194. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

14/2019 FORU AGINDUA, irailaren 17koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2019. urtean neguko zerealen laborantzan prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioak erabiltzeko mugak jartzen dituena.

Produktu fitosanitarioen erabilera kontrolatzeko plan nazionalak, nahitaez gauzatzekoa baita, produktu fitosanitarioen erabilera egokia egiaztatzeko aukera ematen du, produktu horiek ingurumenean eta kontsumitzailearen nahiz erabiltzailearen beraren segurtasunean izan dezaketen eragina murrizteko edo arintzeko.

Planeko 2015-2016 kanpainako programazioa gauzatzean, prosulfocarb materia aktiboa atzeman zen olibetan, nahiz eta hura erabiltzea baimenduta ez egon labore horretan. Egiaztatu zen materia aktibo horren erabilera oso zabaldua zegoela zerealak hazten diren Nafarroako zona batzuetan, hain zuzen olibadiak eta zereal laboreak elkarren ondoan izan ohi direnetan.

Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 30.2 artikuluak xedatzen du ezen, baldin egiaztatzen edo arrazoibidez susmatzen bada produktu fitosanitario baten edo defentsa fitosanitariorako beste baliabide baten erabilera arriskugarria dela gizakien edo abereen osasunerako edo ingurumenerako, hura aldi baterako bertan behera utzi edo haren erabilera arautzen ahalko dela.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak irailaren 20an emandako 969/2016 Ebazpenak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak irailaren 18an emandako 341/2017 Foru Aginduak eta urriaren 2an emandako 241/2018 Foru Aginduak mugak jarri zituzten kasuan kasuko kanpainetan neguko zerealen laborantzan prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioak erabiltzeko.

Neurri hauek eraginkorrak izan dira materia aktiboaren ondorio txarrei aurrea hartzeko orduan. Hori horrela, bidezkoa da kanpaina honetan berriz ere arau bat argitaratzea, ukitutako erakundeek aurkeztutako alegazioak ere bilduko dituena.

Arau honetako proiektua legez ezarritako epeetan jakinarazi zaie publiko orokorrari eta ukitutako sektoreei.

Prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen murrizketa hauek mantendu behar direla uste da, harik eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak hura erabiltzeko baldintzak berraztertu arte edo produktu horien formulazioa aldatu arte, zereal laboreak eta olibadiak tartekaturik dauden zonetan ekoiztutako oliba-olioan prosulfocarb hondarrik ez dagoela bermatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen erabilera arautzea.

Prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen aplikazioa bertan behera uzten da aldi baterako, foru agindu honek indarra hartzen duenetik 2019ko abenduaren 31ra, honako eskualde eta udalerri hauetan:

–III. eskualdea: Udalerri hauetan: Añorbe, Tirapu, Obanos, Eneritz, Gares, Legarda, Uterga, Adios, Muruzabal, Biurrun-Olkotz, Ukar, Girgillao eta Artazu.

–IV. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak, Marañón, Genevilla, Cabredo, La Población-Meano, Zuñiga, Lana, Larragoa, Aranaratxe eta Eulate izan ezik.

–V. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak.

–VI. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak.

–VII. eskualdea: Ebro ibaiaren eskuinaldeko lurzatiak.

Gainerako eskualde, udalerri eta azaleretan, data beretan, uzta bildu gabe duten olibadietatik gutxienez 100 metroko tartea utzi beharko da.

Nafarroako nekazaritza-eskualdeen lurralde banaketari eta horietako bakoitzak biltzen dituen udalerri eta lurraldeei dagokienez, 1998ko martxoaren 2ko Foru Aginduan ezarritakoari jarraituko zaio, horren bidez aditzera eman baitzen Nafarroako nekazaritza-eskualdeen banaketa.

2. artikulua. Prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onestea, baita hurbileko laboreak ez ukitzeko gomendioak ere.

Prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onesten da zerealak hazteko 2019-2020 kanpainarako, foru agindu honetako I. eranskinean zehazten baita, eta gomendioak onesten dira II. eranskinean zehaztutako produktu fitosanitarioak aplikatzean horiek jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskua saihesteko.

3. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubidea.

Baldin foru agindu honen 1. artikulua betetzen ez bada, Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legearen IV. tituluko I. eta II. kapituluetan arau hausteei eta zehapenei buruz xedatutakoari jarraituko zaio.

