197. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

8/2019 FORU AGINDUA, irailaren 25ekoa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, zeinaren bidez abiatzen baita herritarren parte-hartze prozesu bat, finkatu aurretik etxebizitza babestuak eta haien eranskinak saltzeko gehieneko prezioak, Nafarroarako, 2020rako.

Hala ezartzen baitu 10. artikuluko 1. apartatuak Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean, behin idazketa berria emanik abenduaren 24ko 27/2014 Foru Legeak eta abenduaren 21eko 22/2016 Foru Legeak, etxebizitzaren arloan eskumena duen kontseilariari dagokio gehieneko prezioa finkatzea babestutako etxebizitzak eta haien eranskinak saltzeko, foru lege horretan aurreikusitakoarekin bat. Horretarako, adierazten du, halaber, ezen kasuan kasuko foru aginduan justifikatu behar direla 10. artikuluan bertan jasotzen den formulako aldagaien balioak.

Zehazki, horri dagokionez, 1.d) apartatuak xedatzen du: "Moduluak urtero eguneratuko dira, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera izateko ondorioak, formula honen bidez kalkulatuz babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) salmentarako gehieneko balioa:

VMu = ((1.27 + H/100) x PEMu) / (0.755-(F + Co + B)/100), hau da:

VMu = gehieneko salmenta-prezioa, babes ofizialeko etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

H = Proiektuaren eta obra zuzendaritzaren ordainsari teknikoen kostua, obra gauzatzeko aurrekontuaren ehunekotan adierazia. Kostu horren balio normala %7koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kentzen ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

PEMu = Obra gauzatzeko aurrekontua, eurotan, metro koadro erabilgarri bakoitzeko. Hori kalkulatzeko, sustapen baten guztizko azalera erabilgarritzat joko da etxebizitzetarako eta garajeetarako den guztizko azalera erabilgarria gehi trasteleku eta lokaletarakoen %40.

F = Sustatzailearen finantza kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren (VM) gaineko ehunekotan adieraziak. Kostu horren balio normala %4koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kentzen ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

Co = Merkaturatzearen kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren (VM) gaineko ehunekotan adieraziak. Kostu horren balio normala %2koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kentzen ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

B = Sustatzailearen etekina, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adierazia (VM). Kostu horren balio normala %11koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kentzen ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

Aldagai horiek zehazteko, lehentasunez hartuko dira kontuan babes ofizialeko etxebizitzen sustapen publikoak. Era berean, erabil daitezke etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuan kalifikazioa jasotzeko aurkezten diren babes ofizialeko etxebizitzen sustapenei buruzko datuak. Horretarako, departamentu horrek sustatzaileei eskatzen ahalko die aurkez dezatela obra amaierako ziurtagiria, edo formulan aurreikusitako aldagaiak kalkulatzeko interesekoak izan daitezkeen beste datu batzuk.

e. Modulu ponderatua.

Babes ofizialeko etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko gehieneko balioa zehaztu ondoren, modulu ponderatua kalkulatuko da balio hori zatituz babes ofizialeko etxebizitzen eta haien eranskinen metro koadro erabilgarri bakoitzeko gehieneko salmenta-prezioak zehazteko ezarritako koefizientearekin.

f. Ponderatu gabeko modulua.

Ponderatu gabeko moduluaren balioa modulu ponderatuaren balioaren ehuneko 96koa izanen da”.

Bestalde, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko Foru Legearen 10. artikuluko 1. apartatu horrek ezartzen du parte-hartze sozialaren prozesu bat garatu behar dela onetsi aurretik, hala aurreikusten baita Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean.

Horretarako, foru agindu honen bidez abiatzen da herritarren parte-hartzearen prozesua, 11/2012 Foru Legearen IV. tituluan aurreikusitakoaren arabera, hartan arautzen baita herritarren parte-hartzea eta elkarlana. Hori helburu, ondotik azaltzen da zer elementu izan diren kontuan proposatzeko zein diren gehieneko prezioak babestutako etxebizitzak eta haien eranskinak saltzeko Nafarroan, 2020an, bat etorriz maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluko 1.d) apartatuarekin.

