191. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BORTZIRIETAKO HIRI HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Garbigune finkoaren kudeaketa arautzen duena. Behin betiko onespena

Bortzirietako Mankomunitateak, 2019ko maiatzaren 21ean egin bikuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Bortzirietako garbigune finkoaren kudeaketa arautzen duen ordenantza.

Jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia paratuta 2019ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 21ekoan, bai eta Bortzirietako Mankomunitateko iragarki-taulan ere; epe horretan ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c) artikuluan ezarritakoaren arabera (foru lege hori maiatzaren 31ko 15/2003 Foru Legeak aldatu zuen).

Hortaz, bidezko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ordenantzaren testu osoa.

Etxalarren, 2019ko abuztuaren 5ean.–Mankomunitateko burua, Miguel María Irigoyen Sanzberro.

GARBIGUNE FINKOAREN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Zerbitzuaren nondik-norakoak

1. artikulua. Zerbitzuaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen (aurrerantzean, Bortzirietako Mankomunitatea) Garbigune zerbitzua, zeina kokatzen baita Alkaiaga industrialdeko Alasta kaleko 1ean (Lesaka).

Zerbitzu honen bidez, erabiltzaileei hondakinak behar bezala botatzeko erraztasunak eman nahi zaizkie, honako helburu hauek lortzeko:

–Hondakinen kontrolik gabeko isurketa ekiditea.

–Etxean sortutako hondakin arriskutsuak behar bezala kudeatzea.

–Tratatu edo suntsitu beharreko hondakinen bolumena gutxiagotzea.

–Balio izan dezaketen materialen bereizketa egokia egitea.

–Hondakinetan dauden materialak berreskuratzea, zuzenean birziklatzeko.

–Ingurumenari buruzko sentsibilizazio eta prestakuntza programak sustatzea.

–Berrerabilera sustatzea.

2. artikulua. Garbigunea ustiatzeko arduraduna.

Garbigunea ustiatzeko arduraduna Bortzirietako Mankomunitatea da; erakunde publiko horren kargura gauzatuko dira ustiapen-lanak, berea izanen da horien gaineko erantzukizuna eta berak zuzenduko ditu, ordenantza honetan jasotzen diren aginduen arabera.

Bortzirietako Mankomunitateak izendatuko ditu, dagokion administrazio prozeduraren bidez, Garbigune zerbitzua ustiatuko duten enpresa emakidadunak, edo bere langileen bidez eginen du, egoki iritziz gero.

3. artikulua. Garbigune zerbitzuaren erabiltzaileak eta kanpo geratzen direnak.

Garbiguneko erabiltzailetzat joko dira honako hauek:

1.–Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesaka udalerrietako bizilagunak, baldin eta Bortzirietako Mankomunitateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskaleko HHS bildu eta tratatzeko tasaren subjektu pasibo badira.

2.–Bortzirietako Mankomunitatea osatzen duten udalak, horren subjektu pasibo direnak.

3.–Bortzirietako Mankomunitatearen esparruko ekonomia jarduera txikiak, II. eranskinean adierazitako zenbait hondakinetarako. Tratamendu hau aplikatu ahal izateko, ezinbesteko beharkizuna izanen da hondakin horiek ez izatea jarduera nagusiak sortuak eta Bortzirietako Mankomunitatearen aurretiko baimena edukitzea.

4.–Bortzirietako Mankomunitateak salbuespenezko hondakinak uzteko baimenak ematen ahalko dizkie pertsona fisiko edo juridikoei, beren hondakinak zerbitzu honen bidez unean-unean kudeatu nahi dituztenei, lurralde-beharkizuna eta/edo subjektiboa betetzen ez badute ere.

Eskaera hori Bortzirietako Mankomunitateari aurkeztu beharko zaio, idatziz, eta Lehendakaritzaren ebazpen bidez ebatziko da, aurretiko txosten teknikoa izanda.

