196. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1922/2019 EBAZPENA, irailaren 24koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “Biokontrolerako estrategia jasangarri berriak Nafarroako mahastietan botritisari aurre egiteko (0011-1411-2019-000009 BIOVID)”.

2019ko uztailaren 23an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetarako deia egiteko eskatu zuen, “Biokontrolerako estrategia jasangarri berriak Nafarroako mahastietan botritisari aurre egiteko (0011-1411-2019-000009 BIOVID)” ikerketa proiektua garatzeko proiektuko 2. motako lankide doktore gisa. Ikerketa proiektuaren ikertzaile arduraduna Jon Veramendi Charola jauna da, unibertsitateko katedraduna, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak proposatuta.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2015eko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egitea honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “Biokontrolerako estrategia jasangarri berriak Nafarroako mahastietan botritisari aurre egiteko (0011-1411-2019-000009 BIOVID)”.

Bigarrena.–Onestea hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, ebazpen honekin batera doazenak, ebazpenaren parte gisa.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Hautapen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzura helaraztea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko irailaren 24an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko ikerketa proiektu hau garatzeko: “Biokontrolerako estrategia jasangarri berriak Nafarroako mahastietan botritisari aurre egiteko (0011-1411-2019-000009 BIOVID)”.

–Maila profesionala: proiektuko 2. motako lankide doktorea, batez ere ikerketa lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: Botrytisen hazkundearen antagonista diren legamiak in vitro aukeratzea. In vitro hazkuntza sistemetan eta mahats laboreetan duten eragin babeslea aztertzea.

–Kontratu mota: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegian, Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartu zuen erabaki baten bidez onetsitakoan, ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa.

–Iraupena: 2021eko azaroaren 30era arte, kontratua sinatzen denetik.

Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 15. artikulua garatzen duen 1998ko abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, iraupen hori orientagarria da, eta iraupena inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funts falta kontratua iraungitzeko zioa izango da.

–Lanaldi mota: lanaldi partziala.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak, 2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak, bere eranskinean ezarritakoak.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egongo da, proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: Nafarroako Gobernua.

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webean argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta egon ez eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izango dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izango dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, kontratazioa egin ahal izateko atzerritartasunari buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Doktorearen titulazio akademiko ofiziala izatea, gutxienez duela 4 urte.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak data eta zigilua jar ditzan, ziurtatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora bidali baino lehen.

Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera-zigiluarekin recursos.humanos@unavarra.es helbide elektronikora.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izango dira, eta, gainera, horiek ezin izango dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dira, eta ez dute probarik egingo.

4.4. Eskaerak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa okerra edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa prozesua.

Izangaien merezimenduak balioetsiko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautapen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautapen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izango da.

6.–Hautaketa prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Hautapen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

7.–Hautapen batzordea.

Batzordeburua: Inmaculada Farrán Blanch doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Jon Veramendi Charola doktorea, unibertsitateko katedraduna, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Batzordekidea: Luis Larraya Reta doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

–Hautapen batzorde ordezkoa:

Batzordeburua: Cristina Solano Goñi doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Osasun Zientzien Sailari atxikia.

Idazkaria: Beatriz Soret Lafraya doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Batzordekidea: Luis Miguel Arregui Oderiz doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Hautapen Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautapen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izango da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Europako Parlamentuaren eta datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzko 2016ko apirilaren 27ko Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduan (EB), Norberaren Datuak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Espainiako Zuzenbidea Europar Batasunak datuak babesteko gaietan duen araudira egokitzeko presazko neurriei buruzko 2018ko uztailaren 27ko 5/2018 Errege Lege-Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa, irakaskuntzaren eta ikerketaren kudeaketa, langileen parte-hartzea kudeatzea Unibertsitateko zerbitzuetan eta ekitaldietan, bai eta izangaien parte-hartzea kudeatzea ere hautaketa-prozesuetan.

Europako Parlamentuaren eta 2016ko apirilaren 27ko Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduan (EB) 13. eta 14. artikuluekin bat etorriz, hautaketa-prozesuan parte hartuko dutenei jakinarazten zaie Nafarroako Unibertsitate Publikoa dela beren datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna, eta sarbide, zuzenketa eta deuseztatze, mugatze, aurkatze edo eramangarritasun eskubideak erabiltzeko aukera izango dutela posta elektronikoko helbide honen bidez: secretaria.general@unavarra.es.

Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari edo kontratupekoak jasotzen duen beste edozein ordainsariri buruzko datuak lagako zaizkio erakunde horri. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.

9.–Errekurtsoak.

Hautapen Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka, zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautapen Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA

Hautatzeko irizpideak

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINGO DIREN PROBAK

1. apartatua: Ikasketa espedientea

Puntuak

9

Doktoretza egin aurreko titulazioaren ikasketa espedientea espedientearen batez besteko puntuazioari dagokion proportzioan balioetsiko da, ondoren adierazten den irizpidearen arabera, kontuan izan gabe unibertsitateko masterra, halakorik egin bada: -Gainditua edo baliokidetua: 1 puntu -Oso ongi: 2 puntu -Bikain: 3 puntu -Ohorezko matrikula: 4 puntu.

Emaitza titulazioaren arabera ponderatuko da, faktore hauekin biderkatuz: faktorea=3, Nekazaritzako Ingeniaritza edo Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua edo baliokidea; faktorea=1, beste ingeniaritza, arkitektura, lizentziatura eta gradu batzuk.

2. apartatua: Ikerketako lan esperientzia

Puntuak

20

Landareen bioteknologiarekin lotutako proiektuetan parte-hartzea: deialdi honetako gaiekin lotutako kontratu edo ikerketa beketan parte hartzeagatik 2 puntu emango dira gehienez ere kontratu/beka urte bakoitzeko, betiere haiek lortzeko hautaketa prozesu bat egon bada (kontratuaren iraupena 1 urte baino gutxiago bada, proportzioan balioetsiko da).

3. apartatua: Argitalpen zientifikoak

Puntuak

15

Landareen bioteknologiako lan zientifikoen aldizkari indexatuetako argitalpenak, bereziki landaren ehunen in vitro hazkuntzarekin eta landareen biologia molekularrarekin lotutakoak (gehienez ere 2 puntu argitalpen bakoitzeko): lehen edo azken egilea izanez gero 2 puntu; egilekidea 1 puntu; beste kasu batzuk 0’1-0’5 puntu.

4. apartatua: Banakako elkarrizketa

Puntuak

6

Aurreko apartatuen baturan puntuazio handiena lortu duten 3 izangaiei soilik egingo zaie elkarrizketa, betiere 30 puntu lortu badituzte. Elkarrizketan balioetsiko dira kontratuaren xedea den gaiari buruz aldez aurretik dituzten ezagutzak eta esperientziak.

Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 30 puntu da.

Hautaproben azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 2. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 4. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F1912463