194. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, hiru izangai-zerrenda hautaproben bitartez osatzeko, Babes Zibileko laguntzaile lanpostuan aldi baterako kontratu bidez aritze aldera, udalean gertatzen ahal diren beharrak asetzeari begira

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak honako ebazpen hau eman zuen 2019ko irailaren 19an:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da hiru izangai-zerrenda hautaproben bitartez osatzea, Babes Zibileko laguntzaile lanpostuan aldi baterako kontratu bidez aritzeko, Iruñeko Udalean gertatzen ahal diren beharrak asetzeari begira. Zehazki, honako zerrenda hauek:

–Aldi baterako kontratazio-zerrenda, babes zibileko laguntzaile lanpostuan aritzeko, Herritarren Segurtasuneko Alorreko edozein departamentu edo zerbitzutan.

–Aldi baterako kontratazio-zerrenda, babes zibileko laguntzaile lanpostuan aritzeko, Herritarren Segurtasuneko Alorreko Objektu Galduen departamentuan, ingeleseko C1 mailako titulua edukitzeko betekizunarekin.

–Aldi baterako kontratazio-zerrenda, babes zibileko laguntzaile lanpostuan aritzeko Herritarren Segurtasuneko Alorreko edozein departamentu edo zerbitzutan, C motako ibilgailuak gidatzeko baimena edukitzeko betekizunarekin.

Izangaiek zerrenda hauetakoren batean edo gehiagotan izena emateko aukera izanen dute, eta horretarako eskabidearen I. eranskineko ereduan agertzen diren aukera-laukiak bete beharko dituzte, eta 2. oinarrian eskatutako betekizunak egiaztatu.

2.–Betekizunak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko mugaegunean:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikagarria duen eremuko estatu batekoa.

Halaber, espainiarren ezkontideek parte har dezakete, eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarrenek zein aipatutako nazioarteko itunen esparruko beste estatuetako herritarrenek ere –betiere zuzenbidez bereizita ez badaude–; bai eta, orobat, haien ondorengoek eta ezkontideenek ere –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta gainditu gabe izatea nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina.

c) Eskola Ziurtagiriaren titulua edukitzea, edo horren baliokidea, edo hori erdiesteko maneran egotea eskabideak aurkezteko mugaegunean.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, horien homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute eskabideak aurkezteko mugaegunean.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko dute, edo hitz eman, adierazteko ez dutela, beren estatuan, Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapen edo kondena-penalik.

f) C motako ibilgailuak gidatzeko baimena edukitzea, betekizun hori eskatzen duen zerrendarako hautua eginez gero.

g) Ingeleseko C1 mailako titulua edukitzea, titulu hori eskatzen duen zerrendarako hautua eginez gero.

2.2. Izangaiek aurreko baldintza guztiak bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean ez ezik, hala dei egiten zaienean nola kontratazio-aldian ere.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabilita, 15 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta bulegoetan eta Interneten www.pamplona.es/eu webgunean.

Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko mugaegunean. Era berean, adierazi beharko dute proposatutakoen artean zer zerrendatarako hautua egiten duten.

3.2. Eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, betiere ezertan galarazi gabe kontratatuak izateko deituak direnean jatorrizko dokumentuak edo fotokopia konpultsatuak edo legeekin bat kautotuak aurkezteko beharra:

3.2.1. Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nortasuna egiaztatzen duen agiriarena, eta behar izatera, deialdiaren 2.1.a) oinarrian eskatutako nazionalitate- eta ahaidetasun-baldintzei buruzko agiriarenak.

3.2.2. Deialdiaren 2.1.c) letran eskatutako tituluaren fotokopia, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena.

3.2.3. C motako ibilgailuak gidatzeko baimena edukitzea, betekizun hori eskatzen duen zerrendarako hautua eginez gero.

3.2.4. Ingeleseko C1 mailako titulua edukitzea, titulu hori eskatzen duen zerrendarako hautua eginez gero.

3.2.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

3.3. Eskabidearekin batera, desgaitasun bat aitortuta duten izangaiek hori frogatzeko agiria –organo eskudun batek emana– aurkeztu beharko dute. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte –beharrezkotzat joz gero–, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.

4.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Behin eskabideak aurkezteko epea amaituta, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta zerrenda jendaurrean ikusgai paratuko da Iruñeko Udalaren www.pamplona.es/eu webgunean eta Udalaren iragarki-taulan, Udaletxean bertan, zerrendan izangaien izena, abizenak eta NANa adierazita.

Egun horretatik aitzina, baztertutako izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.

