197. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3057/2019 EBAZPENA, irailaren 4koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, maisu-maistren kidegoan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan, sartzeko hautapen prozedurari dagokion praktikaldia arautzen duena.

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 4ko 1156/2018 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren, batetik, maisu-maistren kidegoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan sartzeko hautapen prozedura, eta bestetik, maisu-maistren kidegoko karrerako langile funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura.

Aipatutako ebazpenaren I. tituluaren hamaikagarren eta hamabigarren oinarrietan ezartzen da aukeratutako izangaiek praktikaldia egin beharko dutela, aukeraturiko izangaiek irakaskuntzarako gaitasuna ba ote duten egiaztatzeko.

Bidezkoa da, beraz, deialdiko oinarri horiekin bat, praktikaldia arautu eta praktikak baloratu behar dituen Kalifikazio Batzordeko kideak zehaztea.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak irailaren 2an emandako 35/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Maisu-maistren kidegoan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan, sartzeko hautapen prozedurari dagokion praktikaldia arautzea.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan eta www.nafarroa.eus web-orrian argitaratzea 2019ko irailaren 5ean.

3. Gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke ebazpen honen eta eranskinen kontra, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzura eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

MAISU-MAISTREN KIDEGOAN, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN KUDEAKETA ESPARRUKO LANPOSTUETAN, SARTZEKO HAUTAPEN PROZEDURARI DAGOKION PRAKTIKALDIA

Lehena.–Praktikaldiaren xedea.

Maisu-maistren kidegoan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan, sartzeko hautapen prozedurari dagokion praktikaldia Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak apirilaren 4an eman zuen 1156/2018 Ebazpenaren bidez onetsi zen. Praktikaldiaren xedea da hautatutako izangaiek irakaskuntzarako gaitasuna ba ote duten egiaztatzea, eta ebazpen honetan ezartzen den prozeduraren arabera eginen da.

Bigarrena.–Kalifikazio Batzordea.

2.1. Praktikaldirako Kalifikazio Batzorde bakarrak kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria, edo bere ordezko ikuskatzailea.

–1. batzordekidea: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari atxikitako ikuskatzaile bat.

–2. batzordekidea: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bateko zuzendaria, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatua.

–3. batzordekidea: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bateko zuzendaria, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatua.

–Batzordekide-idazkaria: Hezkuntza Departamentuko Langileriaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

2.2. Kalifikazio Batzordeak betiere ahaleginak eginen ditu praktikaldia zorroztasunez eta eraginkortasunez egin dadin. Horretarako, praktikaldiaren ebaluazioan diharduten guztiei argibideak eskatzen ahalko dizkie.

2.3. Kalifikazio Batzordea 2019ko irailaren 30a baino lehen eratu beharko da. Batzordea ezin izanen da eratu bertan kide guztiak ez badaude, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak erabaki beharko du ezinbesteko kasu horien gainean.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak Batzordeko kideak ordezteko baimena ematen ahalko du, kide horiek batzordea uzteko arrazoi justifikatuak edo ezinbestekoak dituztenean.

2.4. Kalifikazio Batzordeak prozesua bukatutakoan ebaluatuko ditu izangaiak.

Batzordeak ezin izanen du funtzionarioen kalifikazioak jasotzen dituen behin betiko akta idatzi non eta bertan, gutxienez ere, batzordeburua, idazkaria eta kideen erdiak ez badaude.

2.5. Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, Kalifikazio Batzordeak Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalean izanen du egoitza (San Domingo kalea z.g. 31001 Iruña).

Hirugarrena.–Praktikaldiaren iraupena.

3.1. Praktikaldiak sei hilabete iraunen du: 2019ko irailaren 2an hasiko da, eta 2020ko martxoaren 2an bukatuko.

3.2. Praktikaldiko funtzionarioa aldi baterako ezintasun egoeran edo amatasun bajan gertatuz gero, edo eszedentzia berezian nahiz antzeko beste egoera batean, eta horrek praktikaldia normaltasunez egitea edo hura baloratzea galarazten badio, Kalifikazio Batzordeari eskatzen ahalko dio praktikaldia luza dezala, ebaluazioa egin ahal izateko.

Kalifikazio Batzordeak praktikaldia luzatzeko baimena emanen du, baldin eta izangaiak 2020ko maiatzaren 15a baino lehen aurreko puntuan eskatzen den sei hilabeteko praktikaldia egiterik badu.