5.–Garbigune zerbitzutik kanpo geratzen dira honako hauek:

–Hiri-hondakinak eta/edo hondakin geldoak biltzeko enpresak eta kudeatzaileak.

–Industriak, oro har, eta eraiste-enpresak.

–Merkataritza: saltegi-handiak.

–Konponketa-lantegiak.

–Subjektu pasiboen izaera ez duten pertsona fisiko eta juridikoak, salbu eta salbuespenezko baimena dutenak.

6.–Arestiko puntuetan deskribatu kasu guztietan, Garbigune zerbitzua erabiltzeko, nahitaezkoa izanen da beteak izatea Bortzirietako Mankomunitatearekiko obligazio ekonomikoak eta ez edukitzea ordenantza hau ez betetzeagatik ezarritako zehapenik.

4. artikulua. Zerbitzuaren kostua.

Garbigunek eskaintzen duen etxeko hondakinak uzteko zerbitzua doakoa izanen da erabiltzaile izaera duten pertsonendako.

Izaera hori ez duten pertsona fisiko edo juridikoek edo oro har ezarritakoa baino hondakin kopuru handiagoa uzteko salbuespenezko baimena dutenek prezio publikoak ordaindu beharko dituzte, Bortzirietako Mankomunitateak onetsitako modu eta baldintzetan.

5. artikulua. Onartutako hondakinak, kopuruak eta mugak.

Onartu eginen dira etxeko hondakinak eta horien parekoak, I. eta II. eranskinetan adierazitakoak, betiere, zehaztutako kopuruetan eta mugekin.

Hondakinak nork sortu dituen horrexek utzi beharko ditu. Hondakinak sortu dituen horrek ez beste pertsonaren batek utzi behar baditu, aldez aurretik eman beharko zaio horren berri Bortzirietako Mankomunitateari, ahal dela, idatziz edo bitarteko informatikoen bidez. Aurkeztu agirietan oinarrituta, Bortzirietako Mankomunitateak hondakinak uzteko baimena eman edo ukatu eginen du.

Lehendakaritzaren ebazpen bidez I. eta II. eranskinetan deskribatu zerrendei gehitzen ahalko zaizkie beharrezkotzat eta egokitzat jotzen diren bestelako hondakinak. Aldaketa oro iragarriko da Bortzirietako Mankomunitatearen web-orrian eta Garbigunean.

6. artikulua. Onartzen ez diren hondakinak.

III. eranskinean adierazten direnak.

II. TITULUA

Zerbitzua emateko modua

7. artikulua. Hondakinak jasotzeko ordutegia.

IV. eranskinean ezarriko dira hondakinak hartzeko eta erabiltzaileei arreta egiteko ordutegia eta egutegia, zeinak aldatzen ahalko baitira Lehendakaritzako ebazpen bidez. Ordutegiok une oro egonen dira eskuragarri Bortzirietako Mankomunitatearen web-orrian eta Garbiguneko sarreran.

Partikularrak ezin izanen dira Garbigunen sartu ezarritako orduetatik kanpo, Bortzirietako Mankomunitateak aldez aurretik baimendutako salbuespen egoeratan izan ezik.

8. artikulua. Sarbide-kontrola.

Garbiguneko sarreran informazio-taula bat paratuko da; hartan zehaztuko dira honako hauek:

–Instalazioaren izena, helbidea eta jabea den entitate publikoa.

–Funtzionamendu-ordutegia.

–Harremanetarako telefonoa.

Debeku da arras baimenduta ez dagoen inor Garbigunean sartzea; zehapena jasotzen ahalko du. Instalaziotik ateratzeko eskatzen ahalko zaio horiek behar bezala erabiltzen ez dituen orori. Jarrera desegokiak behin eta berriz errepikatuz gero, Garbigunera sartzea debekatzen ahalko da.

Garbigunera sartzen den kanpoko edozeinek Garbigunea ustiatzeko arduradunen jarraibideak bete beharko ditu une oro.