4. artikulua. Esperimentazio eta aholkularitza jarduketak.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuaren (INTIA) bidez, esperimentazio eta aholkularitza jarduketak eginen ditu nekazarientzat, prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak ez diren alternatibekin.

5. artikulua. Defentsa fitosanitariorako baliabideen murriztapenei buruzko komunikazioa.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari proposatzen zaio berrazter ditzala prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak baimentzeko baldintzak.

6. artikulua. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko irailaren 17an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Plan espezifikoa, prosulfocarb substantziaren erabilera kontrola dadin Nafarroan zerealak hazteko 2019-2020 kanpainan

Nekazaritza Zerbitzuko kontrol zerbitzu ofizialek gauzatuko duten planaren baitan, kontrol dokumentalak eta ikuskapenak eginen dira tokian bertan.

Ekintza hauek gauzatuko dira:

–Prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen salmenta kontrolatuko da.

–Olibadietatik gertu dauden zereal lurzatiak begiz ikuskatuko dira, haizea dabilen egunetan bereziki.

–Laginak hartuko dira prosulfocarb hondarren analisia egiteko haren erabilera mugatua duten zereal laboreetako lurzatietan.

–Laginak hartuko dira prosulfocarb hondarren analisia egiteko, inguruan zereal laboreak dituzten olibondo lurzatietan.

–Ustiatze koadernoak kontrolatuko dira arrisku zonetan.

II. ERANSKINA

Olibondoen inguruan prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak aplikatzean horiek jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskua saihesteko gomendioak, haren erabilera erabat murriztuta geratzen ez den eskualde eta udalerrietan.

–Prosufocarben ordez beste herbizida batzuk erabiltzen saiatzea.

–Olibadiekin muga egiten duten lurzatietan kokatzea greening-eko interes ekologikoko azalerak.

–Ahal den neurrian, zerealak berandu ereitea eta olibadiak dauden ingurunean tratamendua egiteko, olibak bildu arte itxoitea.

–Ustiatze lurzatiekin muga egiten duten edo horietatik gertu dauden olibadien zerrenda bat edukitzea, tratamenduak planifikatu ahal izateko haizearen noranzkoaren eta beste faktore batzuen arabera (beroa, hezetasuna, tenperatura, etab.).

–Prestakuntza jardueretara joatea, produktua jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskuak murriztearekin lotura dutenak, saldak dosifikatzearekin, makineriaren erregulazioarekin, eta abar.

–Iragarpen meteorologikoak kontsultatzea, eta baldintzarik egokienetan tratatzea olibondoetatik gertu dauden lurzatiak:

  • Haizeak jotzea kalte har dezakeen eremuaren kontrako noranzkoan.
  • Haizearen abiadura < 2,5 m/s.
  • Tenperatura epela (< 25 ºC).
  • Hezetasuna (> %50).

–Produktua jitoan ez ibiltzeko pitak erabiltzea, tanta finen kopurua murrizteko. Tantak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta handiagoa da produktua jitoan ibiltzeko arriskua. 20 mikrako diametroko tantak 125 metrora zabal daitezke 3 m/s haizea baldin badabil.

–Barraren altuera behar bezala egokitzea, jomugatik 50 cm-ra mantenduz. Kontuan izan barra 75 cm-ko altueran badago %50 handiagoa dela produktua jitoan ibiltzeko arriskua, 50 cm-ko altueran dagoenean baino.

–Lur gorabeheratsuetan, barrak egonkortzeko sistemak dituzten zipriztingailuak erabiltzea gomendatzen da.

–Kalte har dezaketen zonetatik gertu zipriztintzean, 8 km/h abiaduran baino azkarrago ez joatea. Kontuan izan behar da zenbat eta azkarrago joan orduan eta denbora luzeagoz izan daitezkeela jitoan tantarik finenak.

–Haizez lagundutako zipriztingailuak erabiltzeko aukera aztertzea, haize bortitza dabilenean aplikatu behar izaten badira maiz produktu fitosanitarioak.

–Aplikazio ekipamendua kalibratzea eta pitak behar bezala daudela egiaztatzea kanpaina bakoitza hasi aurretik.

Iragarkiaren kodea: F1912239