194. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

44/2019 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Beintza-Labaiengo Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoaren jarduerak aldi baterako bertan behera uztea onesten duena.

Ikusirik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren proposamena, Beintza-Labaiengo Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoaren jarduerak aldi baterako bertan behera uzteko, 2019-2020 ikasturtean ez dagoelako ikaslerik, ez delako haurrik matrikulatu, eta epe labur edo ertainean egoera ez dela aldatuko iritzirik, eta beraz ez dela aski ikaslerik izanen eskola zabalik mantentzeko.

Ikusirik Beintza-Labaiengo haurren eskolaratzea bermatuta dagoela Doneztebeko “San Miguel” Ikastetxe Publikoan, non garraio eta jantokia baitituzte.

Nafarroako Foru Komunitateko Ikastetxe Publikoen Sarea berrantolatzen duen uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak proposaturik,

EBAZTEN DUT:

1. Beintza-Labaiengo Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoaren jarduerak aldi baterako bertan behera uztea (ikastetxearen kodea: 31002965). Jarduera-uzteak 2019-2020 ikasturtearen hasieratik izanen ditu ondorioak.

2. Eskolaratzea Doneztebeko “San Miguel” ikastetxean jarraitzen duten ikasleen dokumentazio akademikoa ikastetxe horretara bidaltzea, baita ikasle ohiena ere, bertan artxibatu eta zaindu dezaten.

3. Beintza-Labaiengo Udalak ikastetxeko instalazioak erabil ditzake gizarte, kultura eta hezkuntza arloko jarduerak egiteko, betiere ikastetxeko izaerarekin bateragarriak eta egokiak badira, eta bukatzekoak badira instalazioak berriz ikastetxe moduan erabiltzeko behar direnean.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Beintza-Labaiengo Udaleko alkate-buruari jakinaraztea, eta adieraztea administrazioaren ebazpen honen kontra administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko duela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

6. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu guztietara, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalera eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora.

Iruñean, 2019ko irailaren 10ean.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

Iragarkiaren kodea: F1911775