Garbigunera sartzen diren bisitariak bertako langile gaitu batek lagunduta egon beharko dute beti.

9. artikulua. Entregaren kontrola. Zaintza.

Garbigunea ustiatzeko arduradunek zainduko dute Garbiguneko sarrera, horretarako ezarritako orduetan. Orobat, segurtasun kameren bidez zaintzen ahalko dira instalazioak.

Langile horiek dituzten eskudantziak, erabiltzaileei dagokienez, honako hauek dira:

–Hondakinak uzteko aholku ematea.

–Garbiguneko instalazio osoa txukun eta egoera onean edukitzea.

–Debekatzea onartzen ez diren materialak uztea.

–Erabiltzaileen eta materialen onarpen- eta sarrera-erregistroa eramatea.

–Utzitako hondakinaren jatorria, kopurua eta tipologia idatziz jasotzea.

–Materialen irteera- eta helmuga-erregistroa eramatea.

–Saihestea baimenduta ez dagoen inork hondakinak hartzea edo arakatzea.

10. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna eta betebeharrak.

–Erabiltzaileek une oro beteko dituzte Garbigunea ustiatzeko arduradunen jarraibideak.

–Instalazioetara adingabeekin sartuz gero, haien gaineko ardura duen erabiltzaileak Garbiguneko arauak betearazi beharko dizkie, bereziki, segurtasunari eta istripuei aurrea hartzeko neurriei buruzkoak.

–Debeku da instalazioetara animaliak sartzea, salbu eta ibilgailuaren barnean badaude. Erabiltzaileen erantzukizuna izanen da inguruabarrok behar bezala betetzea.

–Garbiguneko arduradunei eman beharko diete zerbitzuak ongi funtziona dezan eskatzen dieten beharrezko informazioa (hondakinaren jatorria, mota, gutxi gorabeherako kopurua, identifikazio datuak, etab.).

–Material bakoitza dagokion edukiontzian utziko dute, edo utz dezaten eramanen dute, material bakoitzaren izaera kontuan hartuz eta txukunki.

–Hondakinak ahalik eta eragozpenik gutxien sortzeko moduan deskargatuko dituzte, bereziki, zaratak sortzeari dagokionez.

–Hondakinak utzi ondotik, eremua garbituko dute, behar izatera.

–Behar bezala gidatuko dute, abiadura egokian, eta sarbidea une oro libre geratzeko moduan, eta gehieneko pisu baimendua 3.500 kilotik beherako ibilgailuak erabiliko dituzte.

Ezin izanen dute 3 m³-tik edo 250 kg-tik gorako hondakinik utzi astean, salbu eta Bortzirietako Mankomunitatearen berariazko baimen idatzia badute.

III. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honek arautzen dituen gaiei dagokienez, arau-hauste administratiboak dira ordenantzaren edukia osatzen duten arauak hausten dituzten egintzak edo ez-egiteak.

Arau-hauste oso astunak honako hauek dira:

–Onartzen ez diren hondakinak uztea edo hondakinak nahastea.

–Bereizi gabe uztea pertsonendako kaltegarriak izan daitezkeen hondakin arriskutsuak.

–Garbigunetik hondakinak hartzea, arduradunen baimenik gabe.

–Nahita hondatzea ekipamenduak edo instalazioak.

–Uko egitea oker utzitako hondakinak kentzeari edo garbitzeari.

–Urratzea Garbiguneko arduradunen agindu eta jarraibideak.

–Lotsa galtzea Garbiguneko arduradunei.

–Ez ematea Bortzirietako Mankomunitateak eskatutako argibideak arriskutsuak edo toxikoak izan daitezkeen hondakinei buruz, edo, benetan halakoak direnean, haien jatorriari, ezaugarriei, aurretratamendu motari eta abarri buruzko datuak.

–Instalazioen barruan hondakinak uztea, identifikatu gabe, Garbiguneko arduradunek berariaz eskatu bezala, horretarako ahalmenik izan gabe, edo identifikatzeko agiriak faltsutzea.

