196. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

973/2019 EBAZPENA, irailaren 23koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Horren bidez dirulaguntzen deialdi bat eta horren oinarri arautzaileak onesten dira desgaitasuna duten eta lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak bertara sartzen laguntzeko, enpleguan lagunduz. DDBN identifikazioa: 473891.

Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta haiek Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duen azaroaren 29ko Legegintzako Errege Dekretuak helburua du aukera eta tratu berdintasunerako eskubidea bermatzea, eta desgaitasuna duten pertsonek eskubideak erabiltzen ahal izatea, benetan eta modu eraginkorrean eta gainerako herritarren baldintza beretan, honako hauek sustatuz: norberaren autonomia, irisgarritasun unibertsala, enplegua eskuratzea, komunitatean sartzea eta bizitza independentea. Araudi hori dela eta, administrazioa behartuta dago, enpleguaren arloan, desgaitasuna duten pertsonen eskubideak bereziki babestera, eta laguntza prozesuak proposatu behar ditu lanbide-jardueraren arloan, horixe baita haien gizarteratze eta parte-hartze betean laguntzen duten faktoreetako bat.

Bestalde, Espainiako Enplegu Estrategiak eta 2019rako egin den Enplegu Politikaren urteko Planak azpimarratzen dutenez, enplegua lortzeko eta horri eusteko zailtasun gehien duten taldeak eta horien enplegu aukerak zaindu behar dira bereziki. Desgaitasuna duten pertsonek osatzen dute talde horietako bat.

Nafarroan, enplegurako politika aktiboen akordioak badu, helburu estrategikotzat, lan-merkatuan sartzen laguntzea eta aukera berdintasuna bermatzea, enpleguaren tasan izaten den desberdintasun maila ahalik eta gehien murriztuz honako hauetan, egun eragin handien dutenetan: adina, sexua, talde etnikoa eta desgaitasuna.

Nafarroako Gobernuak, 2019ko abuztuaren 21eko bilkuran, erabaki zuen dirulaguntza batzuk emateko baimena ematea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, desgaitasuna duten eta lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak bertara sartzen laguntzeko, enpleguan lagunduz. Dirulaguntzak banakako ebaluazioko araubidean emanen dira.

Azaldutakoarekin bat eta abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat eta horren oinarri arautzaileak onestea desgaitasuna duten eta lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak bertara sartzen laguntzeko, enpleguan lagunduz. Oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

2. Guztira, 25.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastuen aurrekontuko “Enpresa arruntek desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko laguntzak. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950001 96100 4709 241105 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da haren aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2019ko irailaren 23an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

ERANSKINA

1.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da dirulaguntza hauen oinarri arautzaileak ezartzea: desgaitasuna duten eta lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak bertara sartzen laguntzekoak, enpleguan lagunduz.

2.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Diruz laguntzen ahalko dira, deialdi honen kargura, honako jarduketa hauek:

a) Lanpostuan emateko laguntza, prestatzaile espezializatuengandik jasotzekoa, 4. oinarrian adierazitako langileen (desgaitasuna dutenak) lan eta gizarte egokitzapena lortzeko.

b) Lanpostuak aztertzeko eta hautatzeko ekintzak, desgaitasuna duten pertsonak aipatu lanpostuetan aritu baino lehen.

3.–Jarduketen betebeharrak eta iraupena.

a) Lanpostuan emateko laguntzak gutxienez 3 hilabete iraunen du eta, gehienez, 2 urte. Hiru urte bete arte ematen ahalko da 4.a) oinarrian zehazturiko helburuko jasotzaileen kasuan, entitate onuradunak aldez aurretik arrazoitua.

b) Lan-merkatu arrunteko enpresa batek kontratatu behar ditu desgaitasuna duten langileak, enpresaren ekoizpen-antolaketaren benetako enplegatuak izateko. Kontratu mugagabea egin behar die, edo iraupen jakin batekoa, gutxienez 3 hilabetekoa. Lanaldi partzialeko kontratua bada, alderagarri den lanaldi osoko langile baten lanaldiaren %25 izanen da gutxienez.

Hasiera batean diruz lagundutako kontratuen luzapenen kasuan, diruz laguntzen ahalko da luzapen horietan eman beharreko laguntza ere, gehienez, eta guztira, 2 urte bete arte (edo 3 urte bete arte, hala badagokio).

