzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Magotteaux Navarra SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Magotteaux Navarra SAra, Urdiaingo Udalera eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 5ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1911617