Arau-hauste astunak:

–Ez ematea hondakinen izaerari, kopuruari edo jatorriari buruz eskatutako argibideak, edo horiek faltsutzea, hondakin ez arriskutsuei dagokienez.

–Hondakina uztea, horretarako baimenik izan gabe, Garbigunearen ingurubidean, irekita dagoenean edo irekitzeko ordutegitik kanpo.

–Behar bezala bereizi gabe uztea pertsonendako kaltegarriak ez diren hondakin arriskutsuak.

–Baimendutako kopurua gainditzen duten hondakinak uztea.

–Hondakin ez arriskutsuak uztea, horiek behar bezala bereizi gabe.

–Bortzirietako Mankomunitatearen lurralde-eremuan sortu ez diren hondakinak uztea.

Arau-hauste arinak:

–Hondakinak uztea ez dagozkien edukiontzietan edo tokietan.

–Ez laguntzea Garbiguneko arduradunei hondakinak uzten.

–Instalazioetan sartzea (hondakinik utzi gabe), Garbiguneko arduradunen beharrezko baimenik gabe.

Arau-hauste arin batean berreroriz gero, astuntzat joko da, eta arau-hauste astun batean berreroriz gero, oso astuntzat.

12. artikulua. Zehapenak.

Bortzirietako Mankomunitateko batzarburuari egokituko zaio zehapenak ezartzea.

Aurreko artikuluan jasotako arau-hauste bakoitza zehatzen ahalko da, behean jasotako eskalaren araberako isuna paratuz, deusetan ukatu gabe arau-hausleak eragindako kaltea konpontzeko eta arau-hausteak sortu ahal izan dituen kalte-ordainak pagatzeko duen betebeharra, Bortzirietako Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek ebaluatu ondotik.

Konponketak egin ezean, betearazpen subsidiarioa eginen da, arau-hauslearen kontura.

–Arau-hauste oso astunak: Garbigune zerbitzua aldi baterako erabiltzen jarraitzeko debekua eta/edo 600,01 eta 1.500,00 euro bitarteko isuna.

Arau-hauste astunak: 150,01 eta 600,00 euro bitarteko isuna.

–Arau-hauste arinak: ohartarazpena eta/edo 150,00 euro arteko isuna.

Zehapenak ezartzerakoan kontuan izanen da arauak nahita hautsi diren edo behin eta berriz hausten diren eta sortutako kalteak nolakoak diren.

Diruzko zehapenaren %50 pagatzen ahalko da, baldin eta salaketaren jakinarazpena jarri ondoko lehen hamabost egun naturalean egiten bada.

13. artikulua. Prozedura.

Zehatzeko ahalmen prozedurak eskatzen du dagokion espedientearen hastea eta instrukzioa, aplikatzekoak diren legezko eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoaren arabera.

Dena dela, zehapen-espedientea hasi beharko da, Garbiguneko arduradunek arau-haustearen partea egin badute.

Prozedura abiarazteko erabakiak barnean hartu beharko du Bortzirietako Mankomunitateko zerbitzu juridiko-teknikoaren txostena, ezartze aldera gertakarien kalifikazioa, sortutako kalteak, zehapen-proposamena eta behin-behineko kalte-ordaina.

Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legean xedatuari jarraituko zaio.

14. artikulua. Erantzukizuna.

Ordenantza honetan jasotako edozein zehapen ezartzeak ez du galarazten zehatuak izan lezakeen erantzukizun zibila edo penala.

IV. TITULUA

Aplikatzekoak diren arauak

15. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

Bortzirietako Mankomunitateko Garbigunearen kudeaketak ordenantza honetan ezarritakoari jarraituko dio; ordenantzan ezartzen ez denerako, aldiz, aplikatzekoa izanen da honako araudi hau:

–14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa.

–22/2011 Legea, uztailaren 28koa, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa.

