192. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1767/2019 EBAZPENA, irailaren 4koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetako Doktoretzako Aparteko Sarien deialdia onesten duena.

Ikusirik Aholkularitza Juridikoaren txostena.

Ikusirik NADOEko zuzendariaren ebazpen proposamena, Ikerketako errektoreordeak ontzat emana.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskudantziak betez,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.–Onestea 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetako Doktoretzako Aparteko Sarien deialdia, eranskin gisa doazen oinarriei lotuko zaiena.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Ikerketako errektoreordeari, Nafarroako Doktoretza Eskolako zuzendariari, Irakaskuntza Zerbitzuko zuzendariari eta Sarbidearen, Beken eta Tituluen Ataleko buruari aditzera ematea.

Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 6. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, eta interesdunek zilegi dute ebazpenaren aurkako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko irailaren 4an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

IRAILAREN 4ko 1767/2019 EBAZPENAREN ERANSKINA.
DOKTORETZAKO APARTEKO SARIEN DEIALDIA

2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteak

Deialdia egin da 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetako Doktoretzako Aparteko Sariak emateko. Kontuan harturik aldi honetan zenbat tesi irakurri diren, eta zer arlotakoak diren, honako sari hauek emango dira:

Nekazaritzaren eta Nekazaritzako Elikagaien Zientziak

1

Industriako Zientziak eta Teknologiak

1

Giza eta Gizarte Zientziak

1

Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak

1

Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea

1

Osasun Zientziak

1

Aski izango da izangai bakarra egotea Batzordeak izangai hark Aparteko Saria merezi ote duen epaitzeko.

Arlo bakoitzean gehien nabarmendu diren tesiei emango zaien aparteko kalifikazioa edo aitorpena izango da saria.

Emandako sariak doktorearen ziurtagiri akademiko pertsonalean ageriko dira.

Halaber, NUPen web-orrialdearen bidez, deialdi honen bidez ematen diren aparteko sarien zabalkundea egingo du Nafarroako Doktoretza Eskolak, saria jaso duen doktorearen izen-deiturak, tesiaren izenburua eta tesia zer arlotakoa den jakinaraziz.

Hautagaiak:

2014ko urriaren 1etik 2016ko irailaren 30era bitartean Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza-tesia defendatu eta bikain cum laude edo gai cum laude kalifikazioa aho batez erdietsi duten doktore guztiek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan, betiere aplikatzekoak diren arauetan aipatutako kalifikazioen arabera.

Hautagaiak aukeratzeko batzordeen osaera:

Nafarroako Doktoretza Eskolak hautaketa-batzorde bat izendatuko du arlo bakoitzeko, eta Eskolako zuzendariak (edo hark NADOEko Zuzendaritza Batzordean eskuordetzen duen pertsonak) eta dagozkien arloetan entzute handia duten bi doktorek osatuko dute bakoitza. Horretarako, batzordeko kide izateko, bi ikerketa-tarte edo gehiago dituen eta beste unibertsitate edo ikerketa zentro batekoa den irakasle bat proposa dezan eskatuko zaio Doktoretza Programako Irakaskuntza Batzorde bakoitzari. Proposamenarekin batera, Doktoretza Programetako Irakaskuntza Batzorde bakoitzak irakasle batzordekide bakoitzaren curriculum vitae laburtua aurkeztuko du. Hautaketa-epaimahaietan ezin izango dute parte hartu ez tesien tutoreek, ez zuzendariek, ez sarietara aurkeztu diren tesien epaimahaietan kide izan direnek, ezta izangaien tesiak berraztertu dituzten kanpoko aztertzaileek ere.

Nafarroako Doktoretza Eskolak arlo bakoitzean proposatzen diren kideen artetik izendatuko ditu batzordekideak. Doktoretza Programei dagozkien Irakaskuntza Batzordeetatik ez bada nahikoa kiderik proposatzen, Nafarroako Doktoretza Eskolak beste izen batzuk proposatuko ditu hautaketa-batzordeak osatu arte.

Hautatzeko irizpideak:

Tesiak balioetsiko dituzten hautaketa-batzordeek lehentasunezko irizpide hauei jarraituko diete aurkezten diren lanen kalitatea egiaztatzeko:

–Doktoretza-tesian erdietsitako helburu edo ondorio nagusiak.

–Berritasun maila, gaiaren aurreko egoerarekin alderatuta.

–Tesiaren gaiarekin zerikusi zuzena duten argitalpenak (aldizkari indexatuetakoak). Onartuta eta argitaratzeko zain daudenak ere hartuko dira kontuan.

–Argitalpenei buruz edo tesiari berari buruz beste egile batzuek egin dituzten erreferentziak, argitaratu diren iritziak edo kalitatearen beste adierazgarri batzuk.

–Patenteak, edo doktoretza-tesiaren ondorio zuzena diren beste emaitza batzuk.

Hautaketa-batzordeek zilegi dute sariak eman gabe uztea; bestela, Nafarroako Doktoretza Eskolari jakinaraziko dizkiote saria emateko proposamenak. Hautaketa-batzordeetako kideren batek bere zeregina modu telematikoan egin behar izanez gero, hari esleitutako tesi bakoitzaren txosten bat igorri beharko dio epaimahaiari.

Eskaerak aurkezteko epea eta tokia:

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, 08:30etik 14:30era bitartean. Eskaera aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

Nahitaezkoa izango da dokumentu hauek aurkeztea:

–Eskabidearen inprimaki normaldua, NADOEren webgunean eskura daitekeena.

–Curriculum vitaea.

–Gehienez hamar orrialde dituen txosten bat (Times New Roman 12 letra mota, espazio eta erdiko lerroartearekin), honako puntu hauek nahitaez izan behar dituena:

  • Tesiaren laburpena.
  • Erdietsitako helburu edo ondorio nagusiak.
  • Berritasun maila, gaiaren aurreko egoerarekin alderatuta.
  • Izangaiaren argitalpenak eta patenteak, tesiaren gaiarekin zerikusi zuzena dutenak. Onartuta eta argitaratzeko zain daudenak ere hartuko dira kontuan.
  • Lanaren kalitatea bermatzen duten adierazleak: beste egile batzuen erreferentziak, lanak argitaratu diren aldizkarien oihartzun-indizea, etab.

CVa eta txostena euskarri elektronikoan aurkeztu beharko dira, CD batean (pdf formatua).

Argitalpena:

Deialdi hau eta bere oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Gainerako jarduerak NADOEren webgunean agertuko dira, eta zilegi izango da modu osagarri eta ez-ofizialean posta elektronikoaren bidezko abisu bat bidaltzea.

Halaber, Nafarroako Doktoretza Eskolaren webgunean ere emango da horren berri.

Egutegia:

Nafarroako Doktoretza Eskolak jarraian aipatzen diren jardueren egutegia prestatuko du, eta egutegi hori NADOEren webgunean jarriko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 eguneko epean beranduenez:

–Eskaerak aurkezteko azken eguna.

–Doktoretza Programetako Irakaskuntza Batzordeek nolako epea izango duten hautaketa-batzordeetako kide izango direnen proposamenak bidaltzeko.

–Hautagaiak aukeratzeko batzordeen izendapena.

–Batzordeek aparteko sarietarako hautagaiak proposatzeko epea.

–Sariak emateko prozedura ebazteko azken eguna.

Ebazpena:

Sariak Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen baten bidez emango dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteko epean beranduenez. Epe hori kontatzeko, abuztua ez da kontuan hartuko.

Ebazpena NADOEren webgunean argitaratzea izango da izangaiei jakinarazpena egiteko egintza formala.

Iragarkiaren kodea: F1912316