3.3. Praktiketako funtzionarioak lanaldia 1/8, 1/6 edo 1/4 murrizturik badauka, praktikak 2019ko martxoaren 2an bukatuko dira, eta 1/3, 2/5, %45 edo 1/2 murrizturik badauka, praktikak 2019ko maiatzaren 4a arte luzatuko dira.

3.4. Funtzionarioak salbuespenezko zergatikoengatik ezin badu praktikaldia bukatu 2019/2020 ikasturtean, Kalifikazio Batzordeak proposatzen ahalko dio, behin bakarrik, hurrengo ikasturtean egin dezala, eta, halakoetan, erabaki dezake 2019/2020 ikasturtean praktiketan benetan emandako denbora kontuan hartzea hurrengo ikasturterako.

Laugarrena.–Ebaluatzaileak.

4.1. Izangai bakoitzak irakasle tutore bat izanen du, ikastetxeko zuzendariak izendatuko duena, ahal dela, izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxe berean behin betiko edo behin-behineko destinoa izanik, izangaiaren espezialitate bereko maisu-maistren kidegoko funtzionarioen artetik. Ezinezkoa bada, ikastetxean behin betiko edo behin-behineko destinoa duen beste edozein funtzionario izendatuko da irakasle tutore, zuzendaritzaren irizpidearen arabera, kontuan hartuz irakasle bera praktiketako pertsona baten baino gehiagoren tutoretzan aritzen ahal dela. Azken buruan, izangaiak praktikak egiten ditueneko ikastetxeko ikuskatzaileak eginen ditu irakasle-tutoreari dagozkion eginkizunak.

Lanpostu ibiltari bat aukeratzen duten irakasleek esleiturik daukaten oinarrizko ikastetxean eginen dituzte praktikak.

Nolanahi ere, ikastetxeko zuzendariak izendapenaren berri emanen die tutoreari, izangaiari eta Kalifikazio Batzordeari, 2019ko urriaren 11 baino lehen, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak emandako aplikazioaren bidez. Kalifikazio Batzordearendako jakinarazpena erregistro bidez ere igorriko da Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera (San Domingo kalea z.g., 31001 Iruña).

Praktikaldia bitartean gorabeheraren bat dela kausa ezinezkoa bada tutoretza-lana egitea, ikastetxeko zuzendariak beste tutore bat izendatuko du aipatu diren irizpideei jarraituz, eta izendapen hori Kalifikazio Batzordeari, izangaiari eta Deialdien Atalari jakinaraziko die.

4.1.1. Tutoreari dagozkion eginkizunak hauek izanen dira: tutoretzapekoaren irakasle lanari eta lan instituzionalari buruzko txostenak eta aholkuak ematea eta haiek zuzentzea eta ebaluatzea, betiere honako hauei lotutako irizpide eta edukiak aintzat hartuz: hezkuntza proiektua, antolaketa, funtzionamendu eta bizikidetza arauak, urteko programazio orokorra eta memoria, hobekuntza eta kalitate planak eta hezkuntza arloan Foru Komunitatean indarra duen legeria. Halaber, arreta berezia jarriko du gelako programazioan eta ikasleen ebaluazioan, ikastetxeko gobernu, partaidetza eta koordinazio didaktikoko organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko informazioan eta, bereziki, ikasleen tutoretzan.

4.2. Ikastetxeko zuzendariak jarraipena eginen du ikastetxeari lotuta dagoen praktiketako funtzionarioen arlo hauei dagokienez: eginkizunak betetzea, ikastetxearen antolaketan parte hartzea eta integratzea, irakaskuntzako gaitasuna eta jardun profesionala. Ikastetxe berean dauden praktiketako funtzionarioak asko badira, ikastetxeko zuzendariak zuzendaritza taldeko beste kide baten esku uzten ahal du jarraipen lana.

Bosgarrena.–Praktiketako funtzionarioen irakaskuntzako gaitasunari eta jardun profesionalari buruzko txostenak.

