186. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Ordenantza, Mutiloako herri-lurretako aprobetxamenduak
arautzen dituena

Aranguren Ibarreko Udalak, 2019ko apirilaren 30ean egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Aranguren Ibarreko Mutiloako herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia jendaurrean egon zen, 2019ko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 19an, eta Udalaren iragarki-taulan argitaratuta.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan.

Mutiloan, 2019ko irailaren 4an.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Mutiloako mugarteko herri-ondasunen administraziorako, xedapen egintzetarako, defentsarako, berreskuratze eta aprobetxamendurako, bat etorriz indarra duen legedian ezarritakoarekin eta, bereziki, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta hura garatzen duen araudian ezarritakoarekin.

Ordenantza hau onesten denetik aurrera, egiten diren herri-lurretako aprobetxamenduak haren xedapenen arabera arautuko dira.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izango.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izango, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko modua.

4. artikulua. Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien xedapen erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Aranguren Ibarreko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

Herri-ondasunen inguruan Aranguren Ibarreko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Aranguren Ibarreko Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz; azken bi horiek izango dira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula jasoko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Aranguren Ibarreko Udalaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Aranguren Ibarreko Udala herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta aurka egingo dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Arangurengo Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izango da.

12. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu egingo ditu kontratuak eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izango da; betiere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran. Udalak berez berreskuratu ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik dagokion prozedura abiarazita, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta legelariak txostena idatzita, non agertuko baitira usurpatu den jabetza egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia Toki Administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Halaber, Udalak egintza zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-lurren bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. 1.–Oro har, herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinduna izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

b) Aranguren Ibarreko biztanleen udal erroldan Mutiloako bizilagun gisa inskribatua izatea (Mutiloagoiti - Mutiloabeiti), sei urte lehenagotik gutxienez.

c) Mutiloan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea benetan.

d) Aranguren ibarreko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Nekazari edo abeltzaina izatea, nekazaritza araudiarekin bat.

2.–Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3.–Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Aranguren Ibarreko Udalak argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

16. artikulua. Mutiloako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan egingo dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Aranguren Ibarreko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Aranguren Ibarreko Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

17. artikulua. 1.–Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2.–Familia unitatean ezintasun fisikorik edo psikikorik duten kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3.–Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurreko ondasunen, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita mota horretako beste edozein datu ere.

18. artikulua. 1.–Honako azalera hau ezarri da lotearentzat modalitate honetan:

–Lehorreko lurra: 25 erregu.

2.–16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emango zaizkien loteak zehazteko, honako koefiziente hauek aplikatuko zaizkio lote tipoari:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea; hots, 50 erregu lehorreko lur.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea, hau da, 70 erregu lehorreko lur.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea, hau da, 80 erregu lehorreko lur.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea; hots, 90 erregu lehorreko lur.

19. artikulua. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Aranguren Ibarreko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honetako 17. eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izango da.

21. artikulua. Herri-lurretako lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan:

–Lehorreko lurrak: 28 euro/erregu/urtea.

Urtero eguneratuko da KPIaren igoera gehituz gehienez ere. Edonola ere, kanonak Aranguren Ibarreko Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izango dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikazio-hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izango dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko, baldin, Udal honen iritzian, laborantza pertsonalki egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoi batengatik soldatapekorik hartzen bada.

Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Arangurengo Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 24. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

24. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Aranguren Ibarreko Udalak adjudikatu egingo ditu ondoko aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Udalak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondoren.

Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko ahalmena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

25. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makinak edukita, berari adjudikatutako herri-lurrak lantzeko ez dituenean erabiltzen.

b) Udalaren ustean, adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honetako 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatzen denaren arabera, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Honako alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta Udalak agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenak.

2. ATALA

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa

26. artikulua. Lurzatiak 1. sailean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean baldin Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda badaude.

27. artikulua. Udalak herritarren arteko lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren zehaztuko du herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, gelditzen den azalera eta eskatzaileen kopurua kontuan hartuta.

28. artikulua. Adjudikazioaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.

29. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hau ordainduko dute:

–Lehorreko lurrak: 28 euro/erregu/urtea.