–110/2015 Errege Dekretua, otsailaren 20koa, Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzkoa.

–105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena.

–23/2011 Foru Dekretua, abenduaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena.

Kudeaketari eta zatikiei buruzko kontzeptu teknikoak definitzeko, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean xedatuari jarraituko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Gertakari zehatz batzuk zenbait ordenantzatan tipifikatutako administrazioko arau-hauste badira, zehapen prozedura tramitatuko da haietarako isunik handiena ezartzen duen ordenantzaren arau-hauste gisa.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Lehendakaritzari berariazko ahalmena ematen zaio interpretatzeko, argitzeko eta garatzeko aurreko xedapenak eta, behar izatera, ordenantza honetan jasotako aginduetan antzeman litezkeen arau hutsuneak betetzeko, bai eta hura ahalik eta hobekien aplikatzeko xedapen osagarriak ere, deusetan ukatu gabe bide jurisdikzionalean bidezko liratekeen errekurtsoak aurkeztea.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.

I. ERANSKINA

Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesaka udalerrietako bizilagunek eta Bortzirietako Mankomunitatea osatzen duten udalek uzten ahal dituzten hondakinak

Kopuruak eta mugak

1.–Onartzen diren hondakinak.

Etxeko hondakin mota hauek onartuko dira:

–Etxeko obra txikiek sortutako hondakinak edo bestelako material bizigabeak. Hondakinok ezin izanen dute substantzia arriskutsurik eduki, hala nola amiantoa, disolbatzaileak eta hormigoiaren gehigarri batzuk, ezta pintura, erretxina edo plastiko jakinak ere, eta ezinen dira nahastuta egon ez material disolbagarriekin ez erregaiekin ez biodegradagarriekin. Ez dira inola ere onartuko enpresen jardueraren batetik ateratakoak.

–Plastiko birziklagarriak (polietileno-bidoiak, plastikozko mintza, porexa...).

–Birziklagarriak ez diren plastikoak (pertsianak...).

–Etxeko gauza handiak (koltxoiak, sofak, somierrak...).

–Metalak eta txatarra.

–Inausketa hondarrak.

–Zurak (paletak, altzariak, kaxak, taulak...).

–Beira laua (kristala).

–Biltzeko kartoiak.

–Etxean erabilitako papera eta kartoia (tolestuta utzi beharko da).

–Etxeko bilgarriak (plastikozkoak, metalezkoak eta brikak).

–Beirazko ontziak.

–Ehunak.

–Kotxe eta motorretako pneumatikoak, hagunetatik bereiziak, edo metalezko zatiak (2 unitate gehienez, erabiltzaileko).

–Aparatu elektriko eta elektronikoak (ordenagailuak, telebistak, irratiak, telefonoak...).

–Linea zuriko etxetresna elektrikoak (garbigailuak, sukaldeko etxetresna elektrikoak...).

–Jostailuak.

–Etxeko hondakin bereziak.

–Sukaldeko olio erabilia (ontzi itxian).

–Automobilgintzako olio erabilia (ontzi itxian). Gehienez ere erabiltzaile bakoitzak 5 litro uzten ahalko ditu hilabetean.

–Metagailuak: ibilgailuen bateriak eta metagailuak, oro har (itxita eraman beharko dituzte azidoak daramaten deposituak, isur ez daitezen eta hondakin horiek manipulatzen dituzten langileek erredurak izateko arriskua saihesteko).

–Fluoreszenteak eta lanparak.

–Pilak (botoi-pilak gainerakoetatik aparte utzi beharko dira).

–Inprimagailuetako tonerren karkasak.

–CDak eta DVDak.

–Gainerako etxeko hondakin arriskutsuak: pinturen, bernizen, disolbatzaileen, itsasgarrien, fitosanitarioen, aerosolen ontziak, itxita betiere.

2.–Arau orokorrak.

