197. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

5/2019 FORU AGINDUA, irailaren 16koa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, Iñaki Pradini Olazábal jauna Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren eta Zientzia Forentseen Institutuko zuzendari izendatzen duena bitarte baterako.

Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren eta Zientzia Forentseen Institutua organo tekniko bat da. Justizia Zuzendaritza Nagusiari atxikia dago, eta xedetzat du Nafarroako Foru Komunitateko epaitegiei, auzitegiei, fiskaltzari eta erregistro zibileko bulegoei laguntza ematea. Horretarako, peritu-froga medikoak egiten ditu, tanatologikoak nahiz klinikoak edo laborategikoak, bai eta auzitegiko medikuntzarekin lotutako irakaskuntza eta ikerkuntza jarduerak ere.

Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua azaroaren 13ko 355/2000 Foru Dekretuaren bidez sortu zen (gerora, urriaren 15eko 296/2001 Foru Dekretuak aldatu zuen). Haren lehen xedapen iragankorreko 5. apartatuan ezartzen denez, izendapen libreko sistemaren bidez hautatuko da institutuko zuzendaria, deialdi publikoa eginez. Deialdi horretan institutuan destinoa duten auzitegi-mediku guztiek parte hartzen ahalko dute, baita lehiaketa bidez zerbitzuko burutza lortu dutenek ere.

Justizia Administrazioko funtzionarioen sarrerari, haien lanpostuak betetzeko moduari eta haien lanbide igoerari buruzko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 73. artikuluak honakoa aurreikusten du: lanpostu bat hutsik geratzen denean, zerbitzu eginkizunetan betetzen ahalko du lanpostuen zerrendan lanpostu horretan aritzeko betebeharrak betetzen dituen funtzionario batek. Gehienez ere, urtebetez arituko da zerbitzu eginkizunetan; epe hori beste urtebetez luzatzen ahalko da baldin eta lanpostua behin betiko bete ez bada.

Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren eta Zientzia Forentseen Institutuko egungo zuzendariak uko egin dio bere karguari, eta onetsi egin zaio. Horrenbestez, lanpostu hori 355/2000 Foru Dekretuan adierazitako prozeduraren arabera bete bitartean, eta institutuaren kudeaketa eta funtzionamendua ez kaltetzearren, bidezkoa da Iñaki Pradini Olazábal jauna, gaur egungo Auzitegiko Medikuntzako Klinikako zerbitzuburua, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren eta Zientzia Forentseen Institutuko zuzendari izendatzea zerbitzu eginkizunetan.

Hori horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Iñaki Pradini Olazábal jauna Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren eta Zientzia Forentseen Institutuko zuzendari izendatzea, zerbitzu eginkizunetan, gehienez ere urtebeterako (epe hori beste urtebetez luzatzen ahalko da). Olazábal jauna aipatu institutuari atxikitako auzitegi-medikua da.

2. Foru agindu hau jakinaraztea interesdunari, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari, Justizia Zuzendaritza Nagusiari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko irailaren 16an.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F1912097