Zenbateko horiek 2019. urterako proposatutako kanonari dagozkio; urtero eguneratuko da, KPIaren igoera gehituz gehienez ere.

30. artikulua. Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean egingo du laborantza eta, horretarako, 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

31. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak beretzat gordeko du herri-lurretako laborantza lurren %5, onuradun berriei adjudikatzeko.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, herritarren arteko lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren, diru-sarrera handiagoak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

3. ATALA

Aranguren Ibarreko Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

33. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante irekian egingo du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emango du.

Udalak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izango da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Aranguren Ibarreko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

34. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalak, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hau onetsi ondoren, erabakitzen ahalko du ordenantza honetan arauturiko aprobetxamenduen eskabideak aurkezteko epea noiz hasten den, eta ediktua jarriko du iragarki-taulan; kasu horretan, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako aprobetxamenduak eska ditzaten.

35. artikulua. Eskaerei honako alderdi hauei buruzko zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Mutiloako biztanle izatea (Mutiloagoiti - Mutiloabeiti), gutxienez sei urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Udal honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udalerri honetan bai besteetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuta.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzakoa ez den beste tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai besteetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak diren zehaztuta.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, gizarte segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Aranguren Ibarreko Udalak ahalmena izango du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.

g) Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa eskatzen dutenentzat.

36. artikulua. Aranguren Ibarreko Udalaren Gobernu Batzarrak onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko era bakoitzean, bai lehentasunekoan bai zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izango da.

37. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda udal honen iragarki-taulan jarriko da 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da, besterik gabe.

38. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emango du Udalak, eta mota bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

39. artikulua. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduan eskubidea duten familia unitateen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, Aranguren Ibarreko Udalak loteak adjudikatuko ditu, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 18. artikuluan ezarritakoaren araberakoak izango dira.

Loteak banatzean, haietaz baliatzeko eskubidea duten bizilagunekin ados jartzen ahaleginduko da; desadostasunik bada, zozketa egingo da.

Lurzatien adjudikazioa bukatu ondoren, onuradunen eta dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jarriko da jendaurrean 15 egunean, Udalaren iragarki-taulan. Udaleko Gobernu Batzarrak onetsi beharko ditu zerrendak.

40. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Udalak behin betikotzat joko du laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

41. artikulua. Aranguren Ibarreko ehiza barrutiaren aprobetxamendua, herri-lurrekin ere osatu baita, arautuko da Ehizari buruzko legean eta xedapen osagarrietan ezarritakoari jarraikiz.

IV. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

42. artikulua. 1.–Aranguren Ibarreko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hauetakoren bat baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurretako ondasuna hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

d) Desafektazioa egiten bada trukaketarako edo salmentarako.

e) Hirigintzako sailkapenaren erabilera ez denean nekazaritzakoa.

43. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

44. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Lurrak zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea, ordenantza honetan ageri diren salbuespenekin.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Zuzeneko adjudikazioaren edo enkante publikoaren bidez adjudikatutako herri-lurretako loteak azpierrentamenduan uztea edo hirugarrenei lagatzea.

e) Udalak adjudikatu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Landaketa iraunkorrak egitea Udalaren baimenik izan gabe.

h) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

j) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduetarako eskubidea zehazten edo justifikatzen duten agiriak faltsutzea edo ondasunak ezkutatzea.

k) Herritar izateari uztea edo urtean bederatzi hilabetez jarraian, gutxienez, ez bizitzea.

45. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izango dituzte:

a) Aurreko a), b), c), f), g) eta i) ataletako arau-hausteak eginez gero, emakida azkenduko da, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuko organo eskudunek zehapenak jartzea.

b) Aurreko d) eta k) ataletako arau-hausteak eginez gero, emakida azkenduko da.

c) Aurreko h) ataleko arau-haustea eginez gero, herri-lurren adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko den zehapenaren gehienekoa izango da lotearen urteko errentamendu balioaren bikoitza edo zehapenaren xede zehatzaren zatia.

Onuradunei, herri-lurrak kentzen bazaizkie, Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

Mutiloan, 2019ko irailaren 4an.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

Iragarkiaren kodea: L1911680