195. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko irailaren 18an hartua, Nafarroako Gobernuak Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordean duen ordezkaritza izendatzen duena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 69.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, lege organiko hori aplikatu eta ulertzerakoan Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean sortzen diren desadostasunak Foru Diputazioaren eta Estatuko Administrazioaren ordezkari kopuru berdinez osaturiko lankidetza batzorde batek jorratuko ditu, baita ebatziko ere, Konstituzio Auzitegiaren eta Justizia Administrazioaren legeria berekia deusetan galarazi gabe.

Halaber, aipatu 69. artikuluaren 2. apartatuan ezarrita dago ezen Lankidetza Batzordean planteatu ahal izanen direla Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean sortzen diren bestelako desadostasunak, han ebatz daitezen.

Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordearen arauak onesten dituen abuztuaren 1eko 1507/1984 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren 1. apartatuak ezartzen du ezen aipatu batzordea osatuko dutela Nazioko Gobernuak Estatuko Administraziotik izendatutako hiru ordezkarik eta Nafarroako Gobernuaren beste hiru ordezkarik, azken horrek izendatuak. Artikulu horren 2. apartatuan xedatzen denez, batzordeko kideak izendatu zituen organoak edozein unetan ordezka ditzake Lankidetza Batzordeko kide horiek.

Nafarroako Gobernuak 2015eko irailaren 9an hartutako erabakiaren bidez egin zen azkenekoz Nafarroako Gobernuak Lankidetza Batzordean izanen zuen ordezkaritzaren izendapena.

Nafarroako Gobernua berritu dela aintzat hartuta, beharrezkoa da horrek batzordean izanen dituen ordezkari berriak izendatzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Jarraian aipatzen direnak Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordeko kide izendatzea, Nafarroako Gobernua ordezkatzeko: Javier Remírez Apesteguía jauna, Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordea eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria; José María Ayerdi Fernández de Barrena jauna, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria; eta Joseba Asiain Albisu jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia.

2. Indarrik gabe geratzen dira aurretik Lankidetza Batzorderako egindako izendapenak.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki hau jakinaraztea interesdunei eta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioko Erkidegoko eta Tokiko Araubide Juridikoko zuzendari nagusiari, eta igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Iruñean, 2019ko irailaren 18an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1912151