Behin erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta erreklamazioak ebatzita, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak onetsiko du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda (izena, abizenak eta NANa agertuko dira, eta, baztertuen kasuan, bazterketaren zergatia), eta agindua emanen du hori argitaratzeko Udalaren webgunean eta iragarki-taulan. Zerrendarekin batera, deialdi honetan aurreikusitako hautaproba egiteko eguna eta tokia ere emanen dira jakitera.

Izangaietan inor bazterturik ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da (izena, abizenak eta NANa adierazita) eta Iruñeko Udalaren webgunean nahiz iragarki-taulan argitaratuko da, hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik deialdietan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioaren eskuetan dagoena aztertzean ondorioztatzen bada ez dutela betetzen eskatutako baldintzaren bat, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik bereganatutako eskubide guztiak galduko dituzte.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Francisco José Fernández Elizalde, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorreko zuzendaria.

Epaimahaiburu ordezkoa: Eva Echarri Osinaga, Herritarren Segurtasuneko Alorreko idazkari teknikoa.

–Epaimahaikidea: Cristina Méndez Villalpando, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorreko industria-ingeniari teknikoa.

Epaimahaikide ordezkoa: Margarita Asenjo Lozano, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorreko arkitekto teknikoa.

–Epaimahaikidea: Víctor Sarasa Astráin, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorreko legelaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Guillermo Ibarrola Apezteguia, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorreko industria-ingeniari teknikoa.

–Epaimahaikidea: Sonia Ochoa Pardo, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Tatiana Elizabeth Parra Ochoa, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, Batzordeak berak izendatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: Marta Martínez Llobet, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

5.2. Epaimahaia hautaproba hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

Epaimahaiaren osaera aldatzen bada, epaimahaikideek parte ez hartzeko edota haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean emanen da horren berri izangai onartuen eta baztertuen zerrendarekin batera.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.

6.–Hautapen-prozesuaren garapena eta balorazioa.

6.1. Hautapen-prozesuaren gehieneko balorazioa 200 puntu artekoa izanen da guztira.

6.2. Hautapena proba objektibo batez eginen da; test erakoa izanen da, eta galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Galderak mota ezberdinetakoak izaten ahalko dira, hots, egoera bati buruzkoak edo kultura orokorrekoak (batez ere Iruñeko geografia praktikoari lotuak).

Proba egin aurretik zehaztuko dira hori baloratzeko irizpideak, nola zigortu akatsak hainbat aukera dituzten galderetan eta probaren iraupena.

6.3. Hautapen-proban gehienez ere 200 puntuko balorazioa emanen da. Proba gaindituko dute ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 (100 puntu), gutxienez, lortzen duten izangaiek.

6.4. Hautapen-probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, AIZ, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira haietara. Probatik baztertuak izanen dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.5. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

6.6. Proba egin ondoren, izangai bakoitzak lortutako behin-behineko emaitzak argitaratuko dira Udalaren webgunean eta iragarki-taulan, izangaien izena, abizenak, NANa eta puntuazioa adierazita.

Probaren behin-behineko emaitzen aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.

7.–Gainditu dutenen zerrenda, izangai-zerrenda eta deia.

7.1. Behin hautapen-probaren kalifikazioa bukatuta, Epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) eta iragarki-taulan argitaratuko du gainditu dutenen zerrenda, lortutako guztizko puntuazioaren hurrenkeran (izena, abizenak, NANa eta puntuazioa agertuko dira). Halaber, Giza Baliabideetako zuzendariari igorriko dio zerrenda, onets dezan, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Berdinketarik egonez gero, izangai zaharrenaren alde ebatziko da, eta oraindik ere berdinketa egonez gero, horretarako zozketa eginen da Zerbitzu Orokorretako Alorrean –Giza Baliabideetan–, berdinduta dauden izangaiei deituko zaielarik zozketan egon daitezen.

Izangai zerrendak haiei deitzeko hurrenkerarekin bat onetsi aurretik, osasun-azterketa bat eginen zaie desgaitasuna egiaztatu duten izangaiei, lanposturako gaitasuna zehazte aldera.

7.2. Behin jasota hautapen-prozesuaren espediente osoa, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpen bidez onetsiko ditu izangai-zerrendak, izangaiak deitzeko hurrenkerari lotuta (izena, abizenak, NANa eta lortutako puntuazioa agertuko dira), eta argitaratuko dira Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.pamplona.es/eu).

7.3. Proba gainditzen duten izangaiei Iruñeko Udalean sortzen diren beharren arabera deituko zaie, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

8.–Errekurtsoak.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazpena egiteko.

Iruñean, 2019ko irailaren 19an.–Giza Baliabideetako zuzendaria, Javier Morrás Iturmendi jauna.

I. ERANSKINA

Deialdian parte hartzeko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1912384