5.1. Irakasle-tutoreek praktiketako funtzionarioak emanen dituen klaseetatik bitara joan beharko dute gutxienez ere, edo lan saioetatik bitara Entzumena eta Hizkuntzako eta Pedagogia Terapeutikoko irakasleen kasuan, eta txosten bat eginen dute, nork berea, ikasgelako parte-hartzeaz eta klasearen garapenaz. Txostena 2020ko martxoaren 2a baino lehen igorriko diote Kalifikazio Batzordeari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeen eskura jarriko duen aplikazioaren bitartez. Txosten horiek bat etorriko dira ebazpen honen I. eranskinean ageri diren adierazleekin.

5.2. Era berean, zuzendariak edo hark zuzendaritza taldean izendatzen duenak txosten bat eginen du praktiketako langileen irakaskuntzako gaitasunari eta jardun profesionalari buruz, eta Kalifikazio Batzordeari igorriko dio 2020ko martxoaren 2a baino lehen, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeen eskura jarriko duen aplikazioaren bitartez. Txosten horiek bat etorriko dira ebazpen honen II. eranskinean ageri diren adierazleekin.

5.3. I. eta II. eranskinetan ageri diren eta aplikazioan bete behar diren adierazle horiek puntuazio hauek aintzat harturik baloratuko dira: 1, 2, 3 edo 4. Negatibotzat joko dira 2ra iristen ez diren kalifikazioak. Kasu horretan, puntuazio hori aplikazioan justifikatu beharko da, ebidentzia bidez. Aipatu aplikazioak sortuko dituen txostenak “egokitzat” joko dira horietako bakoitzean balio negatiboa (1) duten adierazle kopurua ≤ %10 bada, araudia betetzeari dagokionean izan ezin, kasu horretan positiboen kopurua %100 izan beharko baita.

Kalifikazio Batzordeak baliozkotzat hartuko ditu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak kudeatzen duen aplikazioaren bitartez bidalitako txostenak bakarrik.

5.4. Praktikak egiten ari diren funtzionarioek, destinoa eskola unitario edo osatugabe batean badute (halakotzat hartuko dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako etapako ziklo bakoitzean gutxienez unitate bat ez duten eskolak), praktiketako irakasleen ebaluazioa ikastetxe horietako ikuskatzaileek eginen dute, ebazpen honen I. eta II. eranskinei jarraikiz, eta zuzendaritzatik edo beste edozein iturritatik biltzen ahalko dute beharrezko edo egoki jotzen duten informazioa. Ebaluazioa Kalifikazio Batzordeari igorriko diote.

Seigarrena.–Hasierako prestakuntza.

Praktikak egiten ari diren funtzionarioek prestakuntza jarduera hau egin beharko dute: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko maisu-maistren kidegoko praktiketako irakasle funtzionarioak diren irakasleentzako hasierako prestakuntza”.

Prestakuntza horrek gutxienez ere 25 ordu iraunen du, eta 2020ko apirilaren 1a baino lehen bukatu beharko du.

Prestakuntza jarduerak ezaugarri hauek izanen ditu:

1) Praktiketako irakasle funtzionario guztiek prestakuntza modulu bat eginen dute Lan Osasunari eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruz, 9 ordu iraunen duena.

2) Praktiketako irakasle funtzionarioek, orobat, parte hartuko dute irakasleen etengabeko prestakuntzako jardueretan, 16 orduko iraupenekoak eta bertaratzera behartuko dutenak, hain zuzen ere Prestakuntzako Atalak prestatzen dituenetan edo Departamentuko unitate administratiboek proposatzen dituztenetan, praktiketako irakasle funtzionarioei laguntzeko berariazko helburuarekin.

3) ILZek prestakuntzako tokiak eskatzaileei esleitu eta dagokion jardueraren berri posta elektronikoaren bidez emanen dute. Jakinarazpen horrek berekin dakar jardueran izena ematea.

Jarduera egitea derrigorrezkoa izanen da, eta nahitaezkoa azkenean “Gai” kalifikazioa lortzeko, izangaiak nahitaezko txostenak gainditzen baditu ere.

Prestakuntza Atalak txosten bat igorriko dio Kalifikazio Batzordeari. Horren bidez egiaztatuko da praktiketako funtzionarioek lehen aipatutako prestakuntza jarduera egin dutela praktikaldia bitartean, edo, 3.2 eta 3.3 ataletan aurreikusitako kasuetan, praktikak bukatzeko egunean egiten ari direla.

Zazpigarrena.–Praktiketako funtzionarioen autoebaluazioa.

