197. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

18/2019 FORU AGINDUA, irailaren 20koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez izendatzen eta errebokatzen baitira departamentuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala eduki behar duten langileak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak, berriak baitira, orain dela gutxi hartu dute indarra eta horrek egoera berria ekarri du administrazio publiko guztien funtzionamenduan.

39/2015 Legeak azpimarratzen duen alderdietako bat da jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitea, zeina nahitaezko modua baita pertsona juridikoei egiten zaizkien jakinarazpenetarako. Egia da 40/2015 Legean jasotako bide eta aplikazio telematikoen bitartez komunikatu behar dutela Administrazio Publikoek, eta gainerako pertsona juridikoen aldean tratamendu berezia izan behar dutela, kontuan hartuta izaera juridiko desberdina dutela. Nolanahi ere, praktikotasunaren aldetik, komeni da departamentu bakoitzaren ordezkariak sinadura elektronikoa izatea, eta haietako bakoitzari agindu behar zaio horren kudeaketa.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2017ko martxoaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, kontseilariei baimena eman zitzaien izenda ditzaten, foru agindu bidez, departamentu bakoitzaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak.

Orobat, xedatzen da ezen hala egindako izendapenak noiznahi ere baliogabetu daitezkeela.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Honako hauek izendatzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala eduki dezaten, departamentuari formalki zuzendutako jakinarazpen elektronikoak eskura ditzaten: María Begoña Urrutia Juanicotena andrea, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusia; Araceli Castejón Menéndez andrea, Kobrantza eta Ordainketa Bulegoko arduraduna; eta Javier Miqueleiz Garayoa jauna, Araubide Administratiboaren Ataleko burua.

2. Betiere, hala egindako izendapenak noiznahi ere erreboka daitezke.

3. Foru agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, interesdunei eta Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko irailaren 20an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F1912295