197. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11E/2019 EBAZPENA, irailaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Espartza Zaraitzuko Telekomunikazio Zentroan zuntz optikoaren bidezko interkonexiorako proiekturako”, Espartza Zaraitzuko udal-mugartean. Sustatzailea Nasertic da.

2019ko ekainaren 29an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektaturiko jarduketaren helburua da aireko hoditeria eta hornidura jartzea, Ezkaroze/Espartza Zaraitzutik zuntz optikoaren bidezko interkonexioa ahalbidetzeko trazaduraren ibilbide bukaerako D motako kutxatilatik Espartza Zaraitzuko Telekomunikazio Zentroraino. Horretarako, aurreikusi da lur azpiko hoditeria tarte batzuk jartzea, hondoko hormigoiztatzea eta hodi bat (PVC 125 mm-ko diametrokoa) izanen dituen zanga baten bidez (30 x 60 cm), igarotzen den lekuaren arabera estalia, eta kablea pasatzeko hiru kutxatila jartzea trazadura osoan. Hoditeria hirigunean zehar doa. Transformazio zentrora iritsi ondoren, trazadurak airetik jarraitzen du behe tentsioko linea elektrikoaren euskarrietatik Telekomunikazio Zentroraino.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak eta Espartza Zaraitzuko Udalak emandako txostenak jasotzen dira espedientean. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Espartza Zaraitzuko Telekomunikazio Zentroan zuntz optikoaren bidezko interkonexiorako proiekturako”, Espartza Zaraitzuko udal-mugartean. Sustatzailea Nasertic da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Hoditeria jartzearen eta kablea ezartzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

–Hirigintza arlokoak:

  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Espartza Zaraitzuko Udalari, Basozaintzari (Erronkari-Zaraitzu barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1911622