Izangaiek beren irakaskuntzako gaitasunaren eta jardun profesionalaren autoebaluazioa eginen dute, III. eranskineko adierazleetan oinarrituta. Horretarako, behar diren ataletan deskribapen labur bat idatzi beharko dute, arlo desberdinen gaineko beren balorazioak justifikatzeko.

Praktikaldiko funtzionarioak 2020ko martxoaren 2a baino lehen igorriko dio autoebaluazio-txostena Kalifikazio Batzordeari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak haren eskura jarriko duen aplikazioaren bitartez.

Zortzigarrena.–Praktiketako funtzionarioen ebaluazioa.

8.1. Kalifikazio Batzordeak ebaluatuko ditu praktiketako irakasleak, aplikaziotik sortuko den azken txosten-laburpena ikusi ondoren. Dokumentu horrek zuzendariak edo tutoreak (edo, kasua bada, inspektoreak) aurretik egindako txostenetan lortutako kalifikazioak bilduko ditu. Azken txosten-laburpenaren emaitzak “Egokia” edo “Ez egokia” adieraziko du, ebazpen honen 5.3 atalean ezarritakoa kontuan hartuta.

8.2. Kalifikazio Batzordearen iritzia “gai” edo “ez gai” izan daiteke.

Batzordeak 2020ko ekainaren 1a baino lehen prestatu beharko du azken akta. Beharrezkotzat jotzen badu, bere jarduketaren gaineko txosten osagarri bat prestatzen ahalko du.

8.3. Praktiketako funtzionarioari “gai” kalifikazioa emanen zaio baldintza hauek betetzen badira:

–Aplikaziotik sortuko den azken txosten-laburpena “egokia” da.

–Prestakuntza Atalaren txostenean adierazten da interesdunak nahitaezko prestakuntza programa gainditu duela.

–Autoebaluazio txostena bidali da, eta baloratua eta justifikatua izan da dimentsio guztiei dagokienez.

Kalifikazio Batzordeak, egoki iruditzen zaionean, txosten osagarri bat eskatzen ahalko dio ikastetxeko ikuskatzaileari.

8.4. “Ez gai” kalifikazioa emanen da inguruabar hauek guztiak edo batzuk aldi berean suertatzen badira:

–Aplikaziotik sortuko den azken txosten-laburpena “ez egokia” da.

–Prestakuntza Atalaren txostenean adierazten da interesdunak ez duela gainditu nahitaezko prestakuntza programa.

–Izangaiak ez du bete autoebaluazio txostena aplikazioan dimentsio guztiei dagokienez, edo/eta ez ditu puntuazioak justifikatu.

Kasu horretan, Kalifikazio Batzordeak txosten osagarri bat eskatzen ahalko dio ikastetxeko ikuskatzaileari. Hura betetzeko, ikuskatzaileak txostenetan lortutako balorazioak berrikusi, egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin eta behar den informazioa bilduko du elkarrizketen, dokumentazioaren azterketaren eta abarren bidez. Era berean, elkarrizketa bat izanen du interesdunarekin, non egokitzat jotzen dituen datu eta informazio guztiak eskatuko baitizkio.

Txosten hori ikusirik, Kalifikazio Batzordeari egokituko zaio izangaiaren azken kalifikazioa ematea, “gai” edo “ez gai” izanen dena. Azken kalifikazioa ematean, Kalifikazio Batzordeak izangaiaren autoebaluazioa kontuan hartzen ahalko du.

8.5. Kalifikazio Batzordeak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari igorriko dizkio praktiketako funtzionarioen zerrenda eta lortu dituzten kalifikazioak.

Praktikaldian “Ez gai” kalifikazioa lortzen duten praktiketako funtzionarioek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Horretarako, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ebazpen arrazoitua emanen du.

Bederatzigarrena.–Azterketa medikoa.

Praktikaldia bitartean praktiketako funtzionarioei azterketa mediko bat eginen zaie irakasle lanetan egoki aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa dutela egiaztatzeko.

Azterketa mediko hori gainditzen ez dutenek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bidez.

Iruñean, 2019ko irailaren 4an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Javier Lacarra Albizu.

I., II. ETA III. ERANSKINAK

Adierazle-taula irakasle-tutorearentzat, zuzendariarentzat eta autoebaluaziorako (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1911550