Halaber, desgaitasuna duen kontratatuak lanpostuari uzten badio diruz lagundutako aldia bukatu baino lehen, eta haren ordezkoa kontratatzen bada, gehienez, hilabeteko epean eta oinarri honetan ezarritako betebehar guztiei jarraikiz, lanpostuan emateko laguntza laguntzen ahalko da diruz kasu horretan ere. Ordezkatzen denaren lanaldiari, ordainsariari eta lanbide-taldeari eutsi beharko zaie. Kasu horretan, entitate onuradunak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko dio, gehienez, hilabeteko epean, kontratu berriaren datatik hasita.

c) Lankidetza-hitzarmena sinatu beharko dute entitate onuradunek eta enpresek, zeinek desgaitasuna duten eta laguntzaren hartzaileak diren langileak kontratatuko baitituzte.

d) Desgaitasuna duen langile kontratatua enplegu zentro berezi baten plantillatik badator, borondatezko eszedentzia hartuko du aipatu zentroan.

e) Lanpostuak aztertzeko eta hautatzeko ekintzetarako dirulaguntza bateragarria da aurreko oinarriaren a) letran ezarritakoarekin. Beraz, dirulaguntza hori jasotzeko, lankidetza-hitzarmen bat sinatu behar da gutxienez enpresa batekin, lanpostuak aztertzeko bisitak jaso dituztenetako batekin, eta kontratua eginen zaio desgaitasuna duen langile bati, laguntzaren hartzaile izanen den horri, hain zuzen.

Diruz lagungarriak izateko, lanpostuak aztertzeko eta hautatzeko ekintzek baldintza hau bete behar dute: desgaitasuna duen langilea kontratatu baino aurreko urtebetean egin behar dira eta, edozein kasutan ere, oinarri arautzaile hauek argitaratu ondoren.

4.–Helburuko jasotzaileak.

Laneratzerako laguntza programaren helburuko jasotzaileak desgaitasuna duten langileak izan behar dira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan lan eskatzaile gisa inskribatuta edo enplegu zentro berezietan kontratatuta, betiere kasu hauetako batean egonda:

a) Garuneko paralisia, gaixotasun mentala edo adimen-desgaitasuna duten pertsonak, %33ko edo hortik gorako desgaitasun maila aitortua badute.

b) Desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa edo zentzumenekoa duten pertsonak, %65eko edo hortik gorako desgaitasun maila aitortua badute, eta gorrak diren edo entzuteko desgaitasuna duten pertsonak, %33ko edo hortik gorako desgaitasun maila aitortua badute.

5.–Entitate onuradunak.

Honako entitate hauek izan daitezke 2. oinarrian ezarritako dirulaguntzen onuradun, Nafarroako Foru Komunitatean baldin badute lantokia:

1. Elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateak, lankidetza-hitzarmena sinatua badute enpresa batekin, desgaitasuna duten eta laguntzaren hartzaile izanen diren langileak kontratatzen dituen enpresarekin, alegia.

2. Enplegu zentro bereziak, horrela izendatuta eta kasuko erregistroan inskribatuta, lankidetza-hitzarmena sinatua badute enpresa batekin, desgaitasuna duten eta kasuko zentroaren edo mota horretako beste baten plantillatik datozen langileak kontratatzen dituen enpresarekin, alegia.

Entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Besteak beste, honako hau izatea sozietatearen helburu: desgaitasuna duten pertsonak lan munduan sartzea edo haientzako enplegua sortzea.

b) Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten langileak izatea plantillan, baita behar diren baliabide materialak edukitzea ere, laguntzako programak egoki garatuko direla bermatzeko.

c) Laguntza eta aztertze jarduerak doan garatzea, inolako zenbatekorik edo tarifarik kobratu gabe, ez langileei, ez enpresaburuei.

6.–Laguntzako teknikariek bete beharreko baldintzak eta eginkizunak.

Gutxienez teknikari batek egin beharko ditu laguntzako ekintzak. Gutxienez Goi Mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea eduki behar du teknikariak, eta gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatu beharko du desgaitasuna duten pertsonak lan munduan sartzearen arloan, lanpostuko eginkizunak betetzeko gaitzen duen esperientzia, alegia.

