187. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

13/2019 EBAZPENA, irailaren 5ekoa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zenbait eskumen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak ezartzen du ezen zuzendari nagusiei dagozkiela, 32.1.d) artikuluan ezarritako moduan, 2005eko martxoaren 1aren aurretiko foru araudiak kontseilariei esleitzen zizkien ebazteko eskumenak, salbuespen batzuk gorabehera.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua ezarri ziren. Foru dekretu hori 2019ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 7koan.

Era berean, abuztuaren 14ko 86/2019 Foru Dekretuaren bidez, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, geroko garapena galarazi gabe. Foru dekretu hori 2019ko 159. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 15ekoan.

Aipatu foru dekretuaren xedapen gehigarri bakarraren bidez, zuzendaritza nagusietako titularren esku uzten dira, bakoitzaren eskumenen esparruan, indarrean dagoen araudiak Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: kontratazioa eta zehapen espedienteak.

Bestalde, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten dira gaur egun besteren esku dauden eskumen administratibo hauen titulartasuna eta erabilera: lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arlokoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituta dituzten eskumenen erabilera kasuko administrazioko maila bereko edo txikiagoko beste organo batzuei eskuordetzea, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere. Elkarlotura hierarkikorik gabeko organoak badira, beharrezkoa izanen da goragoko organo hierarkiko komunak aldez aurretik horretarako onespena ematea.

Departamentuko jarduerak behar bezain azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen, bidezkotzat jotzen da Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren mendeko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea indarreko araudiak Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiari esleitzen dizkion eskumen batzuk.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiari dagozkion eskumenak lur urbanizaezineko jarduerak baimentzeari dagokionez.

2. Eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpen guztietan inguruabar hori aipatu beharko da espresuki. Ebazpen horiek Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emanak balira bezala hartuko dira ondorio guztietarako.

3. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 5ean.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F1911641