Alde horretatik, adierazi behar da hartu direla urte natural bateko salmentarako diren babes ofizialeko etxebizitzen espedienteak, betiere behin-behineko kalifikazio eskaera ukatua edo deuseztatua ez dutenenak, eta zehazki, 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitartekoak (kontuan izanik moduluaren aldaketak urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera dituela ondorioak, eta, onetsi aurretik, parte-hartze sozialaren prozedura bat ireki behar dela).

2 espediente dira horren ondorio, 25 etxebizitza hartzen dituztenak. Hona hemen:

ESPED. ZK.

ETXEB. KOP.

HERRIA

SUSTATZAILEA

31/1-0003/2018

12

TUTERA

INMODALIA

31/1-0001/2019

13

ATARRABIA

LOIOLA GESTIÓN INMOBILIARIA

Sustapen bakoitzerako, kalkulatu da metro koadro erabilgarri bakoitzeko gauzatze aurrekontua, abiapuntu hartuta espediente bakoitzeko datuak, eta ponderatu da obra gauzatzeko aurrekontua sustapen bakoitzeko etxebizitza kopuruarekin.

Datuak honako hauek dira:

ESPED. ZK.

ETXEB.
KOP.

HERRIA

PEM
(euro/m² erabilgarri)

31/1-0003/2018

12

TUTERA

623,08

31/1-0001/2019

13

ATARRABIA

806,65

Adierazi behar da epe horretan ez dela NASUVINSAren inolako sustapenen tramitaziorik hasi. Beraz, aurreko puntuaren arabera salmentarako Etxebizitza Zerbitzuak tramitatutako proiektu guztien PEMuen batez bestekoa izanen da hartutako PEMua, etxebizitza kopuruaren arabera ponderatua.

Bestalde, ez da arrazoi teknikorik ikusten foru legean koefiziente aldakorretarako aurreikusten den balioa aldatzeko (puntu bat handitu edo murrizten ahal da balio hori, justifikazio teknikorik baldin badago). Hona hemen balio horiek:

H: Obra-proiektuaren eta obra-zuzendaritzaren lansari teknikoen kostua, obra gauzatzeko aurrekontuaren gaineko ehunekotan adierazia. Balioa = %7.

F: Sustatzailearen finantza kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak. Balioa = %4.

Co: merkaturatze-kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak. Balioa = %2.

B: Sustatzailearen etekina, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adierazia. Balioa = %11.

Aurreko guztiaren ondorioz ateratzen den gauzatzeko aurrekontua 680,11 eurokoa da metro koadro erabilgarri bakoitzeko, eta horri aplikatuko zaio legean zehaztutako formula:

Aplikatu beharreko balioak:

H = %7

F = %4

Co = %2

B = %11

PEMu = 718,54 euro m² bakoitzeko

Formula:

VMu = ((1.27+H/100) x PEMu) / (0.755- (F + Co + B) /100) = 1.645,88 euro

Modulu ponderatua:

M* = VMu / 1.3 = 1.645,88/ 1.3 = 1.266,06 euro

Beraz, ondoriozko moduluaren balioa 1.266,06 euro da 2020rako; horrek dakar balioa %5,65 goratzea, 2019ko moduluaren aldean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Herritarren parte-hartze prozesu bat abiatzea, finkatu aurretik etxebizitza babestuak eta haien eranskinak saltzeko gehieneko prezioak, Nafarroarako, 2020rako.

2. Urriaren 20a finkatzea mugaegun gisa, ekarpenak eta iradokizunak egiteko foru agindu honen azalpen zatian egindako proposamenaz.

3. Foru agindu honen azalpen zatian egindako proposamenari dagozkion ekarpenak eta iradokizunak igortzeko, participacion@navarra.es helbide elektronikoa gaitzea baliabide osagarri gisa.

4. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Etxebizitza Kontseiluko kideei eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

5. Foru agindu hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, etxebizitzaren arloko webgune informatiboan (http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/) eta Gobernu Irekiaren atarian (www.gobiernoabierto.navarra.es/eu), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 25ean.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F1912416