Gutxienez Goi Mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea eduki beharra ez da eskatuko 5 urtetik gorako lan esperientzia frogatzen bada desgaitasuna duten eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak lan munduan sartzearen arloan, heziketa edo laguntzako jardueretan, alegia.

Teknikariak eginkizun hauek bete beharko ditu bere lanpostuan:

–Banakako prestakuntza ematea lanpostuan, langileari behar diren gaitasun profesionalak emateko, bere lanpostuan eta lan ingurunean ahalik eta hobekien sartzen dela lortzearren.

–Enpresa, orokorrean, eta, bereziki, desgaitasuna duten pertsonekin lanean aritzen diren lankide horiek sentsibilizatzea, prestatzea eta haiei laguntza ematea.

–Norbanako laguntza ematea eta epe luzerako banakako jarraipena egitea: laneratu ondoren, beharrezkoa da jarraipena egitea, kontratatuarekin eta enpresarekin, laneratze bera egoki garatzen dela bermatzeko eta prestakuntza eta egokitze beharrak betetzeko, balizko aldaketak baldin badira lanpostuaren jardueran edo lan ingurunean.

–Ebaluazioa: prozesu osoaren balorazioa, baita asmo betetzeena ere, desgaitasuna duen pertsonaren partetik zein enpresaren partetik.

Desgaitasuna duen langile bakoitzari eman beharreko laguntzaren denbora ezin da izan lanaldiaren gaineko kasuan kasuko portzentaje hauek baino txikiagoa:

a) Garuneko paralisia, gaixotasun mentala edo adimen-desgaitasuna duten pertsonak, %65eko edo hortik gorako minusbaliotasun maila aitortua badute: heren bat.

b) Garuneko paralisia, gaixotasun mentala edo adimen-desgaitasuna duten pertsonak, %65etik beherako eta %33ko edo hortik gorako minusbaliotasun maila aitortua badute: bosten bat.

c) Desgaitasun fisikoa edo zentzumenekoa duten pertsonak, %65eko edo hortik gorako minusbaliotasun maila aitortua badute, eta gorrak diren edo entzuteko desgaitasuna duten pertsonak, %33ko edo hortik gorako minusbaliotasun maila aitortua badute: zortziren bat.

Lan prestatzaile batek desgaitasuna duten langile bat baino gehiago hartzen baditu, laguntza emateko denbora izanen da langile horien guztien denboren batura. Lan prestatzaile batek ezin izanen ditu, inolaz ere, desgaitasuna duten 3, 5 edo 8 langile batera lagundu, goian aipatutako a), b) eta c) taldekoak badira, hurrenez hurren, ez eta kopuru horien baliokideak badira ere, lagundutako langileak talde desberdinetakoak direnean.

7.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Honako hauetara bideratuko dira dirulaguntzak:

a) Lanpostuan emateko laguntzaren aldian sortzen diren lan kostuak eta Gizarte Segurantzakoak finantzatzeko, kostu horiek laguntzako teknikariak kontratatzearen ondoriozkoak baldin badira. Honela:

–Adimen-desgaitasuna, gaixotasun mentala edo garuneko paralisia duten pertsonak (%33ko edo hortik gorako maila aitortua dutenak) gutxienez urtebeterako kontratatzea: 764 euro hilabeteko.

–Adimen-desgaitasuna, gaixotasun mentala edo garuneko paralisia duten pertsonak (%33ko edo hortik gorako maila aitortua dutenak) urtebetetik beherako eta sei hilabete edo hortik gorakorako kontratatzea: 646 euro hilabeteko.

–Adimen-desgaitasuna, gaixotasun mentala edo garuneko paralisia duten pertsonak (%33ko edo hortik gorako maila aitortua dutenak) gutxienez hiru hilabeterako kontratatzea: 540 euro hilabeteko.

–Desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa edo zentzumenekoa duten pertsonak (%65eko edo hortik gorako maila aitortua dutenak) edo gorrak diren edo entzuteko desgaitasuna duten pertsonak (%33ko edo hortik gorako desgaitasun maila aitortua dutenak) gutxienez urtebeterako kontratatzea: 460 euro hilabeteko.

–Desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa edo zentzumenekoa duten pertsonak (%65eko edo hortik gorako maila aitortua dutenak) edo gorrak diren edo entzuteko desgaitasuna duten pertsonak (%33ko edo hortik gorako desgaitasun maila aitortua dutenak) gutxienez sei hilabeterako kontratatzea: 392 euro hilabeteko.

–Desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa edo zentzumenekoa duten pertsonak (%65eko edo hortik gorako maila aitortua dutenak) edo gorrak diren edo entzuteko desgaitasuna duten pertsonak (%33ko edo hortik gorako desgaitasun maila aitortua dutenak) gutxienez hiru hilabeterako kontratatzea: 350 euro hilabeteko.

Desgaitasuna duen kontratatua emakumezkoa bada, aurreko paragrafoetan ezarritako dirulaguntza zenbatekoak %10 handituko dira.

Goian aipaturiko zenbatekoak desgaitasuna duten langileen lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, zenbateko horiek murriztuko dira, proportzionalki, lanaldiaren portzentajearen arabera. Gutxienez lanaldiaren %25 izanen da.

Ordainketa bakarra eginen da, honela kalkulatzekoa: desgaitasuna duen pertsonaren kontratuaren hilabete kopurua (6. oinarrian aurreikusitako eta lankidetza-hitzarmenean jasotako laguntzako eginkizunak emateko hilabete horiena) bider dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzak ez ditu inolaz ere gaindituko, ez bakarrik ez beste batzuekin batera, laguntzako teknikarien lan kostuak eta Gizarte Segurantzakoak.

b) Lanpostuak aztertzeko eta hautatzeko ekintzak finantzatzea, desgaitasuna duten pertsonak aipatu lanpostuetan aritu baino lehen egitekoak.

Dirulaguntza 100 eurokoa izanen da, entitate onuradunak lanpostuak aztertzeko egiten dituen bisita bakoitzeko. Behar den moduan frogatu behar dira bisita horiek (aztertze akta) eta ezin dira deialdi batean 25 bisita baino gehiago egin. Besteak beste, honako hauek ekarriko dituzte aztertze ekintza horiek: lanpostuak bilatzea eta hautatzea desgaitasuna duten eta laguntzako enplegua behar duten pertsonentzat, gaiaz informatzea eta sentsibilizatzea, lanpostuak identifikatzea eta aztertzea, eta aipatu lanpostuetan sor daitezkeen egokitze beharrak atzematea. Dirulaguntza emateko, nahitaezkoa da entitate onuradunak eta bisitatutako enpresa batek lankidetza-hitzarmen bat sinatzea, baita desgaitasuna duen eta laguntzaren hartzailea izanen den langile bat kontratatzea ere.

8.–Instrukzioa eta tramitazioa.

Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

9.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

Eskaerak erregistroko sarrera-dataren hurrenkerari jarraikiz erantzunen dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

10.–Eskaeren aurkezpena eta epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratu harremana edo luzapena hasi eta biharamunetik aurrera, betiere dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

3. Urte bakoitzeko azaroaren 1etik aurrera egindako kontratazioei dagozkien eskaerak hurrengo urtean aurkeztuko dira, hilabeteko epean, gastuaren baimena ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, entitateetako batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu, eskatuko zaio zuzenketa egin dezala, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.

11.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Dirulaguntza eskaera, behar den bezala beteta.

b) Entitate eskatzailearen IFZ/IFK.

c) Eskabidearen sinatzaileak duen ordezkaritza frogatzea.

d) Proiektuak sustatzen dituzten entitateek deialdiaren 5. oinarri arautzailean jasotako baldintzak betetzen dituztela frogatzea.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen zaion lehenbiziko aldia baldin bada.

f) Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

–Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak betetzen direla frogatze aldera.

Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin eta entzunaldia eman ondoren. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa hartuko dira kontuan.

Goiko 2.a) oinarrian azaldutako eskabideekin batera honako hauek aurkeztu behar dira:

g) Lagundutako enpleguaren proiektua, deialdian adierazitako alderdi guztiak bertan zehaztuta.

h) Deialdiaren oinarri arautzaileetan aipatutako lankidetza-hitzarmena (edo hitzarmenak), laguntzaren iraupena eta teknikariaren dedikazioa (lanaldia) bertan zehaztuta.

i) Desgaitasuna duen langilearen lan kontratua (Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan erregistratua egon behar du langileak).

j) Laguntzako teknikarien gaineko dokumentazioa.