2.1. Utzitako hondakinen bolumena 3 m³-ra mugatzen da, eta, pisuarena, 250 kg-ra astean, oro har. Ikusten bada erabiltzaile batek ohitura duela muga horren inguruko entregak egiteko, Bortzirietako Mankomunitateak eskatzen ahalko dio agiri bidez justifika dezala uzten dituen hondakinen jatorria eta izaera ez profesionala, edota aginduko, hark kudeatutako beste instalazio batzuetara eramateko edo hondakinak bertan ez uzteko.

Muga horiek gainditzen dituzten deskargetarako, edo haien ezohiko bolumena edo mota direla-eta ohiz kanpokoak direnetarako, Bortzirietako Mankomunitatearen aldez aurreko baimen idatzia eskatuko da.

2.2. Baimendutako gehieneko pisua 3.500 kilotik behera duten ibilgailuek baino ezinen dute deskargatu.

II. ERANSKINA

Bortzirietako Mankomunitatearen esparruko ekonomia jarduera txikietatik onartzen diren hondakinak

Kopuruak eta mugak

1.–Onartzen diren hondakinak.

1.1. Onartu eginen dira Bortzirietako Mankomunitatearen esparruko ekonomia jarduera txikiek sortutako etxeko hondakinen parekoak, baldin eta ez badira jarduera nagusiak sortuak eta Bortzirietako Mankomunitatearen aurretiko baimena badute. Hona hemen:

–Metalak eta txatarra.

–Biltzeko kartoiak.

–Etxean erabilitako papera eta kartoia.

–Etxeko bilgarriak (plastikozkoak, metalezkoak eta brikak).

–Beirazko ontziak.

–Ehunak.

–Aparatu elektriko eta elektronikoak (ordenagailuak, telebistak, irratiak, telefonoak...).

–Linea zuriko etxetresna elektrikoak (garbigailuak, sukaldeko etxetresna elektrikoak...).

–Fluoreszenteak eta lanparak.

–Pilak.

1.2. Halaber, Bortzirietako Mankomunitateak aldi batez jasotzen ahalko ditu, gero kudeatze aldera, kudeatzen zailak diren hondakinak, aipatzen direnak Nafarroako Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 16.2.e) artikuluan, hala nola ardi-artilea, sokak eta beste batzuk.

2.–Arau orokorrak.

2.1. 1.1 puntuko hondakinetarako, utzitako hondakinen bolumena
3 m³-ra mugatzen da, eta, pisuarena, 250 kg-ra astean, oro har.

Muga horiek gainditzen dituzten deskargetarako, edo haien ezohiko bolumena edo mota direla-eta ohiz kanpokoak direnetarako, Bortzirietako Mankomunitatearen aurretiko baimen idatzia eskatuko da.

2.2. Baimendutako gehieneko pisua 3.500 kilotik behera duten ibilgailuek baino ezinen dute deskargatu.

III. ERANSKINA

Onartzen ez diren hondakinak

Ez da onartuko jatorri industrialeko hondakinik, ez eta bilketa arrunteko edukiontzietan utzi ohi den etxeko hondakinik ere.

Ez dira onartuko aipatu ez diren hondakinak, salbu eta berariazko baimena badute, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

Zehazki, ez dira onartuko honako hondakin hauek:

–Etxeko hondakin organikoak.

–Nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinak (II. eranskinean adierazitakoak salbu).

–Jatorri industrialeko hondakinak.

–Erabileraz kanpoko ibilgailuak.

–Meatzaritzan edo erauzketa jardueretan sortutako hondakinak.

–Hondakin erradioaktiboak.

–Lehergaiak edo material sukoiak (pirotekniakoak, airbagak, etb.).

–Osasun arloko hondakinak.

–Hondakin nahasiak.

IV. ERANSKINA

Hondakinak jasotzeko ordutegia: Garbigunea zabalik egonen da astelehenetik ostiralera, 12:00etatik 15:00etara.

Iragarkiaren kodea: L1911703