188. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SUNBILLA

Udal ordenantza, Animalia arriskutsuak eta bertzelakoak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Sunbillako Udalak 2019ko martxoaren 1ean egin osoko bilkura arruntean erabaki zuen hasiera batean onestea Sunbillan animalia arriskutsuak eta bertzelakoak edukitzea arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza onetsia jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2019ko martxoaren 22an, 53 zenbakian Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganda, ordenantza behin betikoz onetsirik geldituko da, eta testua osorik emanen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Sunbillan, 2019ko irailaren 17an.–Alkate udalburua, Amets Inda Gorriarán.

SUNBILLAN ANIMALIA ARRISKUTSUAK ETA BERTZELAKOAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Sunbillako udalerrian arautu eta aplikatzea Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea, eta bertzelakoak, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua.

2. artikulua. Definizioa.

Arriskutsu gerta daitekeen animaliatzat hartuko dira, 50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuan aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1.–Izatez basa direnetakoak izanik, etxeko edo lagun egiteko erabiliz, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak direnak, eta ondasunei kalte egin ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

2.–Honako arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrier, pitbull terrier, Mallorcako ausiki zakurra, Kanarietako ausiki zakurra, artzanor napolitarra, bullmastiff, dobermann, tosa japoniarra eta rottweiler. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, beren ezaugarri etnikoak dituztenak eta beren gurutzatzeak.

3.–Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan diren animaliak.

4.–Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diotenak.

Animaliak dituztenek haiek identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz inmunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta Udalaren zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

3. artikulua. Lizentzia.

1.–Ordenantza honetan oinarriturik, animalia arriskutsuen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du. Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia, aurreko artikuluko 1, 2 eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2.–Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik. Penalen ziurtagiriaren bidez frogatuko da.

c) Animalia arriskutsuak edukitzearen inguruko arau-hauste larriengatik edo oso larriengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osorik bete bada.

d) Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren agiria, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko.

e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egin ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko indarraldia eta gutxienez ehun eta hogei mila (120.000) euroko zenbatekoa duena.

f) Udal tasa ordaintzea. Tasa urtero eguneratuko da Nafarroako KPIaren arabera.

3.–Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsu izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Sunbillako udalerrian bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Sunbillan egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak bi hilabetez bederen Sunbillan egon behar badu.

Arriskutsu izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Sunbillako Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4.–Lizentziak 3 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.

Erranak erran, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsu gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsu gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

4. artikulua. Arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsu gerta daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzaileak honako betebehar hauek ditu:

a) Arriskutsu gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

b) Ordenantza honetako 3. artikuluko 2. atalean aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

c) Erregistroan sartzea arriskutsu gerta daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bortz eguneko epean, baita hura bertze inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabortz eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, bertze jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskutsu gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bortz eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den bertze edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskutsu gerta daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskutsu izan daitekeen animalia bat Sunbillaera ekartzen bada, mugarik gabe edo bi hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsu izan daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia bi hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsu izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasun aldetik eta herritarren segurtasunerako behar diren neurriak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz zerikusia duten beharkizun guztiak bete beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabortz egunekoa izanen da.

5. artikulua. Erregistroa.

Arriskutsu izan daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Sunbillako Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Jaioteguna.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bertzela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako bertze xede baterako den.

g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bertzelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.

6. artikulua. Segurtasun neurriak.

1.–Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, garraio publikoetan eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, ordenantza honetan aipatzen diren zakurrak gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa jantzia dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua) eramanen dira. Inoiz ere ezin izanen dira eraman pertsona bakoitzeko zakur hauetako bat baino gehiago eta adin txikikoek ezin izanen dituzte inola ere eraman.

2.–Arriskutsu gerta daitezkeen zakurrak dituzten instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:

a) Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.

b) Instalazioetako ateek inguruko gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek beraiek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.

c) Barrutiak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartaraziz.

3.–Sunbillako Udalak, dagozkion udal zerbitzuen bidez, egokiak iruditzen zaizkion neurriak hartuko ditu herritarrek edozein salaketa jarritakoan, animaliek eremu publikoan nola pribatuetan beldurra, estresa, jazarpena eta abar eraginez gero.