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan erregistratutako lan kontratuak.

–Gutxienez Goi Mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea izatearen ziurtapena.

–Esperientzia frogatzea, desgaitasuna duten pertsonak lan munduan sartzeko jardueretan (lanpostuko eginkizunak betetzeko gaitzen duen esperientzia, alegia).

k) Aipatu 2.b) oinarrian azaldutako dirulaguntza eskabideen kasuan, entitate onuradunak egindako bisiten aztertze aktak erantsi behar dira.

2. Interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak edo administrazioak berak emandakoak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zein administrazio organori zuzendurik aurkeztu zituen agiri horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikoak erabiliz eskuratuko ditu, salbu eta interesdunak berariaz kontra dagoela adierazten badu. Kasu horretan, behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, aurkez ditzan eskatzen ahalko dio berriz interesdunari.

12.–Ebazpena eta dirulaguntza ordaintzea.

1. Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak egiaztatuko du dirulaguntza eskatzeko arrazoi den jarduketa gauzatu dela, bai eta deialdian ezarritako beharkizunak betetzen direla eta entitate onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta dituela ere, eta ebazpenaren proposamena eginen du.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio unitateak egindako proposamena jasorik, ebatziko du dirulaguntza eman edo ukatzen den, eta, ematea erabakitzen badu, horixe ordainduko du.

Eskaerak aurkezten direnetik gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena, dirulaguntza eman edo ukatzeko arrazoiak adierazita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

3. Eskaerari buruzko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka, entitate onuradun interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

4. Entitate onuradunak dirulaguntzaren oinarri den jarduketa justifikatu ondoren eman eta ordainduko da dirulaguntza, hori guztia Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatu ondoren.

5. Dirulaguntza onartzeak berarekin dakar ados egotea onuradunen datuak argitaratzearekin (izena, jasotako laguntzaren zenbatekoa eta abar), eta baimena ematea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari beharrezko egiaztapenak egiteko, eginbeharrak betetzen direla ziurtatzeko.

13.–Justifikazioa.

Goiko 2.a) oinarrian adierazitako dirulaguntzen kasuan, lagundutako aldia amaitu eta hurrengo hilabetean egin beharko du justifikazioa entitate onuradunak, honako agiri hauek aurkeztuz:

–Desgaitasuna duen pertsona kontratatu duen enpresaren adierazpena. Bertan adieraziko du laguntzako teknikariak benetan bete dituela 6. oinarrian ezarritako eginkizunak diruz lagundutako laguntzako aldian.

–Entitate onuradunaren adierazpena, jasotako dirulaguntza ez dela laguntzako teknikariaren soldata kostua eta Gizarte Segurantzakoa baino handiagoa azaltzeko.

14.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

15.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

Dirulaguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako ekintzak gauzatzen direla ziurtatzeko, baita dirulaguntzak jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere. Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du diruz lagundutako kontratazioen xedeko pertsonak Gizarte Segurantzan alta emanik egon direla diruz lagundutako aldian.

16.–Ez-betetzeak, dirulaguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.

1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

2. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

3. Kontratua garaia baino lehen bukatzen bada eta entitateak ez badu kontratatutako pertsona ordezten, edo ordezten badu oinarrietan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea, oinarri hauetan kontratuari eskatzen zaion hilabete kopurua betetzeko falta den denboraren proportzioan.

4. Dirulaguntza hartzen duten entitateek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.

17.–Publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

18.–Araudi osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

19.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 Erregelamendua (EB), apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa, baita gainerako garapen-araudiak ere, horri aurka egiten ez dion horretan.

Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

Halaber, organo kudeatzaileak programetako parte-hartzaileen lan bizitzak kontsulta ditzan, entitate onuradunek dagozkien baimenak eskatu behar dizkiete horiei.

20.–De minimis araubidea.

Dirulaguntza hauek de minimis araubidearen menpe daude, Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa. Horretarako, enpresek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortuko dituzte.

21.–Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F1912322