Bildutako zakurra berreskuratzeko, jabeak 24 orduko epea izanen du jakinarazten zaionetik. Behar baldin bada, beharturik egonen da txertoaren egutegia eguneratzera eta udal diruzaintzan nahiz bertze nolanahi sortu dituen gastuak ordaintzera. Bertzelakoan, Nafarroako Gobernuko Zakurtegira eramanen da, eta bertan eduki legeak agintzen duen epea bete arte.

4.–Udalaren osasun zerbitzuek eraman eta konfiskatuko dituzte behin eta berriz arau-hausteak egin eta eragozpenak sortzen dituzten animaliak. Agintaritza eskudunak eman beharko du animalia etxetik ateratzeko eta konfiskatzeko agindua, eta animaliok Udalaren esku geldituko dira. Zakurra zuzen identifikatua badago, jabeari gaztigatuko zaio eta hark, biltzeko, 24 orduko epea izanen du jakinarazten zaionetik. Behar baldin bada, beharturik egonen da txertoaren egutegia eguneratzera eta udal diruzaintzan nahiz bertze nolanahi sortu dituen gastuak ordaintzera. Bertzelakoan, Nafarroako Gobernuko Zakurtegira eramanen da, eta bertan eduki legeak agintzen duen epea bete arte.

5.–Abandonatuak dauden zakurrak bildu eginen ditu Udalaren bilketa zerbitzuak eta hogeita lau orduz zainduko. Epe hori iragan eta jabeek ez badituzte animaliak berreskuratu edo, haien baimena izanik, ez bazaizkie hirugarrenei ematen, animaliak biltzeko Nafarroako Gobernuaren zerbitzuaren esku geldituko dira.

Nafarroako Gobernuko Zakurtegiak egungo legeriari jarraituko dio, animaliak hil, esleitu edo gordetzeari dagozkion afera guztietan.

Nafarroako Gobernuaren zakurtegian sartzen diren zakurren elikadura eta zainketa gastuak jabeen edo hartzaile berrien kontura izanen dira. Dagokiena ordaindu gabe ezin izanen dute animalia eskuratu.

7. artikulua. Arau-hausteak.

Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere arau-hauste administratibo larritzat jotzen dira:

1.–Arriskutsu gerta daitekeen animalia lotu gabe, edota muturrekorik gabe edo adin txikiko batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.

2.–Eginean edo ez eginean, arriskutsu gerta daitekeen animaliari bide ematea eraso egiteko pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte egiteko bertzela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean eta/edo aitzinetik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

3.–Sunbillako Udalaren errekerimenduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

4.–Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 legearen aurkako arau-haustetzat.

Arau-hauste administratibo arintzat hartzen da ordenantza honetako 7. artikuluaren barreneko edozein ataletan xedatzen dena ez betetzea.

8. artikulua. Zehapenak.

50/1999 Legean eta ordenantza honetan ezarritako arau-hausteak zehatuko dira 50/1999 Legean edota horren ordez indarrean legokeen arauan ezarritako isunekin.

Erantzulea izanen da arriskutsu gerta daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.

Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

–Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

–Irabazte asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

–Arau-hausteak errepikatu edo haietan berrerori ote den.

Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urtebete natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.

9. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

Fitxategia eginen da Sunbillako Udalak bete ditzan 50/1999 Legeak Udalei ematen dizkien obligazioak. Fitxategia Sunbillako Udalak baizik ez du erabiliko.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.–Arriskutsu izan daitekeen animalia bat lehendik dutenek hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Bigarrena.–Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan aplikatuko da Arriskutsu Gerta Daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua, edo haien ordez ematen direnak, baita arautzen diren gaietan aplikatzen ahal diren xedapen guztiak ere, Udalaren erabakiak baino maila handiagokoak badira.

ERANSKINA

Tasa hauek ezarri dira:

1.–Zakur abandonatuak jasotzea: 18 euro.

2.–Egonaldia udal altxatokian: 6 euro, egunean.

3 ordutik goiti, egun osotzat hartuko da.

3.–Baimenaren tramitazioa: 20 euro.

Iragarkiaren kodea: L1912009